Morarji Desai
Shri Morarji Ranchhodji Desai, ezagunagoa Morarji Desai gisa (Bhadeli, Gujarat, Britainiar Raj, 1896ko otsailaren 29a - Mumbai, India, 1995eko apirilaren 10a), indiar politikaria izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mumbaiko Unibertsitatean ikasketak egin ondoren, funtzionario gisa hasi zen lanean, 1918an. Gandhiren ideia nazionalisten jarraitzaile izanik, 1930ean, lantokia utzita, independentziaren aldeko borroka zibilari lotu zitzaion. Hori zela eta, preso sartu zuten, bost aldiz gutxienez, 1930 eta 1940 bitartean.
Ondoko urte gatazkatsu haietan, Mumbaiko administrazioan lan egin zuen, eta 1942an sailburu izendatu zuten. 1956an, Indiako gobernuak Merkataritzako eta Industriako ministro izendatu zuen, eta 1963. urtera arte eutsi zion karguari, dimisioa aurkeztu zuen arte.
1967an, gobernuan parte hartu zuen ostera, lehen ministrorde gisa, baina 1969an utzi zuen kargua, Indira Gandhiren Kongresuko Alderdiaren oposizioa gidatzeko. 1975ean, Indira Gandhik larrialdiko gobernua ezarri zuenean, atxilo hartu zuten bere jarduera politikoarengatik, eta kartzelan sartu zuten. 1977an kartzelatik irten zenean, lau alderdi txiki batu zituen Janata alderdi kontserbadorean, eta, bi hilabete geroago, hauteskundeak irabazi zituen. Garaipen horrekin, Indira Gandhiren lekua hartu zuen, Indiako Lehen ministro gisa, Indiaren independentziaz geroztik Kongresuko Alderdiko kide ez zen aurrena. Bi urte geroago, 1979ko uztailaren 15ean, Janata koalizioko kideen arteko tirabirek eta zentsura-mozioaren mehatxuak karguaren dimisioa ematera behartu zuten. Harrezkero, jarduera politikoa ere alde batera utzi zuen.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Morarji Desai |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.