Asiria

Asiriar Inperioa» orritik birbideratua)

Asiria[1] mendebaldeko Asiako antzinako erresuma semitikoa izan zen, Tigris ibaiaren goiko aldean sortutakoa, historian zehar hainbat aldiz inperioak eratu eta Mesopotamia menderatu zuena. Izena bere jatorrizko hiriburutik zetorkion: Assur hiritik, alegia. Aipatutako inperioek kontrolatzen zuten eskualdea izendatzeko ere erabiltzen da Asiria izena. Hiri nagusiak Assur, Khorsabad, Nimrud eta Ninive izan ziren.

Asiriaren bihotz historikoa (gorriz), eta Asiriar Inperioaren hedapen handiena, Assurbanipalen erregealdian, K.a. VII. mendearen erdialdean (laranja).

Akadtarren eta sumertarren idazkietan Šubur eta Šubartu izendatzen zuten Asiriako eskualdea.

Aurkikuntza arkeologikoak

aldatu

Asiriarren zibilizazioaren zantzu arkeologikoak argitarar irtten ziten XIX. mendean, Mosuleko frantziar kontsula, Paul-Émile Botta, ibaiaren beste aldean zeuden muino handietan bila hasi zelarik eta Ninive aurkitu zutelarik[2].

1847an Sir Austen Henry Layard abenturazale gazteak hondakinak esploratu zituen[3]. Kouyunjik muinoan, Senakeriben jauregia berraurkitu zuen, 71 gela eta behe-erliebe erraldoiak zituena. Asurbanipalen jauregia eta liburutegi ospetsua ere lurpetik atera zituen. Liburutegiak, 22.000 taulatxo zituen. Niniveren arkeologiaren azterketak antzinako Asiriaren boterea eta loria adierazten du, Esarhaddon (K.a. 681-K.a. 669) eta Assurbanipal (K.a. 669-K.a. 626) erregeen erregealdietan.

Esplorazio lanak George Smith eta beste batzuk jarraitu zituzten, Nebi Yunus, Nimrud, Kouyunjik eta Khorsabadeko muinoetan eta asiriar objektu asko, argitara eman eta europar museoetara eramanak izan ziren. Assyrian Discoveries liburuarekin, dibulgazioan ere nabarmen lagundu zuen Smithek[4]. Aro hartan, jauregi mordoa aurkitu zen bere apaindura eta zizelkaturiko lauzekin, antzinako herri honen bizitza eta ohiturak, bere gerra eta bake moduak, erlijioa, bere arkitekturaren estiloa eta bere erregeen handitasuna adieraziz. Horrekin, Asiriaren historiako sekretuak argitara eman ahal izan dira. Hiri zaharrak esploratuak izan dira eta adreiluetan, taulatxoetan eta zizelkaturiko irudietan inskripzioak argitu dira.

Historia

aldatu
 
Asiriako hiri nagusien kokapena.

Asiriarrak Sumerren mende bizi izan ziren K.a. XX. mendean burujabetasuna lortu zuten arte. Inperio paleoasiriarra amorritek sortu zuten, K.a. 1830 inguruan, sumertarrek Shubartu deitutako iparraldeko lurretan eta inguruko lurraldearen gaineko kontrola izan zuten. Asiriar erreinua sortu eta potentzia politiko eta militarra bihurtu izanak ondorio larriak izan zituen gorabehera eta krisi handiko garai hartan. Asiriako lehenengo errege handia Shamshi-Adad I.a (K.a. 1813-1781) izan zen, eta haren gidaritzapean eratu zen Asiriako Lehen Inperioa: denbora gutxian Goi Mesopotamia hartu eta Mari anexionatu zuen. Hartara, Antzinako Asiriar Aroan (K.a. XX. eta XV. mendeen artekoa) Assurrek Goi Mesopotamia kontrolatzen zuen. Asiriako merkataritza Anatoliaraino hedatzen zen garai haietan.

Babiloniar Inperioaren (Hammurabi, K.a. 1690 aldera) eta mitanniarren (K.a. 1450) mende egon ostean, K.a. XIV.-K.a. XIII. mendeetan Asiriak, berriz ere susperturik, mitanniarrak menderatu eta hititen nahiz Babiloniaren aurka jardun zuen. Dena dela, Erdialdeko Asiriar Aroan (K.a. XV. eta X. mendeen artekoa), ez zuen hainbesteko eraginik izan, eta hainbatetan konkistatu zuten. Babilonia kasiten esku geratu ondoren, eta hititen erasoaren eta Mitanni erreinuaren mehatxupean, Asiriak krisi sakona bizi izan zuen, harik eta Ashur-uballit I.ak (K.a. 1365-1330) agintea hartu zuen arte, inperioa berriro Eufrates ingururaino zabaldu zuelarik. Mesopotamia iparraldeko merkataritza bideen gailentasuna eta inperioaren sendotzea Adad-nirari I.a erregearen garaian (K.a. 1307-1275) gertatu zen; hark bihurtu zuen Asiria garai hartako potentzia militar nagusi. K.a. 1200 inguruan, aurre egin behar izan zien barbaroen erasoei (muxkiak, aramearrak). Bi mendez luzatu ziren gerrek herri militar bihurtu zuten Asiria.

 
Asurnasirpal II.a (erdian) dignatario batekin hizketan.

Burdin Aroan Inperio Berria (K.a. 911 eta K.a. 612 artekoa) zabaldu zen. Asurnasirpal II.a (K.a. 883-859) nahiz Salmanasar III.a (K.a. 832-824) erregeen garaian erabateko inperio ahaltsua osatu zuen. Iparraldera (Urartuko erresuma) eta mendebaldera (Aram) hedatu bazen ere, barneko handikien arteko guduek gerra zibila ekarri zuten Salamanasar III.aren, Shamshi-Adad V.aren eta Adad-nirari III.aren erreinaldietan. Babilonia, asiriarrek beren jainkoak gurtzen zituzten hiri santua, errespetatua izan zen betiere.

Tiglath-Pileser III.ak (K.a. 746-727) eman zion hasiera Asiriako Inperio Berriari: handikien aginpidea murriztu, administrazioa berritu zuen, armada indartu eta, batez ere, anexio politika bultzatu zuen Sirian eta Babilonian (bertako errege izendatu zuen bere burua, horretarako Pulu izena harturik). Salmanasar V.aren ondoren, bere gorena iritsi zuen inperioak Sargon II.aren garaian (K.a. 721-705): Persiako golkotik Taurus mendilerroraino eta Zagrostik Mediterraneoraino hedatzen zen inperioko 70 probintzietan, Asiriako arteak eta kulturak, arameera (idazkera kuneiformearen ordez, alfabetoa) eta kaldear erlijioa ezarri ziren. Hiriburu berri bat eraiki zuten, Dur Sharrukin (Khorsabad). Sargonidek (Sennakerib, Asarhaddon, Assurbanipal) Egipto, Elam eta Babiloniaren aurka borrokatu behar izan zuten. Asurbanipalen erreinaldian (K.a. 668 eta 627 artekoa) hamarkada batzuetan zehar Ilgora Emankorra eta Antzinako Egipto kontrolatu zituen.

Inperioa mediarren aurkako gudan galdu zen, azken horiek Assur eta Ninive konkistatu ondoren (K.a. 614-612). Mediarren alde jardun ziren babiloniarrek inperio berri bat osatu zuten Nabopolasarrekin. Persiar Inperioak eskualdea mendean hartu zuen.

Kultura

aldatu

Asiriarren gizartearen ardatza gerra izan zen, hertsia bezain irmoa, eta inguruko herriak gupida gabe tratatu zituzten. Astronomo handiak ere izan ziren: Zodiakoa ezagutzen zuten, egungoa bezalako egutegia zuten, eta metrikoaren antzeko pisu eta neurri sistema batez baliatzen ziren. Asiriarren hizkuntza akadiera zen, eta idazkera kuneiformea erabiltzen zuten (buztinezko adreilutan). K.a. VIII. mendean, ordea, aramera nagusitu zen inperioan, eta idazkeran alfabetoa erabiltzen hasi ziren. Asiriarrek eguzkia, ilargia eta gainerako argizagiak gurtzen zituzten. Jainko nagusia, Assur, Asiriako erregea zen zinez, eta lurreko erregeak haren ordezkari baizik ez ziren.

Asiriako arteak K.a. 1000. urtetik aurrera iritsi zuen gorena, Asiriaren inperialismoa zabaldu zenarekin batera. Asiriarrek sumertar artea bereganatu zuten, beren idiosinkrasiara egokituta. Tenpluak eta ziguratak ez dira sumertar ereduen bilakaera baizik, baina jauregiak izugarri handitu ziren proportzioetan, eta aberastu apaingarrietan.

Asiriarrak maisu handiak izan ziren eraikuntzan (Khorsabad eta Niniveko jauregi eta tenpluak, adibidez, edo ura garraiatzeko sistemak). Jauregietan terraza eta galeria handiak agertzen ziren, elkarren gainka piramide motzek osatzen zituzten tenpluak, eta harriz estaliriko adreiluzko egituretan bermatuak ziren. Giza eta, batez ere, animalien irudiz hornituriko erliebeak oso biziak dira.

Eskultura

aldatu
 
Kalkhuko jauregiko zezen hegodunak. Metropolitan Museum of Art, New York.

Eskultura erregeen zerbitzura zegoen erabat, eta beren agintaldiak goraipatzeko eta mendekoak ikaratzeko erabiltzen zuten. Erregeen hazpegiak ez baina haien kemena eta ahalmena azalarazten saiatzen ziren eskultoreak. Asiriar erregeen estatuen anatomian eta jantzietan zenbait ezaugarri berdinak dira. Hazpegiek ez dute ezer adierazten, eskultura hieratikoak dira, zurrunak, asiriar monarkiaren printzipio politikoekin adostuak. Bizar luze kizkurrak dituzte eta sorbaldetarainoko ilea. Jantziak ere luzeak dira, lurreraino. Badira tiara daramatenak, erregearen agintearen adierazgarri, eta badira buruhutsik daudenak ere.

Gorde diren errege estatuen artean aipagarria da Asurnasirpal II.arena (British Museum). Estatua kareharri ilunean egina dago, eta Kalkhu hirian aurkitu zuten, oso-osorik . Erregea buru-hutsik dago, esku batean zetroa du eta bestean igitai itxurako ezpata bat; ezpata sagarrak hegazti baten burua antzeratzen du. Bularraldean erregearen genealogia dago idatzita. Salmanasar III.aren estatua ere (Irakeko Museoa) ongi gorde da; eskuak bularraldean elkartuak dituela eta tiararik gabe irudikatua dago.

Lehoi eta zezen androzefaloen eskulturak bestelakoak dira. Ez daude harri bloketik guztiz bereiziak, baina ez dira, ezta ere, erliebeak, eta arkitekturaren mende daude, jauregien eta tenpluen atezangoetan. Eskultura handi hauek bi ikuspuntu dituzte: bi aldetatik begira daitezke, aurretik eta albotik alegia, bost hanka baitituzte. Ezaugarri berezi hori ezin da eskulturak aurre albotik begiratuta baizik atzeman.

Hauek dira eskultura horietan aipagarrienak: Nunurtako tenpluko lehoi androzefaloak[oh 1] (5 metro luze eta 3,50 altu); Ishtarko santutegiko lehoiak; Kalkhuko jauregiko zezen hegodunak: zezen gorputza dute, giza burua tiaraz jantzia, arrano hegoak eta arrain ezkatak sabelean. Niniven, Senaquerib-eko jauregian ere zezen hegodun handiak zeuden.

Erliebea

aldatu
 
Niniveko lehoia hilzorian. British Museum, Londres.

Asiriar artistek maisutasun handia erakutsi zuten behe-erliebeak zizelatzen jauregi eta tenpluetako gelak dekoratzeko. Erregeek gerra edo ehiza espedizioetan irudikarazten zuten beren burua, testuekin batera.

Testuak friso luze batean bezala apailatzen ziren erliebeen gainean, eta erliebeak zerrenda horizontaletan antolatzen zirenean zerrenda tarteetan jartzen ziren testuak. Asiriako gudarostearen ekinaldiak kontatzen dituzten erliebeek, Assurbanipalen jauregikoek (Ninive) adibidez, aski argibide eman dute asiriarren taktika, jantzi eta tresneria militarra ezagutzeko. Guda ekinaldien erliebeetan hainbeste xehetasun dago ezen ez da ehiza ekinaldien erliebeetan bezain nabarmen geratzen erregearen banakotasuna eta aintza. Antzinako Egiptoko faraoien ehizaldietako irudiekin alderatuta, irudi horiek ez dira hain lirainak eta estilizatuak, baina errealismo eta dramatismo handiagoa darie, Niniveko lehoia hilzorian irudiak erakusten duen bezala; Ramses III.aren ehizaldiko zezenen errealismoarekin baizik ezin da parekatu irudi hori.

Ninivekoak dira ehiza erliebe hoberenak (K.a. 650). Ez dira arrasto sakoneko erliebeak, baina, giharrak xehetasun handiz adierazteko egindako ildoen bidez, bolumena hartzen dute gorputzek.

Arkitektura

aldatu

Asiriar artearen ezaugarri bereziak ikus daitezkeen lehenengo jauregia Asurnasirpal II.a erregeak (K.a. 883-859) eraikiarazi zuen bere hiriburu berrian, Kalkhun (Ninulid). Eraikuntza hartatik oso aztarna gutxi geratu da, baina, oroitarri bati esker, eraikitze lanei buruzko datuak gorde dira. Jauregiak 200 x 120 metro hartzen zituen; funtsean bi patio handi ziren elkarrekin lotuak. Patioen inguruan gelak zeuden, eta zezen androzefaloak zeuden ateen alda banatan. Jauregian zeuden, baita ere, administrazioaren bulegoak, oholtxoak gordetzen ziren artxiboak, eta eskribauen eta funtzionarioen etxebizitzak. Errege aretoa (50 x 10 m) erliebe bikainez zegoen apaindua; handik zuzenean erregearen geletara iristen zen.

 
Libanoko zedroaren garraioa. Sargon II.a erregearen jauregiko baxuerliebea (Dur Sharrukin), K.a. 713-716 inguruan.

Sargon II.a erregeak (K.a. 721-705) jauregi bat eraikiarazi zuen Dur Sharrukin (Khorsabad) hirian, bere handitasunaren eta asiriar inperioarenaren erakusgarri. Hirigunea, 1.750 x 1.685 metroko lauki zuzen bat, pezozko harresi batez inguratua eta dorrez gotortua zegoen. Zazpi ate zituen, zezen hegodunen eta jeinu babesleen estatua handiz apainduak. Hiri harresituaren ipar-mendebaldean gotorleku bat eraikiarazi zuen Sargonek, bi mailatan: goiko aldean, 18 metrotan, jauregi bikain bat eginarazi zuen, harresiz inguratua hau ere, 10 hektareako eremua hartzen zuena. Hego-ekialdeko fatxadaren kontra jarritako aldapa baten bidez sartzen zen jauregira, hiriaren erdialdetik bertatik; fatxada alde horrek ate hirukoitza zuen, estatuez apainduak atezangoak.

Ataria igarota, jauregiaren barruan, patio handi bat zegoen (103 x 91 m). Iparraldean errege aretoa (45 x 10 m), estatua handiez apaindua bere ate hirukoitza, eta gela ofizialak zeuden. Patioak eta gela ofizialek erregearen konkista ekinaldien erliebeak zituzten apaingarri. Hiriaren mendebaldean erlijio eraikuntzak zeuden, zigurata, adibidez, oin karratua eta 6 metro altuko bosna terrazekin.

Dur Sharrukingo jauregiaren handitasuna gorabehera, Sargon II.aren ondorengoek Ninivera aldatu zuten hiriburua eta egoitza, eta han jarraitu zuten inperioa desegin zen arte, K.a. 612. urtean. Niniveko hondakinak ez dira osorik arakatu eta, beraz, ez da zehaztasunez ezagutzen asiriar erregeek han eginarazitako eraikuntzen garrantzia.

Bibliografia

aldatu

Oharrak

aldatu
  1. Androzefalo: gizaki burua duela.

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia. (2004/XII/16). 142. araua: Antzinateko eskualdeen euskarazko izenak. Bilbo.
  2. (Gaztelaniaz) «Paul-Émile Botta. Un confidente en Nínive» Web Oficial de Nacho Ares (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
  3. (Ingelesez) «Sir Austen Henry Layard | British archaeologist | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
  4. (Ingelesez) Magazine, Smithsonian. «Epic Hero» Smithsonian Magazine (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).

Kanpo estekak

aldatu