Jesusa Lesburguères

kontzentrazio-esparru nazietara deportatua

Jesusa Micaela del Campo Goñi "Gracieuse", ezkontzaz eta kontzentrazio-esparruetako erregistroetan Jesusa Lesburguères (Eugi, 1917ko urtarrilaren 4a - Banhèras de Luishon, Frantzia, 2001eko urriaren 10a) nazien aurkako erresistentziaren kide ez aitortua. Naziek Dachau, Ravensbrück eta Neuengammeko kontzentrazio-esparruetara deportatu zuten. 1945eko maiatzean, Gurutze Gorriaren esku-hartzeari esker askatu zuten. Émile Collado-Del Campo, Jesusaren semeak, Gracieuse et Emilio Mes Résistants, Mes Guérilleros (2020) liburua idatzi zuen, gurasoen omenez.

Jesusa Lesburguères
Bizitza
JaiotzaEugi1917ko urtarrilaren 4a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaBanhèras de Luishon2001eko urriaren 10a (84 urte)
Jarduerak
JarduerakFrantziako Erresistentziako kidea

Bizitza

aldatu

Pedro del Campo Chimeno (1883, Trabazos) eta Apolonia Goñi Egozcueren (1893, Eugi) alabetako bat izan zen.[1] Aitaren enplegua zela eta, Baionara aldatu ziren eta Jesusak hainbat lan izan zituen bertan, etxe batean neskame aritu zen eta hamabost urterekin txokolategi batean jardun zuen.[1] 1940ko ekainaren 27an, naziek Baiona hartu zutenean, Jesusa bertan bizi zen eta hainbat testigantzaren arabera Frantziako Erresistentziaren kide antolatua zen.[1][2][3] Jesusa bizikleta bat lapurtzeagatik atxilotu zuten, erresistentziara batutako errepublikazaleen edota "gerrillarien" sabotaje ekintza ohiko bat, eta horren ondorioz hilabete bat eman zuen Baionako espetxean, 1941eko urtarrilaren 15etik otsailaren 14a arte.[1] 1942ko abenduaren 19an Laurent Lesburguèresekin ezkondu zen Bordelen, eta, orduan, senarraren abizena hartu eta herritartasun frantsesa eskuratu zuen.[1][2] Ana García Santamaría ikerlariaren arabera, ezkontza hori deportazioa saihesteko helburuarekin izan zitekeen.[1]

1944ko maiatzaren 25ean Gestaporen kontrol batean atxilotu zuten, Saint-Jean estazioan amerikar eragile batekin zegoela, bere bitartekoa zen.[1] Senarrak Jesusa salatu zuen, Bouscaten zegoen Gestaporen kuartelean.[1] Jesusa Biarritzeko Maison Blanche espetxera eraman zuten, 1944ko ekainaren 10a arte egon zen bertan.[1] Hurrengo egunean, Bordelera eraman zuten eta 1944ko uztailaren 13an epaitu zuten.[1] Epaitegi militar nazi batek 30 urteko espetxe-zigorra ezarri zion.[1] Deportaziora arte Fort du Hâ espetxean egon zen.[1]

Dachaura zihoan tren-mamua 1944ko abuztuaren 9an atera zen eta abuztuaren 28an heldu zen kontzentrazio-esparrura.[2] 93876 zenbakia zeraraman fitxaren arabera, Jesusa ezkonduta zegoen, katolikoa zen eta arrazoi "prebentiboak" zirela-eta sartu zuten bertan.[2] Txostenaren arabera, ustez, Jesusa neskame eta erizain aritzen zen mediku baten etxean, baina jarduera hori estalki bat zen, ekintza klandestinoetan aritzeko.[1] Horrez gain, bere lantokitik asko ateratzen zela adierazten da, emakume zintzo baten bizimodua ez zeramala iradokiz.[2] Dachauko txosten horren arabera, hurrengo egunean Ravensbrückera aldatu zuten.[2] Ravensbrückeko dokumentazioan ordea, Suzzane Lesburguères irailaren 2an sartu zela idatzi zuten, 62469 zenbakiarekin, arrazoi politikoak zituztela esanez.[1]

1945eko urtarrilaren 31n Ravensbrücketik Hanburgora aldatu zuten, Neuengammeko kontzentrazio esparruari lotutako eremu ezezagun batera.[1] 1945eko maiatzaren 5ean aliatuek Jesusa eta beste hainbat emakume askatu zituzten.[1][2] Suediako Gurutze Gorriak deportatuen ongizateaz arduratu zen eta Jesusa Stockholmon egon zen, Lutetia Hotelean, 1945eko maiatzaren 15etik ekainaren 28ra arte.[1]

Jesusaren osasun egoera zela eta, Bagnères-de-Luchonen zegoen sendategi batera eraman zuten.[1] Bertan ezagutu zuen Emilio Collado Sáez, gero bere bikotea izan zena.[1][3] Jesusa ez zen Bordelera itzuli eta 1948ko uztailaren 22an dibortzioa eskatu zion Laurent Lesburguèresi.[3] Emilio eta Jesusa Bagnères de Luchonen geratu ziren, bertan jaio ziren beren bi umeak, Émile eta Daniel.[3] 1951ean, Emilio lan-istripu batean hil zen eta umeak aitona-amonekin geratu ziren Saint-Just-Ibarren.[1] Jesusak lanean jarraitu zuen umeekin batzeko diru nahikoa lortu arte.[1]

Jesusa deportatuen memoriaren alde egin zuen hil arte.[3]

Aitortza eza

aldatu
  • 1956an Frantziako Gobernuak Jesusa deportatua izan zela onartu zuen, baina erresistentziaren alde egin zuen lana ez zuen aitortu.[1][3]

Literaturan

aldatu

2020an, bere semeak, Émile Collado-Del Campo, familiaren historiari buruzko bi liburu idatzi zituen.[1] Jesusa eta Emiliori buruzkoa, Gracieuse et Emilio Mes Résistants, Mes Guérilleros du izena.[4]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w García Santamaría, Ana. (2021). «Personaje: Jesusa Micaela del Campo Goñi. Una navarra en el infierno nazi» Antzina: revista de genealogía vasca e historia local (31): 53–63. ISSN 1887-0554. (Noiz kontsultatua: 2025-01-24).
  2. a b c d e f g García Santamaría, Ana. (2016). «Republicanos de Navarra, Gipuzkoa, Álava y Bizkaia en campos de concentración nazis: los olvidados» Antzina: revista de genealogía vasca e historia local (22 (Diciembre)): 4–31. ISSN 1887-0554. (Noiz kontsultatua: 2025-01-24).
  3. a b c d e f García Santamaría, Ana. (2023). «Mujeres resilientes: Demetria Carlota Gastón Ganuza, Jesusa Micaela del Campo Goñi, Suzanne Cazaux» Antzina: revista de genealogía vasca e historia local (35): 8–17. ISSN 1887-0554. (Noiz kontsultatua: 2025-01-24).
  4. (Frantsesez) Campo, Emile Collado-Del. (2020-12-08). Gracieuse et Emilio: Mes Résistants, Mes Guérilleros. Books on Demand ISBN 978-2-322-19793-4. (Noiz kontsultatua: 2025-01-24).

Ikusi, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu