José Rizal
José Protacio Rizal Mercado y Alonso Realonda (Calamba, Filipinak, 1861eko ekainaren 19a - Manila, Filipinak, 1896ko abenduaren 30a) filipinetako heroi nazionala izan zen.
Biografia
aldatuAita filipinar jatorriko lurjabe handia zuen, eta ama, Teodora Alonso, Filipinetako emakume jakintsuenetako bat zen. Manilako Unibertsitatean egon ondoren, Madrilen egin zituen medikuntza eta arteko ikasketak. Espainian zeuden filipinarren buru bihurtu zen berehala, eta Madrilen itxuratu zituen Filipina uharteen independentziarako lehen asmoak: harentzat, benetako etsaia ez zen guztiz ahulduta zegoen Espainiako estatua, Filipinetako koloniak lotuta zeuzkaten frantziskotar, agustindar eta domingotar fraideen ordena kristauak baizik.
Parisen eta Heidelbergen bukatu zituen medikuntzako ikasketak. 1886an argitaratu zuen lehen eleberria, tagaloz idatzia, Noli me tangere, fraideen aurkako liburua. 1891n idatzi zuen El filibusterismo liburua, eta Filipinetako uharteen autonomiaren aldeko propagandaren ardura hartu zuen ondoren, Bartzelonan. Rizalen programaren arabera, Filipinetako uharteak Espainiako estatuko herrialde bihurtuko ziren, ordezkaritza bat izango zuten Gorteetan, espainiar fraideen ordez, filipinar apaizek jardungo zuten aurrerantzean, biltzeko eta mintzatzeko askatasuna errespetatuko zen, eta filipinarrek eta espainiarrek eskubide berberak edukiko zituzten legeen aurrean.
1892an Filipina uharteetara jo eta Liga Filipina bake mugimendua osatu zuen Manilako hirian. Atxilotu eta Mindanaoko uhartera eraman zuten. Lau urtez eduki zuten espainiarrek han, eritegi batean lanean. 1896an hasi zen Katipunan isilpean ziharduen erakunde abertzalearen matxinada, eta erakunde horrekin harremanik ez zuen arren, militar espainiarrek atxilotu eta, matxinatzea leporatuz, hiltzera kondenatu eta hil egin zuten Manilan; Canovas del Castillok sinatu zuen haren exekuzio-agindua.[1] Ultimo adiós (Azken agurra) poema gogoangarria idatzi zuen hil bezperan.
Ondarea
aldatuRizal espainiar eliteen mamu beltza izan zen luzaro. Miguel Unamunok begiko zuen eta, 1936ko urriaren 12ko Arrazaren Egunean, Salamancako Unibertsitatean paraninfoko bere hil aurreko hitzaldi ezagunean aipatu egin zuen.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Berria.eus. «Lardaskeriatan jarrai» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-06-04).
Kanpo estekak
aldatu- Euskarari Ekarriak: Jose Rizal, ekarriak.armiarma.eus
- Unamuno, Miguel Unamuno Rizal-i begira, itzulpena: Patxi Apalategi. armiarma.eus