Ortzadar-amuarrain

Amuarrain ostadar» orritik birbideratua)

Amuarrain ostadarra edo ortzadar-amuarraina (Oncorhynchus mykiss), Salmonidae familiako arrain eurihalinoa.

Ortzadar-amuarrain
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaSalmoniformes
FamiliaSalmonidae
GeneroaOncorhynchus
Espeziea Oncorhynchus mykiss
(Walbaum, 1792)
Datu orokorrak
Koloreaortzadarraren koloreak

Ur gazi eta gezetan bizi da; jatorrizko ingurunea, Ozeano Bareko iparraldea du, Japoniatik hasi, Beringeko itsasartetik pasa, eta Behe Kaliforniaraino (Mexiko). Hala ere, ia mundu osoan sartu da espezi hau; izan ere, munduko 100 espezie inbaditzaile kaltegarrienen zerrendan dago.

Tamainari dagokionez, 60 bat cm luze izaten da, eta gorpuzkera luzea du. 3-4 hezur ditu bizkar-hegalean eta uzki-hegalean. Genero honetako beste espezie batzuekin alderatuta, Oncorhynchus mykiss espezieko ar ugaltzaileei ez zaie gorputzaren eta buruaren morfologia hainbeste aldatzen. Horren harira, azalaren kolorea diferentea da habitataren eta tamainaren arabera: beti erreketako ur gezetan bizi direnak ilunagoak dira; lakuetan bizi direnak, aldiz, azal argiagoa dute.

Ur subtropikal eta hotzetan bizi da, hondotik hurbil, 0-200 m bitartean. Arrain anadromoa da, hau da, ur gazietatik ur gezetara migratzen du urtero: errekan gora joaten da, sorlekura, arrautzak errutera. Hirugarren urtetik aurrera ugaltzen da, eta orduan egiten du bidaia luze hori lehenbizikoz. Hamaika bat urtez bizi denez, bizitzan zortzi aldiz ugaltzen da.

Elikadurari dagokionez, ale helduek ornogabeak eta arrain txikiak jaten dituzte; arrainkumeek, berriz, zooplanktona.

Euskaraz, ortzadar-amuarrain du izen arrunta.

Espezie hau asko arrantzatzen da, eta akuikultura bidez ere hazten da, merkataritza-balio handia baitu. Kirol-arrantza egiteko ere leku askotan baliatu da, eta ubide askotan sartu dute helburu horrekin. Espainian ere espezie inbaditzaileen zerrendan sartu zuten 2011ko 1628/2011 errege-dekretuaren bidez. Horren ondorioz, debekatu egin zen Espainian ortzadar-amuarraina haren ingurune naturalean eta Espainiaren jurisdikziopeko itsas eremuetan sartzea. Nolanahi ere, Administrazioarekiko Auzien Salak zuhurtziaz indargabe utzi zuen dekretu hori 2012an —Espainiako arrantza-elkarteek eskatuta—, espezie exotiko inbaditzaileen zerrenda eta katalogoa arautzen dituen dekretua, alegia.

Azpiespezieak

aldatu

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu