Adenobirus
Adenobirus Adenoviridae familian sailkatzen diren birusak dira. Izena latinetik dator (adeno = guruin), birus hauek hasieran gizakiaren guruin adenoideoetatik (amigdaletatik) bakartu baitziren. Animaliak (besteak beste, gizakia) infektatzen dituzte. 1953an isolatu ziren lehenengoz,[1] eta egun 100 serotipo inguru ezagutzen dira (horietako 43 dira giza patogenoak). Gizakiarengan gaixotasun anitzak eragiten dituzte: konjuntibitisa, arnas traktuko infekzioak, gastroenteritisa eta zistitisa, batez ere. Adenobirusek erresistentzia handia diete ingurugiroaren baldintza gogorrei, eta birioia gai da gorputzetik kanpo bizirik irauteko. Horrek fomiteen bidezko kutsapena errazten du. Material genetikoari dagokionez, adenobirusek harizpi bikoitzeko DNA dute, ikosaedroa den kapside batez babestua. Kapsidea 250 kapsomeroz osatuta dago, eta ez du kanpoko bilgarririk (horregatik esaten da birus biluziak direla).
Adenobirus | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Bamfordvirae |
Filuma | Preplasmiviricota |
Klasea | Tectiliviricetes |
Ordena | Rowavirales (en) |
Familia | Adenoviridae [[|]] |
Adenobirusak, infekzioak eragiteaz gainera, zelula normalak tumore ere bihurtzen ditu. 35.000 base dituen kate bikoitzeko DNA nukleoa du, eta bere pisu molekularra 20 milioikoa da. Adenobirusak kutsatuta dagoen zelularen nukleoaren barruan garatzen dira; bertan, erreplikatu eta antolamendu kristalinoa hartzen dute. Hartu duen zelularen nukleoan bere DNAren nukleoa eta proteina birikoak askatzen ditu, eta bertan, entzimek RNA mezulari birikoa sintetizatzen laguntzen dute, nahiz eta DNA birikoa kopiatzen duena birusak kodifikatutako DNA polimerasa bat izan. Horren ondorioz, birusaren osagai guztiak sintetizatu egiten dira, eta, muntatu ondoren, zelula horretatik beste bat kutsatzera abiatzen dira. Horrela sintetizatutako proteina biriko batek zelularen RNAren sintesia aldatzen du, eta, ondorioz, zelula hori minbiziduna bihurtzen du, eta tumoreak sortzen ditu. Birusa nukleoaren bildukia haustean askatzen da, eta ondoren zelula osoa barreiatzen da.
Medikuntzan egin diren ikerketen bidez, adenobirusek giza zeluletan sartzeko duten ahalmena kontrolatzen saiatu dira: adenobirus ez aktibodun sudurreko aerosolak sortu dira; akats genetikoak konpentsatzeko, giza zeluletara geneak eramateko bektoreak ere asmatu dituzte. Horrela sartu dute CFTR genea, horren gabeziak eragiten baitu fibrosi kistikoa. Gainera, adenobirusak txertoen bektore moduan ere erabiltzen dira. Baina hanturek eta gaixoak sortutako antigorputzek teknologia berri honen eraginkortasuna mugatzen dute, nahiz eta adenobirusarekin batera interferon batzuk hartuta eragozpen horiek arintzea lortzen den.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.