Ziklo-kros
- Artikulu hau Landan barna egiten den txirrindularien lasterketari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kros (argipena)».
Ziklo-krosa[1] moldatutako errepideko bizikleta batez, errepidea, zelaiak eta hainbat oztopo zeharkatuz egiten den txirrindularitzako kirol-diziplina da. Hortaz, ziklo-krosa txirrindularitzaren espezialitate bat da, lur mota orotan burutzen dena, non lehiakideek oztopo jakin batzuk gainditu behar dituzten. Oro har, mendiko bizikleta baten ordez, eraldatutako errepideko bizikleta bat erabiltzen da. Lehiatzen den eremuan, belarra, lurra, legarra eta harea egon daitezke eta, hortaz, neguko eguraldia dela eta, gehienetan lokatza egon ohi da.
Bizikletak gurpil takodunak izaten ditu, aipaturiko azalera latz eta labainkorrak gainditzeko. Ziklo-kroseko denboraldiak urritik otsaila arte iraun ohi du eta lasterketak 60 minutukoak izaten dira, 2'5 eta 3 km tartean dituen zirkuitu bati itzuliak emanez. Esan bezala, zirkuituok errepidea eta zelaia izan behar dituzte, beti ere UCI erakundeak (Unite Cycliste Internationale) ezartzen dituen arauak kontuan hartuta. Honela, txirrindulariek gutxienez zirkuituaren % 90 bizikletaren gainean egiteko gai izan behar dute, bestela, lasterketa bertan behera geratzeko arriskua egon bailiteke.
Horretaz gain, ziklo-kroseko zirkuituak oztopoz osaturik egoten dira, gainditu daitezkeenak. Gainontzean, txirrindulariak bizikletatik jaitsi beharko du, bizikleta bizkarrean eramanez oztopoa gainditu arte. Bestalde, zirkuituaren zati bat egoera txarrean egongo balitz (ohikoa izaten dena), atletak, berriz ere, bizikleta sorbaldan jarri dezake.
Kirol-diziplina hau oso ezaguna da Europa iparraldean, eta Estatu Batuetan ere gailentzen hasia da. Hala ere, Belgika eta Herbehereak dira espezialitatean nagusitasun handien duten herrialdeak; bertan, ziklo-kroseko probek futbol partiden adinako ikusle-kopurua dute telebistan. Zirkuituaren laburtasunagatik eta naturan egiteagatik, ekitaldi ezin hobea da ikusleentzat.[2]
Jatorria
aldatuZiklo-krosaren jatorriari dagokionez, hiru istorio nagusi daude ziklo-krosaren hasiera azaltzeko.[3] Lehenengoa, txirrindularitzaren historiari lotuta dago, garai hartan, lokaztutako eta zuloz betetako bideetatik edota lurrez, harriz edo hareaz estalitako bideetatik ibiltzen baitziren txirrindulariak. Horregatik guztiagatik, ez dirudi zentzugabea ziklo-krosaren sorrera bizikleta beraren historiari lotuta dagoela iradokitzea.
Bestetik, 1903an, Tourra jaio zen urte berean, Frantziako Union Velocipédica eta L’Auto egunkariek indarrak batu zituzten ziklo-kroseko proba bat antolatzeko Ville d’Avray egunkarian. Ziklo-kros froga honen bultzatzaileak, Géo Lefevre-k (Frantziako Tourra asmatu zuen gizona), bere egunkariko orrialdeetan ondorengoa idatzi zuen ziklo-krosaren inguruan: “demagun txirrindulari batek, gerra garaian, adibidez, egoera txarreko errepideetan, laborantza-zelaietan edo basoetan zehar ibiltzeko edota hobiak zeharkatzeko betebeharra duela. Honela jakingo duzue zein den oinezko ziklo-krosaren printzipioa”.
