Paleomagnetismo
Paleomagnetismoa antzinako Lurraren eremu magnetikoa eta geologia-aldietan eremu horrek izan zuen bilakaera aztertzen dituen jakintza da. Lurreko eremu magnetikoak denboran izan dituen aldaketak zehazteko, lurpeko harri-geruza zaharrek dituzten mea ferromagnetikoak ikertzen ditu paleomagnetismoak, horiek kristaltzeko unean Lurreko eremu magnetikoaren norabidean orientatzeko joera dutenez. Hala, harri-geruzak eta jatorriz itsas hondoko bizkarretatik sortuak diren lurrazaleko materialak aztertuz, Lurrak geologia-aldietan izan duen polaritatea eta horren bilakaera ezagutu daitezke. Harri-geruzen magnetismoa aztertuz jakin dute geologoek, nola higitu diren lurrazaleko plaka tektoniko handiak denboran zehar; hortik sortu da plaken tektonikaren teoria eta kontinenteen higiduraren nondik norakoa argitu ahal izan da.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.