Arabiar Emirerri Batuak
Arabiar Emirerri Batuak[1] (arabieraz: دولة الإمارات العربية المتحدة, Dawlat al-Imārāt al-'Arabīyah al-Muttaḥidah) Ekialde Hurbileko estatu burujabea da, Arabiar penintsularen hego-ekialdean kokatua, Persiar golkoaren ertzeko bederatzi printzerrietako zazpi hartzen dituena: Abu Dhabi, Ajman, Dubai, Fujaira, Ras al-Khaima, Xarja eta Umm al-Qaiwain. 83.600 kilometro koadro ditu luze-zabalean, eta 9,2 milioi biztanle zituen 2016an.[2] Hiriburua Abu Dhabi da.
Munduko lurralderik aberatsenetakoa da; bertako ondasun ia bakarra petrolioa da (2014an, mundu osoko petrolio esportazioen % 6,2).[3] Beti ere, gero eta pisu handiagoa du turismoak bertako ekonomian, batez ere Dubain.[4]
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mugak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabiar Emirerri Batuak Arabiar penintsularen hego-ekialdean daude, ipar latitudeko 22°50' eta 26° artean, eta ekialdeko longitudeko 51° eta 56°25' artean.[5] Iparraldean Qatar, Oman eta Persiar golkoarekin dute muga; ekialdean, Omanekin; eta hegoaldean eta hego-mendebaldean, Saudi Arabiarekin.
Eskualde naturalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Herrialdeak 650 kilometroko itsasertza du Persiar golkoaren hegoaldean. Gatzagek hartzen dute kostalde horren zati handiena, eta barnealderantz ere hedatzen dira. Dubai da portu naturalik handiena. Uharte asko daude golkoan, eta eztabaida dago Iran eta Qatarrekin horietako batzuen jabetzaz. Uharte txikienek, koralezko uharriek eta hondarpeek nabigazioa zailtzen dute.[5]
- Hego-ekialdean 90 kilometroko kostaldea du Omango golkoan, Al Batinah eskualdearen iparraldeko muturra. Hajar mendigune garaiak bereizten du Al Batinah herrialdeko gainerako lurraldeetatik, eta Arabiar Emirerri Batuen eta Omanen arteko muga egiten du. [5]
- Abu Dhabiren hegoalde eta mendebaldean duna eremu zabalak daude, Saudi Arabiako Rub al-Khali basamortuarekin bat egiten dutenak. Bi oasi handi daude bertan; hegoaldean Liwa dago, Saudi Arabiako mugatik gertu, eta 100 kilometro ipar-ekialderago Buraimi, Abu Dhabi eta Omanen arteko mugaren bi aldeetara zabaldua.
-
Dunak Abu Dhabin, Liwatik hurbil
-
Hondartza, Dubai
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Basamortuko klima dago Arabiar Emirerri Batuetan; udak oso beroak dira eta neguak beroak. Udako batez besteko tenperatura maximoak 45° C-tik goragoak dira itsasertzeko zabaldian. Hajar mendigunean, garaiera dela-eta, tenperaturak freskoagoak dira. Neguko batez besteko tenperatura minimoak 10° C eta 14° C artekoak dira. Uda amaieran, kostaldeko giroa eramangaitza da, xarqi izeneko hego-ekialdeko haize hezearen erruz. Itsasaldean urteko batez besteko prezipitazioa 120 milimetro ingurukoa da, eta 350 milimetrokoa mendialdean. Tarteka hauts ekaitzak izaten dira.[5]
Datu klimatikoak (Dubai) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) | 31 | 31 | 41 | 41 | 45 | 45 | 47 | 48 | 43 | 40 | 41 | 31 | 48 |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 24.0 | 25.4 | 28.2 | 32.9 | 37.6 | 39.5 | 40.8 | 41.3 | 38.9 | 35.4 | 30.5 | 26.2 | 33.4 |
Batez besteko tenperatura (ºC) | 19 | 20 | 22.5 | 26 | 30.5 | 33 | 34.5 | 35.5 | 32.5 | 29 | 24.5 | 21 | 27.5 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | 14.3 | 15.4 | 17.6 | 20.8 | 24.6 | 27.2 | 29.9 | 30.2 | 27.5 | 23.9 | 19.9 | 16.3 | 22.3 |
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) | 8 | 7 | 11 | 8 | 17 | 22 | 25 | 25 | 22 | 16 | 13 | 10 | 7 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 15.6 | 25.0 | 21.0 | 7.0 | 0.4 | 0.0 | 0.8 | 0.0 | 0.0 | 1.2 | 2.7 | 14.9 | 88.6 |
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) | 5 | 7 | 6 | 3 | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 0 | 1 | 5 | 28 |
Iturria (1): Dubai Meteorological Office[6] | |||||||||||||
Iturria (2): Qwikcast [7] |
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun herrialdea osatzen duten emirerriak Erresuma Batuaren babespeko lurraldeak izan ziren 1852tik aurrera. 1971n, independentzia lortu zuten gaur egun herrialdea osatzen duten zazpi emirerrietako seik eta, bat eginik, gaur egungo estatua osatu zuten. Arabiar Emirerri Batuetako zazpi estatuek zeinek bere erregea dute, eta Soberanoen Batzorde Nagusian biltzen dira guztiak; batzorde horretan hautatzen dira presidentea eta presidenteordea.
1981ean, Arabiar Emirerri Batuek Golkoko Estatuen Kooperazio Batzordean parte hartu zuten. Emirerri Batuek Irak babestu zuten Iranen kontrako gerran, baina beldur ziren Iranek petrolioaren bidea blokeatuko ote zien. 1982an, defentsa-hitzarmen bat izenpetu zuten Saudi Arabiarekin. Iran-Irak Gerran (1980-1988) aurrekontuaren % 60 defentsarako erabili zuten. Hala ere, nolabaiteko neutraltasuna gordetzen saiatu ziren eta Iranekiko petrolio- eta merkataritza-harremanak mantentzen.
1990eko abuztuan, Irakek Kuwait inbaditu zuenean, Emirerriek babesa eman zieten kuwaitar iheslariei, eta baita frantses eta britainiar gudarosteei ere. Golkoko Gerran, bai diruz bai gudarosteak bidaliz hartu zuten parte. Dena dela, parte-hartze horren ondoriozko ekonomiaren ahultzeak ez zuen luzaro iraun. Emirerri Batuen barruko bizitza politikoari dagokionez, fundamentalismo islamistak indar handia hartu du azken urteetan, eta lege islamikoa ezarri da orain arte epaitegi zibilen esku zeuden zenbait alorretan.
Gobernua eta administrazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herrialdea oinordetzako monarkia absolutuen federazioa da. Abu Dhabi, Ajman, Dubai, Fujaira, Ras al-Khaima, Xarja eta Umm al-Qaiwain zeinek bere emirra dute, eta zazpi emirrek osatutako Soberanoen Batzorde Nagusia da autoritate gorena.[8] Soberanoen Batzorde Nagusiak hautatzen dituen arren, presidente eta lehen ministro karguak oinordetzakoak dira funtsean: Abu Dhabiko emirra da presidentea eta Dubaikoa lehen ministroa.
Banaketa administratiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabiar Emirerri Batuetako mapa politikoa | |||||
Emirerria | Arabiera |
Hiriburua | Azalera | Biztanleria (2008)[9] |
Bandera |
---|---|---|---|---|---|
Abu Dhabi | أبو ظبي | Abu Dhabi | 67.340 km² | 1.548.655 | |
Ajman | عجمان | Ajman | 259 km² | 372.923 | |
Dubai | دبي | Dubai | 3.885 km² | 1.770.533 | |
Fujaira | الفجيرة | Fujaira | 1.166 km² | 137.940 | |
Ras al-Khaima | رأس الخيمة | Ras al-Khaima | 1.683 km² | 171.903 | |
Umm al-Qaiwain | أم القيوين | Umm al-Qaiwain | 777 km² | 69.936 | |
Xarja | الشارقة | Xarja | 2.590 km² | 895.252 | |
Arabiar Emirerri Batuak | الإمارات العربية المتحدة |
Abu Dhabi | 77.700 | 4.967.142 |
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biztanleria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2016an, 9.269.612 pertsona bizi ziren Arabiar Emirerri Batuetan.[2] Adinaren arabera, biztanleria honela banatzen da:
- 0-14 urte bitartekoak % 21 dira,
- 15-24 urte bitartekoak, % 13,5
- 25-54 urte bitartekoak, % 61,1,
- 55-64 urte bitartekoak, % 3,2, eta
- 65 urtetik gorakoak, %1,1.
Bizi itxaropena 77,7 urtekoa da; 75 urtekoa gizonezkoena eta 80,4 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak).[8] Etorkin asko dagoenez, gizonezkoak emakumezkoak halako bi dira herrialdean (2,18 2017an).[8]
Banaketa etnikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biztanleriaren % 11,6 besterik ez da jatorriz emirerribatuarra. % 59,4 Asia hegoaldeko etorkinak dira (% 38,2 indiarrak, % 9,5 bangladeshtarrak, % 9,4 pakistandarrak), % 10,2 egiptoarrak eta % 6,1 filipinarrak (2015eko zenbatespena).[8]
Hizkuntzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabiera hizkuntza ofiziala da, baina turismo eta negozioetarako lingua franca, ingelesa. Hindia, urdua eta persiera, besteak beste, etorkinen mintzairak dira.
Erlijioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biztanleen % 76 musulmanak dira; kristauak, % 12,6; hinduistak, % 6,6; eta budistak, % 2 (2010eko zenbatespenak).[10]
Hiri handienak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabiar Emirerri Batuak: biztanle gehien duten udalerriak 2015eko datuak[11] | |||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Post. | Izena | Emirerri | Biztanleak | ||||||
Dubai Xarja |
1 | Dubai | Dubai | 2.401.067 | Abu Dhabi Al Ain | ||||
2 | Xarja | Xarja | 1.274.749 | ||||||
3 | Abu Dhabi | Abu Dhabi | 1.202.756 | ||||||
4 | Al Ain | Abu Dhabi | 496.205 | ||||||
5 | Ajman | Ajman | 250.000 | ||||||
6 | Ras al-Khaima | Ras al-Khaima | 263.000 | ||||||
7 | Fujaira | Fujaira | 92.201 | ||||||
8 | Khor Fakkan | Fujaira | 39.151 | ||||||
9 | Kalba | Xarja | 37.545 | ||||||
10 | Umm al-Qaiwain | Umm al-Qaiwain | 32.800 |
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Golkoko Lankidetza Kontseiluko ekonomietan bigarrena da Emiratoetakoa, Saudi Arabiakoaren ondotik,[12] eta petrolioa bertako ondasun ia bakarra da. Eskualde hartako ohiko ekonomia jarduerak basamortukoak ziren, nomadenak askotan: datilen bilketa, perlen arrantza, gamelu zaintza eta arrantza. Baina, 1960ko hamarkadan, munduko petrolio-eskualde nagusietakoa bihurtu zen eta, geroztik, petrolioaren industriak sortzen ditu lanpostu eta aberastasun gehienak.
Arabiar Emirerri Batuak LPEEko (Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea) kide dira. 1990ean, Golkoko Gerraren ondorioz, atzerriko kapitalek alde egin zuten, baina berehala itzuli ziren eta Emirerrien ekonomiak gorantz jarraitu zuen. Harrezkero, nabarmen aldatu da herrialdearen egoera, eta Europako mendebaldeko herrialdeetakoen antzeko biztanleko errenta du gaur egun.
Gobernua beste diru-iturri batzuk sendotzeko ahaleginak egiten ari da, petrolio-erreserba mugatuekiko mendekotasunetik askatzeko, eta indar handia hartzen ari da turismoa, batez ere Dubain. Izan ere, Dubai hiria munduko norako turistikoetan bosgarrena da.[4]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/10/4 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ a b World Population Prospects: The 2017 Revision, esa.un.org
- ↑ Petroleum Exports by Country (2014). Harvard Atlas of Economic Complexity, atlas.cid.harvard.edu (Noiz kontsultatua: 2018-8-14).
- ↑ a b Sophia, Mary. Dubai Ranks Fifth Among Top Global Destinations For Travellers. Gulf Business, http://gulfbusiness.com+(Noiz kontsultatua: 2018-8-14).
- ↑ a b c d Helen Chapin Metz, ed. UAE: Geography. U.S. Library of Congress, countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2018-8-13).
- ↑ Dubai Meteorological Office. Climate. .
- ↑ Qwikcast. Records and Averages of Dubai, United Arab Emirates. .
- ↑ a b c d United Arab Emirates. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2018-8-13).
- ↑ Population of the UAE. Ministry of Economy and Planning, Government of the United Arab Emirates, dubaifaqs.com (Noiz kontsultatua: 2018-8-14).
- ↑ United Arab Emirates. globalreligiousfutures.org (Noiz kontsultatua: 2018-8-14).
- ↑ Population of the major cities in the United Arab Emirates. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2018-8-14).
- ↑ UAE's economy growth momentum set to pick up. Khaleej Times, khaleejtimes.com (Noiz kontsultatua: 2018-8-14).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.