Eta azkenik, ziklo-krosaren hasiera markatuko lukeen hirugarren azalpena dago: XX. mendearen hasieran, Daniel Gousseau-k, soldadu frantziar gazte batek, bere bizikletan zelaiak gurutzatu zituen, markatutako bideetatik irten eta basoetan, lokatzetan eta harritzarretan barrena ibiliz, bere nagusiek zaldiz jarraitzen zuten bitartean.[3]
Historia
aldatu1924an ziklo-kroseko Nazioarteko Kriteriumaren lehen lehiaketa ospatu zen, gaur egun oraindik ziklo-kroseko munduko txapelketaren atarikotzat jotzen den lehiaketa. Bertan lehen irabazlea Gaston Degy frantziarra izan zen eta, urte batzuk geroago, Henri Moerenhout-ek Belgikaren lehen garaipena lortu zuen. Urteetan zehar irabazleetako asko frantziarrak izan ziren arren, txirrindulari ospetsu ugari daude honako lasterketa irabazi dutenak, hala nola, Sylveer Maes eta Georgess Ronsse.
Emakumeei dagokienez, 1925ean ziklo-kroseko lehen emakumeen lasterketa antolatu zen; 5 emakumek hartu zuten parte, 5 km-ko itzulian eta Mademoiselle Billot izan zen garaile.[4]
1950-1960
aldatuLehen munduko txapelketa 1950ean antolatu zuen UCIk eta frantziarrek ziklo-kroseko Nazioarteko Kriteriuma irabazi zuten hamarkada osoan zehar irabaziz. Jean Robic izan zen munduko lehen txapelduna, baina Roger Rondeaux herrikidea izan zen jaun eta jabe 50eko hamarkadako lehen urteetan. Munduko txapelketa urtero herrialde desberdin batean antolatzen hasi zen, eta horrek desberdintasun bat sortu zuen beti Frantzian gertatzen zen Nazioarteko Kritetiumarekiko.[5]
1960-1970
aldatuHirurogeiko hamarkada nazioarteko ziklo-krosaren giltzarritzat jo daiteke. Berrogeita hamarreko hamarkadan frantsesak nagusi izan ziren bitartean, hirurogeiko hamarkadako munduko txapelketek hainbat herrialdetako txapeldunak izan zituzten, ziklo-krosaren ospea izugarri handituz. Renato Longo italiarra eta Rolf Wolfshohl alemaniarra izan ziren nagusi hamarkada horretako lehen zatian, baina aurkari bikaina aurkitu zuten Eric De Vlaemincke-kin (lehen munduko txapeldun belgikarra).
1970-1980
aldatuHirurogeita hamarreko hamarkadako lasterketetan, aurreko hamarkadan aipaturiko Eric De Vlaeminck izan zen nagusi, Wolfshohl eta Van Damme izanik aurkari nagusiak. Herbeheretarrek asko gozatu zuten ziklo-krosaren arrakastarekin, eta kirol hau oso ezaguna egin zen herrialdean.
Bestalde, De Vlaeminck eta Van Damme txirrindularien arteko lehia oso ezaguna izan zen garai honetan. Hala ere, Albert Zweifel izeneko suitzar batek lau munduko txapelketa jarraian irabazi zituen, eta nazioarteko ziklo-kroseko ikur bilakatu zen. Herbehereetan, Robert Vermeriek munduko bost titulu irabazi zituen amateur gisa, baina inork ez zuen nazioartean distirarik lortu herrialde horretan.
1980-1990
aldatu80ko hamarkada Roland Libotonen hamarkada gisa definitu beharko litzateke. 1978an amateur mailan bere lehen munduko txapeldun titulua irabazi ondoren, laurogeiko hamarkadako hoberena bihurtu zen. Munduko lau titulu irabazi zituen 80ko hamarkadako lehen urteetan.
Bestalde, hamarkada honetan superprestigioa izeneko lehiaketa ere sortu zen.
1982an, ziklo-kroseko lasterketa handietako lau antolatzaileek euren karrerei azken sailkapen bat jartzea erabaki zuten, ziklo-kroseko lehiaketarik garrantzitsuena bihurtu zena. Belgikar eta herbeheretarrek munduko ziklo-krosean agindu arren, munduko txapelketan, normalean, Thaler, Zweifel edo Richarden bezalako txirrindulari kanpotarrek irabazi ohi zuten.
