Edukira joan

Amaia Zubiria

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Amaia Zubiria

Bizitza
JaiotzaDonostia1947ko irailaren 11 (77 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakabeslaria
Jasotako sariak
KidetzaHaizea
Genero artistikoaherri-kanta
herri-musika
Musika instrumentuaahotsa

IMDB: nm0958279 Badok: amaia-zubiria Musicbrainz: 309ecdb5-6f8a-4471-9062-d7b49b0ce2a1 Discogs: 1042583 Allmusic: mn0001446950 Musikasten: amaia-zubiria Edit the value on Wikidata

Amaia Zubiria (Donostia, Gipuzkoa, 1947ko irailaren 11) euskal abeslaria da. Euskal Abestigintza Berriak emandako emakumezko abeslaririk garrantzitsuena. Haizea talde aitzindariko kantariak, 30 urteko ibilbidean, bakarkako lanak eta beste musikariekin osatutako egitasmoak tartekatu ditu. Kantaera dotore eta sakonaren jabe izanik, ez da harritzekoa haren ahotsa hainbat filmetan eta beste hainbat euskal artistaren diskotan entzutea.

Neskatoa zenez geroztik abestigintzarako giroa eta zaletasuna ezagutu zituen, batez ere amaren aldetik. Gazte-gaztetatik hainbat txapelketatan parte hartu zuen, baina bere ezkontza goiztiarrak jendaurreko agerpen eta grabazioetatik at utzi zuen aldi baterako. Txomin Artolarekin hiru disko argitaratu zituen, Pascal Gaignerekin ere beste hiru, horien artean 1985an Egun argi hartan izenburukoa. Bakarrean hamabi disko argitaratu ditu. Zubiriaren abestien oinarrizko gaiak hauek dira: maitasuna, galera, malenkonia, herrimina, transzendentziaren bilaketa eta gai herrikoiak.

Donostiako eta Usurbilgo Zubieta auzoan (Gipuzkoa) jaio zen, 1947an.[1] Aita sekula plazarik egin ez zuen ahots bikaineko bertsolaria eta ama kantuzale iaioa izanik, txikitatik jaso zuen kanturako zaletasuna. Kantatzea etxean eta lagunartean gorde beharreko kontua zelakoan, ezkutuan hasi zen, 16 urterekin, kantari berrientzat garai hartan ohikoak ziren txapelketetan parte hartzen. Halako batean La voz de España egunkariko argazki batean agertu, eta horrela jabetu ziren etxean Amaia gazteak kantaria izan nahi zuela. Sekulako iskanbila sortu zuen deskubrimenduak, gurasoek ez baitzuten nahi alabak plazan kantatzea.

Oso gazte ezkondu zen, 19 urterekin, eta 25 urterekin hiru seme-alaba zituen. Hala eta guztiz ere, sekula ez zuen alde batera utzi kanturako grina. Txomin Artola ezagutu zuen 70eko hamarkadaren erdialdean; biek maite zuten Walt Whitman poeta estatubatuarra, eta Artolak proposatu zion Haizea taldean kantari gisa jardutea. Haizeak ezagutarazi zuen Amaia Zubiriaren ahots garden eta sentikorra. Ordu arte Hego Euskal Herrian entzun ez zen emakume kantaera zen hura, eta entzuleak txunditu egin zituen. Esan daiteke, zalantzarik gabe, Amaia Zubiriaren ahotsa izan zela Haizearen arrakastaren gakoetako bat.

Haizearekin zuzeneko hamaika emanaldi eta bi disko grabatu ondoren —Haizea (Herri Gogoa, 1976) eta Hontz gaua (Xoxoa, 1979)—, Frantziara eta ondoren Iparraldera jo zuen, eta hainbat jazz musikarirekin hasi zen lanean. Horrela ezagutu zuen Pascal Gaigne (Tolosa, Okzitania) gitarrista eta musikagilea. Harekin lanean hasi zen 1983ko udan, eta bikote artistikoa osatu zuten hainbat urtetan. Tartean, Etxahun eta Etxahun diskoan (IZ, 1980) parte hartu zuen, Imanol, Niko Etxart eta Beñat Axiarirekin batera. Disko horretan Etxahun Barkoxe eta Etxahun-Iruri-ren piezarik esanguratsuenen berrirakurketa egin zuten.

Zubiria-Gaigne bikoteak egindako lanak bi zutabe ditu: alde batetik, herri musikaren inguruan kaleratutako diskoak, eta, bestetik, zinemarako egindako musika. Egun argi hartan (Elkar, 1985) izena hartu zuen bikotearen lehen diskoak. Herri kantak, gitarra jostagarriak eta ahots sakonak: hori izan daiteke diskoaren laburpenik egokiena. Diskoan nabaria da, ordea, Pascal Gaigneren konposizio eta moldaketen itzala. Hurrengo urtean Kolorez eta ametsez (Elkar, 1986) kaleratu zuten. Aurrekoaren akustikotasun biluzi bera jorratzen zuen.

Zinemari dagokionez, Pascal Gaigne ezagutu baino lehenagokoa da Amaia Zubiriak egindako lehen lana, La fuga de Segovia (Angel Amigo, 1981) filmerako musika Xabier Lasa Haizeako gitarristarekin egin baitzuen. Gero, Tango kantuarekin parte hartu zuen La muerte de Mikel (Imanol Uribe, 1983) filmaren musikan. Dena dela, Gaignerekin batera egin ditu bere lanik esanguratsuenak: Zergatik Panpox (Xabier Elorriaga, 1985), Ander eta Yul (Ana Diez, 1988), Santa Cruz, el cura guerrillero (Jose Maria Tuduri, 1990), Loraldia, el tiempo de las flores (Oscar Aizpeolea 1990) eta Como tú quieras (Joseba Salegi, 1992). Ondoren, Gaignek ibilaldi esanguratsua egin du zinemarako musikaren alorrean (El sol del membrillo, Mensaka, Lucio...).

