Victoria Kent

politikari espainiarra

Victoria Kent Siano (Malaga, 1898ko martxoaren 6a-New York, 1987ko irailaren 25a) abokatu eta politiko errepublikazale espainiarra izan zen. Madrilgo abokatu eskolan sartu zen lehenengo emakumea izan zen 1925ean, Primo de Riveraren diktadura garaian eta auzitegi militar baten aurrean abokatu lanak egin zituen munduko lehen emakumea.

Victoria Kent


Espainiako Errepublikako Gorteetako diputatua

1936ko otsailaren 22a - 1939ko otsailaren 2a
Barrutia: Jaén (en) Itzuli
Hautetsia: Espainiako Bigarren Errepublikako 3. legegintzaldia

Espainiako Errepublikako Gorteetako diputatua

1931ko uztailaren 4a - 1933ko urriaren 9a
Barrutia: Madril (probintzia)
Hautetsia: Espainiako Bigarren Errepublikako 1. legegintzaldia
Q38093999 Itzuli

1931ko apirilaren 19a - 1932ko ekainaren 8a - Vicente Sol Sánchez (en) Itzuli
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakVictoria Kent Siano
JaiotzaMálaga1898ko martxoaren 6a
Herrialdea Espainia
HeriotzaNew York1987ko irailaren 25a (89 urte)
Hobiratze lekuaRedding
Familia
Bikotekidea(k)
Hezkuntza
HeziketaMadrilgo Complutense Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, abokatua eta legelaria
Lantokia(k)Madril
Jasotako sariak
KidetzaLyceum Club Femenino
Espainiako Emakumeen Elkarte Nazionala
Residencia de Señoritas (en) Itzuli
Sapphic Circle of Madrid (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Izquierda Republicana

IMDB: nm8238131 Find a Grave: 17841306 Edit the value on Wikidata

Biografia

aldatu

Victoria Kent Siano Malagan jaio zen 1898ko martxoaren 6an.[1] Aita José Kent Román zapata saltzailea izan zuen eta ama, berriz, María Siano Gonzalez etxekoandrea. Malagan bertan bizi izan zen 1917ra arte. Gurasoek, ideia liberalekoak eta gehiengoak baino pentsamolde irekiagokoak, Magisteritza ikasten utzi zioten Malagan eta, ondoren, zuzenbide ikasketak burutzen Madrilgo Unibertsitatean.

Jaiotze datari dagokionez, oraindik zalantza egiten da haren inguruan. 1891ko martxoaren 6an jaio zela pentsatzen den arren ezin da ziurtatu; izan ere, berak data aldatu izan zuen 1897 eta 1882 urteengatik zenbait dokumentutan. 1898an ere kokatu izan da bere jaiotze data. Horretarako arrazoiak akademia mailako exijentziak edo eta lakrikunkeria izan zitezkeen.

1906an Malagako Magisteritza Eskolan sartu zen eta, bertan, bi irakasle feministek Suceso Luengo eta Teresa Aspiazuk eragin handia izango dute berarengan.

1917an Madrilera joan zen Cardenal Cisneros institutoan batxilergoa egiteko; oso harrera ona izan zuen bere amaren sostengu eta aitaren harremanei esker. Bitartean Madrilgo emakumezkoen egoitza batean bizi izan zen, María de Maeztuk zuzendua; Victoriarengan eragin nabarmena izango zuen honek.

1920an Madrilgo Unibertsitateko zuzenbideko fakultatean sartu zen, ikasle ez ofizial gisa eta Jiménez de Asúa eta Felipe Sánchez-Román irakasleengandik klaseak jasoz. 1924ko ekainean lizentziatu zen eta hurrengo urteko urtarrilean kolegiatu zen, lehen aldiz defentsako abokatu bezala jarduteko auzitegi batzuen aurrean. 1930ean ospea lortuko du Marina eta Gerrako Auzitegi Gorenaren aurrean Batzorde Iraultzaile Errepublikazaleko kide zen Álvaro de Albornoz defendatzeagatik. Atxilotu eta auzipetu egin zuten -gerora Errepublikaren behin-behineko Gobernua osatuko zuten beste askorekin batera- urte hartako abenduan gertatu zen Jakako altxamenduaren porrotaren ondorioz. Horrela, Kentek gerra-auzitegi baten aurrean jarduten zuen lehendabiziko emakumea izatea lortu zuen, atxilotuaren askatasuna lortuz gainera. 1931n Real Academia de Jurisprudencia y Legislación akademiako kide aukeratu zuten eta, 1933an, berriz, Asociación Internacional de Leyes Penales de Ginebra-ko kide.

Abokatu lan asko egin arren, abokatu-bufete bat ireki zuen Marqués del Riscal 5 kalean lan-zuzenbidean espezializatua -hau lortu zuen lehenengo emakumea izan zen-. Zuzenbideko aholkulari ere izanzen Sindicato Nacional Ferroviario eta Confederación nacional de Pósitos Marítimos bezalako taldeentzako, Espainiako Kooperatiben Batzarrean buru izaten amaituz 1927an.

Bizitza politikoa

aldatu

Madrilera iritsi eta gutxira Espainiako Emakumeen Elkarte Nazionalean eta Emakume Gazte Unibertsitarioen taldean izena eman zuen, azken hau María Espinosa de los Monterosek gidatua zelarik; 1921ean Pragako kongresu batean ordezkari izana bera.

Partido Republicano Radical Socialistan (PRRS) afiliatua, 1931ko hauteskundeetan Gorte errepublikazaleetako bateratze errepublikar-sozialistako diputatua aukeratu zuten Madrilgo probintzian 62254 bozkarekin. 1936ko otsailaren 16ko hauteskundeetan, diputatu aukeratu zuten Victoria Kent Jaenetik, Izquierda Republicana (IR) alderdiaren zerrendetan; hau Fronte Popularraren parte zen.

Madril erdiguneko barrutiko komiteko presidente izan zen eta erakundeko adar feminista sortu zuen: el Ateneo Femenino Radical-Socialista izenekoa.

Gainera, 1926tik aurrera Lyceum Club Femenino elkarteko presidenteorde izan zen eta Clara Campoamor eta Matilde Huicirekin batera Instituto Internacional de Uniones Intelectuales delakoa sustatu zuen. Esan behar da emakume hauekin feminismoaren aldeko ideiak partekatzen zituela.

Gartzeletako zuzendari nagusia

aldatu
 
Victoria Kent Gartzelako Zuzendari Nagusia zen garaian

II. Errepublika garaian, Alcalá-Zamorak zuzendutako behin-behineko gobernuak Gartzeletako zuzendari nagusi izendatu zuen 1931ko apirilean. Urtebete baino zertxobait gehiago pasa zuen postu honetan. Espainiako gartzeletako miseria eta utzikeria egiaztatu ondoren, presoen gizarteratzea izan zuen helburu. Postu honetatik hainbat erreforma eraman zituen aurrera presondegi sistema humanizatzeko asmoz, Concepción Arenalek XIX. mendean hasitako lanari jarraipena emanez.

1932ko ekainaren 4an dimititu zuen prentsak bere aurka egindako kanpaina baten ondorioz. Kanpaina honen arrazoiak Iruñea eta Gasteizen atxilotutako preso politikoek egindako gose grebak eta gartzeletako langileen utzikeriaz presoek behin eta berriz egindako ihesak izan ziren; aparteko aipamena merezi dute Puerto de Santa Maríako gartzelatik preso batzuk egindako ihesak. Hala eta guztiz, erreforma batzuk burutzea lortu zuen: presoen elikadura hobekuntza, erlijio askatasuna espetxeetan, familia arrazoiengatik baimenen zabaltzea, emakume talde funtzionario baten sorrera ziegetan eta girgilu eta kateen erretiratzea (hauen metalarekin Concepción Arenalen izenean estatua bat eraikitzea agindu zuen). Horrez gain, 114 zentro penitentziario itxi zituen, Madrilen Cárcel de Mujeres de Ventas zigor-gela gabeko kartzela sortzea agindu zuen eta Instituto de Estudios Penales delakoa jarri zuen martxan. Azken hau, Jiménez de Asúak, zuzenbideko fakultatean bere irakasle izanak, zuzendu zuen.

Garai honetan hartu zituen neurriek ospe handia eman zioten. Bere izena chotis estiloko abesti ezagun batean agertzera ere heldu zen, El Pichi, Las Leandras aldizkariaren zati bat zen Francisco Alonso konpositoreak egin zuena, Madrilen, 1931n estreinatua eta Celia Gámez abeslari.

Emakumeen Sufragioari ezezkoa

aldatu

Bere bizitzako momentu esanguratsu eta polemikoenetakoa izan zen 1931n Gorte Espainiarren aurrean emakumeen sufragioaren aurka agertu zenean. Bertan, Clara Campoamorrekin emakumeen eskubideetan eragin zuzena izango zuen eztabaida bat izan zuen[2]. Kenten arabera, espainiar emakumeek gizarte eta politika kontuak ulertzeko zuten prestakuntza maila oso baxua zen eta, ondorioz, elizaren eragina medio, hauen bozka talde kontserbadoreek jasoko zuten Errepublika ahulduz. Aurkariaren ustetan, aldiz, bozka kopuruan irabaztea baino garantzitsuagoa zen emakume guztiek bozkatzeko aukera izatea, Campoamorrek gizaki guztien berdintasuna defendatzen baitzuen. Komunikabideek eztabaida jarraitu zuten eta mota guztietako irainak entzun ziren: bi emakume soilik ganbera aurrean, eta kasualitatez ere ez daude ados, edo zer gertatuko da 50 egotean?. Baina hori eta gehiago ere gertatu zen, prentsan esate baterako La Clara (Zuringoa gazteleraz) eta La Yema (Gorringoa) deitu zieten. Honen ondorioz, 1933ko hauteskundeetan ez zuten diputatu hautatu eta ospea galdu zuen[3].

Eztabaida hau Campoamorrek irabazi zuen eta, horri esker, 1933ko hauteskundeetan emakumeek Espainian lehenengo aldiz bozkatzeko aukera izan zuten. Ezkerra ez bezala, eskuina elkartuta aurkeztu zen hauteskundeetara eta gailentzea lortu zuen. Gerora ezkerrak emakumeak, eta bereziki Clara Campoamor, egin zituen galera honen errudun.

Hauek izan ziren Victoria Kentek 1931ko azaroaren 1eko eztabaidan aurkeztutako zenbait ideia:

« Uste dut ez dela emakume espainiarrari bozka eskubidea luzatzeko garaia. Hau esatean bere idealak alde batera uzten dituen emakume batek dio hau. Ganberan adierazi nahi dut iritzi desberdineko bi emakume hemen elkartu eta ideia desberdinak partekatzeak ez duela ezer esna nahi, egoten baitira ideologia edo alderdi politiko bereko kideen artean iritzi desberdinak (...). Momentu honetan eman edo kendu egingo zaio gizartearen erdia baina zati handiago bati bozkatzeko aukera eta horregatik beharrezkoa da errepublika eta demokrazia nahi dugunok elkartu eta esatea: beharrezkoa da, emakumeei bozkatzeko eskubidea atzeratzea (...). Diputatu jaunak, ez da ahalmen kontua; Errepublikarentzako aukera baizik (...). Baina gaur, diputatu jaunak, arriskutsua da emakumeari bozka eskubidea luzatzea.[4] »

Espainiako Gerra Zibila

aldatu

Gerra Zibilaren hasierarekin erbestera alde egin zuen, beste errepublikar askoren antzera. Mugara heldu bitartean, frontean, gerran zeudenen haur askori lagundu zien alde egiten, umeak ez abandonatzeko deia egin ondoren. Parisen egon zen eta bertako espainiar enbaxadan Lehenengo Idazkari izendatu zuten haurrei laguntzen jarrai zezan. Helburu horretara bideratutako zenbait aterpetxe eta haurtzendegi sortzea ere agindu zuen.

II. Mundu Gerra

aldatu

Gerra Zibila amaitu arte Parisen bizi izan zen eta bere lanak erbestean zeuden espainiarrei laguntzera bideratu zituen, hiriburuan zeudenei lagunduz eta Ameriketara alde egiten lagunduz beste askori. Baina, 1940ko ekainaren 14an, naziek (Wehrmacht) Paris okupatu ostean, mexikar enbaxadan egon behar izan zen urtebetez. Bere izena polizia frankistak Vichyko gobernuari emandako zerrendetan agertzen zen.

Francoren auzitegiek epaitu zuten, eta, 1943ko azaroan, oraindik Parisen zegoenean, Mazoneria eta komunismoaren aurkako Auzitegiak, erabateko gaitasungabetzea jarri eta naziotik botatzeaz gain, 30 urteko kondena ezarri zion. Gutxienez, Gurutze Gorriak pisu bat jarri zion Bois de Bolougnen eta bertan bizi izan zen identitate faltsu batekin 1944ra arte. Denbora horretan, Madam Duval izena erabiliz, Cuatro años en Paris nobela idatzi zuen. Liburuak zantzu autobiografikoa du, Plácido, protagonistan islatzen dena.

Erbestea

aldatu

Mexikora erbesteratu zen 1948an. Bertan, gartzeletako langileak gaitzeko eskola Escuela de Capacitación para el Personal de Prisiones sortzen aritu zen lanean bi urtez, zuzendari postua hartuz. Horrekin batera, zigor zuzenbideko eskolak ematen zituen unibertsitatean.

1950ean, New Yorkera joan zen NBEren eskariz. Bertan, gizarte defentsarako atalean aritu zen lanean eta Iberoamerikako gartzelen egoera tamalgarriari buruzko ikerketa egin zuen.

1951 eta 1957 urte artean eta aurreko kargua burokratikoegia zelako utzi ostean, Espainiako II. Errepublikako Gobernuaren sailik gabeko ministro izan zen erbestetik, horrela Federica Montsenyren atzetik postu hau okupatu zuen bigarren emakumea bihurtuz. Gainera, Ibérica aldizkaria sortu eta zuzendu zuen, bera bezala erbestean zeudenei begira egina. Lan hau Louise Craneren hogei urteko finantziazioari esker (1954-1974) eraman zen aurrera.

1977an, alde egin behar izan zuenetik 40 urtera, Victoria Espainiara itzuli zen eta bere jarraitzaileek maitasunez eta begirunez betetako harrera egin zioten. Baina New Yorkera itzuli zen eta bertan hil zen 1987ko irailaren 26an[5]. 1986an Ramon Penyafortekoa domina aitortu zitzaion, bere adina zela-eta, jasotzera joaterik ezin izan bazuen ere.

Bizitza Pribatua

aldatu

2016an New Yorken Victoria Kent eta Louise Crane liburua argitaratu zuten. Bertan, Carmen de la Guardiak Kent eta Louise Crane filantropoaren erlazio intelektual zein sentimentala ikertzen zuen lehen aldiz zenbait dokumentazio pribatutan oinarrituz. Liburuaren arabera bi hauek bikote izan ziren 1950eko hamarkada hasieratik Kenten heriotzera arte. Elkarrekin bizi izan ez baziren ere, batera egon ziren urte gehienetan ingurukoek erlazioaren berri zuten. Victoriak ez zuen Louisen familiaren pisu milionarioan, New Yorkeko Bosgarren Etorbidea kalean kokatua, bizitzen jartzea pentsatu honen heriotzara arte 1972an. Egongela horretan bilera garrantzitsuak antolatu ziren eta gonbidatuen zerrenda Estatuko Departamenduak antolatzen zuen liburuan azaltzen duen moduan. La Guardiak dioenez, ingelesa ondo menderatzen ez zuen arren, ondo egokitu zen giro horretan eta jendeak bere helburuekin bat egitea lortu zuen: frankismoaren aurkako borroka eta Espainian kultura politiko errepublikar baterako beharra.

Victoria Kenten zenbait aipu

aldatu
  • Gizakiak bere ideiak landatu egiten ditu haiengatik hil aurretik, eta ideia horiek heriotzari ihes egiten diote.[6]
  • Gizatiarra, unibertsoa bezain handia eta bere osagaiak bezain txikia
  • Ez da inoiz ahazten zorigaiztoan eroritako gizon batek edo gizon talde batek ama deitzen gaituztenean
  • Edo sinesten dugu gure egitekoa gaizkilea aldatzeko baliagarri dela edo ez dugu sinesten. Fede hau ez badugu, ziega guztiak eta zigor zerrenda osoa ere ez da nahikoa izango.

Politika

aldatu

Errepublikako Konstituzioa sortzerakoan izandako eztabaidetan parte hartu zuen Ganberan. Bere ekarpenen artean konstituzioko lehenengo artikulua da esanguratsua:

« Espainia langilez osatutako errepublika bat da, liberala printzipioz, demokratikoa sortzez eta soziala orientazioan. Botere zibila, existitzen den bakarra, herriarengandik dator. Autoritate eta hierarkia sozial guztia menpekoa da. »

Aipamen hau ia osorik onartu zuten, botere zibila botere bakarra zela jartzen zuen zatia izan ezik.

Beste ekarpen garrantzitsu bat estatu laikora egin zuena izan zen. 25.3 artikuluak zioenez, inor ezin zen bere aitortza erlijiosoa azaltzera behartu, eta honi sinesmen hauek ez dute inolako eraginik izango edozein motako erlazio zibilen artean gehitu zion.

Familia eskubideei zegokienez, ume legitimo eta ume ez legitimoen arteko bereizketa, haurtzaro eta amatasunaren babesa, ordainsari berdinketa emakume eta gizonezkoen artean eta kalean manifestatzeko eskubidea erantsi zituen.

Azkenik, Proiektuko 39 eta 40. artikuluetan ere lan egin zuen; hauetan gizarte gaiak aipatzen dira, hain zuzen, deportazioa eta erbesteratzea.

Literatura

aldatu

Lan literario kantitate handia ez izan arren, hainbat generotako literatura desberdindu daiteke bere ibilbidean zehar izandako gorabeherekin bat eginez.

Hasieran, saiakera eta jardunaldiz osatutako zenbait idatzi egin zituen. Lehen publikazioa 1921eko apirilaren 17an Madrilgo Ateneoan eman zuen Pragako Kongresua hitzaldiaren testua izan zen. Pragako Nazioarteko Ikasleen Kongresuan izan zuen parte hartzearen aipua da. Espainiako Ikasleen Batasun Nazionala eta Unibertsitateko Gaztedi Feministaren ordezkari izan zen. Bestetik, bere saiakerek emakumeen eskubiderik ezari buruz eta kartzeletako bizitza gogorraz arituko dira; era berean, herriaren heziketa faltagatik kezkatuta agertuko da. Idatzi hauetan George Sand idazle frantziarraren eragina argia da.

Beste multzo batean gartzeletako zuzendari gisa egindako lanari buruzko hitzaldiak topatuko ditugu.

1980ko abenduaren 29an eskutitz bat bidali zuen eta bertan hainbat gauza kontatzen ditu: erbesteko urteetan Picassorekin izandako harremanak, Gernikaren sorkuntzarako nondik norakoak, Picassok Espainiako enbaxadara egiten zituen bidaiak Gerra Zibilari buruzko informazioa jasotzeko eta Espainiak margolariarekin zuen zorra.

Horrez gain, badu 1981ean Malagako Ateneoan egindako argitalpen txiki bat Picasso: un destino sideral izenekoa. Kentek 1981eko maiatzaren 18an Picassoren jaiotzaren 100. urteurrena zela-eta, presidentearen eskariz, bidalitako eskutitz bati dagokio.

Jarraian, bi sarrera. Vicente Ribas eta Salvador de Madariagari eginak.

Bere lanik garrantzitsuena Ibérica aldizkarian egindako lana izan zen. 1954an New Yorken proiektua zirriborratu zen eta ondoren hemendik buletin bat sortuko da eta gero aldizkaria. Diktadura erregimenei aurre egitea zuten helburu eta, horregatik, Espainiako kolaboratzaileek goitizenekin hartu zuten parte. Ibérica aldizkaria sortzea izan zen Francoren diktadura suntsitu eta Espainiako Errepublika berriro agintean jartzeko asmoan aurkitu zuen baliabiderik eraginkorrena. Aldizkaria Espainiak Francoren diktadurapean jasaten zuen egoera amerikarrei jakinarazteko helburuarekin sortu zen. (...) Egunero ikusten baikenuen Ameriketako prentsak isiltasuna mantentzen zuela Espainiako egoeraren aurrean.

Azkenik ezin da aipatu gabe utzi idatzi zuen liburu bakarra, Cuatro años en Paris. Liburu hau Parisen beste izen batekin bizi izan zen garaian idatzi zuen. Garai hartan, hiriburua naziek okupatuta zuten. Liburu hau eguneroko bat balitz bezala idatzita dago, narrazio moduan, eta frankismo eta Gestapotik ihesi igaro zituen urteak kontatzen ditu. Espainian lehenengo aldiz 1978an argitaratuko zen.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu