Heste-iragazkortasun
Heste-iragazkortasuna heste-paretak substantzia jakin batzuk odolera pasatzea ahalbidetzen duen propietatea da, beste substantzia batzuk igarotzea oztopatzen duen bitartean.
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Hesteak, normalean, nolabaiteko iragazkortasuna du, elikagaiak odolera pasatzea ahalbidetzen duena, eta , aldi berean, hesi funtzioa mantetzen du kaltegarriak izan daitezkeen substantziak (antigenoak, adibidez) hesteetatik irten eta organismoan zehar, odolaren bidez, zabaldu ez daitezen [1]. Horretarako, enterozitoen arteko loturak oso estuak izan behar dira [2].
Azken urteetako ikerketek agerian jarri dute heste-iragazkortasunaren arazoak (batez ere gehiegizko iragazkortasuna) lotuta daudela hainbat gaitz gastro-intestinalekin eta gaixotasun sistemiko batzuekin [3] [4] [5].
Fisiologia
aldatuHeste-iragazkortasuna, aipatu den bezala, selektiboa da: substantzia batzuk hesteetatik odolera pasatzen uzten ditu (elikagai eta molekula txikiak) eta beste substantzia batzuen irteera ekiditen du. Bi dira elikagaiek jarraitzen dituzten bideak heste-hesia zeharkatzeko:
- Bide transzelularra: heste-pareta enterozito-geruza batez osatuta dago. Heste-pareta zeharkatuko duten molekulak (elektrolitoak, aminoazidoak, azukreak, kate laburreko gantz-azidoak...) enterozitoen mutur apikaletik zitoplasmara pasatzen dira (mutur apikalean enterozitoen azalera areagotzen duten milaka mikrobiloxka daude), eta hortik mutur basaletik irtetzen dira, odolera pasatuz [6]
- Bide parazelularra: enterozitoen arteko esparrutik molekula batzuk pasatzen dira hesteetatik odolera. Enterozitoen arteko loturak oso estuak ez badira, bide horretatik substantzia onuragarriak ez ezik, substantzia kaltegarriek ere (antigenoak, metabolismo bakteriarraren molekulak, makromolekulak...) odolera pasa dezakete.
Enterozitoen geruza hesteetako muki geruza batez estalita dago, heste-flora ugari eta immunitate-sistemaren elementuak dituena.
Heste-iragazkortasunaren aldaketak
aldatuAzken urteotan gero eta garrantzi handiagoa hartu dute medikuntzan heste-iragazkortasunaren aldaketek. Bereziki heste-iragazkortasun areagotua. Hau gertatzen denean, enterozitoen arteko loturak (tight junction deritzonak, ingelesez) erlaxatu egiten dira, eta ondorioz bide parazelularretik substantzia batzuk odolera iristen dira hesteetatik. Hori lotu dute ikerketa ugarik patologia zehatz batzuekin [7] [8].
Hainbat eragilek heste-iragazkortasuna areagotu dezakete. Zonulina da horietako bat. Molekula honen gehiegizko jarduerak edo kontzentrazioak enterozitoen arteko loturak irekitzen ditu eta horrenbestez heste-hesiak bere funtzio babeslea galtzen du, odolera pasatuz heste barruan egon beharko liratekeen substantziak. Hau izan liteke patologia batzuen sorburua [9] [10]
Heste-iragazkortasuna areagotzen duten beste substantzia batzuk hauek dira:
- botika batzuk
Eragile hauetako batzuek zonulinaren jarduera aktibatzen dute, eta beste batzuek jarduera propioa dute, heste-hesian mikro-zuloak sortuz.
Lotutako patologiak
aldatuUgari dira heste-iragazkortasun areagotuak izan ditzakeen loturak patologia ezberdinekin [9]:
- gaixotasun autoimmuneak: gaixotasun zeliakoa, 1. motako diabetesa, artritis erreumatoidea, espondilitis ankilosatzailea, Crohn gaitza, esklerosi anizkoitza, ultzeradun kolitisa, lupus eritematosoa eta kolangitis esklerosatzaile primarioa, besteak beste [14].
- minbizi mota batzuk: glioma, biriketako adenokartzinoma, leuzemia mieloide akutua eta pankreako minbizia, besteak beste.
- nerbio-sistemaren gaixotasunak: eskizofrenia eta depresioa aipatu dira [15]
Oro har, onartzen da gaixotasun horien garapena ingurumen-faktoreen eta suszeptibilitate-gene espezifikoen arteko elkarreraginaren ondorio dela. Heste iragazkortasun areagotuak joera genetikoa duen gizabanako batean sortuko luke gaitza, horrenbestez.
