Göbekli Tepe
Göbekli Tepe | |
---|---|
UNESCOren gizateriaren ondarea | |
Göbekli Tepeko aztarnak | |
Datuak | |
Turkiako probintzia | Şanlıurfa probintzia |
Eskualdea | Mesopotamia |
Koordenatuak | 37°13′23″N 38°55′21″E / 37.2231°N 38.9225°E |
Azalera | 1.26 km² |
Historia | |
Garaia | k. a. X. milurtekoa |
Uztea | k. a. VIII. milurtekoa |
Garaia(k) | A-B |
Kultura | Zeramika aurreko Neolito |
Zuzendariak | Klaus Schmidt (mul) |
Altitudea | 760 m |
muze.gov.tr… |
Göbekli Tepe (turkieraz ɡøbe̞kli te̞pɛ ahoskatua, euskaraz: «muino zilbor handia» esan nahi duena) Neolitoko arkeologia-aztarnategia da, Turkiako Hego-ekialdeko Anatolia eskualdean dagoena, Kurdistanen, Siriako mugatik hurbil. Mendigune zabal baten punturik garaienean dago, Şanlıurfa (antzinako Urfa/Edesa) hiritik 15 kilometro ipar-ekialdera.
Gaur egun turkiar eta alemaniar arkeologoak indusketak burutzen ari diren leku horretan. K.a. 9600 urte inguruko (duela 11.500 urte) ehiztari-biltzaileek eraiki zuten, hain zuzen ere sedentarizazioa hasi aurretik. Misteriotsuki, k. a. 8.000. urtean harri, zutarri eta eskultura multzo hau nahita lurperatua izan zen, eta 500 urtez lagata egon zen. Nevali Çori aztarnategiarekin batera, funtsezkoa da eurasiar iraultza neolitikoa azaltzeko.
Maiz hurbil duen eta garai beretxukoa de Karahan Tepe aztarategiarekin lotu ohi da.
Aurkikuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Göbekli Tepe aztarnategia Turkiako hego-ekialdean dago. 1964an jada estatubatuar prospekzio batek bertan zer edo zer bazegoela adierazia zuen, muino hura osoki naturala ez baizen, baina azpian bizantziar hilerri bat zegoela uste zen. 1994tik aurrera Alemaniar Arkeologia Institutua eta Şanlıurfako museoko turkiar zientzialariek indusketak zuzendu dituzte, denak ere Klaus Schmidt alemaniar arkeologoaren zuzendaritzapean(1995–2000: Heidelbergeko Unibertsitatea; 2001tik aurrera Alemaniar Arkeologia Institutuak). Schmidten arabera, lurrazalean zeuden harri puskek berehala leku hura historiaurrekoa zela ondorioztatzea bultzarazi zuten. Antzina, muinoa belaunaldiz-belaunaldi jorratua eta ereina izan zen, eta horretarako harriak kendu eta soroak garbitzeko asmoz harriak piloetan pilatu zituzten, ondorioz baliteke arkeologia aztarna ugari betiko deseginak izatea. Hochschule Karlsruhe erakundeko ikertzaileak arkeologia aztarnak dokumentatzen hasi eta lasterrera T itxurako zutarriak topatu zituzten, haietako askok itxuraz suntsitze saiakerak jasan zituztelarik.[1]
Eraikuntzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat eraikuntza zirkular aurkitu izan dira, garai diferenteetakoak. Horietako lau besterik ez dira atera argitara, eta beste 16 lur azpian daude. K.a. 9600 urtekoak dira zaharrenak, Neolitokoak (Buztingintza aurreko Neolitokoa-A. PPNA) Inguruko eta oraindik induskatu gabeko eraikin are zaharragoak izan daitezkeela uste da.
Eraikin hauek harrizkoak dira, 10-30 metroko diametroko zirkunferentziak. Tarteka zutarriak dituzte, T itxurakoak, 6 metrorainokoak, eta 10-20 tonakoak. Ez dakigu teilaturik zuten ala ez. Animalien eskultura asko dituzte, behe-erliebean. Animali hauek ez dira ehizan harrapatu eta jateko erabiltzen direnak, piztiak baizik: lehoiak, basurdeak, sugeak, saiak... Ez da aurkitu bertan gizakien hezurrik, ez eta hilobirik.
Susmoa dago zutarri hauek gizakia adierazi nahi dutela, batzuetan beso baten antzeko zerbait grabatua dutelako, baino ez dago argi.
Egitura hauetatik 100 metrora gutxi gora-behera harrobiak daude. Handik ekarri zituzten zutarriak. Gogoan izan behar dugu garai honetan ez zegoela ez metalik, ez gurpilik. Beraz, kalkulatzen da 500 laguneko gizataldeak jaso zituela eraikin hauek.
Bi garai aztertu dira: lehenengoa k. a. 9600- 8800, bigarrena k. a. 8800-8000. Bigarrengoan gelatxo laukizuzenak aurkitu izan dira, eta zutarriak txikiagoak.
Datazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Topatu dira Karbono-14 bidezko datazioaren bidez zenbait elementu kronologikoak:
Lab. numerazioa. | K.a. data | K. a. kal. | Ingurua |
---|---|---|---|
Ua-19561 | 8430 ± 80 | 7560–7370 | C esparrua |
Ua-19562 | 8960 ± 85 | 8280–7970 | B esparrua |
Hd-20025 | 9452 ± 73 | 9110–8620 | III. maila |
Hd-20036 | 9559 ± 53 | 9130–8800 | III. maila |
Hd aztarnek egur ikatzean dute jatorria, aztarnategiaren maila baxuenekoak dira, zaharrenak; horiek okupazio garai aktiboena adieraziko lukete. Ua aztarnak zutabeen gainean sortutako karbonatoen estalkienak dira eta horiek behin lekua utzi ondorengo datak adierazten dituzte, terminus ante quem deritzona.[2]
Gizartea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jakinik %5 besterik ez dela induskatu, aipatuko direnak behin-behinekoak dira.
Orain arte ez da aurkitu hezitako animaliarik eta landarerik. Ehiztarien eta biltzaileen gizartea litzateke garai horretakoa. Bestalde ez da aurkitu bertan bizi izan zirenaren arrasto handirik. Horregatik uste da esanahi erlijiosoa duen eraikinak direla, tenpluak. Uste hori sendotzen du, halaber, bertan agertzen diren animalien erliebe eta eskulturak (sugea, eskorpioi, saia, ) ez izatea jateko erabiltzen zirenak.
Garai haietan ehiztari-biltzaile taldeak ez ziren talde handiak. Ez eta leku jakin batean eman urte osoa. Batetik bestera ibiltzen ziren jakien bila. Ez zuten idazketa ezagutzen, gurpila ere ez. Zeramika eta metalak ere ez. Horregatik ez zen uste horrelako jende taldeak horrelako eraikuntzak egiteko gai izatea.
Garrantzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenengo ezustea antzinatasunak eman zuen. Garai horretan ehiztari-biltzaileak ziren, nomadak, eta talde txikitan ibiltzen ziren.Nola egin eta mugitu zituzten harri haiek? Gogoan izan 500 laguneko taldea beharrezkotzat jotzen dela 20 tonako hainbat zutarri 100 m baino gehiago mugitzeko.
Bigarrena, ezagutzen ziren aurreko kultura batzuk, Natufiarrak [3] esate baterako, baina ez zuten tenplurik. Hauek lirateke ezagutzen diren tenplurik zaharrenak.
Beste kontu bat da lehenengo hazi etxekotuak, inguruan 30 kilometrotara azaldu izan direla. Beraz, garrantzi handiko lekua ematen du, garaiko bizimoduari buruzko uste asko hankaz gora jarri dituena, hau da, galdera gehiago plazaratu dituena erantzun baino. Horretaz aparte, gogoratu beharra dago multzo osoaren zati txiki bat besterik ez dela induskatu.
Ikus gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Curry, Andrew. (2008ko azaroa). Gobekli Tepe: The World’s First Temple?. Smithsonian Institution.
- ↑ Upper Mesopotamia (SE Turkey, N Syria and N Iraq) 14C databases: 11th–6th millennia cal a.C.
- ↑ Mann., Charles C.. (2011ko ekaina). «The birth of religion» National Geografic: 42..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez):Gobeklitepe: The World's First Temple, dokumentala
- (Ingelesez):Maketen bidezko berreraikitzea.
- (Ingelesez):Elkarrizketa induskatzaile batekin.