Joni Mitchell
Joni Mitchell (Fort Macleod, Alberta, 1943ko azaroaren 7a), Roberta Joan Anderson jaioa, kanadar abeslaria eta musikagilea da. Chuck Mitchell musikariarekin ezkondu zen eta harengandik hartu zuen izena. 1967an, New Yorkera joan zen, eta han argitaratu zuen bere lehen diskoa: Song to a Seagull (1968). 1968an, Judy Collinsek Mitchellen zenbait kantu grabatu zituen, "Both Sides Now", besteak beste, eta arrakasta handia izan zuen. Arrakasta handi horri esker, Mitchellen diskoak ere zabaltzen hasi ziren. Aurrerago, Kaliforniara joan zen bizitzera, eta han grabatu zituen bere diskorik ezagunenak: Clouds (1969), Ladies of the Canyon (1970), Blue (1971), Court and Spark (1974) eta Turbulent Indigo (1994). Bere musika barnekoia eta lirismo handikoa da, eta jarraitzaile ugari ekarri zizkion. Beste disko batzuetan, Hejira (1977) eta Mingus (1979) diskoetan esaterako, bere ohiko rock eta folk musikaz harago, jazz musika ere sartu zuen. Beste disko batzuk: Shadows and Light (1980), Wild Things Run Fast (1982), Dog Eat Dog (1985), Chalk Mark in a Rainstorm (1988), Night Ride Home (1991), Turbulent Indigo (1994), Taming the Tiger (1998), Both Sides Now (2000), Travelogue (2002), Shine (2007).[1][2]
Irudi galeria
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ «Joni Mitchell» IMDb (Noiz kontsultatua: 2022-07-26).
- ↑ (Ingelesez) «Joni Mitchell | Biography, Songs, Blue, Albums, Big Yellow Taxi, Woodstock, & Facts | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-07-26).
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) Webgune ofiziala