George Sherman
George Sherman | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | New York, 1908ko uztailaren 14a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | Los Angeles, 1991ko martxoaren 15a (82 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | film-zuzendaria, zinema ekoizlea, errealizadorea eta produktorea |
Lantokia(k) | Ameriketako Estatu Batuak |
|
George Sherman (New York, 1908ko uztailaren 14a - Los Angeles, 1991ko martxoaren 15a) estatubatuar zinema-zuzendaria izan zen.
David Howard zuzendariaren laguntzaile-lanak eginez ikasi zuen lanbidea 1935 eta 1937 bitartean, eta bere lehen filma, Wild Horse Rodeo, 1937an bertan zuzendu zuen. Guztira, 175 film zuzendu zituen. Hasieran, 1940ko hamarraldiaren erdira arte, westernak egin zituen batez ere, baina, ondoren, genero gehiago ere zuzendu zuen, The Lady and the Monster (1944) thrillerra, eta The Bandit of Sherwood Forest (1946), esaterako. 1950eko hamarraldian, Universal etxeak kontrataturik, ospe handia izan zuen B saileko filmen zuzendari bikaina zelako. Hala ere, ez zion inoiz westernak zuzentzeari utzi, arrazismoaren aurkako zertzeladak erantsiz aldi berri honetan. Horren adibide dira War Arrow (1953), Comanche (1956) eta Reprisal (1956). 1964an, bi film zuzendu zituen Espainian: La nueva Cenicienta, Marisol antzezlea protagonista duena, eta Joaquín Murrieta superprodukzio epikoa. Ondoren, 1971n, John Wayne aktorea zuzendu zuen berriro Big Jake filmean. Bere azken lanak, berriz, telebistarako ekoizpen- eta zuzendari-lanak izan ziren.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.