Letoniako historia
Letoniako historia |
Letoniako historia iparraldeko Europan dagoen Letoniako Errepublikaren lurraldean izan diren gertaera gogoangarrien kontakizuna da.
Letoniaren historia 9000. urtearen inguruan hasi zen Europa iparraldeko azken glaziaraldiaren amaierarekin. Antzinako Baltikoko herriak K.a. bigarren milurtekoan iritsi ziren inguru hartara, eta Letoniaren lurraldean lau tribu erresuma ezberdin identifikatu ziren K.a. lehen milurtekoaren amaieran. Letoniako Daugava ibai nagusia, izan ere, Baltikoko eskualdetik Errusiaren barrena Europa hegoaldera eta Ekialde Hurbilera zihoan merkataritza ibilbide garrantzitsu baten buruan zegoen, bikingoek eta geroago iparraldekoek eta alemaniarrek erabili zutena.
Erdi Aroko hasieran, eskualdeko herriek kristautasunari aurre egin, eta Iparraldeko Gurutzadetan eraso egin zieten. Letoniako hiriburua den Riga, 1201ean alemanek Daugavaren bokalean sortua, base estrategiko bihurtu zen Aita Santuak onetsitako Ezpataren Anaia Livoniarren zonaldearen konkistan. Baltikoko hegoaldeko lehen hiri handia izango zen, eta, 1282tik aurrera, Hansako Ligako merkataritza-gune nagusia.
XVI. menderako, Terra Marianan, alemaniar baltikoen nagusitasunak gero eta erronka handiagoa jasaten zuen beste botere batzuen aldetik. Letoniaren kokapen estrategikoa eta Riga hiri komertzial oparoa zirela eta, bere lurraldeak gutxienez lau potentzia nagusiren arteko gatazka eta konkista gune sarri bat izan ziren: Ordena Teutonikoaren Estatua, Polonia-Lituaniako Errepublika, Suedia eta Errusiako Inperioa. Kanpoko hegemoniaren azken aldia 1710ean hasi zen, Rigaren eta egungo Letoniaren kontrola Suediatik Errusiara aldatu zenean Iparraldeko Gerra Handian. Errusiaren kontrolpean, Letonia industrializazioaren eta morrontza-abolizioaren abangoardian zegoen, eta, beraz, XIX. mendearen amaieran, Errusiar Inperioko gunerik garatuenetako bat bihurtu zen. Arazo sozial gero eta handiagoek eta horrek sortzen zuen nahigabeak eragin zuten Rigak ere protagonismoa izatea 1905eko Errusiako Iraultzan.
Letoniaren lehen esnatze nazionala 1850eko hamarkadan hasi zen, eta fruituak ematen jarraitu zuen Lehen Mundu Gerraren ondoren; Letoniako independentzia gerran bi urtez borrokatu ondoren, azkenean, Letoniak independentzia subiranoa lortu zuen, Errusiak 1920an eta nazioarteak 1921ean onartua. Letoniako Konstituzioa 1922an onartu zen. Ezegonkortasun politikoak eta Depresio Handiaren ondorioek 1934ko maiatzaren 15eko estatu-kolpea ekarri zuten. Independentzia 1940ko ekainean eten zen, herrialdea okupatu eta Sobietar Batasunean sartu zenean. 1941ean, Alemania naziak inbaditu, eta okupatu zuen, eta, gero, 1944an, sobietarrek birkonkistatu zuten.
40ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, Letoniako Sobietar Errepublika Sozialista kontrol ekonomiko sobietarraren mende egon zen, eta bere herrien errusiartze nabarmena ikusi zuen. Hala ere, Letoniako kulturak eta azpiegiturek bizirik iraun zuten, eta, Mikhail Gorbatxoven garaian, Letoniak independentziarako bidea hartu zuen berriro, eta, azkenean, 1991ko abuztuan lortu zuen; Errusiak hurrengo hilabetean onartu zuen. Ordutik, independentzia berreskuratuta, Letonia Nazio Batuen kide bihurtu, eta NATOn eta Europar Batasunean sartu da[2].
Lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Letoniarren arbasoak Baltikoaren ekialdean kokatu ziren K. a. 3. milurtekoan[3]. Erromatarren garaian baltiar izena eman zitzaien herrietatik garrantzitsuenetakoa zen letoniarra. Herri hauek guztiek erromatarrekin harremanak izan zituzten, germaniarren bitartez, baina K. o. II. mendean, germaniarrak mendebalderago jotzen hasi zirenean, bakar samar geratu ziren. Bestalde, herri eslaviarrak izan zituzten beti ekialdean eta hegoaldean, eta eskandinaviarrak iparraldean.
Letonia pasabide garrantzitsua izan zen. Handik igarotzen zen baregoen eta greziarren arteko merkataritza-bide ospetsua, Daugavan zehar Eskandinaviatik Kieveko Rusara eta Bizantziora zihoana. Letoniako kostaldea anbarrarengatik zen ezaguna, eta batzuetan Dzintarzeme (“Ambarrerria”) izena ematen zitzaion. Izan ere, anbarrak urreak baino balio handiagoa zeukan toki askotan.
Erdi Aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]X. mendean, lau baltiar tribu nagusi zeuden gaur egungo Letonian eta iparraldeko Lituanian: kuroniarrak (letonieraz: kurši), latgaliarrak (latgaļi), seloniarrak (sēļi) eta semigaliarrak (zemgaļi). Handiena latgaliarra zen. Garai hartan hasi zen Baltikoko herrien kristautzea, Kieveko Eliza Ortodoxoaren eraginari esker, eta XII. mendearen bukaeran eraman zuten germaniarrek erlijio katolikoa, Livoniako apezpikutegia sortu zenean (1199; oro har, egungo Letonia eta Estonia hartzen zituen Livoniak). Baltiarrek ez zituzten erraz onartu sinesmen eta praktika erlijioso berriak. Hori zela-eta, Zelestino III.a aita santuak Iparraldeko Gurutzadak antolatu zituen.
XII. mendetik aurrera hasi zen lurralde haien germaniartzea. Alemaniarrek Riga fundatu zuten 1201ean, pixkanaka hegoaldeko Baltikoko hiri handiena bilakatu zena, eta 1207an Terra Mariana izeneko estatua eratu zuten, geroago Livoniako Konfederazioa deitua. Terra Marianak egungo Letonia eta hegoaldeko Estonia hartzen zituen. 1242an Alexandro Nevskik Teutoi Zaldunen gudarostea birrindu bazuen ere, XII. mendearen bukaeran germaniarrak nagusitu ziren Livonian eta, beraz, Letonian.
Livoniako Konfederazioko antolamendu feudala hiru zutabe nagusitan oinarritu zuten alemaniarrek: Teutoi Zaldunen ordena, Rigako apezpikutegia eta Rigako hiri librea; hiru erakunde horien arteko harremanak zailak izan ziren luzaroan. 1282an, Hansako hirien artean onartu zuten Riga eta neurri horrek oparotasuna ekarri zuen. Hala ere, jatorrizko aitonen semeei zegozkion eskubide guztiak galdu zituzten letoniar nekazariek eta germaniar konkistatzaileen mendeko bihurtu ziren. XIV. mendearen bukaeran osatu zen Lituaniako erreinu handia, lituaniarrak eta poloniarrak koroa bakar batera bildu zituena, eta XV. mendean hasi zen Ordena Teutonikoaren gainbehera.
Aro Modernoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XVI. mendean aldaketa ugari gertatu ziren, Erreforma protestantearen iritsiera eta Livoniaren gainbeherarekin batera. Livoniako Gerraren ostean (1558-1583), Ordena Teutonikoaren Livoniako adarra desagertu eta Poloniar-Lituaniar Batasunaren menpean geratu zen Letonia. Luterotar fedea Kurlandia, Semigalia eta Vidzeme eskualdeetan onartu zen, baina Latgalian iraun zuen katolizismoaren nagusitasunak, gaur egun bezala.
XVII. eta XVIII. mendeetan, Poloniak, Suediak eta Errusiak elkarren kontra borrokatu ziren Baltikoren ekialdea menperatu nahian. Rigako hiria poloniarren esku geratu zen 1581ean, baina 1621ean Gustavo II.a Adolfo Suediako erregeak hartu zuen. 1629ko Altmarkeko Hitzarmenaren bitartez, Vidzeme Suediaren mende geratu zen. "Suediar Aroa" (letonieraz: zviedru laiki) agintaldi onenaren sinonimoa da gaur egun ere. 1721ean, ordea, Nystadeko Hitzarmenaren ondorioz, Errusia jabetu zen Vidzemez. Latgale Poloniaren esku egon zen, 1772an Errusiak eskuratu zuen arte. Kurlandia eta Semigaliako Dukerrian, alemaniar jatorriko 121 familia aristokraten mende zegoen letoniar populazioa. Nobleziaren paradisua deitutako eskualde hori Errusiako probintzia bihurtu zen 1795ean[4]. Horrela, egungo Letonia osoa Errusiako Inperioaren barnean geratu zen.
