Pindaro
Pindaro[1] (antzinako grezieraz: Πίνδαρος, Pindaros, Píndaros ahoskatua; latinez: Pindarus; Kinozefale, Beozia, K.a. 522 aldean - Argos, K.a. 440 aldean), greziar poeta lirikoa izan zen. Garai hartako olerkari ospetsuenetako izateaz gain, greziar poeta liriko nagusitzat hartzen da.
Pindaro | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Cynocephalus (en) , K.a. 517 |
Herrialdea | Boeotian confederation |
Lehen hizkuntza | Aeolic Greek (en) |
Heriotza | Argos (en) , K.a. 437 (79/80 urte) |
Familia | |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | antzinako greziera Aeolic Greek (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, mythographer (en) eta idazlea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Bizitza
aldatuFamilia aristokrata bateko kidea zen. Agatokle eta Laso Hermionekoa olerkiarekin ikasi zuen Atenasen. Arrakasta handiko poeta izan zen, eta berehala hedatu zen haren izena Grezia osoan harrena. K.a. 496an irabazi zuen lehenengo saria poesia leihaketa batean ditiranbo bati esker. K.a. 476. urtean Siziliara joan zen, eta Hieron eta Teron tiranoen gorteetako olerkari izan zen. Atenasa itzuli zenean, ospe eta ohore handiz bizi izan zen.
Olerkigintza
aldatuPindaroren poesia hamazazpi liburutan biltzen da: erlijio kantuak (peaneak, ditiranboak, prosodioak, partenioak, eta hiporkemak), eta kantu profanoak (enkomioak, trenoak eta epinizioak). Epinizio edo garaipenezko odetan, Olinpiar Jokoetako eta beste joko batzuetako garaileak goraipatu zituen. Tebastarra izan arren, doriar dialektoan idatzi zuen, hori baitzen literatura dialektoa garai hartan, eguneroko bizitzan erabiltzen zenaren oso bestelakoa.
Pindaroren poesiara hurbiltzeko ezinbestekoa da ezagutzea, batetik, zertan ziren garai hartako atletismo lehiaketak, eta bestetik, zenbaiterainoko garrantzia zuten greziarrentzat. Lau jaialdi mota izaten ziren, eta haietan irabazle izaten zirenentzat idazten zuen Pindarok. Lehiaketa horien artetik nagusiak Olinpon lau urtez behin egiten ziren. Haietan garaile zirenei kantatzeko, Pindarok oda ugari idatzi zituen, baina horietatik hamalau besterik ez dira iritsi gaur egun arte. Delfosen Apoloren ohorez ospatzen ziren Pitiar Jokoetarako idazten ziren lanei pitikoak esaten zitzaien, eta Pindaroren hamabi pitika ezagutzen dira; Nemeako Jokoetako irabazleen ohorez idatzi zituen lanetatik, berriz, hamaika gorde dira; Korinton Joko Istmikoak ospatzen ziren, eta haietarako Pindarok idatzi zituen zortzi oda ezagutzen dira gaur egun.
Musika, dantza eta bertsoa batera izaten ziren garaipen kantuetan, baina gaur egun hirugarren osagaia besterik ezin da aztertu. Pindarok ikuskizun horietarako ondu zituen bertsoek argi eta garbi erakusten dute ospakizun haien izaera sakratua. Poesia mota hori egitura jakin baten arabera antolatzen zen: konposizioaren hasieran atletaren garaipena aipatzen zen, eta jokoak ospatzen ziren hiriaren gorespena egiten zen ondoren, bertako historiaren edo jainkoen ekintza gogoangarriak aipatuz. Garailearen aldeko laudoriekin batera atletaren jaioterriaren eta senideen aldekoak aipatzen ziren, eta laudorioekin batera aholku moralak ematen zituen.
Poeta erlijiosoa zen Pindaro eta, zenbaitetan, deboziozko otoitz zintzoa bihurtzen du bere poesia. Behin baino gehiagotan, elezaharra ere aldatu egiten du jainkoen perfektotasuna hondatu ez dadin. Baina bizitza zoriontsuaren abeslaria da aldi berean, gazteen indarraren eta edertasunaren abeslaria. Heroiaren goreneko ezaugarria bertutea da, gizakiak jaiotzetik berekin dakarrena; horrexegatik hartu behar da kontuan familia. Belaunaldiak batzuk besteekin nahasten dira eta garailearen aintza arrazarenarekin elkartzen du. Horregatik jotzen du hainbestetan Pindarok elezaharrera, atletaren familiaren bidez edo jaioterriaren historiaren bidez, jainkoekin bizi izan zen leinuaren sortzailearengana edo komunitatearen babeslearenganatsi ahal izateko. Hala, garaipen ereserkiak poesia erlijiosoaren ezaugarriak hartzen ditu. Pindarok bere lanetan erabiltzen duen hizkuntza adierazkortasun handikoa da, aberatsa hitzen asmamenari dagokionez -hitz elkartuetan batez ere-, eta sormenezko lan hori balio poetikoak lortzeko helburuarekin egiten du gehienbat. Ideia asko biltzen ditu hitz gutxitan, eta modu horretan estilo trinko eta bizkorra sortzen du.
Pindaroren poesian konparazio hutsak ugariak ez badira ere, metaforak pilatu egiten dira bata bestearen atzetik. Haren esaldiak ez ditu erretorikak luzatzen, imajinazioak baizik; esalditik metaforara igarotzen da, eta handik balio poetikoetara joaten da. Horrela, pasadizo huts batetik edo inguruko errealitatetik mitora igotzen da, eta garaipen batetik elezaharrera, poesiaz eta zentzu sakratu eta moralaz beterik dagoen elezahar horretara.
Pindaroren bertsoen egitura ausardiaz eta berrikuntzaz beterik dago, baina neurri eredu oso zail eta zorrotzen mende; izan ere musikaren doinura egokitu behar baitzitzaion nahitaez. Lehen esan bezala, Pindaro ulertzen zaila da eta, bai antzina, bai gaur egun, azalpen, interpretazio eta komentario ugari egin izan dira haren lanaren inguruan. Greziako lirikak Pindaroren poesiarekin iritsi zuen goreneko maila.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014-03-23 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2015-06-09 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo loturak
aldatu- Euskarari ekarriak: Pindaro Ekarriak.armiarma.eus