Euskal Herriko baleazaleak

Euskal Herriko baleazale» orritik birbideratua)

Euskal Herriko baleazaleak XII. eta XVIII. mendeen artean balea-ehizan jardun zuten Euskal Herriko arrantzaleak izan ziren. Hasieran, Bizkaiko golkoaren itsasertzean aritu izan ziren sardako balearen (euskal balea izenaz ere ezaguna)[1][2][3] arrantzan. Tekniken hobetzeak, ordea, gero eta urrunago joanarazi zituen arrantzaleak (hasieran Ipar Itsasora, pixkanaka-pixkanaka Islandiara, eta azkenekoz Kanadako Ternua eta Labradorreko kostaldeetara[4]). Arrantzaleak, baleak harrapatzen ez ezik, larru-bilketan eta bakailao-arrantzan ere ibili ziren. Jarduera horietan sortutako merkataritza-harremanen eraginez, bertokoek euskarazko pidgin bi sortu zituzten: euskara-islandiera (Islandian) eta algonkin-euskara (Kanadan).

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Euskal baleazaleen historia azaltzen duen bideoa.
1592ko Ipar Atlantikoko baleaguneen mapa

Historia eta teknikak

aldatu

Sardako balearen arrantzak abantaila nabarmena zuen beste baleen arrantzaren aldean: behin balea hil eta gero, ez zen beste espezieak bezala hondoratzen.[5] Diferentzia horrek balea harrapatzeko bi teknika sorrarazi zituen.

Bizkaiko golkoan

aldatu
 
Balea-ehizari buruzko horma-irudia, Ribeseyan

Lehendabizikoz arrantza Bizkaiko golkoko kostaldeetan hasi zen.[6][7] Herrietako muinoetan talaiak jartzen zituzten itsasaldea zaintzeko. Behin balea ikusita, portura abisua eman eta arrantzaleek lasterka txalupak hartzen zituzten. Orduan hasten zen balea arpoiaz jotzeko lasterketa: arpoiaz balea jotzen zuen lehendabizikoak eskubideak zituen animaliaren salmentan. Horrek liskarrak sortu zituen herrien artean[8].

Jarduera horren lehen idatzizko agiria 670. urtekoa da: agiriaren arabera, Lapurdiko arrantzaleek 40 poto lumera (balea-olio) saldu zituzten Frantziako iparraldean.[9][10][11].

XIII. mendean, baleak harrapatzeko hainbat portu eraiki zituzten, horien artean Getariako eta Lekeitioko portuak, 1204an sortuak. Hala ere, 1334. urterako balearen gainbehera hain zen nabaria Bizkaiko golkoan, Alfontso XI.a Gaztelakoak arrantzarako debekualdia ezarri zuen,[9] balea stocka hazteko asmotan. Honek arrantzaleak beste itsasoetara bultzatu zituen.

 
Baleazaleen Harria edo Baleazalearen talaia Ulia mendiko talaia naturala. XVIII. mendera bitarte erabili zuten Donostiako baleazaleek.[12][13][14][15]

Ipar Itsasoan elikatzen aritu ostean, baleak udazkena igarotzera Bizkaiko golkora etortzen zirenean izaten zen baleen arrantza garaia, hau da, urri eta maiatz artean.[7] Orduan, baleazale-konpainiekin hitzarmenak sinatzen zituzten arrantzaleek.[16][17] XVII. mendeko lehen hiru hamakardetan, A Larachako San María do Socorro de Caión monasterioari hamarrena ordaintzen zioten harrapatutako balea bakoitzagatik. Datu horiek erakusten dutenagatik, inguru hartan etengabea zen baleen presentzia, eta ez zen, beste latitudeetan bezala, baleen igarobide soila.[18] Sardako baleak urrian eta azaroan Bizkaiko golkoaren barnealdera zihoazen, abenduan eta urtarrilean itsas zabalera, eta apirilean eta maiatzean Galiziako kostaldeetara mugitzen ziren. Hasieran, Euskal Herriko baleazaleak beren portuetan balea agertu arte zain egoten ziren, baina apurka-apurka gero eta balea gutxiago izanik, baleei segika hasi ziren Bizkaiko golkoko kostalde osoan.

Horrela, kabotaje teknika hobetu zuten; gero bakailao eta baleak harrapatzeko Islandia edo Ternuara ailegatzeko erabiliko zuten teknika bera, hain zuzen.

Balekumeak urteko lehen bi hilabeteetan harrapatzen zituztenez,[18] batzuen ustez baleak erditzera etortzen ziren Bizkaiko golkora. Hainbeste balea izan ziren harrapatuak, XVIII. menderako desagertua zen ohiko balea-ehiza. Hala ere, zaila da esatea noiz utzi zioten arrantza egiteari Bizkaiko golkoan, ordurako Ternuan jarduera puri-purian baitzen. Oraindik XIX. mendean, Euskal Herriko kostaldean baleak arpoitzen zituzten noizbehinka.

Hona hemen zenbait datu:

  • 1517 eta 1662 artean, Lekeitioko arrantzaleek 45 balea harrapatu zituzten, horietatik 7 kumeak.
  • 1637 eta 1801 artean, Zarauzko arrantzaleek 55 balea harrapatu zituzten.
  • 1728 eta 1789 artean, Getariako arrantzaleek 12 balea harrapatu zituzten. Aurreko urteetan, aldiz, batez beste 4 - 10 urtero.
 
Bizkaiko golkoan harrapatutako azken sardako balea (Orio, 1901).

Bizkaiko golkoan harrapatutako azken sardako balea 1901eko maiatzaren 14an izan zen. Orioko arrantzaleek arpoia gabe dinamita erabili zuten animalia akabatzeko. Gertaeraren oroigarri, Balearen bertsoak jarri zituen bertsolari anonimo batek, eta Benito Lertxundi oriotar kantariak famatu bihurtu zituen.[19] Honela hasten dira:

«

Mila bederatzieun da
lehenengo urtian
Maiatzaren amalau
garren egunian
Orioko herriko
barraren aurrian.
Balia agertu zan
beatzik aldian.

»

Ipar Atlantikoan

aldatu
 
Sardako balearen hedapen mapa.

Erabilitako teknika

aldatu

Bigarren teknika, itsas zabalean erabiltzen zuten (bai Bizkaiko golkoan, bai Ipar Atlantikoan). Teknika berria behar-beharrezko bihurtu zen, sardako balea Bizkaiko golkoan pixkanaka-pixkanaka galtzen ari baitzen. Horrek bultzatu zituen itsasoan barneratzera.[20] Itsas zabalean arrantza egiteko, beharrezkoa zen kofradiek, udalek edo enpresaburuek espedizioak ordaindu eta antolatzea.[8]

Harrapaketok herriei zekarzkieten etekin handiak zirela eta,[21] baleazaleen arteko norgehiagoka areagotu zen. Mozkin handiena balearen gantzetik zetorkien. Gantza, behin olio bihurturik, argiztatze-sistemarako erabitzen zen, ke eta usainik bota barik erre zitekeelako.[8] Bizarra ere baliagarria zen oso, orduko gai malgu bakarrenetakoa baitzen. Haragia, aldiz, apenas jaten zen itsasertzeko herrietatik kanpora. Gehienetan, gatzunetan jarri eta Frantzia aldean saltzen zuten. Espainian, ostera, ez zuten saltzen, 1750 arte ia ez baitzen Meseta aldera joateko biderik. Hezurdura eraikuntzarako materialtzat erabiltzen zuten, bai eta apaingarriak eta altzariak egiteko ere. Merkataritza hura garrantzitsua zen, oso, Euskal Herriko ekonomia bultzatzeko.[22]

Ipar Atlantikoko uharteetan

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Spánverjavígin»

Ipar Atlantikoan Euskal Herriko arrantzaleen lehendabiziko aipamena, berriz, 1412. urtekoa da. Urte hartan, islandiarrek diotenez, Grundarfjörðuretik 500 itsas milia mendebaldera zebiltzan Euskal Herriko hogei baleontzi inguru.[9]

Islandiarren eta Euskal Herriko baleazaleen arteko harremanak ez ziren beti baketsuak izan. Adibidez, Islandiako historiako sarraskirik latzena tirabira haien eraginez gertatu zen: 1615 eta 1616 artean, Euskal Herriko hiru baleontzi Vestfirðirren edo mendebalderagoko fiordoetan hondoratu ondoren, Piarres Agirre, Esteban Telleria eta Martin Villafrancakoak zuzendutako 50 marinel hil zituzten islandiarrek.[23]

Kanadan

aldatu

Euskaldunek eragina izan zuten eskualdean, toponimian[24] ez ezik baita bertokoen izenetan ere. Aipatzekoa da Saint-Pierre eta Mikeluneko armarrian ikurrina agertzen dela eta abuztuan euskal jaiak egiten dituztela. Euskaldunak aitzindari baziren ere, europar arrantzaleek —batez ere portugaldarrek eta espainiarrek— gero bisita ugari egin zizkieten Ternuako arrain sardeei.

Euskal Herriko baleazaleek Kanadako itsasbazterrean eginiko lehendabiziko pausoak kondairaz beteta zeuden, batez ere balea eta bakailaoa arrantza egiteko guneak sekretuak zirelako XVI. mendean. Ternuak "Uharte Fantasma" ezizena zuen Euskal Herriko arrantzaleen artean. Egungo izena lehendabizikoz 1508an Joao Vaz Corte-Realek erabili zuen.[25] Batzuek diote 1375ean heldu zirela Ternuara. Beste ikerlari batzuek, berriz, 1412an izan zela eta baionarrak zirela. Hori egiaztatzea zaila da oso, batez ere kabotaje teknika ez ezik itsas zabalean nabigatzeko beste teknikak ere beharrezkoak zirelako. Teoria horren aldekoek esaten dute euskaldunek teknika horiek Islandia aldean ezagutu zituztela, antzinako bikingoetatik ikasita.[26] Beste teoria frogatu gabe batek dio XV. mendean Euskal Herriko baleazale piraten erasoek desagerrarazi zituztela Groenlandiako azken bikingo koloniak. Edonola ere, lehen aipamen ziurra 1517koa da, eta 1520an jada Baionan agertzen zen Terrenabes izeneko lekuan egiten zen bakalaoa arrantzatzeko espedizioen berri[27].

Lope Martinez de Isasti lezoar historialariak 1625ean idatzi zuen[28] esploratzaile baten pasadizoa, Compendio histórico de la muy noble y muy leal provincia de Guipúzcoa bere liburuan. Hark Algonkin-euskara pidgina zekiten amerindiarrak topatu zituen, eta "Zer moduz?" galdetzen zietenean "Apaizak hobeto!" erantzuten zieten adiskideki, nahiz eta, Isastiren esanetan, gehienek apaiza zer zen oso ondo jakin ez. Isastik ere esaten du Hego Euskal Herriko arrantzaileek, 1525ra arte, bazutela nahiko arrain Flandria, Irlanda eta Ingalaterrako itsasoetan, baina 1525an Ingalaterrako uretatik bota zituztenean hasi zirela interesatzen Ternuako arrandegi berrien inguruan[27].

 
Labradorko Red Bayko toki honetan zeuden, 1550 aldean, baleen koipea urtzeko labeak. Bernier ontziaren hondakinetatik hurbil hondoratu zen 1565ean Pasai Donibaneko San Juan galeoia.

Hau da, esan liteke XV. menderako euskaldunak balea eta bakailao arrantzan zebiltzala, eta arrantza-postu aurreratuak kokatu zituztela Labradorren eta Ternuan.[28] Horietatik handiena Red Bayn izan zen: 600 lagun inguru zituen, eta urtero 15 baleontzi ateratzen zituen.[29] Gaur egun herri hartan bertan Euskal Herriko Baleazaleen Museoa dago, Labradorreko kostaldetan hondoratu zen nao batetik berreskuratutako txalupa bat erakusten duena. Thomas Jeffersonek berak adierazi zuen euskaldunak izan zirela balea-ehizan eta hura industrializatzen lehenak Ameriketan.[30]

1559an Martin Oiharzabal itsasgizon ziburutarrak Les voyages aventureux du Capitaine Martin de Hoyarsal, habitant du çubiburu itsasgida idatzi zuen, bertan Ternuari buruzko lekuen datuak eta distantziak bertaratu nahi zuten itsasgizonentzat gida modura lagungarri izan zitezen bildu zituen. Gerora, 1677an Pierre Etxeberrik idazlan hau lapurterara euskaratu zuen.

1713ko Utrechteko Itunak berretsi egin zuen XVII. mendean hasitako euskal marinelen arrantza eskubideen galera, Ternua eta Labrador Europako estatuen arteko lehian interesgune bihurtu ahala. Britainia Handiak arrantza urak gero eta gehiago bereganatu zituen bertan, eta 1763ko Parisko Itunak eta 1783ko Versaillesko Itunak azken kolpea eman zien euskal arrantzaleei Kanada ekialdeko kostalde eta uharteetan.[31]

Euskal Herriko baleazaleak gaur egun

aldatu
 
Balearen hezurdura Biarritzeko itsas museoan.

XVI. eta XVII. mendeetan Bizkaiko golkoan euskal balea galtzeak Euskal Herriko baleazaleak ere desagertzea ekarri zuen.[7] Hala ere, euskal ohiturak berreskuratu nahian, 2006an Albaola Elkarteak “Apaizac Obeto espedizioa, Kanada 2006” antolatu zuen. Antzinako erara txalupa bat eginda, Euskal Herriko baleazaleen antzinako ibilbidetatik ibili ziren, orduko jantziak eta elikagaiak erabiliz.[32].

Bizkaiko golkoan harrapaturiko hiru euskal balearen hezurdurak ikusgai dira museoetan:

Balearen arrantza gogoratzeko, Euskal Herriko kostaldeko herri askok balea irudikatu zuen bere armarrian, eta armarrian dute oraindik. Hona hemen herri horien zerrenda:[22]

Euskal Herrian Orion 1901ean harrapatu zuten azken balea; Lapurdiko azken arpoilaria 1882an hil zen Ziburuko Juan Luis Antxuxuli izan zen[33]. Bizkaiko eta Euskal Herriko azken arpoilariak Ramón Intxausti Puiana (Elantxobe 1909 - Gijón 1988) eta Juan José Zubiaur Irazabal (Erandio 1905 - Erandio 1976) izan ziren[34][35].

Museoak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. «ballena» sarrera, Zehazki hiztegia.
  2. «ballena vasca» sarrera[Betiko hautsitako esteka], Elhuyar gaztelania-euskara hiztegia.
  3. «euskal balea» sarrera, Euskalterm Terminologia Bankua.
  4. Igartua, Maialen. (2012-07-14). «Balearen itzal luzea euskal kulturan» Berria.[Betiko hautsitako esteka]
  5. «Las ballenas del Cantábrico».
  6. «Chasse à la baleine: le spectre de Moby Dick hante l'humanité».
  7. a b c Bontigui Eskisabel, Joseba A.. (2002). Baleekin Jolasean. Sardako balea edo euskal balea. Eusko Jaurlaritza ISBN 84-457-1896-7..
  8. a b c Azpiazu, Jose Antonio. (2000). Balleneros vascos en el Cantábrico. Donostia: Ttartalo ISBN 978-84-8091-679-0..
  9. a b c Kurlansky, Mark. (1999). The Basque History of the World. ISBN 0-8027-1349-1..
  10. Proulx 2007, I-14 orr. .
  11. Dégros, Maxime. (1943). «La grande pêche basque : des origines à la fin du XVIIIe siècle. [10, (suite). IVe partie, la pêche à la morue»] www.bilketa.eus 45 (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
  12. Arrizabalaga, Mikel. «Uliako xendak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).
  13. «Donostia.eus - [Berria Haurrekin egiteko planak»] www.donostia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).
  14. «Talaia ibilbidea: Pasai San Pedro - Donostia - Gipuzkoa Natura - Liferay» Gipuzkoa Natura (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).[Betiko hautsitako esteka]
  15. «ULIAN ZEHAR GEOGRAFIA IKASTEN | Pasaia Lezo Lizeoa» lizeoa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).
  16. Zirikiain, Mariano. (2005). Los vascos en la pesca de la ballena. in: Ilargi Amandrea. Txertoa ISBN 978-84-7148-373-7..
  17. Castañón, Luciano. (1964). «Notas sobre la pesca de la ballena en relación con Asturias» Boletín de Estudios Asturianos (51).
  18. a b Canoura, Andrés. (2002). A pesca da balea en Galicia non sécalos XVI e XVII. Santiago Compostelakoa: Galiziako Xunta.
  19. Benito Lertxundi: Zuberoa/Askatasunaren semeei (1977) Elkar
  20. Aguilar, A.. (1986). «A review of old Basque whaling and its effect on the right whales (Eubalaena glacialis) of the north Atlantic» Reports of the International Whaling Commission.
  21. Caro Baroja, Julio. (1981). Los vascos y el mar. Donostia: Txertoa ISBN 84-300-0368-1..
  22. a b Campos, Miren Koro; Peñalba, Mauro. La caza de la ballena. Su influencia en los usos y costumbres desde la Edad Media. .
  23. Snjafjallasetur Heritage Centre. Slaying of Spaniards in the West fjords in 1615. .
  24. Lepage, André; Wien, Thomas. (1994). «Troc, trafic et commerce» Recherches amérindiennes au Québec XXIV. (3).. Artikuluak: Laurier Turgeon, «Vers une chronologie des occupations basques du Saint-Laurent du XVIe au XVIIIe siècle: Un retour à l'histoire» eta Peter Bakker, «La traite des fourrures et les noms de tribus: quelques ethnonymes amérindiens vraisemblablement d'origine basque dans le Nord-Est»
  25. Mythical Islands
  26. «La llegada de los vascos a America».[Betiko hautsitako esteka]
  27. a b Proulx 2007, I-28 orr. .
  28. a b «Ameriketarekiko antzinako harremanak - Zientzia.eus» zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-11).
  29. «Newfoundland and Labrador Heritage: Basque Whaling in Red Bay».
  30. SLU, Herritar Berri. (2018-08-07). «baleen arrastoak ostertzean» 7K revista dominical (Noiz kontsultatua: 2018-10-11).
  31. Arbex, Juan Carlos. (2016). «Los bacalaos y el Tratado de Utrecht: un conflicto entre potencias con el peor desenlace» Itsas Memoria (Donostia) 8: 782-787..
  32. Apaizac Obeto espedizioa, Kanada, 2006.
  33. Altxa mutillak aldizkaria, Itsas-begiak elkartea.
  34. «VALDÉS HANSEN, Felipe: Los últimos arponeros vascos: Juan José Zubiaur y Ramón Inchausti Pujana, Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País - PDF Descargar libre» docplayer.es (Noiz kontsultatua: 2022-11-26).
  35. Euskal baleazaleak : berebiziko historia baten irudiak eta aztarnak = Balleneros vascos : imágenes y vestigios de una historia singular. Untzi Museoa = Museo Naval imp. 2012 ISBN 978-84-615-8122-1. PMC 828298184. (Noiz kontsultatua: 2022-11-26).

Bibliografia

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu