Maider Uriarte
Maider Uriarte Idiazabal (Colchester, 1981 – Bilbo, 2016ko abuztuaren 23a) arkitektoa zen Metak Arkitektura Tailerra sortu zuen Bilbon, Kepa Iturralde eta Zigor Iturbe arkitektoekin batera. 2008an lortu zuen arkitekturako titulazioa Euskal Herriko Unibertsitatean eta 2014ko abendutik UPV/EHUko Hirigintza eta Lurralde Antolakuntzako irakaslea zen.
Maider Uriarte | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Colchester, 1981 |
Herrialdea | Bizkaia |
Heriotza | Bilbo, 2016ko abuztuaren 23a (34/35 urte) |
Familia | |
Aita | José Ramón Uriarte Ayo |
Ama | Itziar Idiazabal |
Hezkuntza | |
Heziketa | Euskal Herriko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | euskara ingelesa gaztelania frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | arkitektoa eta unibertsitateko irakaslea |
Enplegatzailea(k) | Euskal Herriko Unibertsitatea |
Lan nabarmenak | |
Kidetza | Udako Euskal Unibertsitatea Aldiri. Arkitektura eta abar |
Arkitekto ikertzailea
aldatuMaider Uriarteren ikerketa-ildo nagusia paisaia izan zen, alegia, gizarteek eta kulturek lekua ulertzeko, adierazteko eta sortzeko duten bide desberdinak. Paisaia, Maider Uriarteren esanetan, ulerkera formalaren eta funtzionalaren arteko eremuan dago, hautemate fisiko eta abstraktuaren artean, eta lurraldea kulturalki interpretatu daiteke.[1]
UPV/EHUko Arkitektura Saileko ikerlari bekaduna izan zen 2011-2013 bitartean. Hain zuzen ere, 2012-2013 artean ikerketa-egonaldiak egin zituen University College London-eko Urban Lab-ean, baita Municheko Technical Universityko Landscape Architecture and Regional Open Space (LAREG) katedran ere.[1][2]
2015eko urrian Nazioarteko Doktoretza eskuratu zuen, «Paisaiaren Ikuspegia eta bere Lau Dimentsioak: Metodo interpretatzaile konstruktibista baten proposamena Bilboaldeko hiri bazterreko paisaia menditsuen kasuan aplikatua» doktorego-tesia defendatuz (UPV/EHUko Marte Mujika eta TU Munich unibertsitate teknikoko Sören Schöbel-Rutschmann irakasleen zuzendaritzapean). Paisaien izaeraren interpretazioari buruzko lan bat zen. Zeintzuk dira eta nola erabil daitezke paisaiaren ezaugarri kualitatiboak hiri bazterreko paisaien kudeaketa onuragarria lortzeko? Horretarako, tesiak paisaion izaeraren definizio onargarri bat formulatzen du eta dokumentatutako gizarte eraikuntzak interpretatzen ditu. Helburua berezko paisaia-egiturak eta paisaiaren garapenaren joerak bilatzea da, berariazko kudeaketa eta plangintza-irizpide zehatzak sortzeko onuragarriak izan daitezkeelakoan. Hiri bazterreko paisaien izaera ulertzeko hiru oinarri hauek hartu zituen: bata, paisaia gizarteak eraiki duen geruza anitzeko kontzeptu gisa ulertzen duen teoria-ikuspegia; bigarrena, konstruktibismoa oinarri duen interpretazio tresna baten egituraketa; azkena, hiri-bazterreko paisaien ikerketa kasu konkretu baten erabilera. Oinarri teoriko konstruktibistak dituen tresna bat garatu zuen eta hori frogatzeko Bilboaldeko hiri bazter menditsuko paisaia-interpretazioa jorratzen du.[3]
Aldiri aldizkariko sortzaile
aldatu"Aldiri. Arkitektura eta abar" aldizkariko sortzaileetako bat izan zen. Udako Euskal Unibertsitatearen laguntzarekin 2009an argitaratu zuten 0 zenbakia, "Hasiberriak. Arkitekto gazteon komeriak" izenburupean, eta lehendabiziko zenbaki hartako parte-hartzaileen artean zeuden Maider Uriarte eta hainbat arkitekto hasiberri, besteak beste, Unai Fernandez de Betoño, Ibai Gandiaga, Ula Iruretagoiena, Agurtzane Elguren, Kepa Iturralde eta Ander Gortazar besteak beste. Geroago 2015ean, aldizkari zuzendari-kide postua hartu zuen.
