Limoiondo
Limoiondoa edo zitroinondoa (Citrus × limon) fruta-arbola hosto iraunkor txikia da. Bere fruitua limoia edo zitroina da, zapore oso azidoa eta oso usaintsua duen fruta jangarria, garrazkien taldekoa. Botanikoki, limoiondoa Citrus generoaren espezie hibridoa da.
Limoiondo | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Sapindales |
Familia | Rutaceae |
Generoa | Citrus |
Espeziea | Citrus ×limon (L.) Burm.f.
|
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | limoi, limoi-olio esentziala, limoi azal, limoi ur, limoi-oskol, limoiondo-zur eta zidra |
Basionimoa | Citrus medica var. limon |
Limoiondoa Asiakoa da jatorriz, eta seguru asko Txinan eta Indian aspalditik hazten da. Ondoren, Ekialde Hurbilera iritsi zen K.a. 700. urte inguruan, eta musulmanek sakratutzat hartu zuten. Arabiarrak izan ziren, hain zuzen, limoia Europara eraman zutenak.
Etimologia
aldatuPersiarrek līmūn izena eman zioten eta arabiarrek ليمون (laymūn)[1]. Italieraz limone eta gazteleraz limón izanik euskaraz limoi izena hartu zen Hegoaldean. Hizkuntza gehienetan hitz honen aldaerak aurkitzen dira. Frantsesez citron esaten zaio eta hortik jaso da zitroin hitza Ipar Euskal Herrian.
Landarearen ezaugarriak
aldatuZuhaitz hosto-iraunkorra da, azal leunekoa eta sarritan arantzak agertzen ditu. Lau metro inguruko altuera hartzen du eta adar ugari izaten ditu. Zuhaitzaren itxura ez da laranjondoarena bezain borobiltsua izaten[2]. Hostoak txandakatuta ageri dira eta sinpleak, koriazeoak eta linbo elipitikodunak dira. Nerbioari dagokionez perinerbiala da eta pezioloa dute. Kolore berde iluna dute gainaldean, berde argia azpialdean eta 5-10cm luze dira[2].
Loreak banakakoak izan daitezke, bikoteka agertu edo korinboetan. Petalo zuri arroxakara askeak ditu, eta luzeak eta sendoak dira. Sepaloak aldiz elkarturik daude, 4 eta zazpi arteko kopuruan. Ginezeo lodi baten inguruan estamine ugari kokatzen dira, 20 eta 1000 artean. Pistilo barneko obarioak baia itxurako fruitua garatzen du eta haziak zurihorixkak dira itxura oboidea dutenak eta luzetara ildoak azaltzen dituztenak. Urtean zehar hainbat loraldi izaten ditu[3].
Sustraiak ardatz nagusi bat du, azal gris latzekoa eta hainbat adar ateratzen zaizkio alboetara ere desordenatuan[2].
Limoiondoa batazbeste 50 urte inguru bizi da, baina ongi zainduta badago ehun urte ere har ditzake[4]. Behin landatuta 2 eta 5 urte artean loreak ateratzen hasten da.
Fruitua
aldatuLimoiondoaren fruitua Limoia da, hazia inguratzen duen ehuna. Limoiak hainbat erabilera dauzka, bai sukaldaritzan bai beste batzuk. Erabilera nagusia zukua ekoiztea da, nahiz eta bere mamia eta azala ere erabiltzen diren. Limoi-uraren %5a azido zitrikoa denez, bere pH-a 2 eta 3 artekoa da eta zapore garratza dauka.
Jatorri tropikal edo azpitropikala duten beste fruitu batzuk bezala limoia industrialki kontserbatzeko tenperatura freskoa (10-13 °C) eta ingurune hezea (%85-90) behar ditu[5]. Baldintza horietan hainbat hilabete iraungo ditu.
Motak
aldatuLimoiondoaren barietateak
aldatuLimoiondoaren barietate ezagunenak honako hauek dira:
- Eureka: Supermerkatuetan aurkitzen den ohiko limoia da. "Lau urtarotako limoia" (Quatre saisons) ezizena ematen zaio, urte guztian zehar ematen baitu fruitua. Aldaera berezi bat ere badu, azal berde eta horia eta mami arroxa duena[6].
- Femminello St. Teresa: Sorrento ere esaten zaio. Italian hazten da eta fruituak olio ugari du. Limoncello likorea ekoizteko erabiltzen da[7].
- Bonnie Brae: Hazirik ez duen eta azal fina duen limoi leuna da[8]. Kaliforniako San Diego hirian ekoizten da.
- Yen Ben: Australasian erabiltzen den barietatea da.
"Limoi" deitzen dioten beste espezie batzuk
aldatuBadira limoi izena eman arren beste espezie bati dagozkion fruituak ere.
- Limoi laua edo shikwasa (Citrus × depressa): Japonia hego mendebaldeko Okinawa uharteetan eta Taiwanen hazten da. Zukuak egiteko erabiltzen da[9].
- Meyer limoia (Citrus × meyeri): zidroiaren eta pomeloaren arteko hibridoa da[10]. Txinan du jatorria eta lorategieta landatzen zen eta 1908an Frank Meyerrek eraman zuen Estatu Batuetara, hortik datorkio izena[11]. 1970. urtean Kalifornian sukaldaritzan erabiltzen hasi zen[12].
- Ponderosa limoia (Citrus × pyriformis): Meyer limoia bezala, hau ere zidroiaren eta pomeloaren arteko hibridoa da[13]. Dirudienez nahigabe hibridatu zen 1887an Hagerstown (Maryland) hirian, Amerikako Estatu Batuetan[14].
- Limoi latza (Citrus jambhiri): Mandarinondoaren eta zidrondoaren arteko hibridoa da[15].
- Limoi gozoak: Limondoa (Citrus limetta), Lumia (Citrus lumia), Palestinako limondoa (Citrus limettioides)...
Nutrizioa
aldatuC bitaminaren iturri garrantzitsua da, gainerako mantenugaiak baino kopuru handiagotan agertzen da. Sustantzia fitokimiko ugari ere baditu, polifenolak, terpenoak eta taninoak. Limoi zukuak azido zitriko ugari ere badu, lima zukuak baino pixka bat gehiago eta laranja zukuak baino bost aldiz gehiago.
Osagaia | Kopurua |
---|---|
Energia | 121 kJ (29 kcal) |
Karbohidratoak | 9,32 g |
Gantzak | 0,3 g |
Proteinak | 1,1 g |
Bitaminak | |
Tiamina (B1) | 0,04 mg |
Erriboflabina (B2) | 0,02 mg |
Niazina (B3) | 0,1 mg |
Azido pantotenikoa (B5) | 0,19 mg |
B6 bitamina | 0,08 mg |
Azido folikoa (B9) | 11 μg |
Kolina | 5,1 mg |
C bitamina | 53 mg |
Gatz mineralak | |
Kaltzioa (Ca) | 26 mg |
Burdina (Fe) | 0,6 mg |
Magesioa (Mg) | 8 mg |
Manganesoa (Mn) | 0,03 mg |
Fosforoa (P) | 16 mg |
Potasioa (K) | 138 mg |
Zinka (Zn) | 0,06 mg |
Erabilera
aldatuGastronomia
aldatuLimoiondoaren azala, hostoak eta fruituak antzinatik erabili izan dira tokian tokiko gastronomian. Limoi fruitu osoa erablltzen da marmeladak, enkurtidoak eta limoi likoreak egiteko. Limoi xerrak plater ugaritan guarnizio gisa jartzen dira, bai eta edarietan ere. Limoiaren azal birrinduak usain eta zaporea ematen die hainbat plateri, puding eta arrozari esate baterako.
Limoi ura
aldatuLimoi ura, limoiaren zukua, limonada, freskagarri eta koktailak egiteko erabiltzen da nagusiki. Arraina marinatzeko ere egokia da, amonioa neutralizatzen baitu amonio gatz bihurtuz. Okelari kolageno zuntz gogorrak hidrolizatzen ditu eta haragia xamurtu, baina pH baxuak proteinak desnaturalizatzen ditu. Entsaladak atontzeko ere erabiltzen da ozpinaren lekuan[17].
Oxidatzeko joera duten hainbat fruitu kontserbatzeko ere erabiltzen da, oxidazioa burutzen duten entzimak desnaturalizatzen dituelako. Hori gertatzen da sagar, banana eta ahuakateekin[18].
Azala
aldatuMarokon limoi azala gatzetan kontserbatzen dute. Gatza azalean barneratzen da, egitura bigunduz eta onduz. Honekin oso luzaroan kontserbatu daiteke[19]. Ondutako limoiak Mediterranear eremuko herrialde askotako gastronomiak aurkitzen dira, Sizilian, Italian, Grezian eta Frantzian esate baterako.
Limoiaren azala pektina ekoizteko ere erabiltzen da. Pektina gelifikatzaile gisa erabiltzen den polisakaridoa da.
Olioa
aldatuAzalean olioa gordetzen duten zeluletatik ateratzen da.
Hostoak
aldatuLimoiondoaren hostoekin infusioak egiten dira[20]. Haragia eta itsaskiak sukaldatzerakoan ere erabiltzen dira.
Platerak
aldatuJakia | Irudia | Jatorria | Oharrak |
---|---|---|---|
Avgolemono | Grezia, Turkia, Arabia, Balkanak, Italia | Arrautza gorringoaz eta limoiuraz egindako zopa edo saltsa | |
Galaktoboureko | Grezia | Pastel-krema limoiz aromatizatzen dena. | |
Limoi enkurtidoa | Maroko | Gatzetan sartzen dira limoiak luzaroan kontserbatzeko | |
Limoi-eztia | Ingalaterra | Arrautza gorringo, azukre eta limoiz egindako krema | |
Limoi tantak | Limoi zaporeko gozokiak | ||
Limoi tarta | Frantzia | Hostopilezko tarta limoi kremaz betea. | |
Limoi sorbetea | |||
Limonada | Limoi urez egindako edaria | ||
Oilaskoa limoi erara | Kanadako txinatarren platera | Oilasko zati frijituak limoi saltsa sendo batez estaliak |
Medikuntza
aldatu- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Tradizionalki limoia bakteria eta birusek arnas aparatuan eragindako gaixotasunak arintzeko erabili izanda, C bitamina ugari duelako.
Digestio aparatuan urin gastrikoen jarioa erregukatzen laguntzen du. Horretaz gain limoi urak beherakoa eragiten duten patogenoen aurkako potentzial handia dauka[21], hauen hazkundea mugatzen baitu. Gaitasun diuretikoa ere baduenez gernuaren infekzioak, gota, erreuma, artritia eta erlazionaturiko beste hainbat gaixotasunetan ere erabiltzen da[2].
Azaleko zauri eta narriadurak sendatzeko ere erabiltzen da.
Ebanisteria
aldatuLimoiondoaren zura gogorra da eta azal leun horixka du. Ebanisteria lanetarako egur oso prezatua da[3].
Beste erabilera batzuk
aldatu- Industrian azido zitrikoa lortzeko lehengai nagusia da[22].
- Garbiketan erabiltzen da.
- Aromaterapian erabiltzen da, erlaxaziorako batez ere[23].
- Lurringintzan asko erabiltzen da limoiaren azaleko olioa.
- Zientzia irakasteko esperimentu ugari egin daitezke, azido ahula eta batez ere merkea izateak oso erabilgarri egiten baitu. Limoizko bateriak egin daitezke adibidez.
- Tinta ikusezin gisa ere erabiltzen da[24].
Historia
aldatuEz da zehazki ezagutzen non sortu zen limoiondoa baina pentsatzen da Assam eskualdean (India ipar-ekialdea), Myanmar iparraldean edo Txinan izango zela[25], beti ere Himalaia mendikatearen inguruko haranetan[2]. Azterketa genetikoek erakutsi dute zidrondoaren (Citrus medica) eta laranja mingotsaren (Citrus aurantium) arteko hibridazioz sortuko zela[26].
Greziarrek lihoa aromatizatzeko eta sitsetatik babesteko erabili zuten eta Teofrastok erabilera terapeutikoa deskribatu zuen bere lanetan[27]. Jakina da greziarrek olibondoen inguruan ere landatzn zituztela limoiondoak olibondoak parasitoetatik babesteko. Italia hegoaldera Antzinako Erromaren garaian iritsi zen, II. mendearen inguruan, baina ez zuen berebiziko arrakastarik izan. Nabateako nekazaritza libuur batean aipatzen da III edo IV. mendean[2]. Persian ere landatu zen eta 700 urtearen inguruan Irak eta Egipton zabaldu zen[25]. Arabiarren testuetan aipatzen da X. mendeetan eta haien lorategietako ohiko apaingarria zela esaten da. Arabiarrek Mediterraneoko arroan zabaldu zuten 1000 eta 1150 urteen artean[25]. Txinatarrek 1297an limoiondoak landatzen zituztela ere badakigu, Marco Polo merkatariak horrela idatzita utzi zuelako[28].
Europako aurreneko landaketa sendoa XV. mendean Genovan gertatu zen eta dagoeneko sukaldean erabiltzen hasi ziren[27].
1493. urtean Kristobal Kolonek hainbat hazi eraman zituen Ameriketara. Espainiar kolonizatzaileek kontinente guztian zehar zabaldu zuten. Hasiera batean apaingarri gisa eta helburu medizinalekin landatu zituzten. 1751. urtean landaketa garrantzituenak Kalifornian zeuden eta 1800 inguruan Floridan erabilera gastronomikoa ematen hasi zitzaion[25].
1747. urtean James Lind zienzilariak egindako esperimentuek erakutsi zuten limoi ura marinelen dietan sartuta eskorbutoa nabarmen arintzen zuela[29].
Ekoizpena
aldatuLimoiondoa munduan gehien ekoizten diren zitrikoen artean hirugarrena da, laranjondoaren eta mandarinondoaren ondoren[30].
2018. urteko datuen arabera munduan 19,4 milioi tona lima eta limoi ekoiztu ziren. %65a sei herrialde hauek osatu zuten:
Herrialdea | Kopurua (milioi tona) |
---|---|
India | 3,1 |
Mexiko | 2,5 |
Txina | 2,5 |
Argentina | 2,0 |
Brasil | 1,5 |
Turkia | 1,1 |
Izurriak
aldatuHainbat intsektuk erasotzen dute limoiondoa. Aipagarrienak zorri zuria (Aspidiotus nerii)[31], Kaliforniako zorri gorria (Aonidiella aurantii) eta zorri beltza (Toxoptera aurantii) dira[2].
Akaroek (Aceria sheldon) loreen muinak erasotzen dituzte eta fuituak itxura okerra hartzen du. Phyllocnistis citrella lepidoperoak zurtoina zulatu eta galeriak egiten ditu eta bertatik gaixotasunak sartzen zaizkio landareari[2].
Erreferentziak
aldatu- ↑ Eguilaz y Yanguas, L. de. (1886). Glosario etimológico de las palabras españolas (castellanas, catalanas, gallegas, mallorquinas, portuguesas, valencianas y bascongadas) de origen oriental (árabe, hebreo, malayo, persa y turco). Impr. La Lealtad, Granada, 1886; facsímil Ediciones Atlas, Madrid, 1974., 439 or..
- ↑ a b c d e f g h (Gaztelaniaz) «Limonero: todo lo que debes saber» Arboles frutales 2014-10-30 (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Vega, Rocio. (2015-11-22). «El limonero | Características, cuidados, árbol, hábitat» Flores (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
- ↑ «StackPath» www.gardeningknowhow.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-13).
- ↑ Kader, Adel A. (2002). Postharvest Technology of Horticultural Crops (3. edizioa). Oakland, California: University of California, Agriculture and Natural Resources, Publication 3311, 513 or. ISBN 1-879906-51-1..
- ↑ «variegatedpink» citrusvariety.ucr.edu (Noiz kontsultatua: 2020-05-11).
- ↑ (Ingelesez) «Taste of a thousand lemons» Los Angeles Times 2004-09-08 (Noiz kontsultatua: 2020-05-11).
- ↑ Spalding, William Andrew. (1885). The orange : its culture in California : with a brief discussion of the lemon, lime, and other citrus fruits. Riverside, Calif. : Press and Horticulturist Steam Print. (Noiz kontsultatua: 2020-05-11).
- ↑ (Ingelesez) Yamamoto, Masashi; Takakura, Akiko; Tanabe, Aika; Teramoto, Sayuri; Kita, Masayuki. (2017-04-01). «Diversity of Citrus depressa Hayata (Shiikuwasha) revealed by DNA analysis» Genetic Resources and Crop Evolution 64 (4): 805–814. doi: . ISSN 1573-5109. (Noiz kontsultatua: 2020-05-13).
- ↑ (Ingelesez) Curk, Franck; Ollitrault, Frédérique; Garcia-Lor, Andres; Luro, François; Navarro, Luis; Ollitrault, Patrick. (2016-04-01). «Phylogenetic origin of limes and lemons revealed by cytoplasmic and nuclear markers» Annals of Botany 117 (4): 565–583. doi: . ISSN 0305-7364. (Noiz kontsultatua: 2020-05-13).
- ↑ (Ingelesez) «The History of Lemon Trees» Garden Guides (Noiz kontsultatua: 2020-05-13).
- ↑ «When life hands you Meyer lemons, life is sweet» old.post-gazette.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-13).
- ↑ «yuma_ponderosa» citrusvariety.ucr.edu (Noiz kontsultatua: 2020-05-13).
- ↑ «The Citrus Industry» web.archive.org 2008-03-08 (Noiz kontsultatua: 2020-05-13).
- ↑ (Ingelesez) «Definition of ROUGH LEMON» www.merriam-webster.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-13).
- ↑ «FoodData Central» fdc.nal.usda.gov (Noiz kontsultatua: 2020-05-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Vinagreta de limón - Aderezo sencillísimo» Club Ensaladas 2017-09-12 (Noiz kontsultatua: 2020-05-13).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ (Gaztelaniaz) quique. (2017-01-22). «Frutas cortadas, consejos para evitar la oxidación» FRUTIFRESH - Vuelve a comer fruta (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) «RECETA DE LIMONES MARROQUIES» Las Maria Cocinillas 2018-03-06 (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) Riquelme, Maria Angeles. Propiedades de las hojas de limoneroLemon World | Lemon World. (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
- ↑ «ShieldSquare Captcha» hkvalidate.perfdrive.com doi: . (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
- ↑ «Ácido cítrico - EcuRed» www.ecured.cu (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
- ↑ Cooke, B; Ernst, E. (2000-6). «Aromatherapy: a systematic review.» The British Journal of General Practice 50 (455): 493–496. ISSN 0960-1643. PMID 10962794. PMC 1313734. (Noiz kontsultatua: 2020-05-11).
- ↑ «1.Esperimentua Tinta Ikustezina» calameo.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
- ↑ a b c d «Lemon» hort.purdue.edu (Noiz kontsultatua: 2020-05-11).
- ↑ (Ingelesez) «Genetic origin of cultivated citrus determined: Researchers find evidence of origins of orange, lime, lemon, grapefruit, other citrus species» ScienceDaily (Noiz kontsultatua: 2020-05-11).
- ↑ a b Marta. (2016). «La historia del limón y sus orígenes - HistoriaDel.com». HistoriaDel.com - Historia del mundo en que vivimos.
- ↑ «Lemons / Citrus Pages» citruspages.free.fr (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) White, Marcus. (2016-10-08). «La fascinante historia del hombre que desde un barco ayudó a encontrar una cura contra el escorbuto» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
- ↑ (Ingelesez) Simeone, Giuseppe Di Rauso; Matteo, Antonio Di; Rao, Maria Antonietta; Vaio, Claudio Di. (2020). «Variations of peel essential oils during fruit ripening in four lemon (Citrus limon (L.) Burm. F.) cultivars» Journal of the Science of Food and Agriculture 100 (1): 193–200. doi: . ISSN 1097-0010. (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
- ↑ «Aspidiotus nerii | Agrológica» www.agrologica.es (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).