Candida albicans Candida generoko onddo mikroskopikoa da, kandidiasi izeneko gaitza sortzen duena. Onddo hau gure organismoaren biztanle komentsala da eta gorputzaren atal desberdinak kolonizatzen ditu inongo gaitzik sortu gabe: ahoa, heste lodia eta bagina, esaterako. Bertan, kopuru txikietan dago eta -egoera normaletan- ez du gaixotasunik eragiten.

Candida albicans
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaFungi
KlaseaSaccharomycetes
OrdenaSaccharomycetales
GeneroaCandida
Espeziea Candida albicans
Berkhout, 1923
BasionimoaOidium albicans

Immunitate-sistema ahuldua duten gizabanakoengan (HIESa dutenak, minbizidunak, diabetes larria dutenak, transplantatuak...), bereziki, Candida albicansek kandidiasi eragin dezake. Ohikoa da ere gaitz hori agertzea haien flora bakteriarra desorekatuta duten pertsonengan (antibiotikoak luzaro hartu dutenengan, adibidez).

Ezaugarriak

aldatu

Candida albicans legamien taldeko onddoa da. Legamiak onddo mikroskopikoak dira, berezko ezaugarri morfologiko eta fisiologiko dituztenak.

Morfologiari dagokionez, Candida albicans polimorfikoa da, morfologia desberdinak ditu. Esaterako, infektatzen duenean morfologia haritsua du, baina laborategiko hazkuntza-inguruetan hazten denean zelulabakarra da, zelula isolatuetan agertu ohi da [1]. Era berean, zelula bakar horiek itxura desberdinak har ditzakete: biribilak, oboideak, etab.

 
Candida albicans-en polimorfismoa: zelula biribilak (goian) eta oboideak (behean). Marraren luzeera 5 µm-koa da.

Onddo honen andui batzuen genoma sekuentziatu da dagoeneko [2]. Eukariota izanik, onddoak 8 kromosoma-bikote ditu, eta 6400 gene inguru.

Patogenia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «kandidiasi»

Nahiz eta patogeno hertsia ez izan, Candida albicans mikrobio oportunista da. Horrek esan nahi du gaitza (kandidiasia) sor dezakeela aldeko baldintzak dituenean.

Bi dira kandidiasia harrapatzeko joera handiagoak dituzten gaixoak:

  • Aurreko gaitz baten ondorioz, immunitate-sistema ahula dutenak. Esate baterako, HIESdunak, minbizidunak, transplantatuak, etab. Zentzu horretan, aipatu behar da HIESa dutenengan legamia horrek infekzio larriak sortzen dituela, ohikoa izanik gaixo horiengan kandidiasia agertzea eta kalte sistemikoa eragitea [3]. Era berean, infekzio nosokomialetako eragile patogenoetako bat da Candida albicans, klinika eta ospitaletako ingurugiroan hazteko aldeko baldintzak dituena.
  • Antibiotikoak luzaro hartzen dituztenak. Espektro zabaleko antibiotikoak denbora luzean hartzen direnean, mikrobio patogenoak ez ezik, heste-flora arrunta ere kaltetuta suertatzen da. Horrek Candida albicans bezalako mikrobio oportunisten hazkundea errazten du, legamia honek hainbat antibiotikoekiko erresistentzia duelako eta baldintza horietan ez duelako lehiatu behar heste-flora arruntarekin.

Kandidiasiak gorputzeko hainbat atali eraso diezaioke: ahoari, digestio-aparatuari, baginari eta larruazalari.

Immunitate-sistema indartsua duten gizabanakoengan kandidiasia erraz sendatzen da, baina immunogutxituengan septizemia eta beste ondorio larri batzuk eragin ditzake. Azken kasu honetan tratamendua askoz zailagoa da.

Erreferentziak

aldatu
  1. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:731 orr.
  2. Jones T, Federspiel NA, Chibana H, et al.. «The diploid genome sequence of Candida albicans». Proceedings of the National Academy of Sciences of the United States of America, vol. 101, 19
  3. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:947-948 orr.

Kanpo estekak

aldatu