Edukira joan

Komedia

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Komiko» orritik birbideratua)

Talia, komediaren musa

Komedia (latinetik comedia, eta hau antzinako grezieratik κωμῳδία, kōmōidía)[1] umorearekin lotutako antzerkiaren genero klasikoa da, Antzinako Greziatik datorrena. Halaber, literatura eta zinemarena ere bada. Horrela definitu du Euskaltzaindiak bere Literatura Terminoen Hiztegian: "Antzertiaren azpigeneroa nahiz haren ezaugarriak dituen sortze lana da, irria ren aitzakiaz edo barrearen baliabidezko antzertia. Hitza grezieratik dator. Dioniso jainkoaren ohoretan egin ohi zen prozesio eta errituzko kantuetan du etorkia. Tragediarekin kontrajarri ohi da". [2]

Komedia Antzinako Greziako Peloponeson hasi zen, eta, batez ere, Atenasen. Garai hartako idazle ospetsuena Menandro izan zen. Erdi Aroan, italiar Commedia Dell'Arte izan zen garrantzitsuena. Errenazimentuan, Jonsonen komedia satirikoa, Shakespeareren komedia erromantikoa, eta Frantzian, Molièrerena, dira aipagarrienak. XIX. mendean, Oscar Wildek ohiturazko komedia landu zuen, George Bernard Shawek ideiazko komedia. XX. mendean, Barrie-ren eta Jean Giraudoux-en komedia erromantiko-komikoa izan da; Samuel Beckett-ek, berriz, absurdua landu zuen bere komedietan, eta Shepard-ek, besteak beste, komedia beltza izenekoa.

Tragedia eta komedia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komedia tragediarekin kontrajarri ohi da tradizionalki. Teoria klasikoaren arabera, tragediak mitologian ditu haien sustraiak; komediak, aldiz, behe mailako gizakien imitazioan hartzen du oinarria. Zenbait teorialari eta kritikarik, ordea, elkarrekin loturik ikusten ditu bi azpigeneroak, zeren, tragediak gizakiaren barne pasio eta zalantza sakonak astintzen dituen bezala, Komediak horien kontrako defentsak eraikitzen baititu.

Desberdinak izan daitezke, garaien eta egileen arabera. Komediaren xedea sarritan ikasbide ematea izan daiteke, gizarte eredu zahar baten nahiz berri baten alde, horretarako gizartea kritikatuz. Kasu askotan ere, bestetik, xede argirik ez du, jendearen libertigarri huts izanik. Gehienetan idazle, antzezle edo jokalari eta entzule-ikusleen artean adostasun bat dago komedian: euren arauez kanpo dabiltzan gertaerez, gizarteaz edota behar bezalako ez den jendeaz barre egiteko biltzen dira.

Uda-gau bateko ametsa lanaren lehenego edizioa, 1600.

Aristofanes autore greziarra (Antzinako Grezia, K.a. 448K.a. 385) lehen komediografoetako bat bezala onartua izan da, agian garbiena. Drama satirikoaren tradiziotik abiatuta hamaika lan garatu zituen. Halaber, elkarrizketa eta kantua tartekatzen zituen egitura zehatz bat landu zuen bere lanetan. Baina erritu grekoaren benetako eraldatzailea, gerora antzerkia izango zenaren eredu argia sortu zuena, Menandro izan zen Antzinako Grezia, K.a. 342 - K.a. 291). Menandrok Koruaren presentzia ia ezabatu zuen eta balio dramatikoak testuaren barnera eraman zituen, horrela publikoari parte hartze handiagoa emanez, ordutik aurrera ikusle aktiboa izango zelarik.

Mende batzuk geroago, erromatar antzerkian, komediak gaiaren arabera bi multzo ezberdin sortzen ditu, gaiaren arabera: «Fabula palliata, crepidata», greziar gaia duen erromatar komedia, eta «fabula togata, tabernaria», erromatar gaikoa. Menandroren oinordeko nagusia Plauto erromatarra izan zen, ehun eta hogeita hamar komedia inguru egin zituena; horietatik hogeita bat kontserbatzen dira. Plautok, mimo gisa lan egindakoa, keinua eta ekintza gehitu zizkion testuaren edukiari, bere eraginkortasun komiko eta dramatikoa biderkatuz.[3]

Antzinako kulturaren kolapsoaren ondoren, Erdi Aroak, «komedia» hitza erabiltzen ez zuenak, antzerki komikoaren forma asko berrasmatu zituen. Antzerkia kalean egiten zen (kaleko antzerkia), misterioak, alegiak, txisteak, baita mimoa ere. Genero horietako batzuk antzinako generoetan inspiratuta daude gutxi gorabehera. Erdi Aroaren amaieran, XV. mende amaieran, italiar Commedia Dell'Arte izan zen komedia mota garrantzitsuena.

Errenazimenduarekin batera komedia terminoak bere esanahia zabaldu zuen. Bere izenarekin literatura dramatikoko produktu batzuk izendatu ziren, ideia "komiko" eta "ludikoari" hurbiltzen ez zirenak. Horren adibide onak izan ziren Comedia de Calisto y Melibea, Jainkotiar komedia eta Espainiako Urrezko Mendearen ekoizpen dramatikoaren zati garrantzitsu bat; baita ere Ingalaterrako antzerkiak "comedy" izendapena jaso zuen modu generikoan, nahiz eta dramak izan askotan. William Shakespearek (1564-1616) egungo zentzuan benetako komedia batzuk idatzi zituen, esaterako Uda-gau bateko ametsa.

Espainiako gortean, XVI. mendetik XVII. mendera bitartean, komediak bere garapen garrantzitsuenetako bat lortu zuen. Komedia Lope de Vegaren (1562-1635) obran gorpuzten da; Lopek 1800 pieza inguru idatzi zuen eta komedien gaineko tratatu bat: Arte nuevo de hacer comedias en este tiempo (1609). Komedia arrakasta handia lortu zuen. Urte horietan Frantzian Molière (1622-1673) egilea aipatu behar da.

Ezaugarri nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Komedian pertsonaiak muturrera eramaten ohi dira.

Hona hemen garrantzitsuenak:[4]

  • Pertsonaia gehiegizkoak. Komedietan protagonista diren pertsonaiak muturrera eramanak daude. Normalean, bizioren bat duten eta egoera barregarri eta dibertigarriak bizi dituzten pertsonak irudikatzen dituzte.
  • Arketipoak. Komediako pertsonaiak arketipoak ere izan ohi dira, hau da, gizartean ohikoa den bizioaren adibideak dira (zikoizkeria, pikardia, gezurra, etab.).
  • Helburua: barrea. Argi dago komediaren ezaugarrietako bat ikusleari barre eragitea dela. Baina ez da doako barrea, irriaren bidez gogoeta eginarazten digun umore mota bat baizik.
  • Gai sozialak. Gehienetan, komedia testuinguru soziopolitiko jakin baten barruan kokatzen da. Izan ere, pertsonaiek barre eginaraziko digute, baina bizi garen munduari buruzko salaketa- edo hausnarketa-mezu bat ere zabalduko dute. Barrea, beraz, salaketa sozialaren arma bihurtzen da sarritan.
  • Amaiera zoriontsua. Komediaren beste elementu azpimarragarrienetako bat da, azpigeneroa gehien identifikatzen duena. Izan ere, tragedian ez bezala, komedian amaiera zoriontsuak ugariak dira, ikusleei energia ona eta positibotasunez eta itxaropenez betetako mezua emanez.

Komedia motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aristofanes (K.a. 448K.a. 385) komediografo zaharrenetariko bat.

Komedia antzezlanak sailkatzerakoan, irizpide tematikoa erabili izan da gehienetan. Era askotako Komediak izan dira historia eta literaturan:[5] dena dela, sailkapen hau egileen arabera asko aldatu daiteke:[6]

  • Komedia zaharra: Ekintza bortitz, lohi, likits eta irrigarriak plazaratzen zituen; adibidez, Lisistrata ospetsua. Aristofanes du egile ezagunena
  • Komedia berriak: Etxe barneko gertakizunak, pertsonaia beti berdintsuak eta estereotipatuak eszenaratzen ditu.
  • Kolejio komedia edo Komedia Humanista, latinez egiten zena.
  • Ohitura komedia (Lope de Vega, J. B. Molière, R. B. Sheridan...) gizakiaren eta gizartearen kritika egin ohi duena. Europako antzertian, gizarte komediak izaten dira; gizarte berri baten aldekoak izan daitezke.
  • Magia komedia, irudimenari leku eginez, hadak, deabruak eta naturaz gaindi ko izaki mota orotarikoak aurkezten dituztenak.
  • Ideia komedia, umorearen bitartez filosofia sistemak eta ideiak aurkezten dituena.
  • Komedia musikala, non testua, kanta eta dantza elkarrekin batera ematen diren. Komedia sail honetakoak dira zartzuela eta opereta; bestalde, balleta integratzen duten komediak oso arruntak izan dira, maila jasoetan nahiz herrikoian. XX. men dean zehar zinearen bidez oso ezagunak egin dira azpigenero honetako zenbait komedia lan.
  • Burges komedia. Maila xumea du, Frantzian Boulevard deritza. Burgesak barregarri dira, zimikatzen dira, baina ez urratzen. Gehienak, baliabide errazez egi nak dira.
  • Pertsonaia komediak: gizaki mota baten psikologiaz dihardute gehienbat, satiratik fartsaraino; halako nortasun molde baten irudia ematen dute; forma jasoena “karakter komedia” da, Europan XVII. mendean Espainiatik abiatu eta Frantziara ira gan zena.
  • Endredozko komedia. Komedia mota bat da, non elkarren ondotik nahas-mahas metatzen den gertaeren eta ekintzen multzoa.
  • Komedia klasikoa: Komediaren garapen jakin horiez gain, komedia klasikoa deritzana aipa daite ke denen artean, garapen gehiena izan duena bera baita. Lehen urratsa Espainian 1609an Lope de Vegak eman zuen Arte nuevo de hacer comedias idazkian; ordutik ezarri zen komedien hiru ekitalditan ematea (bakoitzak hogeita lau ordu), estiloa pertsonaia bakoitzari egokitzea, ekintza batasunera iristea…, baina, tragikoaren eta komikoaren arteko bereizkuntzarik ez zen arautu. Frantzian, aldiz, tragediaren eta komediaren arteko bereizketa egin zen XVII. mende hasieran.

Komediaren baliabideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pantomima komediaren elementu garrantzitsua izan daiteke.

Komediaren baliabide nagusiak lau dira:

  • Hizkuntza: Hizkuntzari dagokionez, entzuleena ez den hizketa izaten da irribarre gai: nekazari komedietan, kaletarren hizkera, esaterako; gorterako komedietan, aldiz, baserritarrena; eta, denetan, kanpotar kutsuko hizketa eta ahoskerak izaten dira barregarri.
  • Keinuak modu barregarrian erabiltzen dira, hitzekiko desegokitasunean edo hitzez esaten dena gezurtatzeko, baita norbaiten karikatura edota parodia egiteko ere. Keinua baliabide nagusia izaten da pantomiman.
  • Mugimenduak: Mugimenduen erabilera, Commedia dell'arte antzertiak erakutsi bezala, bizitasunak ala baretasunak, aurrera ala atzera laster egiteak barregura sortzen du ikusleengan; halaber, fartsa eta herri komedietan, helburu bera dute mugimendu baldar eta desegokiek, astintzeak, jipoitzeak, erortzeak, behaztopatzeak, eta abarrek.
  • Ekintza: Ekintzaren planteamendua ere baliabide garrantzitsua da komedian. Ekintzak, erakutsiak edota kontatuak entzule-ikuslea adi-adi eduki lezake, baldin aldakortasuna eta ugaritasuna badago, hala nola, erromantikoen komedietan. Antzerki gehienetan bezala, aurkezpenaz, korapiloaz eta askapenaz osatzen da ohiko egitura, eta komedia soiletan ere bai; komedia luzeagotan, aldiz, hamaika korapilo eta katramila planteatzen dira, hala nola, enredo komedietan.

Dena dela, komedian badira beste hainbat osagai garrantzitsu ere; besteak beste, jantziek irria eragin lezakete, handiegi, txikiegi, deigarriegi eta koloretsuegi direlako edota pertsonaientzat eta beren mailakoentzat ezegokiak direlako. Orobat agertokian dauden tresna, altzari, apaindura eta sasi-ingurunea, hala nahiz, arauz kanpokoak izango dira, barrearen bideak irekiz.[7]

Antzerti komediak euskaraz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
El borracho burlado antzezlanaren azala.

Euskal komedia zaharrenak, agian, betiko galdu dira,, Txomin Peillen eta Patri Urkizuren ustez ezen XVIII. mendean Zuberoan ematen ziren Baccus eta Phantzart (1787) izan ezik, XIX. menderaino ez zen komedia garatu.

Lehen komediak XVIII. mendeko Pedro Ignazio Barrutiaren Gabonetako ikuskizuna eta Frantzisko Xabier Muniberen El borracho burlado (1764) opera komikoa dira aipagarri. Garai hartan beste antzerkirik ere eman zela uste bada ere, ez da jakin zein hizkuntzatan emanak ziren, sortze lanak ala egokitzapenak ziren, eta abar.

XX. mendean, ohitura komediak idatzi zituzten Donostiako eskolako zenbait idazle ere aipagarri dira, besteak beste, Martzelino Soroa (1848-1902). Antton Kaiku (1882), La farce du Maître Pathelin en egokipena, eta Iriyarena. Irutxuloko ohituren laukia Martzelino Soroari zor zaizkio; ikasle izan zuen Toribio Altzagak antzerki asko utzi zuen. Antonio Maria Labaienek, halako franko idatzi zuen, aipatuenak Euskal Eguna (1931) , Iparragirre (1933) Irunxeme (1936). Aipatzekoa da baita Katalina Eleizegi donostiarra. Bizkaian, aldiz, XX. mende hasieran, komedia politikoen idazle dira, besteak beste, Resurreccion Maria Azkue, Estepan Urkiaga “Lauaxeta”, Manu Sota eta N. Viar.[5][8]

Komedia ospetsu batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako literatura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komedia zineman

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Harold Lloyd Safety Last! filmean (1923).

Zineman genero hau asko landu da. Mota desberdinak bereizten dira:

  • Slapstick edo Komedia mutua: ondorio fisikoak ez dituen ekintza bortitzak erabiltzen dituzte umorea egiteko.[9] Barrea eragiteko neurriz gaineko txantxak eta gag fisikoak (pastel bat aurpegira botatzea edota zartaginkada bat ematea) erabiltzen dituzte.[10]
  • Marrazki bizidunen filmak: Shrek (2001) eta Pixar estudioen ekoizpenak esaterako.

Komedia telebistan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telebistan, aldaerarik ohikoenak egoera-komedia (sitcom), "zuzeneko komedia" (stand-up comedy) eta telekomedia dira, oro har, bereziki, telesailak.

Egoera-komedia, jatorri amerikarrekoa, telekomediaren formatuko produkturik ezagunena da. Azpigenero gisa diseinatu zen 1950eko hamarkadan, Bigarren Mundu Gerraren ondoren telebista etxetresna elektriko gisa hedatu zenean. CBSren bi ekoizpen iparramerikar hartu ohi dira eredutzat: I love you, Lucy (1951-1960) eta The Honeymooners (1955-1956). Sit-com-a iraupen laburrekoa da, 30 minututik beherako gertaerekin, eta horrek bihurtu zuen mahaigainerako telebista-produkturik egokiena («access prime time»).[11]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «comedia» Diccionario de la lengua española.
  2. 459. or.
  3. Oliva, César; Torres Monreal, Francisco (2002). Historia básica del arte escénico. Cátedra, Madril. ISBN 843760916X.
  4. https://www.unprofesor.com/lengua-espanola/subgenero-dramatico-comedia-caracteristicas-y-ejemplos-4574.html#:~:text=La%20comedia%20es%20un%20subgénero,por%20personajes%20divertidos%20y%20satíricos.
  5. a b Literatura Terminoen Hiztegia, 460-461. or.
  6. https://www3.dbu.edu/mitchell/comedydi.htm
  7. Literatura Terminoen Hiztegia, 460. or.
  8. Urkizu, Patri: Euskal antzertia, Antzerti, Donostia, 1984.
  9. King, Geoff. (2002). Film Comedy. Wallflower Press ISBN 978-1-903364-36-9..
  10. Weitz, Eric. (2009). The Cambridge Introduction to Comedy. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-83260-1..
  11. Carrasco Campos, Ángel (2010). «Teleseries: géneros y formatos». MHCJ 1. zk.; 2010. Universidad Rey Juan Carlos. ISSN 1989-8681. [1]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]