Lehorte
Lehortea, leku jakin batean, denbora luzeko ur eskasia da. Gehienean prezipitazioa batezbestekoa baino txikiagoa denean gertatzen da. Eragin handia du maiz eskualdeko ekosistemetan, nekazaritzan edo ur hornikuntzan. Lehorte batzuek zenbait urtez irauten badute ere, lehorte labur baino indartsu batek ere kalte handia egin diezaioke bertako ekonomiari. Haien ondorioz, migrazio handiak ere izan dira, hala nola Afrikako Adarra eta Sahelen izandakoak.
Klimaren berezko gorabeherak (hala nola, El Niño fenomeno global klimatikoa) nahiz gizakiaren jarduerak (deforestazioa eta akuiferoen gehiegizko ustiapena, esaterako) haren arrazoiak izan daitezke.
Munduan zehar aldiroko lehorte larriak gertatzen dira Sahelen, Afrikako Adarrean, Txina, India eta inguruko herrialdeak eta Australian. Amazonian aspaldiko lehorte larriena 2005ean izan zen, zantzu guztien arabera deforestazioak eraginda.
Eragile nagusiak
aldatuLehortea goi eguratsaren bizitasunaren ondorio izaten da, eta lotura zuzena du presio eremuaren anomaliekin. Baina lehorteak luzaroan iraun eta urtez urte errepikatzen badira, orduan bestelako eragile batzuen ondorio izaten dira. Eragile horiek bi taldetan bereizi dira:
- azaleko aldaketen ondorioak aztertzen dituztenak.
- egurats dinamikaren erritmo nagusiak (ziklikoak edo ez) ezagutu nahi dituztenak.
Ikerlari batzuen iritziz. lehorte baldintzek prozesu segida bat eragiten dute inguruan, eta areagotu eta iraunarazi egiten dute lehortea bera. Adibidez, denbora luzean antizikloi handi baten mende eta euririk gabe egon den eremu batean airea are gehiago lehortzen da pixkana-pixkana, eta lurruntze-izerditzea ere handitu egiten da (zuzenean lurruntzen den ur kopuruaren eta ura lurraren sakonetik xurgatzen duten landareek izerditzen dutenaren batura, alegia).
Landaredia, beraz, arinago edo geldiago, endekatu egiten da, eta horrek azaleko albedoa (eguzkiaren irradaren isla) aldatzen du eta aldi berean irrada balantza ere bai.
Horrek guztiak beheratzea esaten zaion gertaera (airea goi geruzetatik lur azaleraino poliki eta bat eginik beheratzea) indartzen du, eta berotze adiabatikoa sortzen du (tenperatura aldaketa aire masa batean).
Alegia, lehortea lehorteaz elikatzen da. Berrelikatze prozesu bat gertatzen da, eta haren eraginez prezipitazio urritasunak egoera hori denbora luzean berregin dezakeen mekanismo multzo bat abiarazten du.
Beste ikerlari batzuek, berriz, denbora bitarte jakin bateko eta horren aurreko aldietako egurats zirkulazioaren artean izaten diren teleloturetan, energia zikloetan eta energia oreketan jartzen dute arreta.
Eguratsak bere osotasunean, eta areago ozeano-eguratsa sistemak, memoria moduko bat dute; horrenbestez, udako gertakari batek aurreko neguko eguratsaren zirkulazio ezaugarrietan izan dezake jatorria. Hori dela eta, lehorte egoera bat ongi aztertuko bada, lehorteak egurats zirkulazioarekin dituen harremanak eta zirkulazio horren eta denboran eta espazioan aldenduriko gertakarien arteko loturak aztertu behar dira.
Goraxeago aipatu den adibide horretan, esate baterako, Europako sortaldean goi presiozko eremu handi bat (bai azalean bai goian) finkatu izanak eta horren ondorioz airearen egoera egonkortzeak eragin zuen 1976ko lehortea.
Euririk egin gabeko denboraldi luze baten plubiometria defizitari euri urritasun hori areagotzen laguntzen duten beste eragile batzuk gehitzen zaizkio: eguzki ordu gehiago, tenperaturak gora egitea, lurruntzea handitzea. Baina, denetan garrantzitsuena haren ondorioak pairatzen dituen inguruneko egitura sozio-ekonomikoarekin eta han bizi diren biztanleen kontzientzia hartzearekin dago lotua. Gutxi aurreratu duten gizarteetan (non eskualde bakoitzak gai jakin bat edo batzuk lantzen baititu) ez da ustekabeko gertakariei aurre egiteko baliabiderik izaten, ez baita arrisku naturalei aurre egiteko malgutasun ekonomiko nahikorik.
Horixe gertatzen da Afrikako erdi-iparraldeko lurralde lehorretan (Sahel): hor, 1970-1980 hamarraldian izan zuten ur gabezia amaigabeak sekulako hondamena eragin zuen. Herrialde aurreratuetan, berriz, ur askirik ez izatetik sortzen diren arazoak ez dira hain larriak izaten, neurriak hartzen baitira kalteak gutxitzeko.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik hartu da. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.