Piarres Xarritton
Piarres Xarritton | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Pierre Charriton |
Jaiotza | Hazparne, 1921eko urriaren 19a |
Herrialdea | Lapurdi, Euskal Herria |
Heriotza | Kanbo eta Baiona, 2017ko martxoaren 17a (95 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Pariseko Letren Fakultatea |
Hizkuntzak | euskara frantsesa gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria, saiakeragilea, apaiz katolikoa, idazlea eta irakaslea |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Euskaltzaindia Eusko Ikaskuntza Udako Euskal Unibertsitatea |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Alderdi politikoa | Eusko Alkartasuna |
Piarres Xarritton[1] Zabaltzagarai[2] (Hazparne, Lapurdi, 1921eko urriaren 19a - Baiona, 2017ko martxoaren 17a) euskal idazle eta politikaria izan zen.[3] Aditua zen Euskal literaturan, hala nola Teologian eta Filosofian. 1950ean euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta 1985ean euskaltzain oso.[4]
Idazki andana argitaratu zuen hainbat euskal idazlez; besteak beste, tesi doktorala Piarres Broussain euskaltzalearen bizitzaz eta obraz egin zuen. Hazparneko eskola teknikoaren sortzaileetarikoa eta zuzendaria izan zen. Eusko Alkartasunaren sortzailetariko bat izan zen, eta baita EAren Ipar Euskal Herriko burua ere. 1993tik 1995era, Baionako udaleko zinegotzia izan zen alderdi horrekin.[7]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Piarres Xarritton Hazparnen jaio zen, 1921eko urriaren 19an. Sei anai-arrebaren artean zaharrena izan zen. Hazparnen bertan egin zituen lehen ikasketak. Gazte-gaztetatik erabaki zuen erlijio-bizitzari ekitea eta 1935erako Uztaritzeko seminarioan zegoen. Besteak beste, Piarres Lafitte ezagutu zuen han, ordurako euskal kulturan aski ezaguna zen pertsona. Garai hartan hasi zen euskal klasikoak irakurtzen, hala nola, Oihenart, Jaurgain eta Campion.[8]
21 urterekin irakasle hasi zen Biarritzen, eta urtebete geroago Hazparnen. Garai gogorrak ziren Euskal Herrian, eta 1936ko Gerratik ihesi joandako jende ugari ezagutu zuen Xarrittonek, baita naziengandik gordetzen ari ziren beste asko ere. Eta etxean horietako batzuei lagundu zieten, Russel Kirby ingelesari adibidez, zenbait hilabetez gorderik eduki zutena. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Erromara joan zen Teologia ikastera eta ondoren, 1947an, apaiztu zen. Lan horretan ari zen bitartean bihurtu zen euskaltzain.[8]
« | Aipatu nahi ditut 5 pertsona, 5 unibertsitari handi, euskarazko unibersitatea sortzeko beharra defenditu zutenak, UEU sortzeko bidea markatu zutenak: Haritxelhar, Xarriton, Karlos Santamaria, Txillardegi eta Manex Goienetxe. | » |
1960ko hamarkadan utzi zuten haren esku Hazparneko eskolaren ardura, Langintza eskola plantan ezartzeko. Horretan ari zela ezagutu zituen Txillardegi eta Kristiane Etxaluz, besteak beste. Euskara batuaren sorkuntzan zinezko detonagailua izan zen 1964an Baionako Euskal Idazkaritza. Txillardegiren bultzadaz abiaturik, idazle gazteek bidea ibiltzeari ekin zioten, baina lehenengo unetik adineko euskalari jakintsuen babesa izanik (Piarres Lafitte, Piarres Larzabal, Piarres Xarritton, Koldo Mitxelena, Imanol Berriatua, Patxi Altuna...). 1964ko abuztuan abiatu zen zorioneko biltzar hura, eta hango iritziak eta erabakiak urtebete geroago argitaratu ziren. Hiru atal zituen txostenak:ortografia, deklinabidea eta aditza. Garrantzizko ezaugarri batez hornitu zuten biltzarra: hasieratik bertatik planteatu zen mugimenduaren izaera nazionala, eta horren erakusgarri izan zen, besteak beste, dokumentuaren bukaeran h letra erabili beharreko hitzen zerrenda argitaratzea, bereziki Hego Euskal Herriko idazleen informaziorako prestatua bi tradizioen arteko lotura egiteko, nahiz eta gero euskara batuaren kontrakoen gerra-ikur bihurtu zorioneko hatxe hura. Hortaz, biltzarrean emandako gomendioak betetzen hasi ziren gazteak eta adinekoak beren testuetan, aldi berean eskaria eginez Euskaltzaindiari, batasunerako bidean pauso sendoak eman zitzan. [10][11]
1970eko hamarkadaren erdialdean hartu zuen ondorengo urteak markatuko zituen erabakia: apaizgoa utzi eta ezkondu egin zen. 1980ko hamarkadan amaitu zuen Euskal Ikasketetan abiatua zuen doktoretza, Hazparneko auzapez eta kontseilari orokor izan zen Piarres Broussaini buruzko tesi batekin. Euskaltzaindian ere kide izan zuen Jean Haritxelhar izan zuen tesi-zuzendari.[8] Lan garrantzitsua egin zuen Jean Etxepare Bidegorriren (1984-1988) eta Piarres Lartzabalen idazlanak (1991) hainbat liburukitan bildu eta argitaratuz.[12] Politikan Eusko Alkartasuneko kide gisa nabarmendu zen, 1988ko hauteskundeetan hautagai izateraino.[8]
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Saiakera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Eskualdunak, 1943, Aintzina
- Eliza eta formazioa Hazparne aldean (XVIII-XX), 2000, Arizmendi
- De re publica edo politikaz, 2003, Elkar
Biografiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Piarres Larzabal (1999, Eusko Jaurlaritza)
- J.M. Moulier "Oxobi" (1990, Eusko Jaurlaritza)
- J. Mendiague-n bizia eta kantuak (1992, Etor)
« | - Zein izan dira zu markatu zaituzten erreferenteak, eta Ipar Euskal Herria markatu dutenak?
- Lehena Piarres Xarriton. Euskal Munduan sartu nintzen berari esker, eta gaur egun ezagutzen dugun Euskal Herriaren zati bat horrelakoa da berari esker. Ekonomia arloan inportantea izan zen Jean Errekart, barnealdeko laborantza munduarentzat. Politikan, Mixel Labegerie, euskal nortasuna pizten lagundu zuelako. Kulturan, Piarres Lartzabal, abertzale ez ziren anitz abertzaletu zirelako haren antzerkiei esker. Laurek lagundu zuten jendeen mentalitatea aldatzen. Badira ere gehiago: Piarres Lafitte, Marc Legasse, Telesforo Monzon, Mixel Berhokoirigoin... |
» |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ elkarmedia. «Xarritton, Piarres» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-26).
- ↑ Frantsesezko grafian Charritton.
- ↑ Piarres Xarriton Auñamendi Eusko Entziklopedian
- ↑ Piarres Xarriton. idazleak.eus (Noiz kontsultatua: 2017-3-18).
- ↑ «Xarriton, Piarres - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-09).
- ↑ «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-09).
- ↑ Arbelbide Lete, Nora. Piarres Xarriton euskaltzaina hil da. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-3-18).
- ↑ a b c d Bereziartua Mitxelena, Gorka. Piarres Xarriton hil da, mende bateko ikuspegia galdu du euskal kulturak. argia.eus, Creative Commons, Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (Noiz kontsultatua: 2017-3-18).
- ↑ Etxebarria, Jose Ramon. (2017). Katedralaren eraikuntza (Ikergazte 2017, Bideoa). Udako Euskal Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa (Noiz kontsultatua: 2017-12-04).
- ↑ «Euskarazko irakasmaterialaren idazkuntzaren garapena. Amaitu gabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala. (Jose Ramon Etxebarriaren hitzaldia) — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
- ↑ «Batasunaren kutxa» www.euskaltzaindia.eus (Jakin) 193 (Noiz kontsultatua: 2020-08-08).
- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
- ↑ Aizpuru Ostolaza, Jose Luis. (2023-01-01). «Xipri Arbelbideri elkarrizketa - Jakin.eus» www.jakin.eus: 11-66. (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Piarres Xarritton literaturaren zubitegian, zubitegia.armiarma.eus
- Piarres Xarritton, ahotsak.eus
- Arbelbide Lete, Nora, Memoria biziko bultzatzailea, berria.eus