Georg Wilhelm Friedrich Hegel
Georg Wilhelm Friedrich Hegel (Stuttgart, 1770eko abuztuaren 27 – 1831ko azaroaren 14) filosofo alemaniarra izan zen. Alemaniar idealismoaren figura garrantzitsuenetako bat[1] eta filosofia modernoko gailurretako bat da. Bere eragina epistemologiara, logikara, metafisikara, estetikara, historiaren filosofiara, erlijioaren filosofiara eta filosofiaren historiara hedatzen da.
Hegelen filosofia idealismo absolutu edo espekulatibo gisa ezagutzen da.[2] Beste idealista guztiak bezala Hegel ere Kanten filosofia traszendentaletik abiatzen da eta horren hutsuneak osatu nahiko ditu, noumenoaren eta fenomenoaren arteko bereizketa edo subjektuaren eta objektuaren artekoa, adibidez. Hegelek bere filosofia historikoki fundamentatzeko jarrera erradikala hartu zuen, natura eta historia arrazoimenean batzeko saiakera handia eginez.[3]
Bizitza
aldatu1770ko abuztuaren 27an jaio zen Hegel Stuttgarten, Württembergeko Dukerria. Umetatik literatura, egunkariak, filosofia saiakerak eta edozein motatako idatziak irakurtzeko irrika izan zuen, ziurrenik bere ez ohiko ama progresistak bere garapen intelektuala bultzatu zuen hezkuntza eman baitzion. Erdi klaseko familia edukitsu batean jaio zen, bere aita Würtembergeko gobernu administratiboaren funtzionario baitzen. Hegel ume gaixoti bat izan zen, sei urte zituelarik baztangaz hiltzeko zorian egon zen, honek bere arreba Christiane-ri gehiago lotu zuelarik.
1788-1793 artean Tübingen-eko seminario protestastean egin zituen ikasketak, bere lagunen artean filosofo izango zenaren Schelling eta Hölderlin poeta aurki ditzakegularik. Bertan jaso zuten hezkuntza gogorrak berain harremana estutu zuen, bakoitzak besteengan izan zuen eragina areagotuz. Gogo biziz jarraitu zuten Frantziako Iraultza, haientzat garai berri baten zalantzarik gabeko ezaugarria baitzen. Bastilla presondegiaren hartzea bere lagunekin ospatu zuten eta ikasle gazteek askatasunaren zuhaitza landatu zuten herriaren inguruetan.[4] Tübingeneko garaian Hegel eta bere lagunak erlijio ofizialetik urruntzen hasi ziren, beraien arabera ez zuelako balio garai berrirako. Sasoi horretan Rousseau eta askatasunaren auzia izan ziren gehien interesatu zitzaizkion gaiak. Horrela, Kanten lanetik lehen lehenik doktrina morala eta erlijioari buruzko tesiak interesatu zitzaizkion. Hegelek, garai horretan ere, tradizio erromantiko alemanari jarraituz eredu grekoa hobetsi zuen eta ez Ilustrazioaren eredu indibidualista eta kosmopolita.[5] Gaztaroan, Hegelek eta bere lagunek, zigorrei iskin egiteko, termino erlijiosoekin mozorrotzen zituzten ideia iraultzaileak[6] Haitiko Iraultza ere garai horretan eman zen. Badago uste duenik Hegelek bazuela horren berri Minerva aldizkari politikoaren irakurle zen heinean eta, aurrerago, Gogoaren fenomenologia liburuan garatu zuen nagusiaren eta morroiaren arteko dialektikaren inspirazio historikoa Haitiko iraultza hori izan zela.[7]
Hölderlin eta Schelling Kanten filosofiarekin eztabaidan hasi ziren baina Hegel oraindik ez. Hegel herri-filosofo gisa jardun nahi zuen, filosofoen ideia zailak herritarrei hedatu nahian. Hegelek Kanten filosofia kritikoa herri-filosofiaren modura osatu nahi zuen baina ez zuen onartu 1800 arte aurretik Kanten sistemaren zailtasunak konpondu behar zirenik.
