Aristokrazia
Gobernu motak |
---|
|
Politika saila |
Aristokraziak (grekoz aristos = onena + kratos = boterea) onenen gobernua esan nahi du. Terminoak boterea gizartearen klase gorenen esku dagoen erregimena definitzen du. Izen bera nobleziaren sinonimo gisa erabiltzen da. Platon eta Aristotelesek hitza haren jatorriko adieran erabili zuten. Platonen ustez, "onenak" filosofoak ziren, egiaren eta sistema etiko garbi baten bilatzaileak. Aristotelen iritziz, aristokrazia ez zen monarkia (bakar baten gobernua) eta demokrazia (herriaren gobernua) bezalakoa. Teoria aristotelikoan, gutxiengoak boterea du, guztien mesedetan. Horrela ez denean, aristokrazia oligarkia bihurtzen da, fakzioaren gobernua. Jatorrizko esanahitik haratago, erromatar eta greziarren arabera, aristokraziak ondo definitutako gizarte-mailak izan ziren, boterea zutenak edo ezkutuan maneiatzen zutenak.
Aintzinatik, terminoa gizarteko mailarik gorenenarekin eta gutxienenarekin identifikatu da. Goi Erdi Aroan, monarkiek ez zuten aristokrazien hazkuntza ahalbidetzen. Gorteak garatzen ziren heinean, noblezia-tituluek erreinuen politikan eragin handia zuten aristokrata berriak ahalbidetu zituzten. Praktikan, ez da historian zehar "onenen gobernuaren" adibide garrantzitsurik egon, normalean boterea erregeek edota, Aro Garaikidean, herriak baitzuten. Erregela horren salbuespen gisan, Venezia eta Polonia aipa daitezke.
Kanpo estekak
aldatuWikiztegian orri bat dago honi buruz: aristokrazia . |