Kromoplasto
Artikulu hau hobetzeko lanean ari da wikilari bat. Hori dela eta, beharbada hutsuneren batzuk izango dira edukian edo formatuan. Mesedez, aldaketa handi bat egin baino lehen, eztabaida ezazu haren lankide orrian edo artikuluaren eztabaida orrian, erredakzioa koordinatzeko. |
Kromoplastoak landare-zeluletako zitoplasmako organulu bereziak dira. Pigmentuz asetuta dauden plastidio hauek landarearen lore eta fruituei kolorea ematen diete.
Izenak "koloredun plastidio" esan nahi du eta definizio honen arabera kloroplastoa kromoplasto mota bat izango litzateke, baina "kromoplasto" izenaren ohiko adiera klorofilaz besteko pigmentu ez fotosintetikoak dituen plastidioa da.
Funtzioa
Kromoplastoek pigmentu laranja-gorriak (karotenoideak) eta horiak (xantofilak) pilatzen dituzte. Bildutako pigmentuen araberako kolorea izango dute. Polinizatzaileak eta fruituekin elikatzen diren animaliak (hazien sakabanaketa) erakartzea dute helburu, eboluzioak horretara bideratu baititu. Horregatik oso ugariak dira loreetan eta fruituetan. Sustraietan ere agertzen dira, azenario edo arbietan esate baterako, hidrosolugarriak ez diren molekula kopuru handiak pilatzeko gaitasuna dutelako.
Fruituak heldu ahala zeluletako kloroplastoek klorofila galtzen doaz eta karotenoideak eta xantofilak pilatzen hasten dira kromoplasto bihurtuz. Gauza bera gertatzen da udazkenean hostoekin ere. Argi kopurua gutxitzen hasten denean kloroplastoek lana egiteari uzten diote eta galdu egiten dira. Hostoak ura galtzen du eta kromoplastoak baino ez dira zelulan gelditzen. Hostoek orduan kolore laranja eta gorriak hartzen dituzte eta azkenean erori egiten dira.