Edukira joan

Mozambikeko historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mozambikeko lehenengo bandera (1975-1983)

Mozambikeko historia san herriko ehiztari-biltzaileen etorrerarekin hasi zen. K. o. I. eta IV. mendeen artean, bantueraz mintzatzen ziren herri-olatuak mendebaldetik eta iparraldetik, Zambezi ibaiaren haranean zehar ordokira eta kostaldera migratu ziren. Herri horiek nekazaritza eta burdingintza ezagutzen zituzten.

Portugalen azpian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Ekialdeko Afrika Portugesa»

Vasco da Gama Portugalgo esploratzailea 1498an Mozambikera lehen aldiz iritsi orduko, mendeetakoa zen salerosketa arabiarra, batik bat esklabotzarena. Kostaldea eta ondoko uharteak hainbat sultanen esku zeuden. Al-Masudi historialariaren arabera, lehenengo musulmanak 947an heldu ziren Sofa lurraldera (egungo Mozambikera). Hortaz, portugaldarren etorrerako islama zen erlijio nagusia.

1500 ingurutik aurrera, portugaldar merkataritza-guneak eta gotorlekuak ohikoak bilakatu ziren ekialderako bide berriak bultzaturik. Geroago, merkatariak eta esploratzaileak barnealdera sartu ziren urre eta esklaboen bila. Portugalgo benetako kontrola urritu zen Espainiako koroarekin bat egin zuenean batik bat (1580-1640). Mozambikeko kostaldeko koloniek ez zuten inolako arretarik jaso, eta bere egoerak behera egin zuen nabarmen. Independentzia berreskuratutakoan ere, Mozambike Lisboarako ez zen oso gune interesgarria inbertsioak egiteko, Indiako eta Ekialde Urruneko zein Brasilgo sal-erosketek etekin askoz handiagoak baitzekartzaten.

XX. mendearen hasierako, Portugalek Mozambikeko administrazioa konpainia pribatu handienen eskuetan utzi zuen, hala nola Mozambique Company, Zambezi Company edo Niassa Company, hein handietan Ingalaterrak sustatuak eta kontrolatuak. Hauek burdinbideak luzatu zituzten aldameneko herrialdeekin, eta Erresuma Batuko kolonietako zein Hegoafrikako meatzetarako langile merkeak (eta askotan bortxatuak) ere hornitzen zituzten. Oro har, metropoliko politikak Portugalgo etorkinen alde egiten zuenez, jatorrizko herritarren integrazioaren, azpiegitura ekonomikoaren edo populazioaren heziketaren gainean arreta txikia ezarri zen.

Independentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Mozambikeko Independentzia Gerra»

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Europako nazio gehienek, nola edo hala, koloniei independentzia edo autonomia ematen zien bitartean, Portugalek tinko adierazten zuen Mozambike eta itsasoaz haratagoko gainerako lurraldeak aberriko probintzia arruntak baino ez zirela.

Mozambiken, independentziaren aldeko nahia areagotuta, 1962an, kolonialismoaren aurkako zenbait mugimendu batu ziren eta Mozambike Askatzeko Frontea (FRELIMO) osatu zuten. Honek, 1964ko irailean, Portugalgo gobernu kolonialaren kontrako kanpaina abian jarri zuen. Nolanahi ere, Portugalek 400 urtez baino gehiagoz menderatu zuen herrialdea, eta herritar guztiek ez zuten independentzia nahi, eta are gutxiagok aldaketa iraultza armatuaren bidez. FRELIMOk, hasieran, "askatutako" zonaldeak ezarri zituen iparraldean, eta mugimenduaren indarra hazi zen hurrengo urteetan. 1969rako, Mozambikeko heren bat, batez ere iparraldean eta erdialdean, bere menpean zeukan FRELIMOk.

Portugalen bertan diktadura sozialismoaren ildoko estatu-kolpe batek bertan behera utzi ondoren, gobernu berriak koloniei independentzia eman zien. Mozambike independente 1975eko ekainaren 25ean bihurtu zen ofizialki. Horren ostean, FRELIMOk alderdi bakarreko gobernua ezarri zuen, Sobiet Batasunaren aldekoa. Gainera, eskola erlijiosoak eta tribuko nagusien boterea desagerrarazi zituen.

Mozambikeko gobernu berriak Hegoafrikako (ANC) eta Zinbabweko (ZANU) askatasuneko mugimenduei babesa eman zien. Aldi berean, Rhodesiako zein Hegoafrikako (garai horretan oraindik ere Apartheid legedia indarrean) gobernuek sustatu zuten Mozambikeko boterearen aurkako mugimendu matxino armatua, Mozambikeko Erresistentzia Nazional (RENAMO) izenekoa. Horrenbestez, Mozambikeko independentziaren lehendabiziko hamarkada gerra zibilak, aldameneko zuriek gobernatutako herrialdeen sabotaiak eta krisialdi ekonomikoak markatu zuten. Mozambikeko gobernuak, azpiegitura ahulari aurre egin nahian, industria pribatuak nazionalizatu zituen. Urte horietan, jatorri portugaldarreko mozambikarrek alde egin zuten era masiboan.

Nolanahi ere, gerra zibilean zehar, gobernuak ezin izan zuen hirietatik kanpoko lurraldeetan benetako administrazio eraginkorra garatu. Borrokan, estimazioek diote milioi bat mozambikarrak hil zirela, 1.7 milioi aldameneko estatuetan errefuxiatu ziren, eta beste hainbat milioi barnean mugiarazi zituzten.

1986ko urriaren 19an, Samora Machel herrialdeko presidentea hegazkin istripuan hil zen. Sobiet Batasunak hegazkina bidetik ateratzeko Hegoafrikak eskua sartu zuela aldarrikatu zuen. Edonola ere, Joaquim Chissano ondorengoak RENAMOrekiko bake-negoziazioak hasi zituen. Konstituzio berriak, 1990ean indarrean jarrita, alderdi anitzeko sistema, merkatuan oinarritutako ekonomia eta hauteskunde askeak ekarri zituen. Gerra zibila 1992ko urrian amaitu zen.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]