Somaliako historia
Somalia 1960an sortu zen. Ikuspuntu historikotik, hainbat gertakari izan dira Somalia orain dagoen eskualdean.
Lehen urteak
aldatuAntzinako Egipton Somalia Punt izenarekin ezagutzen zen, eta bere biztanleak berebere beltzak zirela esaten da. Bost mendetan zehar, II.etik V. mendera, eskualde gehienak Etiopian zegoen Axumeko Erresumaren mende egon ziren. VII. mendean arabiar tribuek bizilekuak jarri zituzten, batez ere Adengo golkoaren ertzean komertzioa bultzatzeko bertako herri kuxitekin. Hortik aurrera, mende batzuetan Somalia herri islamiar bilakatu zen. XIV. mendean, arabiar itsasgizonek Muqdisho aukeratu zuten jai-leku garrantzitsu moduan. Komertzio handia zegoen Oromo, Afar eta gaur egungo Eritrean bizi ziren herriekin. Herri musulmana izan arren, Etiopia kristauarekin oso harreman onak izan zituen, nahiz eta Jihadak garai hartan indar handia eduki.
Etorkizuneko Somalian Portugalek presentzia txikia eta komertziala izan zuen. 1516an, portugaldarrak Zeilara iritsi ziren, baina otomandarrek garaitu zituzten eta bertatik kanporatu. 1698an, Omaneko sultanak Portugal azpiratu zuen, eta Afrikako kostalde osoa haren esku geratu zen. 1729an, Obbia Omanen mendekoa bilakatu zen guztiz. Al-Busaid dinastiak kolonizazio prozesu horrekin jarraitu zuen 1741tik aurrera. Garai hartan, Muqdishoko Errepublikak (non sultan baten antza zuen gobernadorea zegoen), Obbiako sultanak eta Majertingo sultanak Omango sultanaren boterea onartu zuten. 1803an, azken hau Ingalaterrarekin aliatu zen wahabbiten aurka. 1840an, Sayyid Said sultanak hiriburua Zanzibarrera aldatu zuen eta, horrela, Somaliako lurraldeen gaineko kontrola handiagoa izan zen.
Kolonizazioa
aldatuXIX. mendearen hasieran iritsi ziren lehen europarrak. 1839an, britainiarrak Adenen kokatu ziren, eta 1884an protektoratu bat sortu zuten iparraldean (Somalilandia Britainiarra). Leonce Lagarde Obockeko gobernadore izendatu zuten. Somalilandia Britainiarra Indiatik kudeatu zen 1898ra arte, Londrestik ondoren, eta 1905ean bertan ezarri zela bulego koloniala. 1940an Italiak okupatu zuen, baina 1941ean Britania Handiak berriro konkistatu zuen. 1960ko ekainaren 26an Somalilandia izenarekin independizatu zen, eta lau egun geroago Italiar Somaliarekin batu zen, Somalia sortuz.
Benadir (arabieraz: بنادر, somalieraz: Banaadir) konpainia pribatu batek kudeatutako gaur egungo Somaliako lurrek hartu zuten izena izan zen. Italiak lur horiek erosi eta Italiar Somaliaren parte bilakatu zuten. Somaliaren hegoaldea hartzen zuen, Juba ibaiaraino. 1905eko martxoaren 16an bilakatu zen Italiar Somaliaren parte. Kolonia sortzean bertako sultanerriak (Gueladi, Obbia eta Majertin) ezabatuak izan ziren. Lehen Mundu Gerraren ondoren, Italiak Somaliako hegoaldea hartu zuen, eta 1935eko urrian, Italia faxista, Somaliatik abiatuta, Etiopian sartu zen. Italiak, Etiopia eta Somalia batuta, Ekialdeko Afrikako Inperioa osatu zuen. Bigarren Mundu Gerran, ordea, italiarren Somalia britainiarren mendean geratu zen, harik eta 1950ean, berriz ere Nazio Batuek Italiaren gain utzi zuten arte, hamar urteren buruan lurraldeari burujabetasuna emateko eginkizunarekin. 1960ko uztailaren 1ean, britainiarren eta italiarren lurraldeak bat eginik, Somaliako errepublika osatu zuten.
Somalia burujabea
aldatu1969an, estatu kolpe baten bidez, Iraultza Batzorde Gorenaren (IBG) buru zen Mohamed Siyad Barre jeneralak aginpidea hartu zuen. Barrek Ogaden, Kenyako ipar-ekialdea eta gaur egungo Djibutiko parte bat eskatu zituen Somaliarentzat. Bestalde, oso harreman estuak izan zituen Sobietar Batasunarekin. 1976an, Somaliako Alderdi Sozialista Iraultzaileak hartu zuen IBGren tokia. 1977an, Somaliak Etiopiaren aurkako gerra hasi zuen, Ogaden lurraldea eskuratzeko; Etiopiak Sobietar Batasunaren laguntza izan zuen, eta Somalia galtzaile atera zen (bakea ez zen 1988 arte izenpetu). Somaliak Sobietar Batasunarekiko harremanak hautsi zituen, eta harrezkero, Estatu Batuetara jo zuen laguntza eske. Bien bitartean, ehunka mila erbesteratu iritsi ziren Somaliara, Ogadenetik ihesi. Gobernuak ezin izan zuen halako jendetzaren mantenua bere gain hartu eta, kanpoko laguntza izan bazuen ere, oinarrizko gaien murrizketak egin behar izan zituen.
Gerrak, erbesteratuak, autoritarismoak, lehorteak, murrizketak, goseak… Siyad Barreren aurkakotasuna areagotu zuten, eta oposizioko taldeek bat egin zuten erregimena deusezteko. Hala, 1991n, oposizioko gerrillariek Muqdisho hartu zuten. Barre aginpidetik kendu ondoren, Mohamed Farrah Aidid jeneralaren aldekoen eta Ali Mahdi Mohamed behin-behineko presidentearen aldekoen arteko gerra hasi zen, aginpidea lortzeko ia herrialde osora hedatu zena. 1991ko maiatzean, Iparraldeko Somalia Somaliatik banandu zen (Somaliland).
1992ko abenduan, Nazio Batuen aginduz, gehienbat Estatu Batuetako soldaduez osatutako gudaroste bat joan zen Somaliara, giza laguntza bideratzera eta janaria banatzera. 1993ko martxoan, aurkariek bakea bideratzeko hitzarmen bat egin zuten, behin-behinekotasun egoeratik ateratzeko batzorde bat osatzea aurrikusten zuena. Maiatzean, Nazio Batuetako gudarosteak (Pakistan, India eta beste herrialde batzuetakoak) Estatu Batuetakoaren tokia hartu zuen. 1994. urte hasieran, Nazio Batuetako begiraleen bitartekaritzaz, su-etena izenpetu zen Nairobin. Hitzarmen hartan, bestalde, adiskidetze biltzar bat osatzea erabaki zen, presidentea hautatzeko eta gobernu berria antolatzeko. Hala, atzerriko gudarosteak Somalia utzi zuen eta NBEko soldadu gutxi batzuk besterik ez ziren gelditu. Zenbait eskualdetako borrokek bere horretan jarraitu bazuten ere, borroka horiek ez ziren herrialde osora zabaldu eta ekonomia martxan jarri zen berriz ere.
Herrialde osoan sakabanaturik zeuden taldeak bi erakunderen inguruan biltzen joan ziren 1995. urtean zehar: batetik, Somaliaren Salbaziorako Aliantza, Ali Mahdi Mohamed buru zela, eta bestetik, Mohamed Farrah Aididek agintzen zuen alderdia. Bi bandoek gobernutzat hartu zuten beren burua. Farah Aidid 1996an hil zen, eta bere seme Hussein Farrah Aidid izan zen ondorengoa. Farrah-ren laguntzaile izandakoak, Osman Hassan Alik («Ato»), indar berri bat osatu zuen, baina Ali Mahdi-ri elkartuta. 1997an, Somaliaren Salbaziorako Aliantzari elkartutako 26 buruzagik eta Afrikaren Batasunaren Organizazioak erabaki zuten Nazio Salbazioko Biltzar bat osatzea, trantsizioko gobernu bat antolatzeko ahalmena izango zuena. Hussein Aidid-ek eta Mohamed Ibrahim Egalek ez zuten erabaki hori onartu. 1997. urte bukaerako euriteek 230.000 somaliar utzi zituzten hegoaldeko lurraldeetan bakarturik. NBEk laguntza programa bat jarri zuten berriz ere abian.
1998an, beste bilera bat egin zen Nairobin, eta han Ali Mahdi Mohamed, Hussein Aidid, Osman Hassan Ali eta Mohamed Kanyere buruzagi militarrek bake konpromiso bat hitzartu zuten. Bien bitartean, Somaliako ekonomiak beste zartada bat jasan izan behar zuen, Saudi Arabiak Somaliako abereak inportatzea debekatu baitzuen. 2000ko uztailean, Adiskidetze Bilkura bat egin zen lege nazional bat egiteko, hura izan zedin hurrengo hiru urteetan Somaliako behin behineko konstituzioa. Lege berri horrek adierazpen eta elkartasun askatasuna eta giza eskubideak ez urratzea ziurtatzen zien somaliarrei eta botereen bereizkuntza eta independentzia ziurtatzen zuen. Trantsizio aldi horretan, Somaliako Errepublikak gobernu federal bat izan zuen, eskualdeko 18 administrazioekin.
Baina 2006ko maiatzean, Muqdishoko Bigarren Gudua hasi zen gobernuaren aldeko ARPCT taldearen eta milizia islamiarren artean; ekainaren hasierako, 350 lagun hil ziren. Abdullahi Yusuf Ahmed lehendakariaren trantsizioko gobernuak NBEn bake indar baten esku hartzea onartu zuen. 2006ko ekainean, islamiarrek Muqdisho hartu zuten. Handik gutxira, behin behineko gobernuak Etiopiaren laguntza izan zuen, Etiopiako armadak hainbat eraso egin baitzizkion islamiar miliziari.
Beraz, liskar eta borroka horien guztien ondorioz, azken urteetan Somalia erabat zatitua gelditu da, eta talde armatu asko daude, eta zeinek bere lurraldean aginpidea du; «Gerrako Jauntxo» horiek sekulako sarraskia eragin dute eta milaka lagun hil eta beste milaka asko erbesteratzera behartu dituzte. Gainera, talde armatu horietako asko piraterian dabiltza Somaliako kostaldean eta mendebaldeko arrantzontziak eta merkataritza ontziak bahitzea irabazpide erraza suertatu zaie eta, hala, larridura handia sortu dute nazioarteko gobernu askorengan.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2017/6/1 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.