Zeinu (hizkuntzalaritza)
Hizkuntzalaritzan, zeinua adierazgarriaren eta adieraziaren arteko lotura uztartzen duen unitate linguistikoa da. Zeinu linguistikoaren teoria Saussurek landu zuen. Haren arabera, zeinua bi aurpegi (adierazgarria eta adierazia) dituen batasuna da; horren ezaugarri nagusiak hauek dira: hautazkoa edo arbitrarioa izatea, egitura lineala izatea, une jakin batean aldaezina izatea, eta, denboran zehar bilakatuz doalako berriz, aldakorra izatea. Zeinua hautazkoa da, berez ez delako inolako loturarik adierazgarriaren eta adieraziaren artean (kontzeptu bera hots guztiz desberdinez adieraz daiteke hizkuntza batean eta bestean: euskaraz, mahai, gaztelaniaz mesa, frantsesez table, adibidez). Zeinua lineala da, hotsak denboran gauzatzen direlako, hots-kate bat eratuz (idazketan, hala ere, espazioak hartzen du denboraren lekua). Zeinua aldaezina da une jakin batean aztertzen denean, hiztun batek zeinuaren esanahia aldatuz gero ez baita komunikazio-funtzioa betetzen (batek mahaiari etxe deituko balio eta etxeari mahai, komunikazio-arazoak izango lituzke besteekin hitz egitean); zeinua hiztun-taldeak finkatzen du, eta gizabanakoak horretara makurtu behar du. Azkenik, zeinua aldakorra da, hizkuntza aldatuz doalako eta bere bilakaeran zehar zeinua ere (hotsaren eta haren esanahiaren arteko lotura) aldarazten duelako. Saussureren ondorengo hizkuntzalariek zehaztu eta, zenbaitetan, aldatu ere egin dute zeinuaren teoria, Benvenistek bereziki.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/1/9 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.