2016n Gara egunkariko "Gaur8" gehigarriko zutabegilea moduan aritu zen. Lehenago, 2011-2013 bitartean, Noticias Taldeko "Ortzadar" gehigarriko arkitektura-zutabegilea ere izan zen.[1]
« | "Aldiri. Arkitektura eta abar" izan da azken urteetan UEUren argitalpengintzan gertatu den gauzarik handienetako bat. Arkitekturaren alorreko irakasle-ikertzaile-profesional gazteen talde ilusioz, ideiaz, jakintzaz eta jakinminez betea, lan akademikoak euskaraz idatzi eta argitaratzeko gogoz. Lan-eremu berrian ari dira, unibertsitate-ikerketa akademikoa arkitekturan beste eremu batzuetan baino gutxiago garatu delako, eta eremu berri hori euskaraz goldatzen ari direlako. Maider Uriarte Idiazabal doktorea izan da talde horretan kide eta motoreetako bat | » |
—UEU[1] |
Irakaslea unibertsitatean
aldatu2014tik Donostiako Arkitektura Eskolan Hirigintza eta Lurralde Antolakuntzako irakaslea izan zen. Bere bokazioa pentsamendu kritikoa zen. Gaztetasunaren indarra eta heldutasunaren zorroztasuna irakur daitezke bere irakaskuntza praktika eta idazketetan. Ibilbide akademiko laburra bezain bizia burutu zuen. Proiekzio internazionala eta euskararekiko atxikimendua azpimarratzekoak dira; etxetik eta kanporako bidean, aldarrikatzen zuen paisaia kulturalaren zabalkuntzan sutsuki eta eskuzabaltasunarekin aritu zen.
Argitalpenak
aldatuLiburuak
aldatu- Paisaia-ikuspegia eta haren lau dimentsioak: metodo interpretatzaile konstruktibista baten proposamena, Bilboaldeko hiri-bazterreko paisaia menditsuen kasuan aplikatua. (2017) Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 978-84-9082-702-4 [4][5][6]
Artikuluak
aldatuAldiri aldizkarian 16 artikulu idatzi zituen 6 urtetan
- Hiri bazterreko paisaietara hurbilketa teorikoa. 2015
- Irantzu Antona: "Paisajismoaren eta arkitekturaren arteko loturak historian zehar, irudikapenen bidez landuak". Iranzu Antonarekin. 2015
- Miren Askasibar: "Paisaiak berezko neurriak behar ditu, lurraldearen nahiz ingurumenaren sinonimo ez delako". Miren Askasibarrekin. 2015
- Aldiriek ez dute postalik. 2013
- Arkitektura, paisaia eta turismoa. Lanzarote eta Norvegiako turismo estrategien ereduak. 2013
- Azpinatura. Gissen eta arkitekturaren ezohiko inguruneak. 2012
- Elena Fabeiro: "Artisautzaren izaera praktikoaren berreskurapena aldarrikatu behar da". 2012
- Mikrokartografia hiritarrak. Hiri-espazioaren eta arkitekturaren irakurketa, skate eta parkour kirolen eskutik. 2012
- Verdolatrie eta azpiegituren kamuflajea. Paisaia eta naturan errepideak txertatzeko estrategia berdezaleak Bilboaldean. 2012
- Animalien arkitektura. Naturan txertaketa lortzeko eredua. Anartz Ormazarekin. 2011
- Bilboko eremu metropolitarreko ertzaren azterketa. 2011
- Kostaldeko babes-balioak. Hondartza zementatuen kasua. 2010
- Paisaiak errepidez blai. Errepideen txertaketa paisaian. 2010
- Surfaren eta ozeanoaren hiria. Steven Holl, Miarritze. 2010.
- Gaur/Atzo. Arkitektoaren irudi berriak hamarkada berriaren atarian. Kepa Iturralde, eta Ibai Gandiagarekin. 2009
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d «Maider Uriarte zena agurtuko dute gaur Leioako Arboretumean - Leioa - 2016-08-26» Hiruka.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Maider Uriarte (1981-2016): “El paisaje es el reflejo de lo que somos” | Vidas científicas» Mujeres con ciencia 2016-09-28 (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ Uriarte Idiazabal, Maider. (2016). Paisaia-ikuspegia eta bere lau dimentsioak: metodo interpretatzaile konstruktibista baten proposamena Bilboaldeko hiri bazterreko paisaia menditsuen kasuan aplikatua. UPV-EHU.[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ «arkitektura.dok: #liburuak #tesiak #paisaia | Paisaia-ikuspegia eta haren lau dimentsioak» arkitektura.dok 2017-11-13 (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ Uriarte Idiazabal, Maider ( 1981-2016). (2017). Paisaia-ikuspegia eta haren lau dimentsioak : metodo interpretatzaile konstruktibista baten proposamena, Bilboaldeko hiri-bazterreko paisaia menditsuen kasuan aplikatua. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 978-84-9082-702-4. PMC 1122957260. (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
- ↑ Uriarte Idiazabal, Maider. (2017-08-10). Paisaia-ikuspegia eta haren lau dimentsioak. UEU ISBN 978-84-8438-634-6. (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuGai honi buruzko informazio gehiago lor dezakezu Scholian |
- (Gaztelaniaz) «Maider Uriarte (1981-2016): “El paisaje es el reflejo de lo que somos” | Vidas científicas» Mujeres con ciencia 2016-09-28 . Noiz kontsultatua: 2020-04-13.