1990-2000
aldatuLaurogeita hamarreko hamarkadan ez zegoen nazioarteko ziklo-krosaren panoraman nabarmendu zen txirrindularirik, aurreko hamarkadetan gertatu zen moduan; horren ordez, txirrindulari asko pare bat urtez nabarmendu ziren.
Garai honetan Munduko Kopa ere agertu zen, UCIko azken sailkapenerako balio duen lasterketa. Munduko kopa gaur egun ziklo-kros modernoaren lehiaketarik garrantzitsuena da, eta nazioarteko txirrindularirik onena nor den neurtzeko gutxi gorabeherako modu bat da. Gainera, hamarkada honetan babesleak agertu ziren eta txirrindularientzako karrera ekonomikoki egonkorragoagoa bilakatu zen, Rabobank edo Domo Farm Frites bezalako taldeak gehiago interesatu baitziren ziklo-krosaz.
2000-2020
aldatuBerdintasunaren aldetik urte luzeetako lanaren ostean, 2000. urtean emakumeen lehenengo Munduko Txapelketa antolatu zuten Herbeheretan, Sint-Michielsgestel-en. Bertan, Hanka Kupfernagel izan zen garaile.
Azken hamarkadetan, berriz, talde handiak agertu dira ziklo-krosean. Horren adibide dira Sven Nijs eta Richard Groenendaalen (biak ere Super Prestigioan eta Munduko Kopan garaipendunak), Rabobank taldearen kasuan; eta Bart Wellens, Peter Van Santvliet, Wim De Vos eta Erwin Vervecken munduko txapeldunarekin batera, Mario De Clercq eta Sven Vanthourenhout gaztea izan zituen taldea, Domo Farm Fritesek taldearen kasuan; azkenik, Petr Dlask eta Jiri Pospisil dituen Author taldean, elkarrekin aritu ziren lasterkari txekiarrak. Goi mailako beste txirrindulariak errepideko talde profesional batean edo bestean aritu ohi dira, Daniele Pontoni-k bakarrik baitzuen babesle indibidual bat.
Honako guztiaz gain, emakumeen ziklo-krosa indartzen jarraitzeko asmoz, 2002-2003. denboraldian lehen emakumeen Munduko Kopa egin zen. Honako estreinako lasterketan 55 emakumek hartu zuten parte eta 5 lehiaketa burutu zituzten guztira, Europako herrialde ezberdinetan antolatu zirenak (Alemania, Belgika, Frantzia, Luxenburgo, Suiza eta Herbeheeretan). Bertan, Daphny Van Den Brand Munduko Koparen jaun eta jabe izan zen, 5 lasterketak irabazi ostean. Hilde Quintens eta Anja Nobus belgikarrak izan zituen kide podiumean.[6]
2010eko hamarkadan Zdenek Štybar izan zen nagusi, 2010, 2011 eta 2014ko Munduko Txapelketen irabazlea izanez.[7]
Bestalde, eta berdintasunean oinarrituriko ziklo-kros bat izanik oinarri, emakumeen Munduko Txapelketa 2000. urtean eta 2002-2003 denboraldian emakumeen Munduko Kopa sortu ostean, 2011-2012ko denboraldian, lehen Emakumezkoen Superprestigo lehiaketa antolatu zuten, non Nikki Brammeier izan zen garaile.
Amaitzeko, eta egungo egoerari erreferentzia eginez, esan daiteke ziklo-krosaren aro oparoenaren aurrean gaudela, lasterketa ugariko egutegi batekin eta lasterketak erakargarri egiten dituzten txirrindulariekin, hala nola, Mathieu Van der Poel (5 aldiz munduko txapeldun eta 4 aldiz Superprestigioko txapeldun), Wout Van Aert (3 aldiz munduko txapeldun eta behin Superprestigioko txapeldun) eta Tom Pidcock (behin munduko txapeldun).
Arautegia
aldatuUCIren araudiak dio zirkuituak lasterketan zehar erritmo-aldaketa sustatzeko modukoa izan behar duela. Horrez gain, pistek 2'5 eta 3'5 km arteko luzera izan behar dute.
