Edukira joan

Hartz arre

Wikipedia, Entziklopedia askea
Inprimatzeko bertsioa dagoeneko ez dago onartuta, eta baliteke errepresentazio erroreak izatea. Egunera itzazu zure nabigatzaileko laster-markak, eta horren ordez erabil ezazu nabigatzaileko inprimatze funtzio lehenetsia.
Hartz arre
Pleistozeno-Gaur egun

Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaMammalia
OrdenaCarnivora
FamiliaUrsidae
GeneroaUrsus
Espeziea Ursus arctos
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
eta

Datu orokorrak
Ernaldia7 hilabete
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakbile bear (en) Itzuli
HabitatSastrakadi eta baso
Masa500 g
Haginkadaren indarra78
Kumaldiaren tamaina2,5
Genomaren kokapenadnazoo.org…

Hartz arrea (Ursus arctos) munduan zabalduen dagoen hartz espeziea da, Eurasiako eta Ipar Amerikako iparraldean dauden lurretako askotan bizi baita.[1][2] Karniboroen ordenako lehorreko espezie bizidunetan handienetako bat da, bere hurbileko ahaide hartz zuriarekin (Ursus maritimus) batera.

Hartz arrea munduko hainbat tokitan desagertzeko zorian dago. Gaur egun, Europako, Asia hotzeko eta Ipar Amerikako baso trinkoak ugaztun handi honen azken gordeleku bilakatu dira. Eremu zabal horretan, tamaina eta kolorearen arabera hamasei azpiespezie bereizi ohi dira, baina hartz arrearen taxonomia zalantzazkoa da. Azpiespezieen artean, euren tamaina handiagatik ezagunak dira grizzly hartzak (Ursus arctos horribilis) eta Kodiak hartzak (Ursus arctos middendorffi). Iberiar penintsulan, Kantauriar mendikatean bi azpipopulazio bereiz daitezke, mendebaldekoa eta ekialdekoa. Oraintsu arte Pirinioetan ere bizi zen hartz arrea, baina gaur egun ale bakan batzuk baizik ez dira gelditzen; gehienak, hartz populazio hori indartzeko asmoz Esloveniatik ekarriak.

Deskribapena

Ugaztun handi honek munduan zehar dituen forma ezberdinen artean, Pirinioetakoa txikienetakoa da; 80 eta 250 kg arteko pisua hartzen du[3]. Hala ere, ez da ahaztu behar pisu hau urtetik urtera aldatzen dela urte-sasoiaren, sexuaren eta beste hainbat faktoreren arabera. Arra emea baino dezente handiagoa da. Arrak, atzeko bi hanken gainean zutituz gero, 2 m-ko garaiera izatera iristen dira.

Askatasunean, 25-30 urte inguru bizi ohi dira, eta gatibutasunean 47 urtera ere irits daitezke. 1,7-2 m-ko luzera eta 0,9-1 m-ko garaiera (gurutzean) izan ohi dute. Ilajearen kolorea, krema-koloretik marroi iluneraino doa, baina hankak gehienetan beltzak ditu eta ile-muturrak ia-ia horiak. Kumeek, lepoaldean izan ohi duten eraztun zurixka lehenengo muda aldiaren ostean galtzen dute. Ilea 2-15 cm-ko luzerakoa da, buru eta sabelaldean motza eta gorputzean zehar luzeagoa. Ilajea urtean behin aldatzen dute. Ekainetik aurrera, 30-40 eguneko muda aldia hasten dute.

Orojalea da, baina haragiak elikaduraren gutxiengoa osatzen du. Elikaduraren hiru laurden belar, fruitu eta sustraietatik lortzen du[3]. Haragiari dagokionez, intsektuak, ugaztun txikiak eta noizbehinka ugaztun handiak ere jaten ditu. Ikerketen arabera, etxabereek elikaduraren % 8 osatzen dute, gehienez ere[3].

Ikusmena oso garatua ez duten arren, gauez koloretan ikus dezakete. Gainontzeko zentzumenei dagokienez, aldiz, belarri fina eta usaimen zorrotza dute; distantzia luzetara dauden elikagai iturriak eta araldian zehar gainontzeko indibiduoen egoera sexuala antzemateko funtsezkoak.

Barailetan 4 letagin zorrotz eta sendo dituzte, haragia jaten duten seinale. Hala ere, hagin zabal eta zapalek erakusten dutenez, orojalea dugu, eta neurri handi batean landarejalea.

Banaketa

Munduan

Hartz arrea.

Baso trinkoetan dago hedatuen munduan, hala ere, oso banaketa desorekatu eta barreiatua du. Asian, Erdialdeko Asian, ipar-ekialdeko eta mendebaldeko Txinan eta Hokkaidon (Japonia).

Ipar Amerikan, Kanadan populaziorik handienak Ipar-mendebaldeko Lurraldeak, Columbia Britainiarra eta Albertako mendebaldean daude. AEBetan, bereziki Alaskan, baina baita Wyomingeko ipar-mendebaldean, Montanako ipar-mendebaldean, Idahoko ipar-ekialdean eta Washingtongo ipar-ekialdean.

Europan, Errusian dago populaziorik handiena. Errumanian (Karpatoak), Kaukason, Eslovakian, Bulgarian, Eslovenian eta Grezian ere ugariak dira. Eskandinavian, Suedian eta Finlandian. Penintsula Iberikoan, Asturiasen daude azken hartzak, Somiedo eta Narceako natur parkeetan, baita Pirinio aldean ere.

Euskal Herrian

Historikoki Pirinioetan animalia hauek bizi izan baziren ere, gaur egun oso gutxi gelditzen dira. Erronkariko ibarrean geratzen da jatorrizko azkeneko euskal hartza, Camille izenekoa. Camille hartza oso ospetsua bilakatu zen bere ibilerengatik, eta bertako artzainen ardietan egindako harrapaketengatik. Haurrentzako panpina bat ere sortu zuten, "Kamiltxo" izenekoa. Hala ere, Camille hartza hiltzat jo zuten 2010ean, haren aztarnak desagertu zirenean[4][5].

1996, 1997 eta 2006an[6], Esloveniatik ekarritako zenbait hartz arre ekarri eta askatu zituzten Okzitaniako Pirinioetan, espeziea Pirinioetan berreskuratzeko. Esloveniako hartzak dira Pirinioetako hartzetatik hurbilen daudenak eta Euskal Herriraino ere iritsi dira horien edo horiek kumeak[7]. 2010eko otsailean, Frantziako agintariek esan zuten zehaztu gabeko kopuru eta lekuetan,[8] berriro ere hartzak askatuko zituztela Pirinioetan. Neurri horrek ezbaia, kezka, sortu zuen bertako jendearen artean, besteak beste, Zuberoako zein Nafarroako zenbait auzapezen aldetik.

Bizkaiko azken hartza Eskuagatxeko mendilerroan, Urkiola inguruan harrapatu zuten 1871ko abenduan.

Kantauriar mendikatean

XX. mendearen lehen urteetan populazio kantauriarra bi azpipopulaziotan banandu zen fluxu genetiko faltaren ondorioz. Mendebaldeko azpipopulazioan, Asturias, Leon eta Lugoko probintzietan, 300 ale inguru daude. Ekialdeko azpipopulazioan, berriz, 50 ale inguru zenbatu dira, Leon, Palentzia eta Kantabriako probintzietan.

Gaur egun, bi azpipopulazioak elkar komunikatuta daude, indibiduo arrak mendebaldeko azpipopulaziotik ekialdekora mugitu dira.

Habitata

Brook ur-jauzietan

Hartz arreek bizi eremu zabala behar dute bizirauteko, elikagaia eta babeslekua topatzeko txoko ezberdin askoren premia baitute. Gehienbat hariztiak, pagadiak edo urkidiak bezalako baso misto hostogalkorrak aukeratzen dituzte hibernaziorako, hauek eskaintzen dieten erreserba iturri garaiagatik. Ezkur eta pagotxak urriak diren urteetan, gaztainadiak bilatzen dituzte bazkarako. Gertaera honek, euren ohiko bizi-eremutik dezente urruntzea ekartzen die.

Aske bizi diren hartz bakanak nekez ikusten badira ere, udaberri-uda partean goi-mendietako larreetan dauden erlategiak, belazeak edo baiaz josiriko sastrakadietara hurbildu ohi dira. Negua heltzean aldiz, harkaitz arteko zulo eta kobak bilatzen dituzte hibernatu ahal izateko. Oro har, hartzak uzten dituen aztarna eta oin-markak topatzea izaten da ohikoena.

Elikadura

Elikaduraren % 75-80a belarrez, fruituez eta bestelako landarez osatzen da; beste % 25-20a animalia-jatorrikoa da. Honen barruan, ugaztun handiek % 12-15a osatzen dute, intsektuek – % 7-9a, eta mikrougaztunek – %1a (ugaztun handien sarraskietatik inurrietaraino). Aziendek dietaren % 6-8a osatzen dutenez, argi dago hartza ez dela azienda-hiltzaile porrokatua, hainbat jendek hori badio ere. Inoiz edo behin oihaneko piztiaren bat harrapa dezake, dena alde duela, eskuarki, orkatz eta orein kumeren bat, edo, bestela, ahitu edo gaixoturiko ugaztun helduren bat.

Ugalketa eta ontogenia

Hibernazioak lauzpabost hilabetez irauten du: azarotik apirilera bitartean. Negu gorriko pausaldi horretan hartzak jateari, edateari eta, kaka eta pixa egiteari utzi egiten dio baina, konstante funtzionalak mantendu egiten ditu udazkenean metaturiko gantzei esker. Dena den, garai horretan aktibitaterako gaitasuna badu eta estimulazioa dela eta esnatzea gerta daiteke. Are gehiago, epealdi horretan erditzen dira emeak eta, udaberrira arte hartz kumeak elikatu eta berotu egiten dituzte, lotan segitzen duten bitartean.

Hartzek 3–5 urte izan arte ez dute heldutasun sexualik eskuratzen, eta emeak 4 urterekin erditu ohi dira lehenengo aldiz. Ugaztun handi hauek poligamoak dira. Araldia udaberri bukaeran edo uda hasieran izaten da (maiatza eta uztaila artean). Hain ale gutxi geratzen denez, ar eta emeen arteko topaketak zailak izaten dira eta, hauei ahalik eta etekin handiena ateratzearren, eragindako obulazioa garatu dute; hau da, arrak behin eta berriro estaltzen du emea honen obulazioa eraginez ernalketa gerta dadin. Haurdunaldiak bi hilabete irauten du. Hartz kumeak (bat edo bi) ama hibernazio zuloan dagoela munduratuko dira eta, handik urte eta erdira amarekin bizitzeari utziko diote. Erditze batetik bestera bi urtetako tartea izan ohi da.

Bizimodua

Elikagaiaren bilaketak baldintzatzen ditu hartzaren bizimodua eta mugimenduak; animaliak azalera handia behar du gustura ibiltzeko, atseden hartzeko, babesa bilatzeko eta neguan hibernatzeko. Gehienez 20–30 km karratuko azalerak hartzen ditu beregain. Noizbehinka ibilaldi luze samarrak egiten ditu. Hara eta hona ibili ohi den ugaztun bakarti hau plantigradoa da, ibileran gorpuz karga osoa oin-zoletan banatzen duelako. Bi hankaren gainean zutitzeko gauza den izaki bakarretako bat dugu hartza; dena den, horrela gutxi-gutxitan altxatzen da: emeengatiko borroketan edo bere burua arriskuan ikusten duenean soilik. Hartzari leporatu zaion oldarkortasun ospe hori debaldekoa da, erasoari nekez ekiten diote amaieran arerioa erailez.

Hibernazio-garaia heltzean, hartzak koba naturalak edo berarentzat propio induskatutako gordelekuak egokitzen ditu. Horretarako harkaitz artean, leku maldatsu eta bertara iristeko zailak direnak aukeratzen ditu. Gordelekuan ohea egiteko, goroldio, belar, hosto eta makilatxoez baliatzen da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Hartz arreak basoko ekosisteman ez du inongo etsai naturalik, are gehiago ekosistemaren dominatzaileetako bat dela esan daiteke. Gaur egun, hartzak ezagutzen duen etsai nagusia edo bakarra gizakia da.

Hartzarekin elkar bizitzeak hainbat arazo sortzen ditu, ganadu edo aziendari eragiten dizkion kalteak, ehizarekin duen elkarreragina edo, azpiegiturak egiteko edo baso-ebaketak egiteko bere presentziak sortzen dituenak.

Edonola, elkarbizitza horretan hartza da galtzaile argia.

Hona hemen hartzari gizakiak eragiten dizkion arazo larrienak:

  • Isileko ehiza: hauxe da hartzaren mehatxurik handiena. Populazio txikietan buru bakar bat hiltzea bera ere atzera gabeko galera da. Bestelako piztiak harrapatzekoak diren, lakioen, lazoen, ehiza-partiden, eta antzekoen biktima izan daiteke hartza.
  • Habitata desegin eta eraldatzea: baso-ebaketagatik, suteengatik, aire zabaleko meatzaritzagatik, bide-sarea zabaltzeagatik, eski-pistak ezartzeagatik, hari elektrikoak ipini eta elektrizitatea garraiatzeko azpiegiturak instalatzeagatik... Horiek guztiek hartz populazioen zatikatzea areagotu eta aniztasun genetikoaren galera eragiten dute.
  • Turismoaren presioa eta enbarazua area sentikorretan: umeak dituzten hartz emeei eragiten zaizkien eragozpenak bereziki kaltegarriak diren arren, garai kritikoetan –hibernazioan, adibidez– egiten diren uxaldiak ere arras hondagarriak izaten dira.

Kontserbazioa

Orain dela mende batzuk hartz arrea Europa osoan zehar zebilen arren, egun egoera erabat aldatuta dago, azken urteotako gertakarien erruz batik bat. Espainian, Italian eta Frantzian dira arrisku bizieneko hartz-populazioak. Espainiar hartzen egoera are larriagoa da, hartz arreak Europan dituen hiru eboluzio-lineetako baten eta mundu osoan diren bostetako baten ordezkari bakarrak baitira.

Egun, hiru populazio bizi dira; bata Kantauriar mendikatean eta beste bi Pirinioetan: bata Erdialdeko Pirinioetan, Aran eta Pallars haranetan eta Frantziako eskualde mugakideetan, eta, bestea Ekialdeko Pirinioetan, Aragoi, Nafarroa eta Biarnon. Erdialdeko Pirinioetako populazioa Esloveniatik 1996an eta 1997an ekarri eta Frantzian inolako arazorik izateke sartutako hiru hartzetatik ugaldu da. Egokitzapen hori Europako beste hainbat lekutan ere gertatzen ari da, hala nola, oraindik orain Trentinon (Italia). Horrek garbi asko frogatzen du hartz asko dagoen toki batetik buru batzuk atera eta beste toki batera eramatea posible dela eta lekualdaketa hori maiz arrakastaz egiten dela.

Horiek horrela, gaur egungo hartzaren egoera hil ala bizikoa da. Populazio honen iraupenak sekulako garrantzia du eta, horretarako ezinbestekoa da habitata bere osotasunean mantentzea. Alabaina, hartzarentzat habitat egokia mantentzeko, leku horietan egiten diren jarduera guztiak arautu egin behar dira eta, ondorioz, interes ekonomiko asko gainditu edo birbideratu. Horrela bada, Pirinioen kasuan, ale berriak sartzea ez da espezie honen kontserbaziorako nahikoa, habitataren kalitatea eta lasaitasuna mantentzea ere betebeharreko ezinbesteko premisa da.

Azpiespezieak

Wilsonek eta Readerrek hamasei azpiespezie daudela dioten arren,[9] hartz arrearen taxonomia zalantzazkoa da:

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) Servheen, C., Herrero, S., Peyton, B., Pelletier, K., Moll, K., & Moll, J. (Eds.). (1999). Bears: status survey and conservation action plan (Vol. 44) . IUCN.
  2. (Ingelesez) McLellan, B. N.; Proctor, M. F.; Huber, D.; Michel, S.. (2017). «Ursus arctos» IUCN Red List of Threatened Species (IUCN) 2017: e.T41688A114261661..
  3. a b c ELOSEGI IRURTIA, Migel Mari. (2005-04-08). «Hartza, Pirinioetako altxor naturala, desagertzear» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-28).
  4. (Gaztelaniaz) «OSO CAMILLE» La Senda de Camille (Noiz kontsultatua: 2020-05-28).
  5. (Gaztelaniaz) «Sin noticias de Camille, el último oso del Pirineo» El Diario Vasco 2010-10-30 (Noiz kontsultatua: 2020-05-28).
  6. Estrategia para la conservación del oso pardo ("Ursus arctos") en los Pirineos. Ministerio de Medio Ambiente y Medio Rural y Marino, Centro de Publicaciones D.L. 2009 ISBN 978-84-491-0938-6. PMC 733881446. (Noiz kontsultatua: 2020-12-02).
  7. Beloki, Ekhi Erremundegi. «'Claverina' hartza Zuberoan sartu da, baina ez da inon kokatu» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-12-02).
  8. Berria egunkariaren artikulua[Betiko hautsitako esteka]
  9. (Ingelesez) Wilson, D. E. & Reeder, D. M. (editors). 2005. Mammal Species of the World. A Taxonomic and Geographic Reference (3rd ed).

Kanpo estekak