Edukira joan

Zipreko historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Zipreko historia Zipre uhartean jazo diren gertakari nagusien kontakizuna da, bertan lehorreratutako lehenengo biztanleen lekukotzatik gaur egunera arte iristen dena.

Britainiarren agindupean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Britainiar Zipre»

Lehenengo urteak: 1878-1925

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zipreko hitzarmenaren ondorioz, uhartea Britainiar Inperioaren protektoratu bihurtu zen 1878ko ekainaren 4an[1]. Toki estrategikoa zen britainiarrentzat, beren ibilbide kolonialak kontrolatzeko kokaleku ezin hobea baitzen; hain zuzen ere, 1906an Famagustako itsas-portu garrantzitsua eraiki zuten Indiarako bidean Suezko kanala zaintzeko asmoz. Dena den, Otomandar Inperioak Zipreren gaineko kontrola izaten jarraituko zuen urte luzez[2].

Zipretarrek itxaropenez eman zioten ongietorria britainiarren nagusitasunari, izan ere, otomandarren mendeetako utzikeria amaituko zela eta uhartearen modernizazioan aurrerapausoak emango zirela uste zuten. Zipreko greziarrei, gainera, britainiarrek askapen nazionala lortzen lagunduko zietela iruditzen zitzaien. 1878ko uztailaren 22an, Garnet Wolseley goi-komisarioa uhartera iritsi zenean, Kitiongo Kyprianos gotzainak hurrengo agurra egin zion Larnakan: "Guk (Zipreko greziarrek) gobernu-aldaketa onartu dugu, Britainia Handiak, Joniako uharteekin egin duen bezala, Zipre ama Greziarekin elkartzen lagunduko digula uste dugulako"[3]. Britainia Handiko agintariek 1881ean egin zuten lehen erroldaren arabera, uhartean guztira 186.173 herritar bizi ziren; horietatik 137.631 (%73,9) greziarrak ziren, 45.438 (%24,4) turkiarrak eta gainontzeko 3.084ak (%1,7) beste komunitate batzuetako kideak (batik bat, maronitak, latinoak eta armeniarrak)[4].

Britainiar banderaren igoera Nikosian (1878).

Hasiera batean begi onez hartutakoak, baina, ez zuen egoera gehiegi aldatu. Britainiarrek dirutza ordaintzen zioten otomandar sultanari uhartea eman izanaren truke eta salneurria ordaintzeko zerga handiak ezarri zizkieten herritarrei. Bestalde, zipretarrek ez zuten uhartearen administrazioan parte hartzeko eskubiderik jaso eta botere guztiak goi-komisarioaren eta Londresen esku gelditu ziren.

Botere banaketa horrek Lehen Mundu Gerrara arte iraun zuen, otomandarrak Erdialdeko Inperioei batu zitzaizkien arte. Lerrokatze horren ondorioz, Otomandar Inperioa Britainia Handiaren etsai bihurtu zen eta horrek uhartearen anexioa guztiz gauzatzea ekarri zuen. 1914ko azaroaren 5ean britainiarrek administrazio militar bat ezarri zuten eta Ziprek Otomandar Inperioaren parte izateari utzi zion ia 350 urteren ostean[2][5].

Lehen Mundu Gerraren baitan uhartea ez zen gudu-zelai izan, baina protagonismo nabarmena izan zuen[5]. 1915. urtean britainiarrek Zipreren jabetza eskaini zioten Greziako Erresumari gerran beraien alde sartzearen truke. Ez zen lehen aldia izan eskaintza hori egiten zena, 1912an ere egin baitzen Argostoli portuaren truke, baina oraingo horretan Ideia Handia gauzatzeko aukera ezin hobea zen greziarrentzat eta Eleuterios Venizelos Lehen Ministroa eskaintza onartzearen alde zegoen arren, Konstantino I.ak muzin egitea erabaki zuen[6]. Erregeak ez zuen Bulgariako Erresumaren kontra borroka egin nahi. Hala eta guztiz ere, azkenean Grezia 1917ko udan sartuko zen bete-betean Lehen Mundu Gerran[7].

1920an Otomandar Inperioaren eta Lehen Mundu Gerrako aliatuen arteko Sèvresko Itunean sultanak formalki onartu zuen Britainia Handiaren subiranotasuna Zipren. Hiru urte beranduago, 1923an, Lausanako Itunean, Turkiako Errepublika jaioberriak ere onarpena berretsiko zuen[8].

Zipreko herritarrak Galini herrian (1927-1931).

XX. mendearen hasiera horietan Greziaren eta Turkiaren arteko borroketatik aparte gelditu zen Zipre[5]. Britainiar Inperioaren lurraldea izanik, greko-turkiar gerrak eta biztanle trukeak ez zuten eraginik izan uhartean[9][10]. Hala ere, Ideia Handiak eta Enosisak jarraitzaileak erakartzen zituzten Zipreko greziarren artean[11]. 1925. urtean, azkenik, Britainia Handiak Zipre Koroaren kolonia izendatu zuen eta konstituzio antidemokratiko bat ezarri zuen bertan[12].

Enosisaren aldeko lehen saiakerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «1931ko Zipreko matxinada»

1920ko hamarkadan kolonia berriaren administrazioa eraberritu zen. Kontseilu Legegilea ezarri zen 1926. urtean, zeinetan zipretarrek beraiek zenbait ordezkari aukeratu zitzaketen. Hala ere, aldaketek ez zuten izan aurreikusitako arrakasta eta herritarren parte-hartzea oso eskasa izan zen[12].

Bestalde, greko-zipretarrek uhartea Greziarekin batzeko aukera ezin hobea zela uste zuten. Otomandar Inperioaren kolapsoaren ostean, Egeoko eta Joniako uharte gehienak greziarren esku gelditu ziren eta Ziprek bide berbera egin zezakeela iruditzen zitzaien. Britainiarrak, aldiz, ez zeuden euren subiranotasuna musu-truk galtzeko prest. Administrazio kolonialak ezezkoarekin erantzun zien herritarren eskakizunei eta elkarbizitza gaiztotzen hasi zen[2]. 1928an, Britainiar Inperioaren jabetzaren 15. urteurrena ospatzen ari zenean, Zipreko greziarrek ospakizunetan parte hartzeari uko egin zioten. Greziako Errepublika bien bitartean egoera baretzen saiatu zen eta britainiarren aurkako artikuluak mugatu zituen Zipreko egunkarietan[13].

Nikosiako Armeniar auzoko irudia 1930eko hamarkadan.