Oztopoek ziklo-kros modernoaren parte izaten jarraitzen dute, eta UCIko probek ezin dute zirkuituan sei oztopo artifizial baino gehiago izan. Taulak eta eskailera-mailak erabil daitezke, hareaz egindako oztopoen antzera. Oro har, txapelketek iraupen mugatua dute, eta UCI Munduko Koparen kasuan, 60 minutukoa da. Komisarioek bira bakoitza kronometratzen dute.
UCIren arautegia laburki aztertuz, Real Federacion Españolak argitaratzen duenez, 6 kapituluz (ziklo-kroseko progak, sailkapena, Munduko Kopa, Munduko txapelketak, UCIko taldeak, eta lasterketetako gertaera edo istiluak) osatua dago.
Lehen atalean, ziklo-kroseko progen inguruan ondorengo atalak arautzen ditu: gizonezko eta emakumezkoen partaidetza, kategoriak aztertuz; lasterketetetarako gidaliburua; egutegia; instalakuntzak; segurtasuna; ibilbideak; oztopoak, trantsizio eremuak…
Bigarren atalean, sailkapenei dagokienez, ondorengo atalak zehazten dira: kategoriaka egiten den sailkapena; puntuen araberako sailkapena; taldekako sailkapena…
Hirugarrengoan, munduko kopari dagokionez, ondorengo atalak arautzen dira: haren jabetza; bertako partaidetza, zein joan daitekeen eta herrialdeko kopuruak adibidez; jantziak; sailkapenak; eta sariak.
Laugarrengo kapituluan, orokorrean, Munduko txapelketen egitura eta funtzionamendua arautzen dira.
Bosgarren atalean, berriz, UCIko taldeen inguruan, haien egitura, funtzionamendua, osaera, parte-hartzea… arautzen dira.
Eta amaitzeko, lasterketetako istiluen inguruan arau hauste eta zigorrak aipatzen dira, nagusiki.[8]
Txapelketak
aldatuZalantzarik gabe, Munduko Ziklo-kros Txapelketa da eliteko ziklo-kros txirrindulari guztien urteroko hitzordu nagusiena, 1950. urtetik aurrera antolatzen dena. Lehenago, ospe handieneko mundu mailako lehiaketa Nazioarteko Ziklo-kros Kriteruma zen, 1924az geroztik gauzatu dena. Ziklo-kroseko Munduko Txapelketak egoitza aldatzen du urtero, otsaileko lehen egunetan izaten da, eta elite mailako gizonezkoen, 23 urtez azpiko gizonezkoen eta junior mailako gizonezkoen probak jokatzen dira. 2000. urtetik aurrera emakumezkoen proba ere egiten da. Orain arte garaipen gehien lortu dituen txirrindularia Marianne Vos izan da, zazpi garaipenekin. Gizonezkoen kategorian, berriz, Eric De Vlaeminck belgikarra izan da garaipen gehien lortu dituena, beste zazpi garaipenekin, eta Belgika izan da urre gehien bildu duen herrialdea hogeita sei garaipenekin. Urte bakoitzeko garaileek ortzadarraren koloreak dituen maillota eraman ohi dute hurrengo denboraldian, eta horrek txapeldun gisa egiaztatzen ditu.
Maila apalagoan, herrialde bakoitzeko ziklo-kroseko txapelketa nazionalak ere egiten dira. Proba hauetako garaileek, denboraldi osoan, euren herrialdeko kolore adierazgarriak dituen maillota eramango dute. Aurten, Felipe Ortsek Espainiako txapeldunaren maillota jantziko du, Viktor Vandenverghek Belgikakoa, Michael Borosek Txekiar Errepublikakoa, Lars Van der Haarek Holandakoa, Hannes Degenkolbek Alemaniakoa, Jakob Dorigonik Italiakoa eta Martin Gloslambertek Frantziakoa, besteak beste.
Txapelketez gain, ziklo-kroseko lehiaketarik ezagunenetako bat "Cyclo-cross Superprestige" da, denboraldian zehar (urriaren amaiera eta otsailaren erdialdea bitartean) zortzi txandatan garatzen dena: Belgikan zazpi txanda eta Holandan bat. Proba hau 1983an sortu zen, eta Sven Nys txirrindulari belgikarrak irabazi du gehienetan, 13 aldiz, hain zuzen, ia jarraian 1999tik 2014ra.[9]
Txapelketa Nagusiak
aldatuTxapelketa nazionalak
aldatu- Ziklo-kroseko Euskal Herriko Txapelketa
- Ziklo-kroseko Espainiako Txapelketa
- Ziklo-kroseko Belgikako Txapelketak
- Ziklo-kroseko Herbehereetako Txapelketak
- Ziklo-kroseko Italiako Txapelketak
- Ziklo-kroseko Txekiako Txapelketak
- Ziklo-kroseko Suitzako Txapelketak
- Ziklo-kroseko Alemaniako Txapelketak
- Ziklo-kroseko Frantziako Txapelketak
Euskal Herriko lasterketa nagusiak
aldatuZiklo-krosaren berezko ezaugarriak
aldatuKirol-diziplina guztiek ezaugarri bereziak dituzte, eta ezaugarri horiek oso antzekoak izan daitezkeen beste kirol batzuetatik bereizten dituzte. Ziklo-krosa ez da salbuespena txirrindularitza modalitatearen barnean dauden diziplinekiko. Hauek dira bere ezaugarri bereziak:
- Ziklo-krosa izateko, oztopoak egon behar dira.
- Bizikleten pneumatikoek takoak dituzte, lur desberdinei hobeto heldu ahal izateko.
- Ziklo-kroseko bizikleten geometria lurraren beharretara egokitzen da.
- Norabidearen angelua ez da hain gogorra, horrek pistetan mugimendu aukera handiagoa bermatzen die.
- Gurpilen, koadroaren eta ardatzaren arteko tartea handiagoa da. Horrela, oztopoak saihesten dira.
- Ziklo-kroseko lehiaketetan, likrazko arropa erabiltzen da, errepideko txirrindularitzaren antzekoa dena.
- Ez dago arau zorrotzik ziklo-kroseko lasterketa batzuetan zirkuituak egiteko.
Ikus daitekeen bezala, beste kirol-diziplina batzuetan ikusiko ez diren xehetasunak daude, ziklo-krosari dagozkionak. Hala ere, kirol guztietan ohikoak diren ezaugarri batzuk badaude, bizikleta osagarrien artean, adibidez.[10]
Ziklo-kroseko bizikleta
aldatuZiklo-krosean lehiatzen den bizikleta errepideko probetan erabiltzen denaren oso antzekoa da, nahiz eta desberdintasun batzuk dituen.
Gurpilek pneumatiko zabalagoak eta itxura markatuagoa dute, lur gaineko trakzioa hobetzeko, bereziki, zoru irristakorretan. Horien barruan, pneumatiko tubularrak erabili ohi dira, estalkiko pneumatikoen ordez ("klincher" motakoak).
Balaztak ere aldatu egiten dira. Kasu honetan "cantilever" motakoak dira, lokaztutako lurretan lokatza pilatu ez dadin eta, gaur egun, lokatzarekin hobeto funtzionatzen duten disko-balaztak erabiltzen dira. Bide beretik, aurreko urkilak tarte handiagoa du.
Pedalier ardatza pixka bat gorago dago, bizikletak oztopo handiekin jo ez dezan. Azkenik, mendiko bizikletako pedalak erabiltzen dira.[11]
Bizikletaren abantaila eta desabantailak
aldatuZiklo-kroseko bizikleta bat izatearen abantailen artean, bizikleta egiteko erabiltzen diren materialen pisua eta kalitatea daude:
- Oro har, arinak dira eta oztopo eta oztopo posibleei aurre egiten diete.
- Bizikleta mota hau lur mota askotan erabil daiteke, material sendoak dituztelako, batez ere.
- Garraiobide egokiak dira metropolietan eta errepideetan mugitzeko.
Hortaz, oso moldakorrak direla esan daiteke. Abantailak handiak izan arren, bizikleta horien ezaugarri batzuk ez dira erabat onuragarriak txirrindularientzat:
- Mendiko bizikletak baino hauskorragoak dira.
