Victoria (aintzira)
- Artikulu hau Afrikako laku handiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Victoria (argipena)».
Victoria[1] (luo hizkuntzetan: Nam Lolwe; kinyaruandaz eta bantueraz: Nyanza; Nalubaale Ugandan) Ekialdeko Afrikako aintzira da, Uganda, Tanzania eta Kenya artean kokatua. 69.482 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 1.133 metroko garaieran dago. Luzera handiena 337 kilometrokoa da eta zabalera 240 kilometrokoa. Hedaduraren aldetik, Afrikako ur gezako aintziretan handiena da, eta mundukoetan bigarrena (Superiorren ondoren).
Victoria (aintzira) | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 1.133 m |
Mota | aintzira |
Luzera | 337 km |
Zabalera | 240 km |
Azalera | 68.100 km² |
Sakonera | 83 m |
Bolumena | 2.750.000 hm³ |
Eponimoa | Viktoria Erresuma Batukoa |
Geografia | |
Koordenatuak | 1°S 33°E / 1°S 33°E |
Honen parte da | Afrikako Aintzira Handiak |
Leku geografikoa | Rift Haran Handia |
Hidrografia | |
Betebidea | ikusi
|
Hustubidea | Nilo Zuria |
Erresidentzia denbora | 24 a |
Arroaren azalera | 238.900 km² |
Arro hidrografikoa | Niloren arroa |
Izena John Hanning Speke britaniar esploratzaileak ipini zion Viktoria Erresuma Batukoaren omenez. 1858an Royal Geographical Societyk ordaindutako espedizioan, John Hanning eta Richard Francis Burton Nilo ibaiaren sorburua topatu eta ikertu zuten lehenengo europearrak bihurtu ziren.
Geografia
aldatuVictoria Ekialdeko Afrika laku-sistemaren barnean kokatzen da, Nyassa, Tanganyika, Turkana eta beste batzuekin. Aintzira hauek gizakiaren seaska izan den faila-sistemaren adarretan kokatzen dira. Itsaso Gorritik Malawiraino luzatzen da sistema hori eta bere bihotzean, bi adar nagusien artean, datza Victoria. Aintzira ekuatorearen gainean zabaldutako urezko laukizuzena da. 69.484 kilometro koadro estaltzen ditu eta ez da oso sakona, 80 metro doi-doi tokirik sakonenean. Iparraldetik hegoaldera 337 kilometroko distantzia dago punturik urrunenen artean eta ekialdetik mendebaldera 240 kilometro. Esan bezala, faila-sistemaren ekialdeko eta mendebaldeko adarren arteko lautada handiaren erdiko sakongunean dago 1.134 metroko altitudean. Uhartedi eta uharte ugari ditu; handiena Ukereue da.[2]
Aintzira bera ezezik, ertza ere ikusgarria da; bariatua eta txundigarria. Hegoaldean 90 metroko amildegi ikaragarriak daude, Iparraldeko kosta, aitzitik, laua eta biluzia da. Ekialdeko ertzak zerra dirudi, hortzez josia baitago, eta mendebaldekoak, aldiz, aparteko berezitasunik ez du, papiroz estalitako Kagera ibaiaren delta izan ezik.[2]
Lakuaren historia geologikoa kostaldeko sedimentuetan idatzirik dago. Bertan irakur daitekeenez, gora-behera asko izan ditu. Iraupena ere kili-kolo izan du, duela 13.500 urte inguru guztiz lehortu zenean. Alabaina, ur-mailaren oraingo aldaketak oso txikiak dira, 30 bat zentimetro goiti-beheiti euri-errejimenaren menpe beti ere. XX. mendean ur-maila 3 metro jaitsi da gehienez, 1960ko hamarkadaren hasierako lehorte handiaren ondoren hain justu.[2]
Ur-masa handi horrek eragina du inguruko eskualdeetako kliman. Ipar eta mendebaldean nabaritzen da, non 45-75 kilometroko zabalerako lurraldean tenperatura 16° eta 27 °C bitartean egoten baita, eta euria urtean zehar uniformeki egiten baitu. Ondorioz, euri-oihan tropikalak estaltzen ditu eskualde horiek.[2]
Basabizitza
aldatuUgaztunak
aldatuUgaztun ugari bizi da eskualdean, eta horietako batzuk estuki loturik daude aintzirari, hala nola, hipopotamoa, Aonyx capensis, Hydrictis maculicollis, Atilax paludinosus, Tragelaphus spekii, Redunca redunca, Kobus ellipsiprymnus, Thryonomys generoko karraskariak eta Potamogale velox.[3]
