Folklore

herri baten adierazpide kulturalak: dantzak, artisautza, kontakizunak, esaerak, mitologia, musika, ipuinak, sinesmenak eta abar.
Folklorista» orritik birbideratua)

Folklore, (ingelesezko folk, "herri" eta lore, "jakintza" hitzen lotunea) herri edo eskualde bateko ohitura, herri-literatura, sinesmen, kondaira, musika, eta abarrek osatutako multzoa da[1].

Hiru tximino jakintsuak Tōshō-gū tenpluan, Japoniako folklorearen zati bat direnak

Herri edo nazio baten kontuak, musika, dantza, ahozko historia, atsotitzak, txisteak, usadioak eta ohiturak biltzen ditu.

Izena 1846ko abuztuaren 22an William Thoms arkeologo britainiarrak proposatu zuen[2], berak ordura arte izendatutako «antigoaleko herrikoiak» deitzeko. Hitza laster zabaldu zen adituen artean Dan Ben-Amos Pennsylvaniako Unibertsitatearen irakasleari esker. Folklore azterketak XIX. mendean hasi ziren. Lehen azterlariek nekazarien mundua hartu zuten aztergai, eta mundu modernotik nolabait kanpo ziren beste taldeak, ijitoak esate baterako. Haien helburua antzinako ohiturak eta usteak gordetzea zen, era horretan gizadiaren barne historia berregin ahal izateko. 1812an Grimm anaiek argitaratu zituzten Alemanian lehen maitagarrien ipuinak; haiei jarraiki Europa osoan hasi ziren ikerlariak genero askotako herri literatura jasotzen eta argitaratzen: ipuinak, kantak, esaera zaharrak, musika, eskulanak, antzeak. Sarritan abertzaletasuna zen lan horien bultzatzaile: talde baten folkloreak etnia nortasuna indartzen zuenez gero, maiz agertu zen folklorea askatasunaren eta nazio batasunaren aldeko borroketan. Ikerketek aurrera egin ahala, metodoa hobetu egin zen, eta analisi konparatiborako sailkapen baliozkoak egin ziren. Finlandar aditu talde batek, Kaarle Krohnen gidaritzapean, ikerketa metodo historiko-geografikoa garatu zuen: aztergaia lekuan eta espazioan kokatu, banaketa ereduak aztertzeko eta jatorrizko formak berregiteko. Metodo hau, estatistika erabiltzen zuena eta hasierakoa baino zehatzagoa, izan zen nagusi XX. mendearen lehen erdian.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, joera berri bat sortu zen, Estatu Batuetan batez ere: interesa ez zen mugatu nekazari taldeetara, ikusi baitzen hirietan ere badirela gizatalde bereziak, nortasun jakin bat ematen dieten antzeak, ohiturak eta balioak dituztenak. Era berean, iragana ezean mundu modernoa ere hasi zen aztertzen, jatorrira jo beharrean oraingo esanahiak eta funtzioak bilatu nahian; tradizioaren aldaketa eta egoera berrietara egokitzea hondatzea zelako ustea baztertu zen. Azken ikuspuntua soziologikoa eta funtzionalista da: gertaera bat bere ingurune osoan baino ez da ulertzen; kontalariaren edo abeslariaren biografiak eta nortasunak, hark gizataldean duen zereginak, errepertorioak eta antzeak, entzuleen zeregina, eta jarduera gertzatzen den uneak, denek moldatzen dute folklore esanahia.

Etapak

aldatu

Adituen folklorek lau etapa ezberdin ditu:

  • Hildakoa: Galdutako kultura batena, arkeologia eta historiak azaltzen duena.
  • Hilzorian dagoena: elementu batzuk baino ez gordetzen dituena, gazteen artean galdurik eta bakarrik agureen artean mantentzen dena.
  • Bizirik: Eguneroko bizitzan edo jatorrizko kulturaren barnean dagoena.
  • Jaioberria: Etorkizunean tradizional bilakatuko diren elementuek osatuta dagoena.

Erreferentziak

aldatu
  1. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Folklore. .
  2. Sims, Martha C.. (2005). Living folklore : an introduction to the study of people and their traditions. Utah State University Press ISBN 0-87421-517-X. PMC 62425185. (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).


Kanpo estekak

aldatu


  Artikulu hau kulturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.