XIX. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendean, letoniar herria Errusiako tsarren mende geratu zen erabat. Alexandro I.ak jopu sistema feudala bertan behera utzi zuen, baina letoniar nekazariak lurrak erosteko biderik gabe geratu ziren, Errusiako tsarren mende zeuden nekazari guztiak bezala.
XIX. mendearen hasieran, biztanleriaren %7 hiritarra zen; mende amaieran, berriz, %40. Biztanleria 720.000 lagunetik ia bi milioira pasatu zen. Jatorrizkoak %90tik %68 igaro ziren. Hainbat laborarik lurra berreskuratu ahal izan zuten arren, 1897an 591.000 nekazarik lurrik gabe jarraitzen zuten. Hiriko proletariatua ugaldu zen, burgesiaren boterea handitu ahala. Labur esanda, gizarte-egitura guztiz aldatu zen.
XIX. mende erdialdean letoniarren abertzaletasuna piztu zen Mikelis Krogzemis poetaren eraginez, eta Letoniar Gazteak (letonieraz: jaunlatvieši) mugimendu abertzalea jarri zen abian. Germaniarren mende zegoen gizarte-ordenaren kontra, eslavofilian bilatzen zuten laguntza. 1863ko Urtarrileko Matxinadaren ondoren Alexandro III.ak herrialdea errusiartzen ahalegindu bazen ere, huts egin zuen. 1905eko iraultza saioaren ondoren, berriro piztu zen Letonia burujabearen aldeko ideia.
Letoniako Errepublika (1918-1940)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen Mundu Gerran, alemaniarrak Kurlandia, Semigalia eta Seloniaz jabetu ziren 1915ean, baina Rigak 1917ko iraila arte eutsi zien[5]. 1917ko Iraultzaren ondoren, sobietar aginpidea nagusitu zen Letoniako alde okupatu gabean, eta 1918ko azaroaren 18an independentzia aldarrikatu zuten letoniarrek[6]. Moskuko gobernu iraultzaileak ez zuen onartu neurri hori, eta Letoniako Independentzia Gerra piztu zen, kaos handiko garaia. Izan ere, 1919ko udaberrirako herrialdea hirutan zatiturik zegoen: Karlis Ulmanis buru zuen Letoniako Errepublika, Armada Gorriaren sostegua zuen Letoniako Sobietar Errepublika Sozialista, eta Dukerri Baltiko Batua, Baltische Landeswehr izeneko alemaniar armadaren laguntza zuena. Alemaniarrak 1919an izan ziren garaituak, eta 1920ko abuztuaren 11n Errusiak aitortu zuen Letoniaren independendentzia, Rigako Hitzarmenaren bitartez[5]. 1921ean, Letonia Nazioetako Ligako kide bihurtu zen.
Politikari dagokionez, Letonia demokrazia parlamentario baten pean gobernatu zen 1920ko hamarkadan eta 1930eko hamarkadaren lehen erdian. Letoniako Langileen Alderdi Sozialdemokrata zentro-ezkertiarra eta Letoniako Nekazarien Batasuna zentro-eskuindarra izan ziren garai demokratikoko alderdi politiko nagusiak. Hala ere, Errepublikaren aldi gehienean, Letoniako Alderdi Komunista debekatuta egon zen, nahiz eta hauteskundeetara beste zerrenda batzuetan aurkeztu ohi zen, eta guztiak debekatuak izan ziren hauteskundeen ondoren.
1930eko hamarkadaren Karlis Ulmanis Nekazarie Batasuneko zen agintean, baina sozialista, komunista eta nazio gutxiengoen oposizio latza izan zuen. 1930eko hamarkadako krisialdi ekonomikoa zela-eta, egonezina zabaldu zen letoniarren artean. Alemaniar gutxiengoak nazien aldeko joera garbia erakutsi zuen eta legez kanpo ezarri zituen Ulmanisek, Letonia Hirugarren Reicharen barnean sarrarazi nahi zutelakoan. Bestalde, Perkonkrust (“Oinaztura gurutzea”) izeneko talde letoniar faxistak indar handia hartu zuen. 1934an, aginpide guztiak hartu zituen Ulmanis lehendakariak, legebiltzarreko eta alderdi politikoen jarduera oro bertan behera utzirik. Ulmanisen erregimen autoritarioak ez zuen oposizio sendorik izan, politika egonkortzea era ekonomia suspertzea lortu baitzuen[7].
Bigarren Mundu Gerra hasi baino lehentxeago, Baltikoko gainerako estatuek bezala, Letoniak mehatxupean ikusi zuen bere subirautza Alemania naziaren eta Sobietar Batasunaren balizko inbasioen beldur, eta Ulmanisen erregimena bi herrialdeekin itunak sinatzen hasi zen, Letoniaren subiranotasuna gero eta gehiago murriztuz.
Bigarren Mundu Gerra eta sobietar agintea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1939ko abuztuaren 24an, Sobietar Batasunak eta Alemania Naziak Molotov-Ribbentrop Ituna sinatu zuten. Hitzarmenaren isileko protokoloari jarraiki, Baltikoko estatuen okupazio sobietarra zen gertatzekoa, eta Lituaniako 1940ko hasieran izan zelarik, Letoniako gobernuak okupazioa saihestezina zela onartu zuen. Sobietarren okupazioa iritsi zenean, 1940ko ekainaren 17an, Letonian apenas egon zen errestitentziarik. Hala ere, berehala, inbasioa onartu ez zuten letoniarren deportazio masiboak egin ziren[8]. 1941eko ekainean, alemaniarrek beretu zuten Letonia, eta haien esku egon zen 1944ko urrian sobietarrek berreskuratu zuten arte. 200.000 letoniar baino gehiago hil ziren Bigarren Mundu Gerran, naziek sarraskitu zituzten 75.000 judu barne[8].
1945ean Letoniako Sobietar Errepublika Sozialista sortu zen, eta sozializazio prozesuarekin batean, biziro lastertu zen herrialdearen errusiartzea. Ipar-ekialdea Errusiako Errepublikako Pskov oblastaren barnean geratu zen, bertako biztanle gehienak errusiarrak zirelako aitzakian.
1980ko hamarkadan, Mikhail Gorbatxov sobietar buruzagiak abiarazi zituen erreformak baliaturik, independentziaren aldeko hainbat erakunde sozio-politiko agertu ziren, hala nola Letoniako Herri Frontea (letonieraz: Latvijas Tautas fronte), Independentzia Nazionalaren aldeko Mugimendua (letonieraz: Latvijas Nacionālās Neatkarības Kustība) eta Letoniako Herritarren Biltzarra (letonieraz: Pilsoņu Kongress ). 1989ko abuztuaren 23an, Molotov-Ribbentrop Itunaren 50. urteurrenean, letoniarrek, lituaniarrek eta estoniarrek giza-kate erraldoia osatu zuten Tallinndik Vilniusera; guztira 600 kilometro. Herrialde Baltikoen burujabetasun gogoaren ikurra izan zen[9]. 1990eko maiatzaren 4an, Letoniako Parlamentuak independentzia adierazi zuen. Trantsizio aldia 1991ko abuztuaren 21ean jo zen amaitutzat. Urte bereko irailaren 6an, Sobietar Batasunak Letoniaren independentzia aitortu zuen.
Letonia independentea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1991ko irailean ezagutu zen Letoniaren burujabetasuna, eta urte hartan bertan onartu zuten NBEn. 1992an Sobietar Batasun ohiko gudarostea Letoniatik ateratzeko elkarrizketak hasi ziren; 1994an atera ziren Letoniatik azken soldadu errusiarrak. 1993an egin ziren legebiltzarrerako lehenengo hauteskunde libreak, eta Guntis Ulmanis izendatu zuten presidente. Harrezkero, ekonomia liberalizatzeko eta mendebaldeko herrialdeekiko harremanak estutzeko neurriak hartzen hasi zen gobernua (Europako Kontseiluko kide izateko eskaria egin, NATOren programa batean parte hartu du, etab.), eta oro har eskuin eta zentroko alderdiak izan ziren nagusi urte haietan.
1994an, gobernu berriaren joerari jarraituz, atzerriko inbertsioak handitu egin ziren, enpresak pribatizatu ziren etab., baina egoera ekonomikoak ez zuen hobera egin eta hurrengo urtean hainbat finantza erakundek hondoa jo zuten. 1996ko hauteskundeetan, hala ere, Ulmanis atera zen berriro lehendakari. 1999koetan Vaira Vike-Freiberga nagusitu zen eta, horrela, bera izan zen Ekialdeko Europako lehen emakume lehendakaria; gobernuburua Andris Skele zen. Aldaketa handiak gertatu ziren, pribatizazioaren ildotik batez ere, eta Europar Batasunean sartzera bideratu ziren politika gehienak (harekin zituen merkataritza harremanen %50); 2004an sartu zen erakunde horretan, baita NATOn ere.
Bestalde, eta Errusiarekiko harremanak tarteka nahiko onak izan arren, Letoniak bi herrialde horien arteko mugak zehazteko hitzarmen bat sinatzea eskatu zuen etengabe eta, horrezaz gainera, istiluak izan ziren Letonian bizi ziren errusiarren hiritartasuna zela-eta. Horrela, 1998an, Letonian bizi ziren errusiar kopurua kontuan harturik eta Errusiarekiko tirabirak baretzearren (izan ere, Letoniaren kontrako neurri ekonomikoak hartuko zituztela iragarri zuten Errusiako agintariek), Letoniako Gobernuak bertan bizi ziren errusiarrei hiritartasun bikoitza ezagutzea erabaki zuen. 1999an, dena dela, Letoniako Parlamentuak letonieraren erabilera sustatzeko neurriak hartu zituen, eta horrekin berriro hasi ziren errusieraz mintzo ziren herritarren diskriminazioaren auziari buruzko eztabaidak. 2007an, Valdis Zatlers hautatu zuten presidente, eta Ivars Godmanis lehen ministro.
Harmonia (letonieraz: Saskaņa), errusiar etniakoen alderdi sozialdemokrata, 2014ko legebiltzarrerako hauteskundeetan nagusitu bazen ere, ezin izan zuen gobernua osatu, Batasuna (letonieraz: Vienotība) kontserbadoreak beste alderdi batzuekin koalizioa egin zuelako[10].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2017/9/8 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ "British Museum Collection". Archived from the original on June 18, 2019. Retrieved June 15, 2017
- ↑ «22.6 thousand Latvian residents chose to emigrate in 2013 | Latvijas statistika» web.archive.org 2018-05-23 (Noiz kontsultatua: 2023-02-05).
- ↑ Data: 3000 BC to 1500 BC. The European Ethnohistory Database. The Ethnohistory Project, life.bio.sunysb.edu (Noiz kontsultatua: 2017-9-9).
- ↑ The Duchy of Courland and Semigallia. latvianhistory.com (Noiz kontsultatua: 2017-9-11).
- ↑ a b Latvian War for Independence 1918-1920. latvianhistory.com (Noiz kontsultatua: 2017-9-12).
- ↑ 18 November-The Latvian Independence day. latvianhistory.com (Noiz kontsultatua: 2017-9-12).
- ↑ Kārlis Ulmanis Authoritarian Regime 1934-1940. latvianhistory.com (Noiz kontsultatua: 2017-9-12).
- ↑ a b Latvia profile - Timeline. bbc.com (Noiz kontsultatua: 2017-9-13).
- ↑ Esnaola, Enekoitz. Independentziari kateatuta. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-9-12).
- ↑ Walker, Shaun. Latvia’s ruling coalition keeps Russia-leaning party at bay in election. theguardian.com (Noiz kontsultatua: 2017-9-12).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Europako historia herrialdearen arabera | ||
---|---|---|
Albania • Alemania • Armenia • Andorra • Austria • Azerbaijan • Belgika • Bielorrusia • Bosnia-Herzegovina • Bulgaria • Danimarka • Erresuma Batua • Errumania • Errusia • Eslovakia • Eslovenia • Espainia • Estonia • Finlandia • Frantzia • Georgia • Grezia • Herbehereak • Hungaria Estaturik gabeko nazioak: Bretainia • Eskozia • Euskal Herria • Flandria • Gales • Galizia • Irlanda • Katalunia • Korsika • Okzitania • Sardinia |