Narrastiak
aldatuVictoria aintziran eta inguruko hezeguneetan nilotar krokodiloen populazio handia dago. Pelomedusa subrufa, Pelusios rhodesianus eta Pelusios williamsi dortokak ere bizi dira.[4]
Arrain ziklidoak
aldatuHaplokrominoak dira Victoriako arrain aipagarrienak: 1970eko hamarkadan 500 espezie endemiko baino gehiago zeuden[6]. Izan ere, aintziraren hondoko harri bat haplokromino espezie askoren habia izan daiteke. Arrain txiki hauek kolore askotakoak, pikartak, dira. Espezie batek hortz luzeak eta masail estua izan dezake, harriaren zirrikituetan dabiltzan krustazeo txikiak jateko aproposak. Beste batek, aho zabala eta hortz txikiak ditu, eta harriari itsatsitako algak alatuz dihardu. Beste haplokrominoek aintziraren biotopo jakin bat ustiatzeko moduko hortzak eta ahoak garatu dituzte, ur azaletan edo ur sakonetan. Lakuaren baitan ehundaka haplokromino espezie eboluzionatu dira eta bakoitzak txoko ekologiko berezia bete du. Darwinismoaren lilura eta froga adierazgarria. Nola izan da hori posible?[2]
Espezie horiek oso denbora-epe laburrean eboluzionatu dute eta berezko ezaugarriak garatu dituzte. Galapago uharteetako txontekin konpara daitezke, fenomenoa makina bat aldiz biderkatuta ordea. Itxuraz, haplokrominook aintzira duela 13.000 urte lehortu zenetik hona eboluzionatu dira. Biologoen arabera, aintzira lehortzean haplokrominoak putzutan harrapatuta gelditu ziren eta bakoitzak bere ezaugarri bereziak garatu zituen. Urak lurra berriz estali zuenean, arrainak ez ziren jada elkarren artean umeak egiteko gai, eta espezie banandu gisa jarraitu zuten. Arrain hauek azkar eboluzionatzeko duten ahalmenaren adibidea Nabugabo da. Laku hau duela 3.500 urte sortu zen, hondar barra batek Victoria aintzirako uren zati bat banandu zuenean. Harrezkero, beste bost haplokromino-espezie eboluzionatu dira.[2]
Haplokrominoek arraba gutxi erruten dituzte. Guztia arrak habia egiten duenean hasten da. Horren inguruan korteiatze landuari ekiten dio emearen arreta erakartzeko. Emeak banan-banan erruten ditu arrabak eta ostean, ahoan sartu. Gero, arraren alde genitala igurtzen du arrak uretan esperma isuri dezan. Emeak esperma irensten du, eta arrabak ernaltzen dira. Emeak ahoan eramango ditu arrabak kumeak sortzen diren arte; ondoren ere, ahoa gazteen gordeleku izango da beren kasa bizitzeko gai diren arte.[2]
Ingurumen arazoak
aldatuHanditasunak ez du Victoria egungo gizartearen arriskuetatik libratzen. Zoritxarrez, tamainak ez ditu berez sendotasuna eta iraunkortasuna segurtatzen. Aintzirak hiru erronkari egin behar die aurre: kutsadura, ur-hiazintoa ugaltzea eta arrain-stockak urritzea. Ekosistemen hondatzeaz zertxobait dakien ororetzat ez dira hiru arazook berriak edo ezezagunak, Lurrean nonahi jazotakoak baizik.[2]
Arriskuok natura hondatzea ekarriko dutela jakinik ere, sinplismoa litzateke aintziraren egoera ekologiaren edo naturaren kontserbazionismoaren ikuspegitik bakarrik aztertzea. Arriskuok, izan ere, ekonomia eta gizarte osoa jarriko dute kinka larrian. Gaur egun 30 milioi lagunen bizia Victoriak eskaintzen dizkien baliabideen mende dago, eta aintzira ertzeko estatuen ekonomiak haren uretan du oinarrietako bat. Adibidez, aintziran egindako arrantza da egun Ugandaren esportazio-produktu nagusia.[2]
Uraren kutsadura
aldatuVictoriaren ertzeko estatuetako industria garapenari lotuta dago kutsadura. Horrexegatik, industrializazio-maila handiagoa duten Kenya eta Tanzaniaren laku-ertzean ageri dira arazo eta iturri nabarmenenak. Kutsadura mailan, industriaz aparte, nekazaritzak eta hiri-isuriek ere pisu handia dute. Horrela, kafe, te, azukre-kanabera sailetan eta arto-landetan erabilitako ongarri eta intsektizidak dira nekazaritza-kutsaduraren eragile nagusiak.[2]
Kenyako Kisumu eta Tanzaniako Mwanza hirien inguruek daukate ur zikinen markarik handiena. XX. mende amaieran egindako ikerketa batek aditzera eman zuenez, eguneko bi milioi litro industri eta hiri-hondakin isurtzen ziren aintziraren Tanzaniako zatian araztu gabe. Horri guztiari, hirietako ur zikinek eragindako arazo fitosanitarioak erantsi behar zaizkio. Victoriaren ertzean bizi direnen arteko askok, eta bertan nabigatzen duten ontzietako eskifaikideek eta bidaiariek, aintzirako ura zuzen-zuzenean edaten dute, inolako tratamendu arazlerik gabe. Ondorioz, uretan garatzen diren eritasunak, hala nola, tifusa, kolera, difteria eta beheitikoa ugaritzeko bidea ipintzen da.[2]
Bestalde, Niloren iturri nagusia izaki, Victoriaren kutsadura arazoak ez ditu aintzira-ertzak mugatzen eta, ibai mitikoaren bidez, Mediterraneoraino iritsiko da, eta beste herrialde batzuk ere zikinduko ditu bidean. Horretan, beraz, nazioarteko elkarlana eta koordinazioa nahitaezkoak dira. Hala ere, aintzira-ertzeko estatuen borondatea zein neurritakoa den ez dago oso garbi. Kenyak kutsaduraren kontrako lege gogorrak dauzka, baina gutxitan aplikatzen dira. Aplikatu izan direnean, gainera, isun arinak izan ohi dira zigorrak. Alferrik daude beraz.[2]
Ur-hiazintoaren hedapena
aldatuUr-hiazintoa (Eichhornia crassipes) 1989 aldean agertu zen lakuan Kagera ibaiaren bidez Ruandatik etorria. Landare flotatzaile horrek Hego Amerikan du jatorria eta, etsai naturalen ezean, geruza berde, sendo eta trinkoa osatzen ari da uraren gainean. Era horretan, arrainak eta beste bizidunak oxigenorik gabe hiltzera kondenatzen ditu. Izugarri azkar ugaltzen da, eta nekazaritzako eta hirietako ur zikinek ekarritako mantenugaiak oso ongi profitatzen ditu bere burua elikatzeko. Horrezaz gainera, malaria transmititzen duten moskitoak eta eskistosomiasia sortzen duten marraskiloak ugaltzeko ingurune egokia sortu du. Ur-hiazintoek eratutako geruzak nabigazioa zailtzen du, eta nekazaritza ere ez da arriskutik libratzen, landareak ureztatze-sistemen ubideak eta hodiak blokeatzen dituelako.[2] 1992–1998, were greatly reduced by 2001
Ur-hiazintoaren kontrako borroka ez da erraza. Kontrolaezina da hein handi batean. Bi bide saiatzen ari dira: landarea mekanikoki biltzea, batetik, eta haren etsai naturalak erabiltzea, bestetik. Batez ere, Neochetina eichhorniae eta Neochetina bruchi gurgurio landarejaleekin egin dira saioak.[2][7] Ur-hiazintoa oso azkar hedatu zen 1992–1998 bitartean, eta 20.000 hektareako eremua zuen hartua azken urte horretan. Estalitako azalera asko murriztu zen 2001erako, baina urte batzuetan berriz zabaltzen da.[8]
Niloko perkaren ugaltzea
aldatu1950eko hamarkadaren hasieratik, arrain aloktono batzuk sartuak izan ziren Victorian, hala nola, Coptodon rendalli, Coptodon zillii, Oreochromis niloticus eta Oreochromis leucostictus. Sartutako arrain horiek aldaketa nabarmenak eragin zituzten aintzirako ekosisteman, haplokromino espezie batzuk galtzeko bidean jartzea barne. Hala ere, Niloko perkaren sarrera izan zen guztietan kaltegarriena.[9]
Niloko perka 200 kilogramo pisa ditzakeen harraparia da. Aintzirara iritsitakoan, haplokrominoak bilakatu ziren haren harrapakin. Haplokrominoak ez zeuden perkarekin bizitzen ohituak eta, defentsa-mekanismorik ezean, perkaren gosearen asegarri erraz bihurtu ziren. Beraz, perka itxuragabe ugaldu zen. Adibidez, Kenyako uretan arrantza egindako arrainaren %0,5 zen perka 1977an, eta %68 izatera iritsi zen 1983an.[2] Horren ondorioz, haplokromino espezie endemikoen %40 desagertu zen.
