Ekuatore Ginea
- Artikulu hau Afrika erdialdeko estatuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ginea (argipena)».
Ekuatore Ginea[1] (gaztelaniaz: Guinea Ecuatorial, giˈnea ekwatoˈɾjal ahoskatua; frantsesez: Guinée équatoriale, portugesez: Guiné Equatorial), ofizialki Ekuatore Gineako Errepublika (gaztelaniaz: República de Guinea Ecuatorial, frantsesez: République de Guinée équatoriale, portugesez: República da Guiné Equatorial) Erdialdeko Afrikako estatu burujabea da, Ozeano Atlantikoaren ertzean dagoena, Gineako golkoan. Iparraldean Kamerun du, Gabon hegoalde eta ekialdean eta Sao Tome eta Principe uharteak hego-mendebaldean. 28.051 kilometro koadroko eremua hartzen du,[2] eta 2015ean 1,2 milioi biztanle zituen.[2] Malabo da hiriburua.
Ekuatore Gineako Errepublika | |||
---|---|---|---|
República de Guinea Ecuatorial République de Guinée Équatoriale República da Guiné Equatorial | |||
Ereserkia: Caminemos pisando las sendas de nuestra inmensa felicidad (en) | |||
Goiburua: Unidad, Paz, Justicia ("Batasuna, Bakea, Justizia") | |||
| |||
Geografia | |||
Hiriburua | Malabo 3°45′7″N 8°46′25″E | ||
Azalera | 28.051 km² | ||
Punturik altuena | Pico Basilé | ||
Punturik sakonena | Ozeano Atlantikoa (0 m) | ||
Kontinentea | Afrika | ||
Mugakideak | Kamerun eta Gabon | ||
Administrazioa | |||
Ekuatore Gineako presidentea | Teodoro Obiang Nguema | ||
Ekuatore Gineako lehen ministroa | Manuela Roka (en) | ||
Legebiltzarra | Parliament of Equatorial Guinea (en) | ||
Harreman diplomatikoak | Ikusi mapa Wikidatan | ||
Zeren kide | ikusi
| ||
Demografia | |||
Biztanleria | 1.267.689 | ||
Dentsitatea | 45,19 bizt/km² | ||
Hizkuntza ofizialak | ikusi
| ||
Erabilitako hizkuntzak | ikusi
| ||
Ezkontzeko adina | genero guztiak: 12 | ||
Emankortasun-tasa | 4,835 (2014) | ||
Eskolaratu gabeko umeak | 50.071 (2001) | ||
Bizi-itxaropena | 57,681 (2016) | ||
Giza garapen indizea | 0,596 (2021) | ||
Ekonomia | |||
BPG nominala | 12.486.753.871,278 $ (2017) | ||
BPG per capita | 9.697 $ (2017) | ||
BPG erosketa botere paritarioa | 30.981.325.361 nazioarteko dolar (2017) | ||
BPG per capita EAPn | 24.439,216 nazioarteko dolar (2017) | ||
BPGaren hazkuntza erreala | −10 % (2016) | ||
Erreserbak | 45.502.925 $ (2017) | ||
Inflazioa | 1,6 % (2016) | ||
Historia | |||
Sorrera data: 1968ko urriaren 12a | |||
Bestelako informazioa | |||
Aurrezenbakia | +240 | ||
ISO 3166-1 alpha-2 | GQ | ||
ISO 3166-1 alpha-3 | GNQ | ||
Ordu eremua | ikusi
| ||
Elektrizitatea | 220 V. 50 Hz.europar loki eta Type E (en) | ||
Internet domeinua | .gq | ||
guineaecuatorialpress.com |
Geografia
aldatuMugak
aldatuErdialdeko Afrikan dago, mendebaldeko itsasaldean, 4°N eta 2°S arteko latitudean, eta ekialdeko longitudeko 5° eta 12° artean. Herrialdea bi aldetan banatuta dago: uharte aldea (Bioko, Corisco, Elobey Grande, Elobey Chico eta Annobon) eta kontinente aldea, Rio Muni ere deitua. Kontinente aldean, hauek dira mugak: iparraldean, Kamerun; ekialdean eta hegoaldean, Gabon; mendebaldean, Gineako golkoa. Izenean agertu arren, Ekuatoreak ez ditu Ekuatore Gineako lurraldeak zeharkatzen.
Erliebea
aldatuKontinente aldea, muinoak muino, zelai samarra da eta baso trinkoez estalia. Mbini ibaiaren arroak lurraldearen % 60 hartzen du. Uharte nagusia Bioko da (2.017 kilometro koadro), kontinente aldearen iparraldean dagoena, Kamerungo kostatik hurbil. Sumendi jatorriko uhartea da, menditsua (Pico Basilé, 3.008 metro) eta oihantsua, eta oso lur emankorrak ditu. Uhartearen kostaldea, berriz, labartsua eta harkaiztsua da.
Klima
aldatuBai kontinente aldeko bai uharteko klima tropikala da eta hezea, aldi labur lehorxeagoak izaten dituena. Kontinente aldean urteko 2.400-4.600 mm euri egiten du; barnealdean gutxiago, batez ere ekainetik abuztura bitartean. Bioko uharteko klima oso euritsua da, baina zertxobait lehorragoa azaroa-martxoa bitartean. Ekuatore Ginea munduko lurralderik euritsuenetako bat da. Urteko batez besteko tenperatura 26° C-koa da.
Landaredia eta fauna
aldatuLandarediari dagokionez, zuhaitz tropikalez osatutako baso sarriak estaltzen du kontinente aldea: okumea (Aucoumea klaineana), afrikar intxaurrondoa, kaoba zuhaitzak, etab. Animalien artean aipagarriak dira gorila (Gorilla gorilla), txinpantzea (Pan troglodytes), Mandrillus leucophaeus, lehoinabarra (Panthera pardus), elefantea (Loxodonta africana), eta Tragelaphus spekii; gehiegizko ehiza dela eta asko urritu da animalia mota horien kopurua. Bioko uhartean mangle zuhaitza da nagusi kostaldean eta ez da neurriz gaineko ehizarik egin izan.
Historia
aldatuPigmeoak izan bide ziren kontinente aldeko lurraldeetan bizilekua hartu zuten lehenbizikoak. Orain nagusi diren fang eta bubi etniak bantua hitz egiten zuten etorkin oldeekin batera heldu ziren XVII. eta XIX. mendeetan, hurrenez hurren. XVIII. mendean portugaldarrek espainiarrei utzi zizkieten lurraldeetako bat da gaur egungo Ekuatore Ginea; garai hartan esklabo salerosle eta europar merkatari ugari inguratu ziren bertara. Britainiarrek 1827-1858 bitarteko urteetan gobernatu zuten, harik eta espainiarrak aginpideaz jabetu ziren arte (kontinente aldea 1926an hartu zuten). Garai hartan, kolonietara heldu ziren etorkinen lanari esker, kakao eta zur ekoizpen handiak lortu ziren.
