Rudolf Virchow
Rudolf Ludwig Karl Virchow (Schivelbein, Pomerania, Prusiako Erresuma, 1821eko urriaren 13a - Berlin, Alemaniar Inperioa, 1902ko irailaren 5a) alemaniar mediku, antropologo, biologialari eta politikaria izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berlinen egin zituen medikuntza-ikasketak. Würzburgeko eta Berlingo unibertsitateetako irakasle eta Prusiako parlamentuko eta Reichstageko diputatu izan zen. 1848an Silesiako tifus exantematikoak eragindako izurritea ikertzeko ardura eman zitzaion. Oso ezagun egin zen gai horri buruz egin zuen txostena, ehundegietako langileen osasun eta gizarte egoera hobetzeko egin zituen eskaerengatik. Zelulen patologiari buruzko ikerketak egin zituen (1850), eta eritasunen jatorria zeluletan dela argitu zuen. Bere teoria Die Cellularpathologie (1862, Zelulen patologia) liburuan argitaratu zuen, eta lan horrek arras aldatu zuen eritasunen ordu arteko ikuspegia. Virchowek zelula oro beste zelula batean duela sorburua agertu zuen, harrezkero klasiko bihurtu den Omnis cellula e cellula aforismoaren bidez. Eritasun askori buruzko ikerketak egin zituen: bera izan zen leuzemia aipatu eta enboliari buruzko argitasunak eman zituen lehena, eta baita, 1846an, neuroglia deskribatu zuen lehena ere.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.