Amado Alonso
Amado Alonso García (Lerin, Nafarroa, 1896ko irailaren 13a - Arlington, Massachusetts, 1952ko maiatzaren 26a) nafar literatura-kritikari eta hizkuntzalaria izan zen. Ramón Menéndez Pidalekin ikasi zuen Madrilgo Unibertsitatean. Alemanian espezializazio-ikasketak egin zituen. Gero, Buenos Airesko Unibertsitatean, Filologia Institutuko zuzendaria izan zen, hamabi urtez (1927-1939). Handik, Estatu Batuetara aldatu zen, Kalifornia, Illinois, Columbia eta Harvard Unibertsitateetan irakatsiz. Filologia eta dialektologiako ikerketak literatura-kritikaren inguruan egindakoekin aldizkatu zituen. Aurreneko sailekoak dira: Problemas de dialectología hispanoamericana (1930), El problema de la lengua en América (1935), El castellano, idioma nacional (1943) eta abar. Bigarren sailean, estilistikari dagozkionak aurkitzen dira, A. Alonso gai horren aitzindaria izan baitzen Espainian: Poesía y estilo de Pablo Neruda (1940), Materia y forma en poesía (1955) eta abar. Bestalde, fonetika historikoaren alorreko tratatu bat utzi zuen: De la pronunciación medieval a la moderna en español (1955). Zenbait aldizkariren zuzendari ere izan zen: Revista de filología hispánica (1939-1946), Nueva revista de filología hispánica (1947tik aurrera).
Amado Alonso | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Lerin, 1896ko irailaren 13a |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Arlington, 1952ko maiatzaren 26a (55 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Unibertsitate Zentrala |
Hizkuntzak | gaztelania |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | filologoa, hizkuntzalaria, unibertsitateko irakaslea, literatura-kritikaria eta erromanista |
Enplegatzailea(k) | Harvard Unibertsitatea Buenos Airesko Unibertsitatea |
Jasotako sariak | |
Kidetza | Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia |
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.