1968. urtean iritsi zuten independentzia; alabaina, Francisco Macías Nguema diktadorearen aginpidean izualdia hedatu zen lurraldean, eta ekonomiak hondoa jo zuen. 1979ko abuztuan, estatu kolpe baten bidez, Francisco Macías Nguema kargutik kendu zuten, traizioz akusatu eta hiltzera kondenatu. Haren ilboa Teodoro Obiang koronelak gidatu zuen kolpea, eta berak hartu zuen lehendakari kargua. Haren agintaldian jazarpen, atxiloketa eta ustelkeria aldi berri bat hasi zen. 1982an, legegintzarako hauteskundeak deitu ziren lehenengo aldiz, baina hautesle zerrenda bakarra zegoen, alderdi ofizialistako kideez osatua. Handik lau urtera gobernuak estatu kolpe baten ahalegina zapuztu zuen. Teodoro Obiangek Erdialdeko Afrikako Ekonomia Batasunean sartu zuen herrialdea; erabaki hori mendebaldeko munduarekin harremanak estutu nahi zituen seinaletzat hartu zen eta, harrezkero, asko murriztu zen Sobietar Batasunetik eta Ekialdeko Alemaniatik jasotzen zuen laguntza. Estatu Batuek, Frantziak eta Espainiak kontrolatzen zituzten ekonomiaren baliabide nagusiak. Bien bitartean, Marokok soldaduak bidali zituen gobernu berriaren egonkortasuna ziurtatzeko. 1988ko ekainean, berriro egin ziren hautagai zerrenda bakarreko hauteskundeak, eta Teodoro Obiang hautatu zuten lehendakari. Urte hartan bertan lehendakaria Frantzian izan zen, eta bi herrialdeen arteko harremanak estuagoak izan ziren harrezkero. Geroago, Ekuatore Gineak herrialde frankofonoen artean sartzeko eskaria egin zuen, eta aldi berean Espainiak zorraren heren bat barka zekiola lortu zuen. Errepresioa, hala ere, ez zen amaitu, eta 1988ko irailean bi militar hiltzera kondenatu zituzten gobernuaren aurka konspiratzeagatik. Garaitsu hartan, oposizioaren buruzagietako bat, José Luis Jones, atxilo hartu zuten erbestetik itzultzean.
1991aren hasieran, Oposizioko Alderdien Koordinadora Demokratikoa sortu zen Gabonen, eta maiatzean oposizioko buruzagi nagusietako bat hil zuten, Feliciano Moto. 1992aren hasieran, gobernuak amnistia orokorra eman zuen. Alderdi politikoen legeak ez zituen onartzen oinarri tribala, erregionala edo probintziala zuten alderdiak eta 158.000 dolar ordainarazten zituen legezkotasunaren truke. Lege horren arabera, lehendakaritzarako hautagaiak herrialdean hamar urtez bizi izana frogatu behar zuen, eta horrek jokoz kanpo uzten zituen erbesteratutako guztiak. Eragozpenak eragozpen, hamar alderdi politiko legeztatu ziren 1993aren hasieran. Bien bitartean, NBEk txosten bat zabaldu zuen oposizioko kideen oinarrizko eskubideak bortxatzen zirela salatuz. Estatu Batuetako Kanpo Harremanetarako Sailak legez kanpoko kartzelaldiak eta torturak salatu ondoren, Estatu Batuetako enbaxadore John Bennetten aurkako atentatua izan zen, eta NBEk Obiang bera akusatu zuen atentatuan zerikusia izateaz. Martxoaren bukaeran preso politiko guztiak aske geratu ziren, gobernuaren eta oposizioko alderdien koalizio baten artean egin zen Hitzarmen Nazional Demokratikoan jasotakoa betez. 1993. urtearen bukaeran legegintzarako hauteskundeak egin ziren, baina nazioarteko begiraleek zalantzan jarri zituzten. Hauteskunde emaitza ofizialen arabera, Alderdi Demokratikoak 80 aulkitatik 68 lortu zituen. 1994an, gobernuak Espainiako kontsula kanporatu zuen eta Espainiak erdira murriztu zuen Ekuatore Gineari ematen zion laguntza. 1995eko martxoan, bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zioten oposizioko eta Alderdi Progresistako buru Severo Motori, polizia ofizial bat erosi izanaz eta Obiangen izen ona zikindu izanaz akusatuta. Apirilean traizioz eta konspirazioz akusatu zuten eta 28 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Uztailean atxilo hartu zituzten Biokoren Autodeterminaziorako Mugimenduko kide batzuk. Bidegabekeria eta tortura akusazioen artean gobernuak lehendakaritzarako hauteskundeak deitu zituen 1996ko hasierarako. Otsailean, hauteskundeak baino pixka bat lehenago, gobernuak legez kanpo utzi zuen oposizio koalizioa, eta kideetako batzuk atxilotu zituen. Otsailaren 25eko hauteskundeetan, Obiangek botoen % 99 eskuratu zituen.