Heste-hesia indartzen duten eragileak
aldatuEnterozitoek heste-hesiaren egitura mantentzen dute eta heste-iragazkortasunean funtsezko zeregina burutzen dute. Enterozitoen geruzaren osotasuna eta haien arteko loturak sendotzeko substantzia batzuek haien eraginkortasuna frogatu dute:
- glutamina: aminoazido honek enterozitoen hazkuntza eragin eta heste-hesia indartzen du [16]
- butiratoa: heste-florako bakterio batzuek butiratoa, kate laburreko gantz-azido bat, sortzen dute hartzidura butirikoa egiten dutenean. Agerian jarri dute butirato horrek onura nabarmenak dakarzkiela enterozitoei eta heste-hesiari [17]
- Heste-florako mikrobioak: Escherichia coliren andui batzuk, Lactobacillus casei, Lactobacillus rhamnosus, Bifidobacterium eta Bacteroides thetaiatamicron bakterioak, eta Saccharomyces boulardii legamia, besteak beste, onuragarriak dira heste-iragazkortasuna normalizatzeko, metabolito babesleak sortzen dituztelako. Mikroorganismo horiek probiotiko moduan erabiltzen dira usu [18]
- larazotida azetatoa (AT-1001 deritzona): zonulinaren inhibidorea da. Saio klinikoetan bere eraginkortasuna frogatu du gehiegizko heste-iragazkortasunari aurre egiteko, eta gaixotasun zeliakoan, glutenik gabeko dietarekin batera, erabil liteke.
Erreferentziak
aldatu- ↑ M. Campieri; C. Fiocchi; S.B. Hanauer (31 March 2002) Inflammatory Bowel Disease: A Clinical Case Approach to Pathophysiology
- ↑ Fasano, A (2011 Jan) [https://web.archive.org/web/20150826081610/http://physrev.physiology.org/content/91/1/151.long Zonulin and Its Regulation of Intestinal Barrier Function: The Biological Door to Inflammation, Autoimmunity, and Cancer] Physiol Rev 91 (1): 151-75
- ↑ Suzuki, « Regulation of intestinal epithelial permeability by tight junctions », Cellular and Molecular Life Sciences, vol. 70, no 4, 2013ko otsaila, p. 631–659
- ↑ Bischoff, S. eta 7 gehiago: Intestinal permeability – a new target for disease prevention and therapy BMC Gastroenterology, 2014ko azaroa
- ↑ Seignalet, J.: La alimentación, la tercera medicina Ed. Integral (2016) 56-59 orr. ISBN: 978-84-9118-041-8
- ↑ Groschwitz et Hogan, « Intestinal Barrier Function: Molecular Regulation and Disease Pathogenesis », The Journal of Allergy and Clinical Immunology, vol. 124, no 1, 2009-07-01, 3–22 orr.
- ↑ Leaky Gut As a Danger Signal for Autoimmune Diseases ncbi, 2017ko maiatza
- ↑ Changes in intestinal tight junction permeability associated with industrial food additives explain the rising incidence of autoimmune disease ScienceDirect, 2015eko ekaina
- ↑ a b Fasano, A. (2011) Zonulin and its regulation of intestinal barrier function: the biological door to inflammation, autoimmunity, and cancer Physiology Review
- ↑ Identifican una estrategia preventiva que podría frenar el inicio de la artritis Clínic Barcelona (2015)
- ↑ Gliadin, zonulin and gut permeability: Effects on celiac and non-celiac intestinal mucosa and intestinal cell lines Scandinavian Journal of Gastroenterology, 2006ko apirila
- ↑ The Dietary Intake of Wheat and other Cereal Grains and Their Role in Inflammation ncbi, 2013ko martxoan
- ↑ [O'Hara, JR; Buret, AG (2008). "Mechanisms of intestinal tight junctional disruption during infection". Frontiers in Bioscience. 13 (13): 7008–21
- ↑ Circulating markers of gut barrier function associated with disease severity in primary sclerosing cholangitis Liver Int, 2019ko otsaila
- ↑ Modulatory Effects of Gut Microbiota on the Central Nervous System: How Gut Could Play a Role in Neuropsychiatric Health and Diseases J Neurogastroenterol Motil, 2016ko apirilean
- ↑ Glutamine and intestinal barrier function Aminoacids, 2015eko urria
- ↑ Butyrate Enhances the Intestinal Barrier by Facilitating Tight Junction Assembly via Activation of AMP-Activated Protein Kinase in Caco-2 Cell Monolayers Journal of Nutrition, 2009ko irailean
- ↑ Lopetuso LR, Scaldaferri F, Bruno G, Petito V, Franceschi F, Gasbarrini A (2015)The therapeutic management of gut barrier leaking: the emerging role for mucosal barrier protectors European Review for Medical and Pharmacological Sciences. 19 (6): 1068–1076