Bikoteak zinemarako egindako lan horren guztiaren emaitza da Hamar urte zineman bilduma diskoa (Angel Amigo, 1990), Amaia Zubiriak eta Pascal Gaignek bikote gisara kaleratutako azkena. Geroztik elkarren arteko harreman artistikoa ez da hautsi, eta Pascal Gaignek Amaia Zubiriaren diskoetako kolaboratzaile ia finkoa izaten jarraitu du.

Bere disko eta kantaldiez gain, ez da zaila Amaia Zubiriaren ahotsa 80ko hamarkadako disko askotan topatzea, Imanol Larzabalenak eta Txomin Artolarenak lekuko. Modu naturalean egin zuten berriro topo Artolak eta Zubiriak, gero eta elkarlan mamitsuagoa osatuz. Horren emaitza da hiru diskok osatutako Folk-Lore sorta bilduma. Lehenak, Folk-lore-sorta 1 (Elkar, 1991), oihartzun handia lortu zuen komunikabide eta zaleen artean. Herri kantuen bertsio fidelak dira, bi kantarien ahotsak nabarmentzen dituen laguntza musikal akustiko dotoreez jantziak. Joxan Goikoetxea (soinua, teklatuak) eta Alan Griffin (whistlea, flauta, txirula...) Alboka taldeko kideak dira laguntzaileak. Ez dago esperimentaziorik, nahiz eta une batzuetan Haizearen garaiak gogora ekarri. Hamaika emanaldi egin zituzten Euskal Herri osoan, eta 1993an desegin zuten bikotea beste bi disko kaleratu ondoren: Folk-lore-sorta 2 (Elkar, 1992) eta Folk-lore-sorta 3 (Elkar, 1993).

Gero, bakarkako ibilbideari heldu zion berriro Amaia Zubiriak, eta lau disko kaleratu ditu geroztik. Amonaren mengantza (IZ, 1995) da lehena eta kantariaren azken urteetako ildoaren adierazle. Kantu tradizionalak eta jazz musikatik datorren esperimentazioa uztartuta, batez ere kantatzeko moduan eta ahots jokoetan adierazten dena. Gainera, izenburuak ongi adierazten du diskoaren intentzio "feminista", Zubiriaren jardunaren beste ezaugarrietako bat.

Amaia Zubiria eta Edorta Amurua, Soinuenea, 2012-10-06

Inauterietako kantuekin osatu zuen Hou Pittu Hou diskoa (Elkar, 1998), eta Angel Unzu (Ganbara, Kepa Junkera, Jabier Muguruza...) aritu zen ekoizle lanetan. Urte berean kaleratu zuen Mami xuri (IZ, 1998), eta handik lau urtera, berriz, Haatik (Elkar, 2002). Bertan hainbat kantu zahar berreskuratu eta zazpi kantu berri eskaini zizkigun Pascal Gaignek ekoitzi eta moldatutako diskoan. Bere azken lana ordea, Nabil da (Elkar, 2008), hainbat kantu herrikoi ezagunen bilduma ("Maitia nun zira", "Prima eijerra", "Itsasoa laino dago"...). Zuzenekoak ematen jarraitzen du, eta horietako askotan Edorta Amurua semea eduki du laguntzaile gitarrarekin.

2021 urtean Adarra saria eskuratu zuen, Donostiako Udalaren eskutik.

Besteak beste hauekin ere ibili da lankidetzan: Pascal Gaigne, Karlos Gimenez, Iñaki Salvador, Aitor Furundarena. Maider Ansa, Jaione Olazabal, Matixa Otero, Francisco Herrero, Ainara Ortega, seme Edorta Amurua Zubiria eta Jon Maia bertsolaria.[2]

Musika naiz. Musikak narama. (Amaia Zubiria)[3]

  • 1977. Haizea: Haizea
  • 1979. Haizea: Hontz gaua
  • 1986. Amaia Zubiria eta Pascal Gaigne: Kolorez eta ametsez
  • 1985. Amaia Zubiria eta Pascal Gaigne: Egun argi hartan
  • 1990. Amaia Zubiria eta Pascal Gaigne: Hamar urte zineman
  • 1991. Amaia Zubiria eta Txomin Artola: Folk lore sorta I
  • 1992. Amaia Zubiria eta Txomin Artola: Folk lore sorta II
  • 1993. Amaia Zubiria eta Txomin Artola: Folk lore sorta III
  • 1998. Amaia Zubiria: Ho pitxu ho
  • 1995. Amaia Zubiria: Amonaren mengantza
  • 1998. Amaia Zubiria: Mami xuri
  • 2002. Amaia Zubiria: Haatik
  • 2008. Amaia Zubiria: Nabil
  • 2011. Amaia Zubiria: Amona Mantangorri

Sariak eta errekonozimenduak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irudi-galeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. "Donostiako Zubietan jaio zen 1947an."
  2. a b Berria. «Amaia Zubiriak jasoko du 2021eko Adarra saria» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-04-27).
  3. «"Musika naiz. Musikak narama"» EITB Euskal Irrati Telebista 2020-02-21 (Noiz kontsultatua: 2021-04-09).
  4. «Donostia Kulturak Amaia Zubiriari emango dio 2021eko Adarra Saria» naiz: 2021-04-27 (Noiz kontsultatua: 2021-04-27).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]