Amnistia Internazionalek askotan salatu du Ekuatore Gineako gobernua legez kanpo atxilotzeaz, torturatzeaz eta hiltzeaz. 1998ko urtarrilean, segurtasun indarrek Bioko uharteko bubi etniako ehunka pertsona atxilo zituzten, militarren instalazioei eraso egiteaz eta Biokoren Autodeterminaziorako Mugimenduko kideak izateaz akusatuta. Amnistia Internazionalaren arabera, beren jatorriagatik atxilotu zituzten. 2002ko abenduko lehendakaritzarako hauteskundeetan, Obiangek berretsi egin zuen bere agintaldia 2009. urtera arte, nahiz eta oposizioak iruzurra salatu zuen. 2003an, Severo Motok Ekuatore Gineako gobernua osatu zuen erbestean, Obiangen kontrako oposizioaren babesarekin, eta Espainian hartu zuen bizilekua.
Gobernua eta administrazioa
aldatuPolitika
aldatuErrepublika presidentzialista da Ekuatore Ginea. Errepublikako presidentea da estatuburua, eta lehen ministroa gobernuburua. Legebiltzarrak bi ganbera ditu: Senatua (Senado, 70 kide) eta Diputatuen Ganbera (Cámara de los Diputados, 100 kide). Teodoro Obiang Nguemak 1979. urtetik dago agintean. Haren osaba Francisco Macíasen fusilamenduarekin iritsi zen boterera. Harrezkero, herrialdeko diktadorea da, eta herritarren giza eskubideak urratu izana leporatu diote nazioarteko giza eskubideen aldeko erakundeek. Hauteskunde guztiak irabazi ditu bozen % 90 baino gehiago lortuta.[3][4]
Banaketa administratiboa
aldatuEkuatore Ginea zortzi probintziatan banaturik dago; azkena, Djibloho, 2017an eratu zen.[5]
Probintzia | Hiriburua | Biztanleria (2015)[2] |
Eremua (km2)[2] | |
---|---|---|---|---|
1 | Annobon | San Antonio de Palé | 5.314 | 17 |
2 | Iparraldeko Bioko | Rebola | 300.374 | 776 |
3 | Hegoaldeko Bioko | Luba | 34.674 | 1.241 |
4 | Erdi-Hegoaldea | Evinayong | 141.986 | 9.931 |
5 | Kié-Ntem | Ebebiyín | 183.664 | 3.943 |
6 | Kostaldea | Bata | 367.348 | 6.665 |
7 | Wele-Nzas | Mongomo | 192.017 | 5.478 |
– | Djibloho | Ciudad de la Paz | – | – |
Demografia
aldatuBiztanleria
aldatu2020an 1.403.000 biztanle zituen.[6] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 38,7 dira, 15-24 urte bitartekoak % 19,9, 25-54 urte bitartekoak % 32,7, 55-64 urte bitartekoak % 4,7 eta 65 urtetik gorakoak % 3,9. Bizi itxaropena 65,7 urtekoa da; 64,4 urtekoa gizonezkoena eta 66,9 urtekoa emakumezkoena (2020ko zenbatespenak).[7]
Banaketa etnikoa
aldatuBiztanle gehienak bantuak dira: bubiak, Biokon, bengak, Elobey eta Coriscon, eta fangak, kontinentean. Gainerakoak europarren ondorengoak eta mulatoak dira. Annobon uharteko biztanleak portugaldar esklaboen ondorengoak dira eta portugesaren dialekto bat hitz egiten dute oraindik.
Hizkuntzak
aldatuMintzaira ofizialak gaztelania, frantsesa eta portugesa dira. Beste hizkuntza hauek ere erabiltzen dira, legez "izaera nazionalaren partetzat" jotzen direnak: fangera, bubiera, annobonera, igboera eta ingeles pidgina. Biztanle gehienek, % 67,6k, gaztelaniaz hitz egiten dute, bertako hizkuntza batekin batera, Malabo inguruan batez ere. Frantsesa 1998an bihurtu zuten hizkuntza ofizial, herrialdea Erdialdeko Afrikako Ekonomia eta Diru Batasuneko kide bihurtutakoan. Portugesa 2007ko uztailetik da ofiziala, herrialdea Lusofoniako kide bihurtzeko xedeaz.[8]
Erlijioa
aldatuBiztanle gehienak, % 93, kristauak dira, katolikoak nagusiki. Askok kristautasuna eta sinesmen tradizionalak uztartzen dituzte.[9]
Hiri nagusiak
aldatuBata (290.000 biztanle 2015ean) eta Malabo (257.000 biztanle) dira hiririk handienak.[2]
Ekonomia
aldatu1990eko hamarkadara arte, kakaoa eta kafea ziren Ekuatore Gineako ekonomiaren oinarri nagusiak. Kakaoa, kalitate handikoa, Biokon lantzen da gehienbat, eta kafea, berriz, kontinentean. Bertan kontsumitzeko lantzen diren gaien artean, berriz, juka eta kakahuetea dira aipagarrienak. Bertako dieta tradizionala arroza, bananak, batatak eta artatxikia da. Ez abeltzaintzak ez arrantzak ez dute pisu handirik ekonomian. Basogintzari dagokionez, ebanoa eta palisandroa dira zurik garrantzitsuenak.
1996an petrolioa aurkitu zenetik, ordea, Saharaz hegoaldeko herrialderik aberatsenetako bat bilakatu zen. 2005ean, esaterako, 2.000 milioi dolar lortu zituen, petrolioaren eta gasaren bitartez. Arazoa, baina, zera da: Teodoro Obiangek ez duela argitu nahi diru hori nora bideratzen duen. Estatuaren finantzak sekretuak direla argudiatzen du. Gobernuko iturrien arabera, irabazien zati bat 400 milioi urtean osasun zerbitzuetara, eraikuntzara eta hezkuntzara bideratzen dute. Hala ere, herritar gehienek ez dute heziketarik jasotzen, eta txaboletan bizi dira. Bestalde, Washingtongo iturrien esanetan, Obiangen familiak milioika dolar ditu gordeta Estatu Batuetako banketxeetan.[3]
Kultura
aldatuJaiegunak
aldatuData | |
---|---|
Urtarrilak 1 | Urteberri |
Maiatzak 1 | Lanaren Eguna |
Ekainak 5 | Errepublikako Presidentearen Jaioteguna |
Abuztuak 3 | Askatasun Kolpearen Eguna |
Abuztuak 15 | Konstituzio Eguna |
Urriak 12 | Independentzia Eguna |
Abenduak 8 | Andre Mariaren Sortze Garbia |
Abenduak 10 | Giza Eskubideen Eguna |
Abenduak 25 | Eguberri |
Literatura
aldatuErreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2020/4/29 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ a b c d e Equatorial Guinea. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2020-4-29).
- ↑ a b Elizegi, Arantxa. Kolpearen hotsak itsututa. Berria egunkaria, 2005eko maiatzak 15, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-4-28).
- ↑ Gartzia Badiola, Ander. Bozak, atxikita bezperatik. Berria egunkaria, 2016ko apirilak 23, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-4-28).
- ↑ La Presidencia de la República sanciona dos nuevas leyes. Equatorial Guinea Press and Information Office, 2017ko ekainak 23, guineaecuatorialpress.com (Noiz kontsultatua: 2020-5-1).
- ↑ World Population prospects – Population division. United Nations Department of Economic and Social Affairs, Population Division, population.un.org (Noiz kontsultatua: 2020-5-1).
- ↑ Equatorial Guinea. The World Factbook, cia.gov (Noiz kontsultatua: 2020-5-1).
- ↑ Obiang convierte al portugués en tercer idioma oficial para entrar en la Comunidad lusófona de Naciones. guinea-ecuatorial.net (Noiz kontsultatua: 2020-5-2).
- ↑ International Religious Freedom Report for 2015: Equatorial Guinea. Bureau of Democracy, Human Rights and Labor, U.S. State Department, 2009-2017.state.gov (Noiz kontsultatua: 2020-5-2).
Kanpo estekak
aldatu- (Gaztelaniaz) Webgune ofiziala, guineaecuatorialpress.com
- (Gaztelaniaz) Ekuatore Gineako Gobernuaren webgune ofiziala, espanol.guinea-equatorial.com
- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.