Kromoplasto
Artikulu hau hobetzeko lanean ari da wikilari bat. Hori dela eta, beharbada hutsuneren batzuk izango dira edukian edo formatuan. Mesedez, aldaketa handi bat egin baino lehen, eztabaida ezazu haren lankide orrian edo artikuluaren eztabaida orrian, erredakzioa koordinatzeko. |
Kromoplastoak landare-zeluletako zitoplasmako organulu bereziak dira. Pigmentuz asetuta dauden plastidio hauek landarearen lore eta fruituei kolorea ematen diete[1].
Izenak "koloredun plastidio" esan nahi du eta definizio honen arabera kloroplastoa kromoplasto mota bat izango litzateke, baina "kromoplasto" izenaren ohiko adiera klorofilaz besteko pigmentu ez fotosintetikoak dituen plastidioa da.
Egitura
Plastidio guztiek bezala mintz bikoitza daukate eta barnean estroma izeneko barrunbea. DNA propioa ere badute, kloroplastoen oso antzekoa[2].
Funtzioa
Kromoplastoek pigmentu laranja-gorriak (karotenoideak) eta horiak (xantofilak) pilatzen dituzte. Bildutako pigmentuen araberako kolorea izango dute. Polinizatzaileak eta fruituekin elikatzen diren animaliak (hazien sakabanaketa) erakartzea dute helburu, eboluzioak horretara bideratu baititu. Horregatik oso ugariak dira loreetan eta fruituetan. Loreen kolorea oso garrantzitsua da polinizatzaile egokia erakartzeko orduan; kolore zuriak kakalardoak erakartzen ditu, moreak eta urdinak erleak eta kolore beroek tximeletak erakartzen dituzte[3].
Sustraietan ere agertzen dira kromoplastoak, azenario edo arbietan esate baterako. Arrazoia hidrosolugarriak ez diren molekula kopuru handiak pilatzeko gaitasuna da.
Garapena
Fruituak heldu ahala zeluletako kloroplastoek klorofila galtzen doaz eta karotenoideak eta xantofilak pilatzen hasten dira kromoplasto bihurtuz. Heltze prozesua prozesu aktiboa izaten da. Kromoplastoaren barnean azukrea, almidoia, elementu aromatikoak, bitaminak eta hormonak sortzen doaz eta fruitua gozotu egiten da[4].
Antzerakoa gertatzen da udazkenean hostoekin, baina kasu honetan prozesu pasiboa izaten da. Argi kopurua gutxitzen hasten denean kloroplastoek lana egiteari uzten diote eta galdu egiten dira. Hostoak ura galtzen du eta kromoplastoak baino ez dira gelditzen zelulan. Hostoek orduan kolore laranja eta gorriak hartzen dituzte eta lehortu eta azkenean erori egiten dira.
Motak
Estroman duten azpiegituren arabera bost kromoplasto mota daude[2]:
- Globularrak
- Kristaldunak
- Zuntzak dituztenak
- Hodiak dituztenak
- Mintzak dituztenak
Normalean ehun bakoitzean kromoplasto mota bakarra aurkitzen da, baina salbuespenak ere badaude, adibidez mango edo azenarioen zeluletan[5]. Horretaz gain badaude sailkatzen zailak diren kromoplastoak ere, adibidez tomatearen zeluletako likopenozko kromoplastoak[4].
Historia
Erreferentziak
- ↑ (Ingelesez) Whatley, J. M.; Whatley, F. R.. (1987). «When Is a Chromoplast?» New Phytologist 106 (4): 667–678. doi: . ISSN 1469-8137. (Noiz kontsultatua: 2020-02-26).
- ↑ a b (Ingelesez) Camara, Bilal; Hugueney, Philippe; Bouvier, Florence; Kuntz, Marcel; Monéger, René. (1995-01-01). Jeon, Kwang W. ed. «Biochemistry and Molecular Biology of Chromoplast Development» International Review of Cytology (Academic Press) 163: 175–247. (Noiz kontsultatua: 2020-02-26).
- ↑ (Ingelesez) Waser, Nikolas M.; Chittka, Lars; Price, Mary V.; Williams, Neal M.; Ollerton, Jeff. (1996). «Generalization in Pollination Systems, and Why it Matters» Ecology 77 (4): 1043–1060. doi: . ISSN 1939-9170. (Noiz kontsultatua: 2020-02-26).
- ↑ a b (Ingelesez) Egea, Isabel; Barsan, Cristina; Bian, Wanping; Purgatto, Eduardo; Latché, Alain; Chervin, Christian; Bouzayen, Mondher; Pech, Jean-Claude. (2010-10-01). «Chromoplast Differentiation: Current Status and Perspectives» Plant and Cell Physiology 51 (10): 1601–1611. doi: . ISSN 0032-0781. (Noiz kontsultatua: 2020-02-26).
- ↑ Vásquez-Caicedo, Ana Lucía; Heller, Annerose; Neidhart, Sybille; Carle, Reinhold. (2006-08-01). «Chromoplast Morphology and β-Carotene Accumulation during Postharvest Ripening of Mango Cv. ‘Tommy Atkins'» Journal of Agricultural and Food Chemistry 54 (16): 5769–5776. doi: . ISSN 0021-8561. (Noiz kontsultatua: 2020-02-26).