- Gorputzarentzat ez da oso gomendagarria, pixka bat tentetu behar delako eta, beraz, deseroso samarrak direlako.[10]
Taldeak
aldatu2017-2018 denboraldira arte ez zegoen Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak aitortutako talde profesionalik diziplina honetan, eta, beraz, erdi-profesionaltzat eta amateurtzat jotzen zen. Hala, txirrindulari nabarmenenak errepideko txirrindularitzako edo mendiko txirrindularitzako taldeetan sartzen ziren, eta apalenek, berriz, banakako babesleak izaten zituzten, edo beren herrialdeko federaziopean korritzen zuten. Gaur egun, Telenet-Fidea edo Sunweb-Napoleon Games bezalako talde profesionalak daude, eta errepideko txirrindularitzako talde gisa izena emanda daude arren, helburuak ziklo-krosean dituzte. Herbehereetan eta Belgikan talde gehiago ageri dira Kontinental mailan edo mendiko txirrindularitzan, nahiz eta egutegiaren zati handi bat diziplina honetara bideratu ohi duten.[11]
Zergatik ez da kirol olinpikoa?
aldatuUCIa aspaldidanik dabil ziklo-krosa kirol olinpikoa bilakatzeko saiakeran, baina txirrindularitzaren munduko organismo errektoreak ez du kirol-modalitate hau Udako Olinpiar Jokoenetan sartzeko asmorik; bai, ordea, Neguko Olinpiar Jokoetan sartzekoa.
Ziklo-kros denboraldiak udazken eta negu sasoietan egiten dira, eta hortaz, Neguko Joko Olinpikoetara hobeto egokituko litzateke. Dena den, neguko modalitatean sartzeko ere arazoak daude; kirol-modalitate bat Neguko Joko Olinpikoen parte izateko Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (COI) jartzen duen oztopo nagusia, praktika elur edo izotzetan gauzatzea da, eta ziklo-krosak ez du betetzen baldintza hori.
Hala ere, helburua lortzeko ahaleginak ez dira eten. Izan ere, ziklo-krosa kirol-modalitate olinpikoa bilakatzeko nahi eta interes nagusia arrazoi argi batetik dator: dirua. Hain zuzen, Joko Olinpikoen parte izateak laguntza ekonomikoak dakartza, bai kirol-modalitatearentzako, bai eta txirrindularientzako ere, eta honek, finean, ziklo-krosa maila guztietan sustatzea eragingo luke.
Ziklo-kroslariak
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ «ziklo-kros», Euskaltzaindiaren Hiztegia.
- ↑ (Gaztelaniaz) «Todo lo que necesitas saber sobre el ciclocross» Red Bull (Noiz kontsultatua: 2023-04-26).
- ↑ a b «Historia del ciclocross: CICLOCROSS; el origen» Historia del ciclocross 2009-08-29 (Noiz kontsultatua: 2023-04-26).
- ↑ «Historia del ciclocross - Ciclocross.com» www.ciclocross.com (Noiz kontsultatua: 2023-04-26).
- ↑ (Gaztelaniaz) Goff, Cycles. (2022-01-08). «Campeonato Mundial de Ciclocross • Cycles Goff Granada» Cycles Goff Granada (Noiz kontsultatua: 2023-04-26).
- ↑ «Ciclocross - Copa del mundo 2002/2003 - Clasificación» www.los-deportes.info (Noiz kontsultatua: 2023-04-26).
- ↑ Caballero, Jose Eugenio. (2014-06-03). «CICLISMO HISTORIA: Ciclocross» CICLISMO HISTORIA (Noiz kontsultatua: 2023-04-26).
- ↑ (Gaztelaniaz) «REAL FEDERACIÓN ESPAÑOLA DE CICLISMO» rfec.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ «Campeonatos y competiciones de ciclocross - Ciclocross.com» www.ciclocross.com (Noiz kontsultatua: 2023-04-25).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Cruz, Antonio. (2022-02-02). «Qué es el ciclocross - Explicado fácil y sencillo» FullCiclismo (Noiz kontsultatua: 2023-04-26).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) danirioboo. Ciclocross, el ciclismo de otoño e invierno – Deporadictos. (Noiz kontsultatua: 2023-04-25).