Biodibertsitatea gutxitzeaz gain, bertako jendearen bizimodua ere aldatu zuen Niloko perkaren hazkundeak. Izan ere, haplokrominoak ziren, neurri handi batean, aintzira bazterreko biztanleen bizibidea: arraina harrapatu, jan eta soberakinak lehortu eta barnealdean saldu. Animalia-proteina urria zen toki horretan, ziklido txikiak merkeak eta prestatzen errazak ziren eta jendearen eskueran zeuden. Arrainak harrapatzeko sareak eta harrapakinak lehortzeko eguzkia baino ez ziren behar. Arrainak merkaturatzea erraza zen, paketatze-sistema edo garraio-sare sofistikaturik ez baitzen behar. Izan ere, lehortutako arrainak zenbait astez irauten du egoera onean. Perka harrapatzeko arrantza teknikak ere aldatu behar izan zituzten arrantzaleek; sare sendoagoak, sare-begi handiagokoak eta garestiagoak beharrezkoak ziren.[2] Eskualdeko arrantza ekoizpena ikaragarri handitu zen; urteko 100.000 tona arrain atzematen ziren 1980ko hamarkadaren hasieran, eta 1.000.000 tona 2010eko hamarkadaren hasieran, Niloko perka batez ere. Produkzioaren gehiena esportatu egiten da.[6]
Haplokrominoen populazioa izugarri urritu zenez, perken dieta aldatu zen. Beren arteko kanibalismoa hasi zen eta, gainera, harrapakin berri bilakatu zen Caridina nilotica ur gezako izkira.[2] 1990eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, perka populazioa urritu zen, eta haplokromino espezie batzuk suspertu ziren.[6]
Esplorazioaren historia
aldatuVictoriara iritsi zen lehenbiziko europarra John Hanning Speke britainiar esploratzailea izan zen, 1858an, Nilo ibaiaren iturburuaren bila zebilela. Uztailaren 30a zen, muino baten gailurretik, ur-masa handi hura ikusi zuenean. Arabiar merkatariek, esklabo-trafikatzaileek zehazki, Ukereue esaten zioten. Garai hartan, ordea, Viktoria erreginaren inperioa nagusi zen munduan, eta Spekek, bere erreginaren ohorez, Victoria Nyanza izena eman zion. Ingalaterrara itzulirik, Niloren iturburua aurkitu zuela aldarrikatu zuen. Arrazoia zeukan Spekek. Hala ere, Richard Burtonek, haren aurkariak, ez zion sinetsi, aintzirak urak nondik isurtzen zituen ezin izan baitzion Spekek argitu.[2]
1862an, Speke, James Grant esploratzaile eskoziarra bidai lagun zuelarik, Afrikara itzuli zen ideia bakarra buruan: zuzen zegoela frogatzea. Patua lagun izan zuten. Bi esploratzaileek Ripon ur-jauziak aurkitu zituzten iparraldeko laku-ertzean, egungo Ugandako Jinja hiritik gertu. Horietatik Victoriako urak Kyoga aintzirara isurtzen dira, Alberto aintzirara gero, eta ibaiak, Nilo Alberto goitizenarekin, Mediterranioan amaituko den bidaia luzeari ekiten dio. “Nilo Zaharra Victoria Nyanzan sortzen dela ikusi dut, duda-izpirik gabe” idatzi zuen Spekek.[2]
Nalubaaleko presa
aldatuAintziraren hustubide bakarra Jinjan dago (Uganda). 1954an Nalubaaleko presa eraiki zen bertan, Victoria eta Kyoga lakuen artean. Horren ondorioz, Ripon ur-jauziak, Niloren iturburutzat hartzen zirenak, urperaturik geratu ziren.
Garraioa
aldatuXX. mende hasieratik, Victoria aintzirako anezkak izan dira Uganda, Tanzania eta Kenyaren arteko garraiobide nagusiak. Kisumu, Mwanza, Bukoba, Entebbe, Port Bell eta Jinja dira porturik garrantzitsuenak. 1996an, 800 pertsona baino gehiago hil ziren, MV Bukoba itsasontzia lakuan iraulita. Azken 100 urteotako transbordadorea istripurik larrienetako bat izan zen. 2018ko irailean, berriz, Ukerewe eta Ukara uharteen arteko bidea egiten zuen MV Nyerere hondoratu zen Tanzaniako uretan; gutxienez 207 pertsona hil ziren ezbeharrean.[10][11]
Erreferentziak
aldatu- ↑ Euskaltzaindia. (2012-03-30). 167. araua: Saharaz hegoaldeko Afrikako toponimia. .
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n o p q r s Irazabalbeitia, Iñaki. Victoria, Niloren iturria. Elhuyar aldizkaria, 98. zenbakia, 1995eko abuztuak 1, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2019-6-5).
- ↑ Kingdon, Jonathan (1997) The Kingdon Guide to African Mammals. Academic Press Limited, London. ISBN 0-12-408355-2.
- ↑ Spawls, Howell, Drewes eta Ashe (2002) A Field Guide to the Reptiles of East Africa. Academic Press, London. ISBN 0-12-656470-1.
- ↑ Witte, F., de Zeeuw, M.P. & Brooks, E.. Haplochromis nyererei. The IUCN Red List of Threatened Species, 2016, e.T60668A97125826, oldredlist.iucnredlist.org (Noiz kontsultatua: 2019-6-11).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ a b c Yongo, Edwine; Agembe, Simon; Outa, Nicholas; Owili, Monica. Growth, mortality and recruitment of Nile perch (Lates niloticus) in Lake Victoria, Kenya. Wiley Online Library, 2018ko martxoak 14, onlinelibrary.wiley.com (Noiz kontsultatua: 2019-6-10).
- ↑ John R.U. Wilson, Obinna Ajuonu, Ted D. Center, Martin P. Hill, Mic H. Julien, Francisca F. Katagira, Peter Neuenschwander, Stephen W. Njoka, James Ogwang, Rob H. Reeder eta Thai Van. The decline of water hyacinth on Lake Victoria was due to biological control by Neochetina spp.. Aquatic Botany Volume 87, Issue 1, July 2007, Pages 90-93, pubag.nal.usda.gov (Noiz kontsultatua: 2019-6-11).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Water Hyacinth Re-invades Lake Victoria. earthobservatory.nasa.gov (Noiz kontsultatua: 2019-6-8).
- ↑ Pringle, Robert M.. The Origins of the Nile Perch in Lake Victoria. BioScience, Volume 55, Issue 9, September 2005, Pages 780–787, academic.oup.com (Noiz kontsultatua: 2019-6-9).
- ↑ Uribesalgo Alzola, Karmele. Gutxienez 136 pertsona hil dira Tanzanian ferry bat hondoratuta. Berria egunkaria, 2018ko irailak 22, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-6-10).
- ↑ Victoria lakutik 207 gorpu atera dituzte Tanzanian. Berria egunkaria, 2018ko irailak 23, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-6-10).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu
| ||
|
Aintzirak: A – Albert • E – Edward • K – Kivu • T – Tanganyika • Y – Kyoga • V – Victoria • M – Nyassa Eskualdeko estatuak: UG – Uganda • KE – Kenya • CD – Kongoko Errepublika Demokratikoa • RW – Ruanda • BI – Burundi • TZ – Tanzania • ZM – Zambia • MW – Malawi • MZ – Mozambike |