Modesto Carriegas

politikari espainiarra

Modesto Carriegas Pérez (Artzentales, 1932 - Barakaldo, 1979) ETAren[1][2] biktima bat da, Diputatuen Kongresurako Euskal Herriko Foru Batasunaren hautagaia izan zena.

Modesto Carriegas
Bizitza
JaiotzaArtzentales1932ko irailaren 12a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaBarakaldo1979ko irailaren 13a (47 urte)
Heriotza moduagiza hilketa: bala zauria
HiltzaileaEuskadi Ta Askatasuna
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta bankuko kutxazaina
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaEuskal Herriko Foru Batasuna

Biografia

aldatu

Modesto Carriegas Artzentalesekoa zen, ezkonduta zegoen eta 5 seme-alaba zituen. 1979ko irailaren 13an hil zuten, 47 urte zituelarik.[3] Orduan, Barakaldon bizi zen eta bertan lan egiten zuen Banco Hispano Americano bankuan, udalerriko bulego baten zuzendari moduan. Euskal Herriko Foru Batasuna koalizioaren zerrendan bigarrena izan zen eta Diputatuen Kongresurako hautagaia izan zen.

Hilketaren aurretik, Modestok beste eraso bat pairatu zuen.[4]Hain zuzen ere, urtarrilaren 27an, ETA politiko-militarreko lau kidek bere sukurtsalean lapurreta egin zuten[5] eta ondoren, Modesto bahituta eraman zuten.[6][7] Etakideek 10 milioi pezeta eraman zituzten Hispano Amerikano bankuaren bulego hartatik. Ondoren, zuzendaria Barakaldoko geltokira eraman zuten eta Bilborako tren batean sartu zuten. Bilbora iristean, taberna batean aske utzi zuten, bertan goizeko bederatziak arte geratzeko ohartaraziz. Bahiketaren helburua lapurretaren salaketa atzeratzea zen.

1979ko irailaren 13an, Modesto etxetik irten zen, goizeko 8ak aldera. Egunero bezala, lanera zihoan, Hispano Americano bankura. Atentatuan hiru etakidek esku hartu zuten. Horietako bi eskaileretan ezkutatuta zeuden, Modestoren zain.[9] Normalean, honek, oinez jaisten zituen eskailerak. Igogailuaren parean eraso egin zioten, oso hurbiletik lau tiro emanez: buruan bi eta sabelean beste bi. Ez zen zuzeneko lekukorik egon, baina auzokide eta senideek ondo entzun zuten tiroen soinua[10] eta alboko atariko banku-sukurtsalean lan egiten zuten langileak laguntzera hurbildu ziren. Modesto lurrean aurkitu zuten, esku bat sabelean zuelarik. Langile horiez gain, berehala bere auzokide eta mediku José Reparaz Fernández[8] bertaratu zen, inguruko kiosko batetik tiroak entzun ondoren. Handik gutxira, bere emaztea ere jaitsi zen. Anbulantzia batek Gurutzetako ospitalera eraman zuen, baina ospitalean sartu zenean hilik zegoen jadanik.

Hilketa burutzeko, hiltzaileek kolore zuriko Seat 127 bat lapurtu zuten Portugaleten (Bizkaia).[11]gutxi gorabehera atentatua baino ordu bat lehenago. Jabeari pistola batekin mehatxu egin zioten eta ordu batzuk igaro arte gertakari horren berri ez emateko agindu zioten. Auto horren barruan, hirugarren etakide batek itxaron zien pistolariei, hilketaren ondoren ihes egiteko. Ibilgailua Polizia Nazionalak aurkitu zuen, Portugaleten, atentatuaren ondoren. Gainera, hurrengo egunetan, ETAk Modesto Carriegasen familiari gutun bat bidali zion, Barakaldotik alde egiteko aginduz.[12]

Hilketaren egoera prozesalari dagokionez, Auzitegi Nazionalak, ikerketa emankorrik ez zegoela kontuan hartuta, sumarioa bukatutzat jo zuen eta auzia behin-behinean largetsi zuen, urte bereko abenduaren 26an. ETA militarrak hilketa honen autoretza aldarrikatu zuen, bi egun beranduago egindako adierazpen baten bitartez.[13] Hilketa behin-behineko largespen egoeran dago, beraz, hilketaren egileek ez dute zigorrik jaso eta ez dago gertakari hauek ETA erakunde armatuari leporatzen dizkion ikerketarik.

Erreferentziak

aldatu
  1. .
  2. .
  3. .
  4. (Gaztelaniaz) Ugarte Gastaminza, José. (2018). La bolsa y la vida. La esfera de los libros, Anexo 1 or. ISBN 978-84-9164-200-8..
  5. http://www.rtve.es/memoriadevida/detalle.php?id=206
  6. .
  7. .
  8. a b .
  9. .
  10. .
  11. .
  12. (Gaztelaniaz) Rogelio Alonso; Florencio Domínguez; Marcos García Rey. (2010). VIDAS ROTAS: Todas las víctimas de ETA. S.L.U. ESPASA LIBROS, 232 or. ISBN 9788467032789..
  13. .

Bibliografia

aldatu
  • (Gaztelaniaz) MERINO, A., TXAPA, A., Raíces De Libertad. 33-40 horrialdeak FPEV (2011). ISBN 978-84-615-0648-4