Turkestan[1] (persieraz ترکستان‎ , Turkiarren Lurra) Erdialdeko Asiako eskualde historikoa da. Gaur egun, oraindik ere, turkiar herriak bizi dira bertan.

Turkestanen hedapena.

Turkiako eta Persiako hainbat sagatan erreferentzia egiten zaio eta Turanaren atala da. Oghuz Turkiarrak (Turkmeniar gisa ere ezagutuak), Uzbeko, Kazako, Khazar, Kyrgyz eta Uigurrak bizi diren eskualdea da. Herri hauek historian zehar Eurasia, Turkia, Azerbaijan eta Tatarstanera hedatu izan dira.

XIX. mendetik (Errusiar inperioaren etorrerarekin) Mendebaldeko eta Ekialdeko Turkestanean banatzen da eskualde historiko hau (bitan banatzen dute Pamir eta Tien Shan mendialdeek). Mendebaldea Errusiak administratzen zuen (egungo Kazakhstan, Kirgizistan, Uzbekistan, Tadjikistan eta Turkmenistan hartzen du), eta Ekialdea, Txinak. Hauek Xinjiangeko lurralde autonomoa deitzen diote Ekialdeko Turkestanari, baina uigurrek, "Uiguristan". Euren artean Tian Shan zati bat eta Pamir mendilerroak kokatzen dira.

Geografia

aldatu

Asiako erdialdeko lurralde zabala da Turkestan, Kaspiar Itsasoaren eta Gobi basamortuaren artean hedatzen dena.

2.600.000 km2 ditu.

Iparraldean, Siberia; hegoaldean, Tibet, Afganistan eta Iran; ekialdean, Gobi basamortua ; mendebalean, Kaspiar Itsasoa.

Orografia

aldatu

Mendebaleko Turkestan Aral eta Kaspiar Itsasoen arteko sakonune zabala da, munduko mendi garaienetakoek inguratua: Pamir, Tien Shan eta iparralderago, Altai. Iniltxek eta Fedtxenko glaziar handiek eta urte osoko elurrek hornitzen dituzte urez Mendebaleko Turkestango bi ibai nagusiak, Amu Daria eta Syr Daria hain zuzen. Bi ibaiok Aral itsasoan isurtzen dute ura.

Mendebaleko Turkestango biztanleak (turkiarrak, turkomanoak, tadjikak) mendialdeetan eta mendien arteko haranetan bizi dira. Ekialdeko Turkestan ere sakonune zabalak daude eta uigur jatorrikoak dira biztanle gehienak. Tashkent, Almaty eta Samarkanda dira Mendebaleko Turkestango hiri nagusiak eta Kashgar, Khotan eta Urumqi Ekialdeko Turkestangoak.

Itsasoen urrun klima kontinentala da oro har, negu hotzak eta uda bero eta lehorrak.

Historia

aldatu

Lehen aldietan indoeuropar herriak bizi ziren gaurko Turkestanen (tokarioak, eszitak) eta dirudienez iraniarren sorlekua da. Persiar Inperioak guda egin zuen herrialdean eta Sogdiana menperatu zuen. Oraindik iraniar tajik etnia bizi da.

Gero altaitarrak heldu ziren eta II. mendean hunoek konkistatu zuten Turkestan. Hunoen erresuma gainbehera etorri zenean txinatarrek konkistatu zuten Ekialdeko Turkestan. Mendebaleko Turkestanen, 400. urtean edo, huno heftaliten erresuma sortu zen artean.

 
Zetaren bidea Turkestan zehar bidez

VI. mendean turkiarrak agertu eta Transoxianan egokitu ziren, Amu Daria ibaiaren ekialdeko lurraldean alegia.

VIII. mendean arabiarek konkistatu zuten Transoxiana eta oparotasun handia izan zuen persiarren agintaldian. Aldi berean, Mongoliako uigurrek Ekialdeko Turkestan konkistatu zuten.

 
Mahmud al-Kashgariren Diwan lanean agertzen den mundu-mapa. Bertan, XI. mendeko turkiar tribuen banaketa espaziala ageri da.

Gengis Khanek Turkestan konkistatu zuen XIII. mendean, Transoxiana barne.

1369. urtean Tamerlan enperadoreak lurraldea hartu zuen eta 1500. urtean uzbek dinastia baten mende zegoen. Hurrengo mendeetan etsai ziren adrerien helburua izan zen lurralde hau.

Ekialdeko Turkestanen, artean, mendebaleko mongoliarrak nagusitu ziren XVIII. mendean txinatarren mende geratu zen arte.

Errusiak XVIII. mendean hasi zuen Turkestango kolonizazioa. XIX. mende erdirako errusiarren mendeko gotorleku ugari zeuden lurraldearen iparraldeko mugan zehar.

XX. mendearen hasieran errusiar eta ukrainar ugari egokitu ziren Mendebaleko Turkestanen eta 1924. urtean Sobietar Batasun ohiak bost errepublika eratu zituen. 1950. urtean Txinako gudarosteak Ekialdeko Turkestan inbaditu zuen eta 1955. urtean Sinkiangeko lurralde autonomoa eratu zuten.

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia. (2012-06-29). 171. araua: Asiako toponimia. (Noiz kontsultatua: 2013-02-11).

Kanpo estekak

aldatu