Administrazio kolonialak aldaketak egin zituen egoera bideratu nahian: tortura onartzen zen zigor kode berria ezarri zuen, hezkuntza lege berrian greziarren eragina murriztu zuen eta Zipreko Elizaren boterea ahultzen saiatu zen (azken urteetan Eliza Ortodoxoa bihurtu zen greziar nazionalismoaren aldeko indar nagusi komunistekin batera). Alabaina, 1929an Kontseilu Legegileko kideak ziren Kitiongo Nikodemos artzapezpikuak eta Stavros Stavrinakisek Londresera joatea erabaki zuten euren eskaerak aurkeztera[14]. Besteak beste, kexu ziren britainiarrek ez zituztelako Maltako eta Egiptoko kolonietan egindako aurrerapenak egin Zipren eta Lord Passfield kolonietako sekretarioari Enosisa gauzatzeko memoranduma aurkeztu zioten. Erantzuna beste behin ezezkoa izan zen[2].

1931ko urrian zipretarren lehen matxinada gertatu zen: 1931ko Zipreko matxinada edo Oktovriana izenekoa. Irailean Ronald Storrs gobernariak Kontseilu Legegileak hartutako erabaki bat atzera bota zuen eta ondorioz, batzarreko zipretar ordezkariak haserre euren postuak utzi zituzten. Egoera lehertu zen. Urriaren 18an Kitiongo Nikodemos artzapezpikuak herritarrei kalera ateratzeko eta Enosisa gauzatu arte desobedientzia zibileko ekitzak burutzeko eskatu zien. Nikosiako kaleak jendez bete ziren urriaren 21ean. Manifestaldietan Enosisaren aldeko esloganak oihukatzen ziren eta britainiarren Gobernu Etxearen aurrean harriak botatzen hasi ziren[12]. Hiru orduko ekintzen ostean, eraikinak su hartu zuen eta protestariak bortizki sakabanatu zituzten. Uharte osoan zehar matxinoek beste ekintza arinago batzuk ere egin zituzten; esate baterako, britainiar ikurrak kendu eta horien ordez Greziako banderak jarri zituzten. Ordena azaroaren hasieran berrezarri zen. Britainiarrek Greziako Errepublikak Nikosian zuen abokatua jo zuten matxinadaren errudun nagusitzat, Alexis Kyrou[15]. Abokatuak ez zuen Atenasko agintarien mandatua bete eta Ziprera iritsi zenetik administrazio kolonialaren aurkako oposizioa batzeaz arduratu zela egotzi zioten. Kaltetuen kopurua, bestetik, esanguratsua izan zen: 7 protestari hil eta beste 30 zauritu zituzten liskarretan, agintariek 10 zipretar erbesteratu zituzten eta beste 2.606ri zigorrak jarri zizkieten[2].

Matxinadako protesten aurrean britainiarren erantzuna murrizketak ezartzea izan zen. Besteak beste, Kontseilu Legegilea deuseztatzea erabaki zuten, martxan zen konstituzioa eta udal hauteskundeak bertan behera gelditu ziren, eta uharteko indar militarra ugaritu zuten[16][17]. Era berean, Zipreko turkiarrek osatutako polizia indar berezia sortu zuten, prentsa- eta bilera-askatasunei mugak jarri zizkieten, eta alderdi politikoak, atzerriko ikurrak eta Enosisaren aldeko propaganda oro debekatu zuten[18][19]. Neurri horiekin Zipreko Elizaren eta komunisten eragina ahuldu nahi izan zuten. 1931ko matxinadaren ondoren iritsi zen eta Bigarren Mundu Gerrara arte iraun zuen aginte autokratikoak "Palmerokrazia" izena jasotzen du Zipreko historian, Richmond Palmer gobernariaren deiturengatik.

Enosisaren aldeko manifestazioa 1930eko hamarkadan.

Enosisaren aldeko bigarren saiakerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Murrizketak murrizketa, Greziarekin batzearen aldeko mugimenduak bizirik iraun zuen. Hala ere, 1940ko hamarkadan arreta Bigarren Mundu Gerrak bereganatu zuen. 30.000 zipretar inguruk borroka egin zuen britainiarren alde eta gerra amaitu zenean, giroa lasaitu zenez, Britainiar Gobernuak debekuak arintzea erabaki zuen[12].

Administrazio kolonialak kontsultarako batzar bat osatzeko baimena eman zien zipretarrei 1946an, horren bitartez konstituzio berri bat osatzeko. Era berean, 1931n erbesteratutako herritarrei itzultzen utzi zien. Hala ere, proposamenen artean ez zen Enosisaren aldeko urratsik ematen eta Zipreko greziarrek albiste hobeak espero zituztenez, haserre erantzun zioten britainiarren eskaintzari. Euren helburu politiko bakarra Greziarekin bat egitea zen. Horrenbestez, kontsultarako batzarra osatzeari muzin egin zioten. Eliza Ortodoxoa, baina, ez zen egoera aldatzearen alde zegoen alderdi bakarra, Langile Herriaren Alderdi Progresistako (AKEL) komunistek ere greziarren helburu nazionala babesten baitzuten[13].

Gatazka nazioartean zabaltzen hasi zen. 1948an Greziako Paulo erregeak Ziprek bere herrialdearekin batu nahi zuela aldarrikatu zuen[20] eta bide hori jarraitu nahian, Zipreko Elizak Enosisari buruzko erreferenduma antolatzea erabaki zuen 1950. urtean. Galdeketan greko-zipretarrek bakarrik parte hartu zuten arren, botoen %95,71k babesa eman zion Greziarekin bat egiteari[21]. Britainiarrak, bestalde, Egiptoko Erresuma galtzear ziren eta ez zeuden Ekialdeko Hurbileko beste jabetza bat galtzeko prest. Zipretarrei konstituzio liberalagoa adosteko proposamena egin zieten, baita aurrerapen sozial eta ekonomikoa ekarriko zuen 10 urteko programa bat ere. Greko-zipretarrek, baina, ez zuten amore eman nahi izan.

Inflexio-puntua 1950. urtean iritsiko zen, Kitiongo Apezpikua Zipreko Artzapezpiku nagusi izendatu zutenean. Makarios III.ak herritarrei zuzenean egin zien lehenengo hitzaldian Zipre Greziarekin batu arte atsedenik ez hartzeko eskatu zien[22]. Atenas hiriburuan ere Enosisa ohiko mintzagaia zen eta bertan bizi zen Georgios Grivas greko-zipretar koronelaren ospea handitzen hasi zen[15]. Grivasek sutsuki hitz egiten zuen esku-hartze militarraren alde eta egoera zuzenean ezagutzeko asmoz 1951ko uztailean uhartera joatea erabaki zuen. Makarios III.arekin berarekin hitzordua izan zuen, baina elkarrizketan bi buruzagien arteko desadostasunak agerian gelditu ziren. Artzapezpikuak irtenbide politikoa bilatzen zuen artean, koronelak britainiarren aurka egiteko iraultza armatuaren aldeko babesa nahi zuen[2].

Grivasen eta bere jarraitzaileen muturreko joera baretzeko asmoz, Makarios artzapezpikuak ahalegin diplomatikoak egiten jarraitu zuen. Nazio Batuen Erakundeko Greziako ordezkariak zipretarren erabakitzeko eskubidearen aldeko eskaera formala egin zuen 1954ko abuztuaren 16an eta Enosisa nazioarteko gai bihurtu zen NBEk eskaera hori onartzea erabaki zuenean[23]. Turkian, aldiz, alarmak piztu ziren. Turko-zipretarrak gutxiengo ziren uhartean eta Ankarako gobernuak ez zituen Greziaren mende utzi nahi. Britainiarrekin, behintzat, babestuta egongo zirela uste zuen. Gatazkak herrialdearen interesa bereganatu zuen eta erakunde ugari sortu ziren Zipreko turkiarren borrokaren alde, besteak beste, Ikasleen Federazio Nazionala, Turkiarren Eskubideen Aldeko Defentsa Batzordea, Traziako Errefuxiatuen Ongizate Erakundea eta Zipreko Turkiarren Elkartea. Elkarte horien helburu nagusia (hasiera batean ez horrenbeste turko-zipretarrena) Taksima gauzatzea zen, hau da, uhartea bitan banatzea: greziar zatian eta turkiar zatian[24].

Britainiar soldadua EOKAren jarraitzaileak sakabanatzen Nikosiako kaleetan (1956).

1954ko udazkenean afera gaiztotu egin zen. Egipto galdu ostean, britainiarrek Ekialde Hurbileko komandante buruaren bulegoa eta kuartel militarra Sueztik Ziprera pasako zutela iragarri zuten[12]. Gainera, gobernu kolonialak argitaletxeei mehatxu egin zien: sedizioa bultzatzen zuten lanak argitaratuz gero, bi urteko kartzela zigorra ezarriko zieten. Nazio Batuen Batzar Nagusiak, bestalde, Turkiaren erantzuna hausnartu eta tarte batez arazoari buruzko adierazpenik ez egitea erabaki zuen, Zipreko gatazkan ebazpenak egitea egokia ez zelakoan. Udazkeneko gertaeren eta abenduko jakinarazpen horren erantzuna berehalakoa izan zen: Zipreko greziarrak kalera atera eta istilu larriak izan ziren, 1931tik uhartean gertatzen ziren bortitzenak[15].

Zipre askatzeko borroka: 1955-1959

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Zipre askatzeko borroka»

Giro nahasi horretan, Georgios Grivasek Zipretar Borrokalarien Erakunde Nazionala (Ethniki Organosis Kyprion Agoniston – EOKA) sortu zuen 1955eko urtarrilean. Apirilaren 1ean erakundeak borroka armatua hasi zuen britainiar indarren aurka: poliziaren, militarren eta gobernuaren instalazioen kontrako erasoak egin zituen Nikosian, Famagustan, Larnakan eta Limasolen[15][25][26]. Matxinatuek, guztira, 457 pertsona hil zituzten, horien artean britainiar poliziak, militarrak eta gobernu kolonialaren kolaboratzailetzat jo zituzten zenbait greko-zipretar (besteak beste AKEL alderdi komunistako kideak). Aginte koloniala ezbaian jartzen hasi zen[12]. Makarios artzapezpikua eta beste elizgizon eta politikari batzuk Seychelle uharteetara bidali zituzten, baina zipretarrak administrazioaren aparatuetan infiltratuta zeuden. Hala, turko-zipretarrak bihurtu ziren bertako indarren sostengu nagusi eta horrek komunitateen arteko arrakala handitu zuen[2]. 1957an Zipreko turkiarren organizazio paramilitarra sortu zen: Turkiar Erresistentzia Erakundea (Türk Mukavemet Teşkilatı – TMT). Erakunde berria turko-zipretarren interesak eta nortasuna defendatzeko sortu zen eta Turkiako Errepublikaren babesa jaso zuen. Nahiz eta EOKAk turko-zipretarren kontrako erasorik ez burutu, TMTek geroz eta gertuago zirudien Enosisaren aurka egin nahi zuen eta euren helburu nagusia Taksima edo banaketa bihurtu zen. Hori lortzeko aginte britainiarraren, EOKAren eta komunisten aurkako erasoak burutu zituzten[27].

Karamanlis (Greziako Lehen Ministroa) eta Menderes (Turkiako Lehen Ministroa) Züricheko bileran (1959ko otsailaren 10a).

Uharteak gerra zibil baten atarian zirudien, greko-zipretarren eta turko-zipretarren arteko liskarrak areagotzen ari baitziren. Hori zela eta, Greziak eta Turkiak gatazkan bete-betean sartu eta konponbide bat bilatzea adostu zuten. Lehen aldiz bi herrialdeek independentzia kontzeptua mahaigaineratu zuten eta britainiarrek bidea ireki zioten Zipreko Errepublika sortzeari[28]. 1959. urtean britainiar, greziar eta turkiar ordezkariak elkartu ziren Zürich eta Londres hirietan, tartean zipretarren Makarios III.a eta Fazıl Küçük[29]. Bertan hiru akordio nagusi adostu zituzten, Zipreko konstituzioaren oinarri izango zirenak: Berme Ituna, Aliantza Ituna eta Ezarpen Ituna[30][31].

Albistea eszeptizismo handiz hartu zuten Zipreko herritarrek. Greziar gehienek independentzia eskertu zuten, nahiz eta etorkizunean ez zuten Enosisa lortzeko aukera baztertzen. Turkiarrek, aldiz, errezelo handiagoz hartu zuten albistea, errepublika berrian greziarrek uhartearen kontrola hartuko zutela iruditzen baitzitzaien. Hala eta guztiz ere, albistea ontzat hartu zuten zipretarrek[30].

Uharteak 1960ko abuztuaren 16an lortu zuen independentzia eta Britainia Handiak Akrotiri eta Dhekelia eremuen kontrola mantendu zuen[29].

Zipreko Errepublika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Zipreko historia modernoa»
Zipreko banaketa etnikoa 1960an.

1960ko konstituzioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Zipreko konstituzioa»

Zipre estatu burujabe bihurtzearekin batera konstituzio berria indarrean jarri zen 1960ko abuztuaren 16an. Hain zuzen, Züricheko eta Londreseko Akordioetan adostutako hiru itunak izan ziren konstituzioa sortzeko oinarri nagusi. Zipre, horien arabera, inguruko inongo herrialderekin bat egiten ez zuen errepublika zen (Enosisa eta Taksima debekatuta gelditu ziren), baina Erresuma Batuak Akrotiri eta Dhekelia eremuen kontrola mantenduko zuen. Greziak eta Turkiak ere indar militarrak uhartean izateko baimena jaso zuten, betiere adostutako indarren arteko oreka gordetzen bazuten. Gainera, boterea bi komunitate nagusien artean banatzen saiatu ziren[32][31]:

  • Presidentea beti greziarra izango zen eta greko-zipretar herritarrek aukeratuko zuten; presidenteordea, aldiz, turkiarra izango zen eta aukeraketa turko-zipretarren esku geldituko zen.
  • Gobernu-kabinetea hamar kidek osatuko zuten: zazpi presidenteak aukeratuko zituen eta hiru presidenteordeak. Erabakiak gehiengo osoz hartuko ziren, baina presidenteak eta presidenteordeak beto eskubidea izango zuten.
  • Ordezkarien Etxea 50 lagunek osatuko zuten zazpi-hiruko ratioa mantenduz (35-15), eta komunitate bakoitzak bere ordezkariak aukeratuko zituen sufragio unibertsalaren bitartez. Eskubideak edo zergak ezartzen zituen edozein legek bozketan parte hartuko zuten bi ordezkari taldeen gehiengo soila beharko zuen aurrera ateratzeko, greziarren gehiengo soila eta turkiarren gehiengo soila. Gainontzeko gaiak eta legedia ezartzeko (defentsa, kanpo-politika edota barne-segurtasuna), aldiz, nahikoa izango zen Ordezkarien Etxeko gehiengo osoa.
  • Justizia sistema, azkenik, Konstituzio Auzitegi Gorenak gobernatuko zuen. Auzitegia hiru epailek osatuko zuten: greko-zipretar batek, turko-zipretar batek eta herrialde neutral bateko epaile batek.

Bestalde, batzar bananduak osatzea adostu zuten, erlijio, kultura eta hezkuntza arloetan komunitate bakoitzak bere herritarren gaineko erabakiak har zitzan. 1960ko hamarkadaren hasieran uharteko biztanleen banaketa hurrengoa zea: %77 greziarrak ziren, %18 turkiarrak eta gainontzeko %4a beste herri batzuk osatzen zuten (batik bat, maronitek, latinoek eta armeniarrek)[4]. Azken talde horiek greko-zipretarrekin batera parte hartuko zuten sistema berrian[31].

Fazıl Küçük (1963).

Independentziaren aurretik ospatu ziren lehenengo hauteskundeak, uztailaren 31n. Horietan Glafkos Kliridisen Fronte Patriotikoak 30 eserleku lortu zituen, Fazıl Küçüken Zipreko Turkiarren Batasun Nazionalak 15, eta Ezekias Papaioannouren AKEL komunistak 5. Abuztuaren 16an Makarios III.a aukeratu zuten lehenengo presidente; presidenteorde, aldiz, Fazıl Küçük[29][33].

Makarios III.a, Zipreko lehen presidentea (1962).

Dena den, bakeak denbora gutxi iraungo zuen gobernuan (eta kalean). Herrialde jaioberriaren antolaketak elkarlana bultzatuko zuela zirudien arren, buruhauste ugari ekarri zituen eta komunitateen arteko liskarrak piztu ziren. Eztabaidagai nagusiak zergak eta udalerrien eraketa izan ziren[34]. Udalerrien kasuan greziarrak eta turkiarrak ez ziren ados jartzen. Uhartean greko-zipretarrak baino bizi ez ziren 392 herri zeuden, turko-zipretarrak soilik bizi ziren 117, eta bi herritarrak nahastuta zeuden 114. Azken horietan agertu zen desadostasuna: turkiarrek herri mistoetan udalerri bereiziak sortzea eskatzen zuten; greziarrek, aldiz, udalerri bakarra sortzea[35]. Zergei zegokienez, aldiz, nahiz eta turkiarrak zipretarren %18 izan, zergen %6 baino ez zuten ordaintzen (greko-zipretarrek %94) eta gobernuko lanpostuen %30 eta segurtasun nazionalekoen %40 euren esku zeuden. Greziarrek banaketa orekatzeko aldaketak proposatzen zituzten. Hala, presidentearen eta presidenteordearen betoek egoera korapilatu zuten eta estatu-politikaren blokeoa gertatu zen[36].

1963–1964ko krisia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Korapiloa askatzeko saiakerek porrot egin zuten. Beraz, 1963ko azaroan Makarios presidenteak gobernuaren blokeoari irtenbidea emateko 13 puntuko proposamena utzi zuen Konstituzio Auzitegi Goreneko hiru epaileen esku. Proposamen horien artean, konstituzioaren berrikuspena eskatzen zuten puntuak zeuden, hala nola, presidentearen eta presidenteordearen beto eskubidearekin bukatzea[35]. Aldaketek Nazio Batuen Erakundearen babesa izango zutela uste arren, epaileek eta turko-zipretarrek plana atzera bota zuten (nahiz eta aurrerago proposamena eztabaidatzeko prest agertu)[37][38]. Giroa berriro nahasten hasiko zen[39].

1963ko abenduaren 21ean borrokak piztu ziren Nikosia hiriburuan eta handik gutxira uharte osora zabaldu ziren[40]. Makarios presidenteak eta Küçük presidenteordeak herritarrak lasaitzeko adierazpenak egin zituzten, baina alferrikakoak izan ziren. Komunitateen arteko istiluak larriak izaten hasi ziren. Uhartean zeuden Turkiako soldaduak mobilizatu eta Nikosia iparraldera eta turko-zipretarren herrietara joan ziren; Greziako soldaduak ere greko-zipretarrak bizi ziren eremuetan kokatu ziren. Egoera okertzen hasi zenez, abenduaren 27an presidenteak Berme Itunean parte hartu zuten indarrei (Erresuma Batua, Grezia eta Turkia) dei egin zien laguntza eske eta Su-etenaren Indar Bateratua sortu zuten. Indarrak uhartean zehar zabaldu ziren eta egoera kontrolatzen hasi ziren. Hala ere, 1964ko martxora arte iraun zuten liskarren ondorioz, 364 turko-zipretar eta 174 greko-zipretar hil ziren eta zenbait herritar lekualdatzera behartu zituzten[41]; zehazki, euren eskualdeetan gutxiengo ziren 25.000 turkiar Zipren sortutako enklabeetara eraman zituzten herri-liskarretatik babesteko asmoz, baita 1.200 armeniar eta 500 greziar ere[42][43]. Gainera, hiriburua bitan zatitzea erabaki zuten greziarrak eta turkiarrak banatzeko: abenduaren 30ean Marra Berdea ezarri zen[40].

     Turkiar enklabeak     Akrotiri eta Dekhelia

Liskarrek gobernuaren behin-betiko kolapsoa ekarri zuten[44]. Gaur egun ez da argi zer gertatu zen politikarien artean: Zipreko greziarrek errua turkiarrei egotzi zieten, elkarbanatzen zuten gobernua administrazio propio bat sortzeko eta azken batean Taksima gauzatzeko utzi zutela esanez; turkiarrek, aldiz, greziarrek gobernua uztera behartu zituztela argudiatu zuten, greko-zipretarrek Akritas Plana jarraitzen zutela eta euren benetako helburua (Enosisa) gauzatzeko oztoporik ez izateko kanporatu zituztela[45]. Nolanahi ere, turkiarren dimisioaren ondoren sortu zen eta greziarrek bakarrik osatzen zuten Zipreko Errepublikako gobernu berria legitimotzat hartu zuen 1964ko otsailean Nazio Batuen Erakundearen baitako batzordeak eta herritarrak babesteko bake-indarrak bidaltzea erabaki zuen. 1964ko martxoaren 4ko Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 186. Ebazpenaren bidez Zipren Bakea Mantentzeko Nazio Batuen Indarra (UNFICYP) sortu zen[40][46]. Hala eta guztiz ere, banaketa etnikoarekin eta enklabeen sorrerarekin batera bi komunitateen arteko arrakala betikotuko zen[45].

Bake saiakera antzuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak bakegintzarako bitartekari bat izendatzeko eskatu zion U Thant idazkari nagusiari[40]. Alde guztiekin kontsultatu ondoren, idazkari nagusiak Sakari Tuomioja finlandiar diplomazialaria aukeratu zuen saiakera egiteko. Tuomiojak nazioarteko arazoa zela adierazi eta zentzuzko irtenbidea Enosisa gauzatzea zela iritzi zuen. Hala ere, finlandiarrak ez zuen Ziprek Greziarekin bat egitearen aldeko adierazpenik egin, desegokia iruditu zitzaiolako NBEko ofiziala izanda kide baten desagerpenaren aldeko aldarrikapena egitea[47].

Abuztuan Tuomioja bat-batean hil ondoren, NBEk Galo Plaza ekuadortarrarekin beste saiakera bat egitea erabaki zuen[48]. Bitartekariak 1965eko martxoan txosten bat aurkeztu zuen, zeinetan bi aldeak kritikatzen zituen akordio batera iristeko konpromiso faltagatik. Adostasunak lortu nahi izanez gero, greziarrek eskatzen zuten berehalako Enosisa eta turkiarren irtenbide banandua alde batera utzi behar zirela defendatzen zuen[49]. Greko-zipretarrek txostenaren ondorioak onartu zituzten, baina turko-zipretarrek Plazari lehenbailehen uko egiteko eskatu zioten, bere karguari ez zegozkion ardurak hartu zituelakoan. Giroak gaiztotzen jarraitu zuen eta NBEk bitartekaritza-lanak bertan behera utzi behar izan zituen; Plazak amore eman zuen eta bere postua ez zuen beste inork hartu[50].

AEBek ere bakea lortzeko euren ekimen propioa aurkeztu zuten 1964an. Ekainaren hasieran Turkiak esku hartzeko mehatxu egin ostean, Dean Acheson estatu-idazkari ohiak Zipre Greziarekin batzeko plan bat argitaratu zuen. Proposamena onartzearen truke, Turkiak hainbat onura jasoko zituen. Hala ere, orduan ere bi aldeek kontra egin zuten[40].

Greko-zipretarren eta turko-zipretarren arteko liskarrek eragindako kalteak Nikosian (1969).

1966ko martxoan beste saiakera bat egin zuen Zipreko idazkari nagusiaren ordezkari berezia zen Carlos Bernadesek. Proposamenak egin ordez, elkarrizketa zuzenaren bidez akordio bat adostera animatu zituen bi aldeak. Garai hartako Greziako egoera politikoak, baina, ez zuen lagundu Bernadesen helburua betetzen[50].

Uhartearen banaketa: Taksima

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Zipreko estatu-kolpea» eta «Zipreko turkiar inbasioa»

1967ko apirilaren 21ean estatu-kolpe bat gertatu zen Grezian[51]. Eskuin muturreko junta militarrak bereganatu zuen boterea eta CIAren babesarekin agenda ultra-nazionalista jarri zuen martxan[52]. Horrek arrakalak sortu zituen greko-zipretarren artean. Greziako Juntako ezkutuko buruzagia zen Dimitrios Ioannidisek presioa egin zion Makarios III.ari Enosisa lehenbailehen aldarrika zezan; hala ere, presidentea ez zegoen adierazpen hori egitearen alde. Ez zuen Zipre diktadura militarraren mende utzi nahi eta herritarren arteko borroken eta turkiar inbasioaren beldur zen[53].

Cyprus Airwaysen 284 hegaldiaren ezbeharrarekin batera[54][55], uharteko giroak berriro egin zuen okerrera. George Grivas, Guardia Nazionalaren komandantea eta EOKAko buruzagi ohia, turko-zipretar enklabeen ingurua patruilatzen hasi zen Makariosen aginduen kontra eginez. Mugimendu horrek turkiarren erreakzioa ekarri zuen eta azaroaren 15ean berriro liskarrak sortu ziren. Grivasen indarrek 26 turko-zipretar hil zituzten[40]. Turkiako Errepublikaren erantzuna berehalakoa izan zen: Grivas uhartetik kanporatu, Greziako soldadu gehienak erretiratu eta turko-zipretar enklabeen kontrako blokeoa kendu ezean, Turkia indarrez sartuko zen uhartean. Herrialdeak interbentziorako prest zirudien eta indar greko-zipretarrak bonbardatzeari ekin zion. Beraz, Makariosek ultimatuma onartzea erabaki zuen eta, era berean, Guardia Nazionaleko tropak murriztu eta Zipreren independentziaren aldeko beste indar bat sortu zuen[40].

Georgios Grivas EOKA B talde armatuaren sortzailea.

Atzerakada abagune aproposa iruditu zitzaien turko-zipretarrei eta euren behin-behineko administrazioa aldarrikatu zuten 1967ko abenduaren 27an[56]. Makariosek berehala legez kanpokotzat jo zuen administrazio berria, hala ere, bere ahultasunak aldaketa ekarriko zuen gatazka ikusteko modura. Artzapezpikua, gobernuko gainerako kideekin batera, onartzen hasia zen turko-zipretarrek nolabaiteko autonomia politikoa izan beharko zutela eta uhartea Greziarekin bateratzea momentuz ezinezkoa izango zela[57]. Bien bitartean, Greziako junta militarra urduritzen hasia zen. Arrakasta nazionalistak behar zituen etxeko gobernua eta herritarren babesa mantentzeko, eta Zipreko presidentea ez zeukaten laguntzeko prest. Makariosi komunisten jarraitzaile izatea egotzi zioten eta bera eta bere gobernuaren kontrako ekintzak martxan jartzea erabaki zuten[58]. CIAren eta junta militarraren laguntzari esker, George Grivas ezkutuan bueltatu zen uhartera 1971. urtean eta EOKA B talde armatu ultra-nazionalista sortu zuen[59]. 1971. eta 1974. urteen artean talde paramilitarrak Zipreko gobernua kanporatzeko bost plan prestatuko zituen, tartean presidentearen kontrako hilketa saiakerak[60][61]. Dena den, ekintzek porrot egin zuten.

1974ko urtarrilean Grivas bihotzekoak jota hil zen eta EOKA B taldea Greziako Juntaren esku gelditu zen zuzenean[62][63]. Luzamenduetan ibili gabe, urte bereko uztailaren 15ean, Greziako Juntak eta Zipreko Guardia Nazionalak estatu-kolpea eman zuten. Matxinoek arrakasta izan zuten. Erasoetan 300 bat greko-zipretar hil zituzten eta Nikos Sampson izendatu zuten presidente berri[58]; Makariosek britainiarren laguntzari esker ihes egitea lortu zuen. Greziak uhartearen kontrola bereganatu bezain laster, Turkiaren erantzuna iritsi zen: junta militarrari Sampson kanporatzeko, indar armatuak uhartetik ateratzeko eta Zipreko independentzia onartzeko eskatu zion[59]. Eskariek ezezko erantzuna izan zuten eta bitartekaritza saiakera orok ere huts egin zuen. Berme Itunean adostutakoa aitzakiatzat hartuz, Turkiak egoera nahasian esku hartzea erabaki zuen[57].

Bülent Ecevit lehen ministroak, koalizioko gobernuaren babesarekin batera, Turkiako armada bidali zuen Ziprera uztailaren 20an. Uhartearen inbasioa hasi zen. Lehenengo fasean erasoen arrakasta mugatua izan zen: bi egunetan turkiarrek Kirenia Nikosiarekin lotzea lortu zuten (uhartearen %3)[64]. Bien bitartean, greziar indarren erantzuna turko-zipretarren hegoaldeko guneak okupatzen hastea izan zen. Baina, inbasioak istilu politikoak eragin zituen Grezian[64]; junta militarra kolapsatu eta Konstantinos Karamanlis politikariaren gobernu zibilak ordezkatu zuen uztailaren 23an[65]. Azken horrek Nikos Sampson berehala kargugabetzea eskatu zuen eta Zipren militarki esku hartzeari uko egin zion[59].

1974an uhartea bi zatitan banatuta gelditu zen:     Zipreko Errepublika     Ipar Zipreko Turkiar Errepublika

Bi aldeek su-etena adostu zuten uztailaren 23an. Akordioa ez zen indarrean jarri lurralde osoan, Greziako egoera politikoa oso nahasia zenez turkiar indarrek aurrera pausoak ematen jarraitzeko baliatu baitzuten. Hala ere, uztailaren amaieran bakea lortzeko elkarrizketak hasi ziren Genevan. Greziako, Turkiako eta Erresuma Batuko ordezkariak elkartu ziren bertan. Bakoitzak bere interesak sutsuki defendatzen zituen eta ez ziren gai adostasunetara iristeko. Azkenean, Turkiak abuztuaren 14an mehatxu egitea erabaki zuen: Greziak Zipren estatu federal burujabe bat onartu ezean, erasoak aurrera jarraituko zuen. Aurkeztu zuten estatu federal horretan, gainera, turko-zipretarrek (biztanlerian %18 eta lurraldearen %10aren jabe zirenak) uharteko lurren %34 jasoko zuten. Greziarren laguntza militarrik gabe greko-zipretarren indarrak inoiz baino ahulago zeuden eta Glafkos Kliridis ordezkariak 36-48 orduko epea eskatu zuen Greziako eta Zipreko gobernuekin kontsultatzeko. Turkiak Kliridisen eskakizuna ez onartzea erabaki zuen eta ordu gutxiren buruan inbasioaren bigarren fasea jarri zuen abian[59][66].

Nazioarteko gainontzeko ordezkariek (tartean britainiarrek eta estatubatuarrek) ez zuten begi onez ikusi turkiarren mugimendua. Turkiak hasieratik elkarrizketak eten nahi izan zituela adierazi zuten eta ezbaian jarri zuten herrialde horren asmo ona. Hala ere, ez zuten erasoari kontra egiteko erabakirik hartu. Bestalde, Zipreko Gobernua baliabiderik gabe zegoen. Greziak gatazkan ez zuela militarki parte hartuko esana zuen, eta defendatzeko nahikoa indar ez zutenez, iparraldea babesgabe gelditu zen. Bigarren erasoaldiak izugarrizko arrakasta izan zuen turkiarrentzat eta hiru egunen buruan uhartearen %36,2ren kontrola izatera pasa ziren[67]. Su-etena hala moduz sinatu zuten 1974ko abuztuaren 16an eta bi aldeen arteko eremua Nazio Batuen administrazioaren agindupean gelditu zen.

1974ko gertakizunek milaka biktima eragin zituzten. Zipreko Gobernuak 200.000 errefuxiatu inguru eman zirela jakinarazi zuen, horietatik 180.000-160.000 inguru turkiarrek iparraldean indarrez hartutako lurretan bizi ziren greko-zipretarrak[68][61]. Biztanle horiek turkiarrek bereganatutako lurraldeen biztanleriaren %82 osatzen zuten[69]. Aipatzekoa da Famagusta hiriaren kasua; 1974ko erroldaren arabera, greziarrak 26.500 ziren (%68) eta turkiarrak 8.500 (%21)[70]. Hala eta guztiz ere, turkiarrek euren etxeak hustera eta hegoaldera alde egitera behartu zituzten. Gertakizunak garbiketa etnikoaren adibidetzat jotzen dira[71][72][73]. Gainontzeko errefuxiatuak, aldiz, turko-zipretarrak izan ziren[74]. Hain zuzen, 1975. urtean Nazio Batuen Erakundeak laguntza eskaini zien hegoaldean gelditu ziren turkiarrei nahi izanez gero iparraldean kokatzeko; 51.000 inguruk eskaintza onartu eta turkiarrek okupatutako lurretara joan ziren bizitzera[75][76].

Famagusta hiriko Varosha auzoaren egungo irudia. 1970eko hamarkadako Zipreko turismo-gune garrantzitsuena zen, baina turkiar inbasioaren ondorioz greko-zipretar jabeek bertatik alde egin behar izan zuten; abandonatuta dago gaur egun.

