John Polanyi
John Charles Polanyi (Berlin, 1929ko urtarrilaren 23a) kanadar kimikaria da, alemana jatorriz. Familia hungariarra zuen, baina aitak Berlinen lan egiten zuen. 1933an Erresuma Batura ihes egin behar izan zuten, Alemaniako egoera politikoaren eraginez. Polanyik Manchesterko Unibertsitatean egin zituen kimikako ikasketak, eta 1952an eskuratu zuen doktoregoa. Kanadako National Researche Councilen ikertzaile gisa lan egin ondoren, Torontoko Unibertsitateko irakasle izendatu zuten (1956). 1965 inguruan kanadar hiritartasuna eskuratu zuen. Polanyi kimika molekularrean aditua da, eta erreakzio kimikoen ikerketan nabarmendu da. Erreakzio kimikoen dinamika eta atomoen portaera ikertzeko, erreakzio horietan atomo kitzikatuek igortzen dituzten izpi infragorriak erabili ditu. Bere lanetan ikusi ahal izan zuenez, erreakzio kimiko batean zehar elektroi batek energia galtzen duenean, energia hori argi ikusgarri gisa edo uhin-luzera ikusezin gisa kanporatzen, kimiolumineszentzia izeneko prozesuaren bidez. Polanyik aurkitu zuen kimiolumineszentzia infragorriari esker erreakzio kimikoaren aldi bakoitzari buruzko xehetasunak antzeman daitezkeela. 1986an Kimikako Nobel Saria lortu zuen Y. T. Lee eta D. R. Herschbach zientzialariekin batera. Baina kezka zientifikoaz gainera, Polanyik gizarte-politikei eta armen kontrolari buruzko ekimenak eraman ditu aurrera eta aztergai izan du zientziaren eta gizartearen arteko harremana.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
aldatu