Q sukar
Q sukarra gaixotasun infekziosoa da, Coxiella burnetii bakterioak eragindakoa, mundu osoan zehar zabaldurik dagoena.[1] Zoonosia da, alegia, animaliengandik gizakiarengana pasatzen da. Behiak, ardiak, ahuntzak eta beste abere batzuk izan daitezke bakterio patogenoaren eramaileak. Infektatutako animalien aerosolak arnastea, edo haien esne, gernu, gorotz, baginako fluxu edo haziarekin kontaktua izatea da gizakia kutsatzeko biderik ohikoena. Animaliei abortuak eta ugalketa arazoak eragiten dizkie.[1] Gizakietan, berriz, sukarra, pneumonia atipikoa edota hepatitisa ekar dezake; tratatu gabeko kasu bakan batzuetan kroniko bilaka daiteke.[2]
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Q sukar | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | infekzio bakteriano primarioa, Zoonosia eritasuna |
Espezialitatea | infektologia |
Arrazoia(k) | Coxiella burnetii |
Sintoma(k) | sukarra, buruko mina, goragalea, hotzikara, oka, beherakoa, tripako mina, bularreko mina, min muskuloeskeletiko sekundario kronikoa, eztula, anorexia, Negela, hepatomegalia, esplenomegalia, Hipotentsioa bradikardia |
Patogenoaren transmisioa | vector-borne transmission (en) , aire bidezko kutsadura, ukitzeen bidezko kutsapen fecal–oral route (en) |
Azterketa medikoa | Hemograma, ekokardiografia, Immunofluoreszentzia, ELISA Polimerasaren kate-erreakzioa |
Tratamendua | |
Erabil daitezkeen botikak | doxiziklina, ofloxazino, Azitromizina, pefloxacin (en) eta Hidroxiklorokina |
Identifikatzaileak | |
GNS-10-MK | A78 |
GNS-9-MK | 083.0 |
DiseasesDB | 11093 |
MedlinePlus | 001337 eta 000611 |
eMedicine | 001337 eta 000611 |
MeSH | D011778 |
Disease Ontology ID | DOID:11100 |
Aitortu beharreko gaixotasuna da Q sukarra. EAEn 81 kasu jakinarazi ziren 2017an [3]
Historia
aldatuEdward Holbrook Derrickek 1935ean deskribatu zuen aurrenekoz Q sukarra, Brisbaneko (Queensland, Australia) hiltegietako langileengan. Q fever izena eman zitzaion (query fever, “galdera ikurren sukarra”).[4] Patogenoa 1937an isolatu zuten Macfarlane Burnet eta Mavis Freemanek Derrickek bidalitako laginetan. Hasieran Rickettsia espezie bat zela pentsatu zuten (Rickettsia burnetii). Patogenoaren gordailu naturala animalia basatiak zirela atera zuten ondorioz, etxe-abereak gordailu sekundarioa zirela, eta transmisioa lakasten edo beste artropodo batzuen bitartez gertatzen zela. 1938an, bakteria Coxiella burnetii berrizendatzea proposatu zuen Cornelius B. Philipek, Coxiella generoa sortuz.[5]
Epidemiologia
aldatuCoxiella burnetii mundu osoan banaturik dago, Zeelanda Berrian izan ezik. Behiak, ardiak, ahuntzak, txakurrak, katuak eta animalia basati ugari (arratoiak, saguak, gameluak, bufaloak...) dira haren gordailu naturalak. Bakteriak espora moduko forma erresistenteak sortzen ditu. Horrek ahalbidetzen du animaliengandik kanpo bizirik irautea, airean edo hautsean, adibidez.
Animalia eramaileek bakterio patogenoak kanporatzen dituzte gernu, gorozki, esne eta karenaren bidez. Hori dela eta, errazago kutsatzen dira abereekin harreman zuzena dutenak (abeltzainak, albaitariak), eta baita esnea gordinik kontsumitzen dutenak ere. Patogenoa arnas-traktutik sartzen da gehienetan (animalia kutsatuaren aerosolak arnasterakoan), baina kasu gutxi batzuetan infekzioa kaparren bitartez gertatu da. Pertsonen arteko transmisioa oso arraroa da.
Sintoma klinikoak
aldatuQ sukarra diagnostikatzea ez da erraza, aldaera asko daudelako. Pazienteen %60k ez du sintomarik nabaritzen. Gainerakoetan gripearen antzeko sintomak eragiten ditu: sukar handia, buruko mina, mialgiak, artralgiak eta eztula. Batzuetan erupzioa edo sindrome meningeoa agertzen dira. Sukarrarekin batera, pneumonia edo hepatitisa ere eragin dezake. Bakanagoak dira haurdunaldiko arazoak, miokarditisa edo gaixotasun neurologikoak.[4]
Immunitate-sistema infekzioa mendean hartzeko gauza ez denean, kroniko bilakatzen da. Horrelakoetan endokarditisa izan ohi da koadro klinikorik ohikoena. Oso larria da, gaixoen %25-60 hil egiten baitira tratamendurik jaso ezean. Gaixotasun baskularrak, osteomielitisa, hepatitis kronikoa edo birika-tumoreak izan daitezke Q sukar kronikoaren beste ondorio batzuk.[4]
Diagnostikoa
aldatuHiru metodo erabiltzen dira: zelula-kultiboak, PCR eta serologia.[4] Ikerketa serologikoak (IFI, ELISA) Coxiella burnetii-ren aurkako antigorputzak bilatzen ditu gaixoaren odolean.
Tratamendua
aldatuAntibiotikoak erabiltzen dira: doxiziklina Q sukar akuturako, eta doxiklina eta hidroxiklorokina Q sukar kronikoa tratatzeko.[4]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b Astobiza Pérez, Ianire. Distribución de "coxiella burnetii" en los rumiantes domésticos y en la fauna silvestre de la Comunidad Autónoma Vasca. doktore tesia, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-16).
- ↑ Q Sukarra. ganaderia.elika.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-16).
- ↑ Gaixotasun kutsakorren zainketa euskadi.eus, Osasun-saila
- ↑ a b c d e Q Sukarra. elika.net (Noiz kontsultatua: 2019-11-16).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Maurin M. eta Raoult D.. Q Fever. Clin Microbiol Rev. 1999 urria; 12(4): 518–553, ncbi.nlm.nih.gov (Noiz kontsultatua: 2019-11-16).
Kanpo estekak
aldatu- Q sukarra, eskuorria, ganaderia.elika.eus
- Q sukarra[Betiko hautsitako esteka], elika.net
- Nola kutsatzen da Q sukarra abereetatik gizakietara?, elkarrizketa Xabier Iradi albaitariari, 2014/04/09, eitb.eus