Hala, Turkiaren inbasioa uhartearen banaketarekin amaitu zen, Taksnimarekin. Iparraldean Turko-zipretar Administrazio Autonomoa sortu zen bitartean, hegoaldean Zipreko Errepublikak iraun zuen, nazioarteko babesa jaso zuena[59].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Bibliografia22 izeneko erreferentziarako
  2. a b c d e f g (Ingelesez) Ioannides, Christos P. (2019). "Cyprus under British Colonial Rule: Culture, Politics, and the Movement toward Union with Greece, 1878-1954". Lexington Books. ISBN 978-1-49858-202-5
  3. (Ingelesez) Varnava, Andrekos (2017). "British Imperialism in Cyprus, 1878-1915". Manchester University Press. (1878ko abuztuaren 7ko The Times egunkarian jasoa). ISBN 978-1-52611-873-8
  4. a b Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Bibliografia19 izeneko erreferentziarako
  5. a b c (Ingelesez) Hughes-Wilson, John (2018.11.18). "Cyprus in World War I". 2021.09.06
  6. (Ingelesez) "1915: Greece Declines Cyprus Offer" (1915.10.23). International Herald Tribune. 2021.09.03
  7. (Ingelesez) Abbott, George Frederick (2008). "Greece and the Allies 1914–1922". Londres: Methuen & co. ISBN 978-0-55439-462-6
  8. (Ingelesez) Xypolia, Ilia (2017). "British Imperialism and Turkish Nationalism in Cyprus, 1923-1939. Divide, Define and Rule". Londres: Routledge. ISBN 978-1-13822-129-1
  9. (Ingelesez) Filippidou, Anastasia (2019.11.05). "The Impact of Forced Top-Down Nation Building on Conflict Resolution: Lessons from the 1923 Compulsory Population Exchange between Greece and Turkey". Nationalities Papers, 48. zbk., 144–157. or. 2022.04.04
  10. (Ingelesez) Kostis, Kostas (2018). "History's Spoiled Children The Story of Modern Greece" (Jacob Moe itzultzailea). Oxford: Oxford University Press. ISBN 978-0-19084-641-1
  11. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Bibliografia1 izeneko erreferentziarako
  12. a b c d e f (Ingelesez) "Cyprus Colony". The British Empire. 2021.09.06
  13. a b (Ingelesez) Hakki, Murat Metin (2007). "The Cyprus issue: a documentary history, 1878-2007". Bloomsbury. ISBN 978-1-35017-271-5
  14. (Ingelesez) Klapsis, Antonis (2008). "The Quest for Enosis: The visit of the Greek Cypriot Deputation to London in October–November 1929. A view from the Greek archives". Neapolis University. 2021.09.15
  15. a b c d (Ingelesez) Varnava, Andrekos (2021). "Assassination in Colonial Cyprus in 1934 and the Origins of EOKA". Anthem Press. ISBN 978-1-78527-552-4
  16. (Ingelesez) "England sends troops to end Cyprus revolt" (1931.10.23). St. Petersburg Times. 2021.09.03
  17. (Ingelesez) "Cyprus" (1931.11.12). Commons and Lords Hansard, 259. zbk. 2021.09.03
  18. (Ingelesez) "Cyprus" (1930.07.02). Commons and Lords Hansard, 240. zbk. 2021.09.03
  19. (Ingelesez) "Cyprus" (1930.07.07). Commons and Lords Hansard, 241. zbk. 2021.09.03
  20. "Britain won't cede Cyprus to Greece; 'Strong Representations' Made to Sophoulis and Tsaldaris on King Paul's Proposal" (1948.08.02). The New York Times. 2022.01.12
  21. (Ingelesez) Gumrukcu, T. eta M. Kambas (2017.02.22). "Cyprus reunification stalled in row over 1950 vote". Reuters. 2021.09.15
  22. (Ingelesez) "Archbishop Makarios Deported from Cyprus". History Today. 2022.01.12
  23. (Ingelesez) Xydis, Stephen G. (1968). "The UN General Assembly as instrument of Greek policy: Cyprus, 1954-58". The Journal of Conflict Resolution aldizkarian, 12. bil, 2. zbk.
  24. (Ingelesez) Dodd, Clement H. (1993). "Cyprus: A Historical Introduction". Autore beraren "The Political, Social, and Economic Development of Northern Cyprus" lanaren barruan. Palgrave MacMillan. ISBN 978-0-90671-918-3
  25. (Ingelesez) French, David (2015). "Fighting EOKA: The British Counter-Insurgency Campaign on Cyprus, 1955-1959". Oxford University Press. ISBN 978-0-19872-934-1
  26. (Ingelesez) Novo, Andrew R. (2010). "On all fronts: EOKA and the Cyprus insurgency, 1955-1959". Oxford University.
  27. (Ingelesez) Holland, Robert (1998). "Britain and the Revolt in Cyprus, 1954–1959". Oxford: Clarendon Press. ISBN 978-0-19820-538-8
  28. (Ingelesez) Wallace, P. W. eta A. G. Orphanides (2007). "Sources for the History of Cyprus, vols I - XV (Albany, NY, Greece and Cyprus Research Center)". University of Albany. ISBN 978-9-96375-621-2
  29. a b c (Ingelesez) "1959: Makarios elected president of Cyprus" (1959.12.14). BBC. 2021.09.16
  30. a b (Ingelesez) Durrell, Lawrence (1957). "Bitter Lemons of Cyprus". Londres: Faber. ISBN 978-0-57106-186-9
  31. a b c (Ingelesez) "Documents relating to the founding of Cyprus, including the Treaty of Guarantee, 1959". Kypros. 2021.09.16
  32. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Bibliografia14 izeneko erreferentziarako
  33. (Frantsesez) "Proclamation de l'indépendance de Chypre". Perspective Monde. 2021.09.16
  34. (Ingelesez) Faustmann, Hubert (2001). "Cyprus 1957-1963 From Colonial Conflict to Constitutional Crisis". Diana Weston Markides autorearen "Mediterranean and East European Monographs VIII" liburuan. University of Minnesota. (Likarrei buruzko zatia: 238. or.) ISSN 1057-3941
  35. a b (Ingelesez) Ker-Lindsay, James (2011). "The Cyprus Problem: What Everyone Needs to Know". Oxford University Press. (Liskarrei buruzko atala: 18. or.) ISBN 978-0-19983-135-7
  36. (Ingelesez) Hoffmeister, Frank (2006). "Legal aspects of the Cyprus problem: Annan Plan and EU accession". EMartinus Nijhoff Publishers. ISBN 978-9-00415-223-6
  37. (Ingelesez) Göktepe, Ci̇hat (2003). "British Foreign Policy Towards Turkey, 1959-1965". Psychology Press. (Zipreri buruzko atala: 130. or.) ISBN 978-0-71465-396-9
  38. (Ingelesez) Richter, Heinz (2010). "A Concise History of Modern Cyprus, 1878-2009". Verlag Franz Philipp Rutzen. (Zipreri buruzko atala: 115. or.) ISBN 978-3-93864-653-3
  39. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Bibliografia15 izeneko erreferentziarako
  40. a b c d e f g (Ingelesez) Solsten, Eric (1993). "Cyprus: a country study". Federal Research Division, Library of Congress. ISBN 978-0-84440-752-4
  41. (Ingelesez) Oberling, Pierre (1982). "The road to Bellapais". Social Science Monographs. (Liskarrei buruzko atala: 120. or.: "According to official records, 364 Turkish Cypriots and 174 Greek Cypriots were killed during the 1963–1964 crisis.") ISBN 978-0-88033-000-8
  42. (Ingelesez) Hoffmeister, Frank (2006). "Legal aspects of the Cyprus problem: Annan Plan and EU accession". EMartinus Nijhoff Publishers. (Errefuxiatuei buruzko atala: 17–20. or.) ISBN 978-9-00415-223-6
  43. (Ingelesez) O'Neill, J. T. eta N. Rees (2006). "United Nations peacekeeping in the post-Cold War era". Routledge. (Zipreri buruzko atala: 81. or.) ISBN 978-1-13575-454-9
  44. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Bibliografia8 izeneko erreferentziarako
  45. a b (Ingelesez) Hazou, Elias (2013.12.22). "1963 is still a historical minefield". Cyprus Mail. 2022.01.28
  46. (Ingelesez)(Frantsesez) "Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 186. Ebazpena: Zipreko auzia" (1964.03.04) (PDF). Nazio Batuen Erakundea. 2021.10.21
  47. (Ingelesez) Crawford, Timothy W. (2003). "Pivotal Deterrence. Third-Party Statecraft and the Pursuit of Peace". Cornell University Press. (Zipreri buruzko atala: 115. or.) ISBN 978-0-80144-097-7
  48. (Ingelesez) "Sakari Tuomioja, U.N. Mediator In Cyprus Dispute, Dead at 53; Finnish Envoy Also Served as ‘Presence’ in Laos —Was Banking Expert" (1964.09.11). The New York Times. 2022.01.28
  49. (Ingelesez) Plaza, Galo (1965). "Galo Plaza Report (1965) - Summary". Zipreko Gobernua - Prentsa eta Informazio Bulegoa. 2022.01.28
  50. a b (Ingelesez) Varnava, Marilena (2020). "Cyprus Before 1974: The Prelude to Crisis". I.B. Tauris. ISBN 978-1-78831-544-9
  51. (Ingelesez) Clogg, Richard (2002) [1992]. "A Concise History of Greece" (Bigarren ed.). Cambridge eta New York: Cambridge University Press. ISBN 978-0-52100-479-4
  52. (Ingelesez) Ganser, Daniele (2004). "NATO's Secret Armies: Operation GLADIO and Terrorism in Western Europe". Routledge. ISBN 978-0-71468-500-7
  53. (Ingelesez) Fitchett, Joseph (1977.08.04). "Makarios: Cypriot Nationalism Incarnate". The Washington Post". 2022.01.28
  54. (Ingelesez) Higgs, Douglas Geoffrey (1982). "Explosives sabotage and its investigation in civil aircraft". Journal of Occupational Accidents: Elsevier Ltd. (Zipreri buruzko atala: 249–258. or.)
  55. (Ingelesez) "Aviation Safety Network G-ARCO occurrence synopsis". Aviation Safety Network. 2021.10.21
  56. (Ingelesez) Göktepe, Cihat (2005). "The Cyprus Crisis of 1967 and its Effects on Turkey's Foreign Relations". "Middle Eastern Studies" liburuan, 41. libk., 3. zk., 431-444. or. Taylor & Francis, Ltd.
  57. a b (Ingelesez) Coşkun, Yasin (2018). "The Beginning of a New Era in the Cyprus Problem after the 1967 Crisis: The Inter-Communal Talks". "History Studies" aldizkarian, 10. libk., 9. zk. Journal of History Studies
  58. a b (Ingelesez) "Big Troubles over a Small Island" (1974.07.29). The Time. 2022.04.07
  59. a b c d e (Ingelesez) Drousiotis, Makarios (2006). "Cyprus 1974: Greek Coup and Turkish Invasion". Bibliopolis. ISBN 978-3-93392-576-3
  60. (Ingelesez) Mayes, Stanley (1981). "Makarios: A Biography". The Macmillan Press Ltd. (Hilketa saiakerei buruzko atala: 228. or.) ISBN 978-1-34916-500-1
  61. a b (Ingelesez) Rudolph Jr., Joseph R. (2008). "Hot Spot: North America and Europe". Greenwood Press. (Hilketa saiakerei buruzko atala: 41. or.) ISBN 978-0-31333-621-8
  62. (Ingelesez) "Cyprus: The Survivor" (1972.02.28). The Times. 2022.04.07
  63. (Ingelesez) "Makariosen eskutitza Ghizikis jeneralari" (1974.07.02). Greek-American Weekly Newspaper. 2022.02.12
  64. a b (Grezieraz) "Η Τουρκική Εισβολή στην Κύπρο": "Σ’ αυτό το χρονικό σημείο, οι Τούρκοι ελέγχουν το 3% του Κυπριακού εδάφους, έχοντας δημιουργήσει ένα προγεφύρωμα, που συνδέει την Κερύνεια με τον τουρκοκυπριακό θύλακο της Λευκωσίας. [Une horretan, turkiarrek Zipreko lurraldearen %3 kontrolatzea lortu zuten eta horrekin batera zubi bat sortu zuten Kirenia turko-zipretarren Nikosiako enklabearekin lotzen zuena.]". Sansimera. 2022.02.15
  65. (Ingelesez) Kassimeris, Jristos (2008). "Greek Response to the Cyprus Invasion". "Small Wars and Insurgencies" liburuan, 19. libk., 2. zk., 256–273. or. Routledge. ISBN 978-1-13894-167-0
  66. (Ingelesez) Dodd, Clement (2010). "The History and Politics of the Cyprus Conflict". Palgrave MacMillan. (Inbasioari buruzko atala: 119. or.) ISBN 978-0-23027-528-7
  67. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Bibliografia5 izeneko erreferentziarako
  68. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Bibliografia7 izeneko erreferentziarako
  69. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Bibliografia6 izeneko erreferentziarako
  70. (Ingelesez) Mirbagheri, Farid (2009). "Historical Dictionary of Cyprus". Scarecrow Press. (Datuak: 63. or.) ISBN 978-0-81086-298-2
  71. (Ingelesez) Carpenter, Ted Galen (2002). "Peace and Freedom: Foreign Policy for a Constitutional Republic". Cato Institute. ISBN 978-1-93086-534-1
  72. (Ingelesez) Sicilianos, Linos-Alexandre (2001). "The Prevention of Human Rights Violations (International Studies in Human Rights)". Springer. (Garbiketa etnikoari buruzko atala: 24. or.) ISBN 978-9-04111-672-7
  73. (Ingelesez) Alcock, Antony Evelyn (2000). "A history of the protection of regional cultural minorities in Europe: from the Edict of Nantes to the present day". Palgrave MacMillan. (Garbiketa etnikoari buruzko atala: 207. or.) ISBN 978-0-31223-556-7
  74. (Ingelesez) Rezun, Miron (2001). "Europe's nightmare: the struggle for Kosovo". Praeger. (Errefuxiatuei buruzko atala: 6. or.) ISBN 978-0-27597-072-7
  75. (Ingelesez) Borowiec, Andrew (2000). "Cyprus: a troubled island". Praeger. (Errefuxiatuei buruzko atala: 2. or.) ISBN 978-0-27596-533-4
  76. (Ingelesez) Mallinson, W. eta B. Mallinson (2005). "Cyprus: a modern history". I. B. Tauris. (Errefuxiatuei buruzko atala: 147. or.) ISBN 978-1-85043-580-8

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]