Txoritokieta monolitoa

Txoritokieta zutarria» orritik birbideratua)

Txoritokieta monolitoa Txoritokietako Estazio Megalitikoan, Astigarraga eta Errenteria arteko mugan, dagoen monolito bat da. 1,95 metroko altuera duen harlosa bat da eta zutik dago. Txoritokieta mendiaren hego ekialdean kokatua dago, 270 metroko altueran, gailurretik 200 metrora, eta Aitzetako Txabala trikuharritik 400 metro ipar ekialdera.[1] Txoritokietako gotorlekutik ere oso hurbil dago. Ezin da ziurtatu historiaurrekoa denik.[2]

Txoritokieta monolitoa
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaAstigarraga
Koordenatuak43°17′21″N 1°55′12″W / 43.289139°N 1.920016°W / 43.289139; -1.920016
Map

Ezaugarriak

aldatu

Monolitoa zutik dago. Inguruko harearri triasikozko harlosak 1,95 metro ditu altueran, 0,95 metro zabalean eta 0,25 metro lodieran. Ardatz nagusiaren norabidea ipar mendebalde - hego ekialdekoa da.[1] Hego ekialdeko aurpegiaren oinean 35 zentimetroko harri bat dago sartuta.[3]

Hego mendebaldeko aurpegian 35 zentimetroko besoak dituen gurutzea dauka grabatuta. Hego ekialdeko aldean 5 zentimetroko "O" bat du grabatua.[1] Inskripzio hori "Oarço" edo "Oyarçon" hitzarekin lotu daiteke[4] eta estazio megalitiko bereko Mariola zistaren ondoan zegoen mugarrikoaren berdina da. Grabatuak ziur aski garai modernokoak dira, Errenteriaren mugarritze zaharrekin erlazionatuak, behar bada XV. edo XVI. mendekoak.[2]

Kontserbazio egoera onean dago.[3] Ez da induskatu.[1]

Historia

aldatu

1963ko otsailaren 24an Fermin Leizaolaren taldeari atentzioa eman zion harriak, Txoritokieta aldean espeleologiarekin erlazionatutako fenomenoak aurkitzeko egindako mendi irteera batean. Osagai eta neurriei buruzko datuak hartu, krokisak egin eta argazkiak atera zituzten. Gaian adituak ziren pertsona batzuei kontsulta egin zieten, baina haiek ez zioten garrantzi handirik eman, Errenteria eta Astigarraga udalen arteko mugarri bat izanik. Denbora gutxira, 1960ko Oarso aldizkariko Adolfo Leibarren artikulu batek monolitoa aipatzen zuela ikusi zuten, 1889ko azaroaren 4an egindako mugarritzearen aktan jasotako 13. mugarriaren deskribapena zetorren bertan. Hori guztia ikusita, mugarri berezi bat zela pentsatu zuten.[5]

1981ean L. Millanek ustezko historiaurreko monolito bezala katalogatu zuen.[1]

2005ean, harlauzaren ipar ekialdeko aldearen azala altxatu zen inguruko sasiak erretzeak eragindako beroagatik. Zatiak itsatsiz leheneratu zuten.[6]

Babes legala

aldatu

Txoritokietako Estazio megalitikoaren parte da, eta beraz, talde horrek duen babes maila eta kalifikazioak ditu: monumentu multzoa, babes-maila sailkatuarekin, 1990. urteko Ondarearen legearen baitan.[7]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e «Txoritokieta» Munibe (Antropologia - Arkeologia) (Aranzadi Zientzia Elkartea) 7. eranskina ISSN 0027-3414..
  2. a b (Gaztelaniaz) Ceberio Rodríguez, Manu. (2010). «Mariola: un nuevo monumento megalítico en la "muga" entre Astigarraga y Errenteria» Oarso: 172-176..[Betiko hautsitako esteka]
  3. a b (Gaztelaniaz) Peñalver, Xabier. (1983). Estudio de los Menhires de Euskal Herria. Aranzadi Zientzia Elkartea, 381-382 or..
  4. Hego-mendebaldeko aldean gurutze bat du grabatuta, eta ipar-ekialdean, berriz, inskripzio higatu samarra, baina "Oarço" edo "Oyarçon" hitzarekin argi eta garbi lot daitekeena. Aranzadiren Twitter-eko kontua.
  5. (Gaztelaniaz) Leizaola, Fermin. (1984). El monolito de Txoritokieta (Astigarraga-Errenderia). Oarso, 56-58 or..[Betiko hautsitako esteka]
  6. Txoritokieta. Aranzadi Zientzia Elkartea.[Betiko hautsitako esteka]
  7. «Txoritokietako monolitoa. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu