Edukira joan

Eskualduna (aldizkaria)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Euskalduna (argipena)»
Lehen Mundu Gerra hastearen albistea, Eskualduna astekariaren 1914ko abuztuaren 7ko zenbakian.

Eskualduna Baionako aldizkari elebiduna izan zen, euskaraz eta frantsesez argitaratzen zena. Louis Etxeberri politikari kontserbadoreak sortu zuen 1887an, bere ideiak plazaratzeko eta Le Réveil Basque egunkari errepublikar elebidunari irakurleak kentzeko xedearekin; Le Réveil Basque-ko burua, Berdoly diputatu gorria zen. Frantziako botere publikoek itxi zuten hedabidea 1944an, Bigarren Mundu Gerraren sasoian alemaniar naziekin kolaboratzea egotzirik.[1]

1887ko martxoaren 15ean kaleratu zen Eskualduna-ren lehenbiziko zenbakia; orduz geroztik, erlijio katolikoa, familia eta laborantza izan zituen oinarri ideologikoak, eta arrakasta handia izan zuen Ipar Euskal Herrian. Frantziako eredu errepublikar eta laikoaren aurka kokatu zen eta euskararen, fedearen eta erregionalismoaren alde. Aldizkari abertzalea zen; ez, ordea, eusko abertzalea, osoki frantses abertzalea baizik, bere aldaera tradiziozale eta konfesionalean. Louis Etxeberri eta Jean Hiriart-Urruti izan ziren Eskualdunako zuzendari nagusiak hainbat urtetan.

Eskualduna-n ikasi zuten idazten Iparraldeko garai hartako idazle gehienek, eta beren artikuluekin euskal kazetaritzaren lehen oinarriak paratu zituzten, ordu arte euskaraz inoiz ukitu gabeko hainbat gai jorratuz. Jean Etxepare Bidegorri medikuaren kronikak eta kontakizunak euskal literatura modernoaren hastapenak izan ziren, estilo eta gai aldetik. Gerra Handian (1914-1918), aldizkariak bat egin zuen Action Française alderdiaren posizioekin. Urte horietan, Etxepare medikuaren, Jean Elizalde Zerbitzari-ren eta Jean Saint-Pierreren artikuluak argitaratu ziren Lehen Mundu Gerraz, batzuetan frontetik bertatik idatziak.

1936-1939 bitartean, Hego Euskal Herria nozitzen ari zen gerraren aurrean, frankisten alde aritu zen buru-belarri, Ipar Euskal Herriko hautetsi eta hedabide gehienak bezalaxe.[2] 1941az geroztik, Vichyko gobernuaren alde egin zuen agerkariak, eta epe horretan nazismoaren aldeko idazkiak argitaratu zituen. 1944an aliatuek alemaniarrak garaitu ostean, frantziar agintari berriek Eskualduna itxi zuten, kolaborazionista izateagatik. Piarres Lafittek zuzenduriko Herria aldizkariak hartu zion lekukoa Ipar Euskal Herriko euskal kazetaritzan; gaur egun ere, Baionan argitaratzen da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Osa Galdona, Miren. Herria aldizkaria: 75 urte euskal kazetaritzaren lubakian. blogak.argia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-5-17).
  2. Chueca Intxusta, Josu. Euskaldunen aterpea suntsitu zuen faxista. Argia, 2009ko maiatzak 10, CC BY-SA, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-5-17).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]