Tübingeneko ikasketak amaituta Berne joan zen Hegel 1793an, hango familia aristokrata batentzat hezitzaile (Hofmeister) gisa aritu zen. Nahiko isolatuta bizi izan zen urte horietan eta gutun bidez bakarrik mantendu zuen harremana bere lagunekin. Garai horretan Kanten filosofian sakondu zuen. Ordukoa da ‘’Jesusen bizitza’’ idatzia. 1797ko urtarrilean Frankfurtera joango da Hölderlinen laguntzarekin. Garai horretan Hölderlinek eragin handia izan zuen Hegelen pentsamenduan, zabaltasuna eta gaurkotasuna lortu zituen.[8]
1799an aita hil zitzaion Hegeli. Jaso zuen ondasunekin Jenako unibertsitate ospetsura joateko bidaia prestatu ahal izan zuen. Schelling, jada, Jenako irakasle ezaguna zen eta Hegelek laguntza eskatu zion unibertsitatean sartzeko. Schellingi bidalitako gutun batean sistema filosofiko berri bat garatzeko Jenako giro intelektuala behar zuela azaldu zion. 1801ean Hegel Jenako irakasle bihurtu zen. Urte horretan bere lehen lan ezaguna idatzi zuen, Fichte eta Schellingen filosofi sistemen arteko ezberdintasuna eta Shellingekin batera argitaratzen zuen Filosofiaren aldizkari kritikoa-an atera zen.
Testuinguru horretan kontuan hartu beharreko beste auzi bat hizkuntzarena da. Alemana, ordurarte goiko klaseek eta gobernuek erdeinatutako hizkuntza, Frantsesaren lekua hartzera pasa zen prestigiodun hizkuntza bezala. Kant ondoren filosofia ere hizkuntzatik egin nahiko da eta filosofiaren garapena hizkuntzaren garapena izango da aldi berean.[9]
Jena-ko unibertsatean privadozent (soldatarik gabeko unibertsateko irakasle) gisa aritu zen, oso ezagun egin ziren mintzaldiak emanez, Arthur Schopenhauer, bere etsaiarenak jenderik biltzea lortu ez zuten bitartean. Goetheren eragina zela ziurrenik, Ezohiko Irakaslera goragotu zuen unibertsateak.
Jenako urteetan bere sistema filosofikoarentzat hainbat eredu garatzen saiatu zen Hegel. Sasoi hartako azken garaian egitura egokia duen eredu espekulatiboa aurkeztea lortu zuen. Bere sistemaren egitura orokorra ez zuen aldatu geroztik, hiru zati hauekin: Logika, Natura eta Gogoa. Sistema osoa, aurrerago, Zientzia filosofikoen entziklopedia-n (1817) jasoa geratuko zen. [10]
1806ean Napoleonek Prusia errendarazi zuen, unibertsitatea itxiraziz baita ere. Napoleonen kanoikadak entzuten zituela bukatu zuen Gogoaren fenomenologia eta Bambergera joan zen.[11] Kazetaritza lanetan ibili zen han Nurenbergeko institutu bateko zuzendari bihurtu zen arte 1808an. Bere lan handiena idatzi zuen orduan, Logikaren zientzia (1812-16). 1811n Marie von Tucher-ekin ezkondu zen.
1816an Filosofiako katedra lortu zuen Heidelbergeko unibertsitatean eta beste lan nagusi bat ondu zuen Zientzia filosofikoen entziklopedia (1817).[12]
1818an Berlingo unibertsitatean katedra lortu zuen eta Prusiari egindako zerbitzuengatik Frederiko-Gilen III.ak unibertsitateko errektore izendatu zuen 1830an. Garai honetakoa da bere beste lan nagusia, Zuzenbidearen filosofia edo zuzenbide naturala eta zientzia politikoa (1821). 1831eko udan kolera izurrite batek Berlin astindu zuen eta Hegel landa-eremuko herrixka batean babestu zen. Hala ere, udazkenean Berlinera itzuli eta eskolak ematen hasi zen berriz. Azaroaren 10ean eman zuen azken eskola eta 61 urtetako Hegel, sukarreko hiru egunen ondoren, hil zen. Antza denez ez zen koleragatik hil, sabeleko gaixotasun batengatik baizik.[13]
Hil ondoren, eskoletako lezio garrantzitsuak argitararu ziren: Historia unibertsalaren filosofiari buruzko irakurketak, Estetikari buruzko irakurketak, Erlijioaren filosofiari buruzko irakurketak eta Filosofiaren historiari buruzko irakurketak.[14]
Hegel hil eta segituan hasi ziren haren herentzia intelektuala harrapatzeko borrokak. Horrek Hegel desitxuratu bat utzi zuen. 1840tik aurrera Frederiko Gilen IV.a Prusiakoak Hegelen dizipulu guztiak Berlingo unibertsitatetik bidali zituen, horretarako Schellingi, Hegelen lagun ohi eta sasoi hartan kontserbadoreari, eman zioten Hegelen katedra. Hark Hegelen herentzia arriskutsuena unibertsitatetik kanpo utzi zuen.[15]
Testuinguru filosofikoa
aldatuPolitikoki Frantzian eman zen iraultza pentsamenduan ere emango zen benetako iraultza osoa bilakatu zela uste zuten Kant, Fichte, Schelling edo Hegel bezalako alemaniar intelektualek.[16] Mundu berriarentzat formulazio teoriko berri baten bila zebiltzan.[17] Hegelen tesi baten arabera garai bakoitzean herrialde batek mugimendu politiko eta kulturalaren ardura hartzen du eta besteengan eragiten du. Hegelen mendean Frantzia zen herrialde hori.[18][19]
Hegelen filosofia idealismo absolutu edo espekulatibo gisa ezagutzen da.[20] Beste idealista guztiak bezala Hegel ere Kanten filosofia traszendentaletik abiatzen da eta horren hutsuneak osatu nahiko ditu, noumenoaren eta fenomenoaren arteko bereizketa edo subjektuaren eta objektuaren artekoa, adibidez. Fichteren Nian oinarritutako idealismo subjektiboak ez bezala, edo naturan oinarritutako Schellingen idealismo objektiboak ez bezala, Hegelen idealismo absolutuak gogo absolutuaren garapenaren baldintzak zehaztu nahi ditu.[21][22][23][24]
Orokorrean, Hegelek Kanti egiten dion kritika nagusia Spinozak Descartesi egiten zionaren antzekoa da, hau da, ezin da egiaren metodoa egia baino lehen eduki. Garai hartan Spinozaren panteismoa ere hedatzen ari zen[25] eta Hegelen filosofiaren oinarrietako bat izango zen Jainkoa ezin zela modu tradizionalean pentsatu. Jainkoa munduan bertan, historian, aurkitu behar zen askatasunaren bitartez.[26] Era berean, Kantengandik Hegelengana, arrazoimenaren eta izadiaren kontzeptuak aldatu dira eta, gainera, historiaren aurkikuntza egin da. Hegelek bere filosofia historikoki fundamentatzeko jarrera erradikala hartu du, berea da natura eta historia arrazoimenean batzeko azken saiakera handia.[27] Kantentzat izadiak makina batek bezala funtzionatuko luke, baina Hegelentzat organismo bizia da, izateko bere burua bilakatuz doana. Kanten arrozoimena kanpotik ekiten duen ezagutzaile mugatua da eta ezingo du mugagabea ezagutu. Hegelen arrazoimena, izadiaren baitan, mugagabea den heinean, mugagabea ezagutzeko gai da. Kanten arrazoimenak oposizioak pentsatzen ditu, Hegelen arrazoimen espekulatiboak gainditu egiten ditu.[28]
Gogoaren fenomenologia
aldatuGogoaren fenomenologia (1807) Hegelen lehen lan nagusia da eta ondoren osatuko zuen sistema filosofikoaren ataria dela esan daiteke.[29] Hegelen helburua, hasieran, bere jakintzaren (Wissenchaft) sistemari sarrera bat bakarrik egitea bazen ere azkenean lan oso bat bihurtu zen liburua.[30]
Liburuan gogoak edo espirituak (Geist) bere garapenean darabilen bidea azaltzen du Hegelek eta garapen horretan gogoak hartzen dituen tankera edo konfigurazio ezberdinak erakusten ditu. Kontzientziaren tankera oinarrizkoenetik hasi eta jakintza absolutura iritsi arte jarraitzen du. Hegelen pentsaeran gogoaren garapenean sortzen da dena. Horrela kultura garatzen den heinean kultura horren ezagutzaren maila ere garatuz doa eta dena gogoaren garapenaren arabera higitzen da. Prozesu hori da liburuan lantzen dena.[31] Beste modu batera esanda, Hegelek, kapituluz kapitulu, gizadiaren historia intelektual guztia erakutsi nahi du hori gogoak bere burua ezagutzeko garabide logiko gisa aurkeztuz.[32]
Hegelen sistema
aldatuFenomenologia sistemaren sarrera gisa pentsatua izan bazen ere azkenean sistematik kanpo geratu zen lan berezi bat bezala. Fenomenologia amaituta Hegelek bere sistema garatzeari ekin zion. Jenako urteetako azken garaian bere sistema filosofikoarentzat eredua finkatzea lortu bazuen ere hori ez zen jasota geratuko bere Zientzia filosofikoen entziklopedia (1817) argitaratu arte. Sistema osoa aipatu Entziklopedia-n badago ere sistemaren zati batzuk beste idatzi batzuetan garatu zituen zabalago[33]
Sistemak hiru zati ditu: Logika, Natura eta Gogoa. Logikan ideia aztertzen da bere baitan ete bere garapenean; Naturan, ideia naturan nola bilakatzen den aztertzen da eta Gogoan, ideia zatiketa guztiak gainditu eta bere baitara nola bueltatzen den azaltzen da.[34]
Logika
aldatuHegelen logika bere sistemaren oinarria da. Sistemaren atal hori Logikaren zientzia (1812-1816) lanean azaltzen du batez ere eta laburrago Entziklopedia-ren lehen zatian.[35][36] Hegelen logika ez da ohikoan ulertzen den logika formala, ez ditu guk pentsatzean erabiltzen ditugun legeak jasotzen, baizik eta edukia ere logikari dagokio, metafisika jasotzen du. Logika horretan kategoriak errealitatearen kategoriak dira.
Logikak egitura hirukoitza du: Izatearen (Sein) logika, Logikaren zientzia laneko lehen liburua; Esentzia edo zerizanaren (Wesen) logika, bigarren liburua eta Kontzeptuaren (Begriff) logika, hirugarren liburua non Izatea eta Zerizana une batean biltzen diren. Hegelen logikaren funtsezko kategoria bilakatzea (Werden) da. Kontzeptuaren garapena jarraitzen da. Beraz, bilakatze kategoriak Izatetik Ez-izatera pasatze hutsa esan nahi du, izatea eta ezereza bilakatzearen bi uneak dira. Izatetik zerizanera igarotzean existentzian bihurtzen da eta azkenik kontzeptuan, arrazoimenaren kontzeptuan.
Natura
aldatuLogika azaldu ondoren logika hori gauzatu egiten da, erreala egiten da plangintzaren arabera. Naturaren filosofia da sistemaren bigarren zatia eta Entziklopedia-ko bigarren zatian azaltzen du.[37][38] Bere sistemaren arazorik handienak hemen topatu zituen Hegelek eta ezin izan zuen sistemaren zati hau garatu Entziklopedia-tik kanpora. Orokorrean esan daiteke naturan gogoak ez duela bere batasuna lortu.
Gogoa
aldatuGogoa sistemaren azken zatia eta gailurra da. Entziklopedia-ren hirugarren zatian, Zuzenbidearen filosofia-an (1821) eta hilondoan argitaratutako lezioetan garatu zuen.[39][40]
Hobeto ulertzeko komeni da Gogoaren fenomenologia liburua eta hango Gogoa alde batetik eta bestetik sistemako fenomenologia atala eta bertako Gogoa bereiztea. Sistemako Gogoa, naturan gauzatu eta bere baitatik urrundu ondoren, bere baitara itzultzen da eta hiru une ditu: Subjektiboa, objektiboa eta absolutua.
Gogo subjektiboa, antropologian, fenomenologian eta psikologian adierazten den gogo mugatua da, kontzeptua eta errealitatea bananduta daude oraindik.
Gogo objektiboa, mugatua izaten jarraitzen badu ere, benetan egikaritu da eta bere bilakaerak askatasunaren erresumaren garapena islatzen du. Gogo aske hori erakunde historiko konkretuetan zertzen da eta zuzenbidea, moraltasuna eta etikotasuna sortzen ditu.
Gogo absolutua, azken egikaritzapena lortu da. Herri baten gogoak bere burua ezagutzen du artean, erlijioan eta filosofian. Arteak absolutua sentsuen begiespenean ezagutzen du, erlijioak errepresentazioaren forman, eta filosofiak kontzeptu hutsaren forman.
Dialektika
aldatuHegelek dialektikaren ideia Kantengan aurkitu zuen lehenik eta gero, bereziki, Fichterengan. Fichtek, dialektikari lotuta, tesia-antitesia-sintesia terminologia finkatu bazuen ere Hegelek ez zuen inoiz hiruko hori erabili.[41]. Era berean, Hegelen metodo dialektikoa aipatu izan denean hainbat autorek azpimarratu dute ez dela kanpotik ezarritako metodo bat. Hegelen dialektika fenomenologikoa da, pentsamenduak berak bere baitan garatzen du. Ez litzateke jakintzaren metodoa soilik, errealitatearen garapenaren legea ere bada aldi berean. Horrela, arrazoimenak bere burua ezagutzen du arrotza zaion errealitatean eta banaketa hori gainditzen du osotasunean biltzeko.[42] Dialektikaren prozesuan, arrazoimenak bere burua ezeztatu, mantendu eta goratu egiten du tankera berri batera eta prozesua berriz hasten du azken tankera honetatik. Mugimendu hirukoitz hori adierazteko Hegelek Aufhebung kontzeptua erabili zuen eta liburuaren euskarazko itzulpenera "gainditu" bezala ekarri dute. Aufhebung kontzeptuaren esanahia eraldatu zuen Hegelek. Bilakaera horretan, zerbait kontraesankorra izateak zeukan zentzu ezkorra, kontraesanean zeuden egiazko elementuak jasotzearen zentzu baikorrean bihurtu zuen.[43] Kontzeptu hori "bestelakotu" gisa itzultzea hobesten duenik ere bada[44]. Mugimendu dialektikoan hiruko ezberdinak erabiltzen ditu Hegelek: Adibidez, bitartetegabe hor dena (Dasein) ezeztatu edo bitartekotu egiten da (Sein) eta mugimenduaren bukaeran izaera (Wesen) berri bat sortzen da; edo, “berbaitan” dena, bere baitatik irten eta “beste batentzako” bihurtzen da azkenean bere baitara itzuli eta “bere baitarako” tankera hartuz.[45]
Eragina
aldatuHegelen eragina izugarria izan zen Alemanian eta Europan XIX. mendearen erdialdera arte. Bereziki gizarte-zientziak eta historia ulertzeko moduan nabaritzen da hori. Hegel hil zenean bere ideiek ez zuten jarraitzaile zuzenik aurkitu eta hegelianismoak bi noranzko hartu zituen: Eskuin hegeliarrak eta Hegelzale gazteak edo ezker hegeliarra. Eskuineko hegelianismoa teista da eta erlijioa biziberritu nahi du, ezkerrekoa ateoa da eta erlijioa filosofian gainditua izan dela aldezten du. Eskuineko hegelianismoak gogo absolutua azpimarratzen du, eta ezkerrekoak ikuspegi materialista garatzen du. Ezkerreko hegelianismoa emankorragoa izan da, Feuerbach, Marx eta Engels bezalakoengan eragin baitu.[46] Bi hegelianismo horiek ikuspegi aldebakar eta mugatua eskaintzen dute, horregatik, kontraesan horiek gainditzeko, Gadamerrek Hegel hitzez hitz irakurri behar zela adierazi zuen.[47]
Hegelek pentsalari eta idazle ugarirengan izan zuen eragina[48]. Adibidez, Paul Tillich teologoak idatzi zuen Hegelen pentsamendu historiko dialektikoak "beste edozein egiturazko analisik baino eragin sakonagoa izan duela munduaren historian"[49]. Karl Barthek Hegel "Akino protestante" gisa deskribatu zuen, eta Maurice Merleau-Pontyk, berriz, "Joan den mendeko ideia filosofiko handi guztiak – Marx eta Nietzscheren filosofiak, fenomenologia, existentzialismo alemana eta psikoanalisia – Hegelen hasi zirela idatzi zuen. Michael Hardtek nabarmendu duenez, postestrukturalismoaren sustraiak eta oinarri bateratzailea, hein handi batean, ez dago tout court tradizio filosofikoaren aurka, baizik eta XX. mendean postestrukturalismoaren aurretik filosofian nagusi zen "tradizio hegeliarra"ren aurka.
XX. mendeko existentzialismo, postestrukturalismo eta teologiako pentsalari garrantzitsuenetako batzuek "filosofiaren gailurtzat" jo dute Hegelen lana[50]. Jacques Derridak Hegeli buruz idatzi zuen De la grammatologie lanean, "Différancearen definiziorik balego, hegeliar sintesi dialektikoaren muga, etena eta suntsipena izango litzateke, hain zuzen ere, lan egiten duen tokian"[51]. Heideggerrek, hainbat lekutan, Hegelen pentsamendua "garai modernoko pentsamendurik boteretsuena" dela dio.
XX. mendearen erdialdean Gogoaren fenomenologia erreferentziazko lana bihurtu zen ezkerreko pentsalarien artean. Jean Hyppolitek[52] kontzientziaren bildungsroman gisa aipatu zuen eta Bloch, Lukács edo Kojève bezalako autoreek garrantzia eman zioten liburuari, batez ere, laugarren kapituluan ageri den nagusiaren eta morroiaren arteko dialektikari.
Kojèvek, Fenomenologiari buruz, Parisen (1933-39), eman zituen klaseek eragina izango zuten Bigarren Mundu Gerra ostean sona izango zuten Sartre edo Lacan bezalako frantses intelektualengan. Marxismoaren interpretazio berri bat bultzatu zuen horrek. Neurri handi batean Kojèvek egindako irakurketatik irakurtzen da, oraindik ere, Fenomenologia[53]. Simone de Beauvoir-ek nagusiaren eta morroiaren dialektika aipatuko du gizonaren eta emakumearen arteko harremana azaltzeko.[54]
Frankfurteko eskolaren baitan Adorno izan zen ziur aski gehien eta modu sistematikoenean Hegelen filosofia gaurkotzen saiatu zena. Heidegger, Gadamer edo Derridak ere hizketa-gai izan zuten liburua.[55][56]
Azken urteetan Žižek[57] edo Butlerek[58] ere Hegelengana jo dute. Butlerrek, adibidez, Gogoaren fenomenologia-ko laugarren kapituluan agertzen den "desira" kontzeptua edo seigarren kapituluko Antigona-ren figura erabiliko ditu. Ikuspegi feminista batetik Antigona eta Kreonteren arteko dialektika kritikatua izan da, Antigonak ordezkatzen duen desioa eta Kreonteren arrazoimena parekaturik agertzen ez direlako. Carole Patemanek Simone de Beauvoirrek egindako interpretazioan oinarritutako irakurketa feministak zalantzan ipini ditu. Patemanen ustez nagusia eta morroiaren arteko dialektika ezkon-harremanetara hedatzean arazoak sortzen dira.[59] Bestalde, Carla Lonzik patriarkatuaren menderatze-logika bezala salatuko du Hegelen dialektika eta Enrique Dusselek, aldiz, menderatze kolonial eurozentriko gisa.[60] Kritikak gorabehera sarri aipatu ohi da Michel Foucaultek Collège de Francen eman zuen lehen hitzaldian[61] esan zuena. Foucaulten arabera Hegeli ihes egitea ezinezkoa da, leihotik behera botatzen pasatzen dugu bizitza osoa baina behin eta berriro sotoan azaltzen zaigu.[62] Beste modu batean esanda, Hegelen kontra pentsatzen dugunean pentsamendu hegeliarra ezkutuan, maltzurkeriaz sartzen da berriz gurean.[63]
Bestalde, ohikoa ez bada ere, filosofia analitikoa deritzan korrontetik ere izan da hurbilketarik. John McDowell filosofoa, adibidez, kezkatuta agertu da filosofia analitikoak Hegel kanpoan utzi izanagatik eta bere liburu[64] bat Gogoaren fenomenologia-ren prolegomeno gisa aurkeztu zuen.
Euskal Herrian bada Hegelen kontzeptuak erabili izan dituenik, seigarren kapituluan azaltzen den Arima Ederra kontzeptu etikoa kasu.[65][66] Autore batzuen arabera Fenomenologiak, edo Hegelen pentsamenduak, bere estatus pribilegiatua galdu eta ikasgai[67] huts bihurtzeko arriskua izan badu ere nolabaiteko garrantzia berreskuratu du XXI. mendeko gogoeta emantzipatzaileak ontzeko erreferentzia gisa.[68]
Lanak
aldatuGogoaren fenomenologia (1807) izan zen Hegelen lehen lan nagusia. Liburu horretan gizadiaren historia intelektual guztia erakutsi nahi du, hori kontzientziak bere burua ezagutzeko garabide logiko gisa aurkeztuz.[69] Logikaren Zientzia (1812-1816), Zientzia filosofikoen entziklopedia (1817, edizio zabalagoak 1827 eta 1830 urteetan) eta Zuzenbidearen filosofia edo zuzenbide naturala eta zientzia politikoa (1821) izan ziren bizirik zegoen bitartean argitaraturiko zenbait lan.
Hegel hil eta gero bere ikasleek hainbat ahozko kurtsotan Hegelek emandako oharrak argitaratu ziren. Ezagunenak hauek dira: Historia unibertsalaren filosofiari buruzko irakurketak, Estetikari buruzko irakurketak, Erlijioaren filosofiari buruzko irakurketak eta Filosofiaren historiari buruzko irakurketak.[70]
Bochumen Hegel-Archiv sortu zuten Hegelen lanei buruzko Edizio Kritiko bat osatzeko. Edizio kritikoa 1976an hasi ziren egiten eta Gesammelte Werke (GW) izena hartu zuen. Jada lan garranzitsuenak argitaratuak eta kronologikoki ordenatuak daude, horrela, Hegelen sistema filosofikoaren garapen osoa uler daiteke. [71]
Erreferentziak
aldatu- ↑ Redding, Paul. (1997-02-13). Georg Wilhelm Friedrich Hegel. (Noiz kontsultatua: 2022-08-07).
- ↑ Azurmendi, Joxe (2007b): 143-148 or.
- ↑ Jimenez, Jon; Olariaga, Andoni (2009): 68-72 or.
- ↑ Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 9. or.
- ↑ Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 19, 20. or
- ↑ Apodaka, Eduardo (2024): 82. or.
- ↑ Apodaka, Eduardo (2024): 40. or.
- ↑ Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 20-21. or
- ↑ Azurmendi, Joxe (2007): 22, 23, 173, 202 or.
- ↑ Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 23, 41. or
- ↑ Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 23. or
- ↑ Uribarri, Ibon (2008): 289. or.
- ↑ Apodaka, Eduardo (2024): 200. or.
- ↑ Uribarri, Ibon (2008): 289. or.
- ↑ Apodaka, Eduardo (2024): 42 or.
- ↑ Ripalda, José María (2005): 8 or.
- ↑ Azurmendi, Joxe (2007): 90, 91, 96 or.
- ↑ Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 9. or.
- ↑ Azurmendi, Joxe (2007): 11-33 or.
- ↑ Azurmendi, Joxe (2007b): 143-148 or.
- ↑ Uribarri, Ibon (2008): 289. or.
- ↑ Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 17. or.
- ↑ Ripalda, José María (2005): 14 or.
- ↑ Azurmendi, Joxe (2004): 84.or.
- ↑ Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 15-17 or.
- ↑ Ripalda, José María (2005): 9. or.
- ↑ Jimenez, Jon; Olariaga, Andoni (2009): 68-72 or.
- ↑ Azurmendi, Joxe (2004): 85. or.
- ↑ Uribarri, Ibon (2008): 290. or.
- ↑ Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 26. or.
- ↑ Uribarri, Ibon (2008): 290. or.
- ↑ Azurmendi, Joxe (2004): 87. or.
- ↑ Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 23, 41. or
- ↑ Uribarri, Ibon (2008): 292. or.
- ↑ Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 42. or
- ↑ Uribarri, Ibon (2008): 292-294 or.
- ↑ Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 42. or
- ↑ Uribarri, Ibon (2008): 294. or.
- ↑ Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 43. or
- ↑ Uribarri, Ibon (2008): 294-298. or.
- ↑ Kaufmann, Walter (1959): 154. or
- ↑ Uribarri, Ibon (2008): 292. or.
- ↑ Jimenez, Jon; Olariaga, Andoni (2009): 70. or.
- ↑ Apodaka, Eduardo (2024): 58. or, 53. oin-ohar.
- ↑ Insausti, Xabier; Uribarri, Ibon (2005): 230. or.
- ↑ Uribarri, Ibon (2008): 298. or
- ↑ Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 69. or
- ↑ «The Hegel Myth and Its Method by Walter Kaufmann» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2022-08-07).
- ↑ (Ingelesez) Tillich, Paul. (1973). Systematic Theology, Volume 1. University of Chicago Press doi: . ISBN 978-0-226-80337-1. (Noiz kontsultatua: 2022-08-07).
- ↑ Butler, Judith. (2012). Subjects of desire : Hegelian reflections in twentieth-century France. (Reprint edition. argitaraldia) ISBN 978-0-231-15999-9. PMC 803848374. (Noiz kontsultatua: 2022-08-07).
- ↑ (Ingelesez) Derrida, Jacques. (2016-01-29). Of Grammatology. JHU Press ISBN 978-1-4214-1995-4. (Noiz kontsultatua: 2022-08-07).
- ↑ Hyppolite, Jean (1946)
- ↑ Apodaka, Eduardo (2024): 63-64 or.
- ↑ Bauvoir, Simone de (2019): 82. or.
- ↑ Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 69-78 or.
- ↑ Ripalda, José María (2005): 19, 24 or.
- ↑ Žižek, Slavoj (1999)
- ↑ Butler, Judith (1987)
- ↑ Pateman, Carole (2018): 305-308, 391 or.
- ↑ Apodaka, Eduardo (2024): 71-73 or.
- ↑ Foucault, Michel (1971)
- ↑ Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 73. or.
- ↑ Apodaka, Eduardo (2024): 100 or.
- ↑ McDowell, John (1994)
- ↑ Galfarsoro, Imanol (2008): 52. or.
- ↑ Galfarsoro, Imanol (2017): 17. or.
- ↑ Ripalda, José María (2005): 19 or.
- ↑ Apodaka, Eduardo (2024): 93-125 or.
- ↑ Azurmendi, Joxe (2004): 87. or.
- ↑ Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 25. or.
- ↑ Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 69, 70 or.
Bibliografia
aldatu- Apodaka, Eduardo (2024): Subjektuaren zainak eta adarrak, Bilbo, UEU. ISBN 978-84-8438-897-5
- Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): Hic Hegel, hic saltus, Donostia, Jakin. ISBN 978-84-95234-37-7
- Azurmendi, Joxe (2004): "Filosofia modernoa" in Filosofiako gida, Bilbo, UEU. ISBN 84-8438-048-3
- Azurmendi, Joxe (2007): Humboldt. Hizkuntza eta pentsamendua, Bilbo, UEU. ISBN 978-84-8438-099-3
- Azurmendi, Joxe (2007b): Volksgeist. Herri gogoa, Donostia, Elkar, ISBN 978-84-9783-404-9.
- Beauvoir, Simone de (2019)[1949]: Bigarren sexua, Andoain, Jakin.
- Beiser, Frederick C. (ed.)(1993): The Cambridge Companion to Hegel, Cambridge University Press.
- Bloch, Ernst (1949): Subjekt-Objekt, Erläuterungen zu Hegel.
- Buck-Morss, Susan (2009): Hegel, Haiti, and Universal History, Pittsburgh, University of Pittsburgh Press.
- Butler, Judith (1987): Subjects of Desire. Hegelian Reflections in Twentieth Century France, New York, Columbia University Press.
- Foucault, Michel (1971): L'Ordre du discours, Paris, Éditions Gallimard.
- Galfarsoro, Imanol (2008): Subordinazioaren kontra, Iruñea, Pamiela. ISBN 978-84-7681-569-4
- Galfarsoro, Imanol (2017): “Populismoaz: Inkontziente politiko berri baten bila” in Joseba Gabilondo: Populismoaz. Subiranotasun globala eta euskal independentzia, Tafalla, Txalaparta ISBN 978-84-17065-07-2
- Hegel, G..W.F. (2005)[1807]: Gogoaren fenomenologia I, Bilbo, Klasikoak. Itzul.: Xabier Insausti eta Ibon Uribarri. ISBN 84-96455-09-2
- Hegel, G.W.F. (2005)[1807]: Gogoaren fenomenologia II, Bilbo, Klasikoak. Itzul.: Xabier Insausti eta Ibon Uribarri. ISBN 84-96455-10-6
- Heidegger, Martin (1988): Hegels Phänomenologie des Geistes, Frankafurt, Klostermann.
- Houlgate, Stephen (2005): An introduction to Hegel: Freedom, Truth, and History, Blackwell.
- Houlgate, Stephen (2013): Hegel's Phenomenology of Spirit, Bloomsbury Academic.
- Hyppolite, Jean (1946): Genèse et structure de la «Phénoménologie de l'esprit» de Hegel, Paris, Aubier.
- Jimenez, Jon eta Olariaga, Andoni (2009): Modernitatearen auziaz, Donostia, Jakin ISBN 978-84-95234-40-7
- Kant, Immanuel (1999)[1781]: Arrazoimen Hutsaren Kritika, Bilbo, Klasikoak.
- Kant, Immanuel (2005)[1788]: Arrazoimen Praktikoaren Kritika, Bilbo, Klasikoak.
- Kaufmann, Walter (1951): "The Hegel Myth and Its Method", Philosophical Review, 60: 4, 458-486 or.
- Kaufmann, Walter (1959): Hegel: A Reinterpretation, Doubleday.
- Kojève, Alexandre (1947): Introduction à la lecture de Hegel. Leçons sur la «Phénoménologie de l'esprit», Paris, Gallimard.
- Lonzi, Carla (1970): Sputiamo su Hegel, Roma, Editoriale grafica.
- Hans-Christian Lucas (1997): Kant eta Hegel: gerra eta bakeaz gogoetak, Donostia, Jakin. ISBN 978-84-922537-3-8
- Lukács, György (1948): Der junge Hegel. Über die Beziehungen von Dialektik und Ökonomie, Zürich/Wien, Europa-Verlag.
- Marx, Karl (2004)[1845]: Feuerbachi buruzko tesiak, Idazlan hautatuak, Bilbo, Klasikoak.
- McDowell, John (1994): Mind and World, Cambridge, Harvard University Press.
- McGowan, Todd (2019): Emancipation after Hegel: Achieving a contradictory revolution, Columbia University Press.
- Nancy, Jean-Luc (1997): Hegel. L'inquiétude du négatif, Paris, Hachette.
- Pateman, Carole (2018)[1988]: Kontratu sexuala, Andoain, Jakin.
- Pinkard, Terry (2001): Hegel. A Biography, Cambridge University Press.
- Pippin, Robert B. (2012-2013): "Back to Hegel?" in Meditations: Journal of the Marxist Literary Group, 26:1-2, 7-28.
- Ripalda, José María (2005): "Hitzaurrea" in Hegel, G.W.F.: Gogoaren fenomenologia I, Bilbo, Klasikoak. ISBN 84-96455-08-4
- Stewart, Jon (ed.)(1996): The Hegel myths and legends, Northwestern University Press.
- Tillich, Paul (1953-1963): Sistematic Theology, University of Chicago Press.
- Uribarri, Ibon (2008): "Hegel" in Filosofiaren historia, Donostia, Elkar. ISBN 978-84-9783-403-2
- Žižek, Slavoj (1999): The Ticklish Subject, London, Verso.
Kanpo estekak
aldatu- Gogoaren fenomenologia I eta II EHUren webguneko Klasikoak bilduman.
- (Ingelesez) Hegelen lanak, Gutenberg proiektuan
- (Ingelesez)Hegel by HyperText, reference archive on Marxists.org